Zilegi Eskolen martxora arteko eskaintza aurkeztu berri du AEK euskaltegiak. Datorren otsailaren 14 eta 16an herentziari buruzko saioak izango dira eta Kixtiñe Lujanbio abokatuak bertaratzen direnen zalantzak eta galderak argituko ditu. Kronikak berarekin hitz egin du.
Nolatan herentziari buruzko Zilegi Eskola bat? Nola okurritu zitzaizuen?
AEKko irakasle bat etorri zitzaidan ia eskola horiek eman nahi nituen. Antza,
ikasle talde batek proposatu zuen gaia, interesgarria izango zelakoan.
Eta saioak nola banatuko dituzue?
Klaseak otsailaren 14 eta 16an izango dira, egun bakoitzean eguerdian eta
gau partean saio bana izango da. Eskola irekiak dira, eta beraz, nahi duenak
parte hartu dezake bertan, ez da AEKko ikasle izan beharrik. Klaseak emateko
garaian saiatuko naiz ikasleen galderei erantzuten eta horretaz gain hainbat kon-tzeptu
azalduko ditut: testamentua, oinordekoak...
Testamentua aipatu duzu, beharrezkoa da testamentua egina izatea herentzia
jasotzeko?
Nik bi multzo haunditan banatzen dut: Testamentua egina dagoenean,
testamentu hori izaten da gida; egin gabe dagoenean berriz ab in testato deitzen
zaio, eta orduan beste arau batzuk jarraitu behar dira eta hildakoren egoera
zein zen begiratu behar da.
Baina izango dira egoerak eta egoerak, ezta?
Bai noski, kasuistika asko dago herentzia munduan. Hala ere dena oso ondo
arautua dago eta alde horretatik ez da arazorik izaten. Arazoak etortzen dira
ondasunak baloratzeko garaian edo ondasuna zer den zehazteko garaian.
Legearen arabera zeinek du herentzia jasotzeko eskubidea?
Legeak dio herentzia jaso behar dutela lehenik eta behin seme-alabek.
Horientzako dira herentziako bi heren, derrigorrez, hala nahi badute behintzat.
Gelditzen den beste herena izango da testatzaileak nahi duenarentzat.
Beraz pertsona batek ezin du bere ondasun guztia, adibidez, monastegi baten
esku utzi?
Ez, oinordekoak hor izanda ez behintzat, zati bat hauentzako izan behar du.
Testamentu bat egiteko nora jo behar da? Zein dira pausoak?
Notario batengana jo behar da bakoitzaren nortasun datuekin. Ondasunak
zehaztu nahi izan ezkero, ondasun horien egiaztagiriak eraman behar dira:
eskriturak, ziurtagiriak... Testamentua orokorrago egiterik ere badago, hori
guztia zehaztu gabe. Hori egin ondoren oinordekoak zein diren eta herentzia nola
banatzen den ere zehaztu behar da. Testamentua Madrilen erregistratzen dute eta
gerora beste testamentu bat egin ezkero, aurrekoa bertan behera uzten du honek.
Garai batean, testamentu olografoak ere asko izaten ziren, hau da, nor berak
etxean idatzirikoak. Testamentu hauek badute balio juridikoa, baina ez dute
notario aurrean egindakoen ziurtasuna ematen, papera hautsiz gero...
Jendeak interesik ba al du herentzia kontuetan?
Batez ere norberari tokatzen zaionean izaten du jendeak interesa, edo seme-alabak
tartean daudenean...
Topiko asko ere izango da gai honen inguruan?
Bai, baina pixkanaka galduz dijoaz. Inor gutxik sinesten du jadanik
testamentua egiten ez baduzu Estatuak eramango duela zure dirua,...