Ligako azken txanpan sartu zarete, zein balorazio egiten duzue orain arte egindako lanaren inguruan?
D. MUÑOZ: Aurredenboraldian larritasun batzuk izan genituen, batez ere zelaiarengatik, konpontzen ari ziren eta horregatik kanpoan entrenatu eta jokatu behar izan genuen denboraldi batez, Martutenen, Añorgan, Zubietan... Horrek bildur piska bat ematen zigun, ez baita erosoa baldintza horietan entrenatzea. Gainera, jende aldetik ere aldaketak egon ziren, jubenil dexente igo ziren goiko mailara eta kanpotik jendea ekarri genuen, ez genekien ziur nola erantzungo zuen ekipoak, hau guztiarekin ezezaguna zitzaigun kategoria batetan...
Baina denboraldia ondo hasi zenuten...
O. URBANO: Bai, denboraldia ondo hasi zen, lehenengo partiduak irabazi genituen, hasieran talde asko zebilen lehenengo postuagatik borrokan, bata besteagandik oso puntu gutxira, baina piskanaka gauzak definitzen joan ziren, gu lider jarri ginen eta hor jarraitzen dugu.
Erraza izan al da taldea lehenengo postuan mantentzea? Nola izan dira benetan partiduak?
D. MUÑOZ: Irabazitako partiduak ikusita, badirudi erraza izan dela, baina ez da horrela izan. Oso partidu borrokatuak izan dira, jokatutako partiduen erdia baina gehiago gol bakarreko diferentziarekin irabazi ditugu eta golak azkeneko minututan sartuta gainera. Ez da paseo bat izan. Beste taldeak oso motibatuak ateratzen dira gure kontra, lehenengo goazelako eta goitik datorren talde bat garelako.
Joko aldetik zer moduz ibili zarete, aurrerapenik egin duzue edo arazoak izan dituzue horretan?
D. MUÑOZ: Jokoari dagokionez, aurredenboraldiko arazoak kontutan edukita, nahi baina aurrerapen gutxiago egin ditugu. Horri gehitu behar zaio hasieratik taldea ohitu egin dela azkeneko momentu arte tentsioan egotera, partiduak nahiko larri irabazi baititugu. Egoera horrek ez digu batere lagundu gure jokoan aurrera egiteko, jokalariak horretara ohitu dira eta.
Lesioak ere izan dituzue...
...bai, baina hori ez da aitzaki bat joko ona ez egiteko. Dena den, astean zehar ez da berdin entrenatzen zortzi edo hamar lagun egon edo hamasei egonda. Gure taldean gabonetatik aurrera zailtasunak izan ditugu, zigorrak eta lesioak medio, jendea biltzeko, azkeneko partiduetan jubenilekin jokatu behar izan dugu batzuetan.
Eta zein da Hernaniko futbol taldeko armarik garrantzitsuena?
O. URBANO: Nik uste dut defentsa dela gure arma. Sartu dizkiguten golak ikustea besterik ez dago, baliteke guk gol askogatik irabazi ez izana, baina guri ere oso gutxi sartu dizkigute. Defentsak oso gutxitan huts egiten du eta erasoan asmatzen dugu, kostata bada ere.
Jokalarien artean zer nolako giroa daukazue? Nolakoak dira entrenamenduak?
O. URBANO: Jokalarien arten giro ona dago, pentsatzen dut edozein taldetan bezala izango dela. Gehienak Hernanikoak edo ingurukoak gara. Entrenamenduei dagokienez, aurredenboraldian astean lau egunetan entrenatzen hasi ginen erritmoa hartzeko, baina orain hiru egunez egoten gara Zubipen. Entrenamenduak gogorrak dira eta nahiko berandu bukatzen dira gainera, baina aurreko denboraldietan ere horrela zen, ez daukagu kejatzerik.
Orain sei partidu geratzen zaizkizue, lider jarraitu ezkero igoera aseguratuta daukazue, baina bigarren geldituta...
D. MUÑOZ: Momentu honetan Idiazabal bigarren postuan dijoa hiru puntutara. Guk gureari eusten badiogu eta gure lana ondo egiten badugu ez dugu arazorik izango.
O. URBANO: Orain sei partidutatik lau etxean ditugu, etxekoak atera behar ditugu nola edo hala.
Datorren partidua Seguraren kontra da. Nola ikusten duzue zuen burua? Zer nolako taldea da?
D. MUÑOZ: Segura oso talde gogorra da, probintziako beste talde asko bezala beteranoekin osatuta dago, sailkapenean aurrean hasi ziren eta orain gutxi arte aurrean egon dira, beraz partidu zaila izango da. Joaneko partiduan 0-1 irabazi genien, baina gola 95garren minutuan sartuta.
Zein da datorren urterako zuen asmoa?
D. MUÑOZ: Oraingoz ez dugu datorren urtean pentsatzen, gerturago begira gabiltza. Gure ikuspegia astetik asterakoa da eta igotzen saiatzea. Orain helburu bakarra dugu, Hernani preferentera igotzea.
...eta afizioari zer esango zeniokete?
Nik esango nioke momentu honetan beraien babesa behar dugula inoiz baino gehiago. Orain, inportantea irabaztea da eta horretarako beraien animoak behar ditugu.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!