Nola iritsi zinen alkoholiko
izatera?
Ohituratatik edo dena delakoagatik gaztetxo hasi nintzen edaten, eta hasieran ez nituen arazoak. Aurrerago nesketan egiteko edaten hasi nintzen, ni oso lotsatia nintzen. Eta hor epelduta, mozkortzera iritsi gabe, lotsa galtzen nuen, eta ondo joan zitzaidan urte batzuetan. Baina gero marra bat pasa nuen, eta konturatu gabe, oso gaizki egotera iritsi nintzen. Eta pentsatu nahi dut orduan iritsi nintzela alkoholiko izatera edo alkoholarekin arazoak izatera. Askotan pentsatzen nuen lau basoerdi edango ditut eta kito, eta gero ez zen hala izaten.
Arazorik nuela ez nuen sekula pentsatzen, esaten nuen, gaur egungo gehienak bezala, asko edaten dudanean mozkortzen naiz eta gutxi edaten dudanean ez. Pentsatzen nuen kontrolatzen nuela, saiatzen nintzen baina ez nuen sekula kontrolatzen; eta horrela urte askoan edaten jarraitu nuen.
Eta nola konturatu zinen
alkoholarekin arazoa zenuela?
Garai hartan lio askotan sartzen nintzen, mota guztietakoetan. Eta horrez gain, edozein gauza gertatzeko arriskuan nengoen , eta egun batean istripua izan nuen eta Donostiako ospitalean bukatu nuen. Ospitalean nengoenean, gizon bat etorri zen nirekin hitz egitera, eta istorio asko kontatu zizkidan, alkoholaren ingurukoak, bere istorioak. Egia esan, nik ez dakit gizon hura sekula taberna batean ikusia nuen, behintzat ez modu txarrean. Esan zidan ea nik edateari utzi nahi nuen, eta egia esan orduan nengoen kuxidadean edozer gauzari baietz esango nion, oso aberiatua nengoen, eta baietz esan nion. Hark esan zidan, medikuak alta ematen zidanean, ea berarekin telefonoz hitz egingo nuen. Nik garai hartan familia gehiena Errioxan nuen, eta hara joan behar nuen oporretara. Niri egia esan Errioxako parajeak ez zitzaizkidan gehiegi gustatzen, baino hango kosetxak bastante. Berarekin hitz egin nuen, eta orri batzuk eman ondoren, esan zidan lasai irakurtzeko, eta ahaleginak egiteko kanpoan nengoen hilabetean edan gabe egoteko. Niri harrigarria egin zitzaidan, urteak neramatzan edaten, eta Errioxan edan gabe egotea... baina saiatuko nintzela esan nion. Eta behin han, familiaren laguntzarekin eta abar, alkoholik edan gabe egotea lortu nuen.
Eta Hernanira itzulitakoan?
Hernanira itzuli nintzenean, Alkoholiko Anonimoetara etorri nintzen, esaten zutena entzutera. Bertan zeuden batzuk ezagutzen nituen lehendik, asko edaten zutenak, eta mozkortu egiten zirenak. Beste batzuk ordea, ez ziren mozkortzen, neurrian edaten zuten ez mozkortzeko; eta hori zen nik urte pila batean bilatu nuena, eta lortu ez nuena.
Hitz egiten hasten zirenean, esaten zuten alkoholikoa naiz, eta ondo nago ez dudalako edaten. Orduan nik pentsatzen nuen, nik hori ezagutu dut edaten, kristoren atxurrak harrapatzen, eta orain ez duela edaten esaten du. Nik ez nuen ezer entenditzen. Ez nuen pentsatu nahi gezurretan zenbiltzanik, baina gauza arraroa iruditzen zitzaidan. Nik oraindik ez nuen onartzen alkoholikoa nintzenik, gehienen aldean gazteagoa nintzen, 32 urte nituen.
Modu honetara, programarekin hasi zinen ezta?
Bai, pentsa ni ospitaletik abuztu hasieran atera nintzen, eta hiru edo lau hilabetera konturatu nintzen edateko antsia hori ez nuela, eta aparte, osasunez, bai fisikiko eta bai psikikoki askoz hobeto nengoela. Ni hona zer esaten zuten entzutera etorri nintzen, ez nuen ezer esaten, baina konturatu nintzen denbora horretan ez nuela edan. Beraiek gauzak galdetzeko esaten zidaten, baina nik lotsagatik ez nuen galdetzen.
Orduan nire buruari galdetzen nion zergatik ez nuen edaten, eta beranduago enteratu nintzen, istripua izan nuenean, ospitalean nengoen bitartean, desintoxikatu egin nindutela. Orduan esaten dute, desintoxikatuta, hasieran behintzat, errazagoa dela edan gabe egotea edo antsia hori ez izatea. Orduan hasi nintzen pentsatzen, eta esan zidaten, agian alkoholiko izango haiz, baina guk ez daukagu esaterik, hori hik esan behar duk. Orduan nik erantzun nuen, nik nola esango dut ba hori? Eta esan zidaten, denborak esango dik. Orduan pixka bat gehiago egon nintzen, eta esaldi interesgarriak entzun nituen, horien artean, honakoa: gauza bat da edan gabe egotea, eta beste bat edan gabe bizitzea. Batzuk asko edaten dute, gauza batengatik edo bestearengatik, baina bizitzako momentu jakin batean utzi egiten dute. Alkoholikoa berriz, alkoholizatua dago. Alkoholismoa sendatzen ez den gauza bat da, baina geratu daitekeena.
Beraz, sendaezina da?
Alkoholiko bat ez da inoiz sendatzen. Egunero lanean aritu beharreko gauza bat da, orain gorago sentitzen zara, eta bihar beherago. Nik garbi daukat mediku batek ez duela alkoholiko bat sendatuko. Mediku batek pastilak emango dizkit, garbitu egingo nau, baina ez nau sendatuko. Niri alkoholiko batek ulertuko dit, zer den jakiteko bizi egin behar da. Gaitza gelditu egin daiteke, baina ez sendatu. Eta programan dagoen, edo egin duen pertsona batek berriro edango balu, garbi izan behar du horregatik ez dela mundua bukatuko. Egin duenaz ohartu behar du, eta programan berriro hasi daitekeela jakin.
Eta hasiera horretan nola lagundu zizun programak?
Esaten zidaten edan gabe bizi behar zela, ikasi behar zela bizitzen alkoholaren beharrik gabe. Nik oraindik ikasten jarraitzen dut. Hasi nintzenetik, gaur egun arte, ez dut alkoholaren beharrik izan. Hala ere, horrek ez du esan nahi, bihar, kruze bat izanda, edaten hasiko ez naizenik. Niri ez dizkidate diplomak ematen edan gabe nagoelako, ez dizkidate emango, eta ez dut ematerik ere nahi. Hemen ez dugu gidoi bat segitzeko, hemen beste alkoholiko batzuk daude, eta entzun eta elkar erakutsi eta laguntzen gara. Gaitza pertsona bakoitzean ezberdina da.
Zenbat urte damazkizu
programan?
Ba pentsa, 32 urterekin etorri nintzen, eta hasi eta 6 hilabete ingurura onartu nuen alkoholikoa nintzela. Poliki-poliki hasi nintzen, eta gaur egun hemen jarraitzen dut, eta ez daukat uzteko asmorik. Edan gabe bizitzen ikasi dut, baina arriskua beti hor dago. Askotan pentsatzen da, egun jakin batean tragoxka bat edateak ez dit kalterik egingo, baina tragoxka horrek lehengo bidea irekiko dit berriro ere. Eta ni naizen bezala izanda, hau da, oso lotsatia, ez nintzateke berriro etortzera ausartuko.
Eta zer lortu duzu edan gabe
egonda?
Ni hemen hasi nintzenean komentatu zidaten zer lortu zuten hemen egonda, kafeak jartzen zituztela, liburuak irakurtzen zituztela eta horrekin ondo zeudela. Gero baita ere esan zidaten, gauza mordoska lortu zituztela edan gabe, edo edateari utzita. Orduan nik pentsatu nuen gauza horietako asko hiztegietatik ateratakoak zirela, horien artean zoriontasuna. Erotu zirela ere esan nien momentu hartan, gauza horietako asko niretzako berriak baitziren. Erantzun zidaten hemen jarraitzen banuen, pixkanaka gauza asko lortuko nituela, horien artean, aurretik aipatu zizkidaten haiek.
Lortu al dituzu?
Uste dut, oker sartu nintzela, jakin gabe nora netorren, baina ondo atera zitzaidala; alkohola uztea lortu dut. Orduan esan bazidaten hona etorriko nintzela, seguruenik ez nintzen etorriko. Proba bat egin nuen, eta geratu egin nintzen beraiek esaten zidatena egitera, horrelako zoriontsu bizi badira, eta oso ondo... ez badituzte lehengo lioak eta gauzak, hori nik ez nuen sekula ezagutu eta pentsatu nuen, denak hori esaten badute, ez da guztiz gezurra izango. Geratu nintzen, eta denborarekin konturatu nintzen asmatu egin nuela, bestela orain ez dakit non egongo nintzen.
Zu horrela egoteak zure
ingurukoengan ere eragina izango zuen ezta?
Nire familian esaten zidaten asko edaten nuela, eta nik ere banekien, mozkortu egiten bainintzen, baina ez nintzen inorekin sartzen. Baina nirekin ezin zen bizi. Pertsona bat baino gehiago animalia bat nintzen, animalia txiki bat, baina animalia; nirekin tratatzen oso zaila zen. Lagunek ere esaten zidaten, baina kasu, beste hainbeste egiten nien.
Orain berriz ondo nabil, nahiz eta esaten didaten hobeto ibili naitekeela. Nik ere hori badakit, baina orain konforme nago, nahiz eta lan pixka bat eginda hobeto egon naitekeen. Hemen baita ere esaten dute gaitza egin diozun pertsonari barkazioa eskatu behar diozula. Nire izaera kontuan izanda, barkazioa eskatzeak ez du batere sustantziarik. Niri iruditzen zait egokiagoa dela, norbaiti gaitz bat egin badiot orain nirekin kontatu dezakeela jakinaraztea. Opari bat egiten diet jakinarazita nirekin hitz egin daitekeela. Orain ikusten dute ondo nagoela, aurrera egiten saiatu naizela, eta hori senitartekoentzako ona da. Denok ondo egotea barkazioa eskatzea baino hobea da, barkazioa momentuko gauza bat besterik ez da izaten.
Etapa guzti honetan zein izan da eman behar izan duzun pausurik
zailena?
Ni ez nintzen alkoholikoa sentitzen, eta agian hortaz konturatzea; pixka bat haserretuta baino onartu behar izan nuen alkoholikoa nintzela. Onartu nuen beste irteerarik ez nuelako, eta ondo etorri zitzaidan pauso hori ematea. Bizitzarako komenigarriak diren gauzak hartzen ikasi behar izan nuen, bizitza bera orekatzeko eta bide egokia hartzeko.
Programan bizitzeko modu bat erakusten da, ez alkoholikoentzako bakarrik, edonorentzako balio du. Alkoholari buruz hitz egiten dugu, baina beste gauza askoren inguruan ere hitz egiten dugu. Alkohola noizean behin bakarrik ateratzen da. Nik ohitura batzuk nituen, gehienak edo bastante, niretzako atseginak zirenak. Baina nik bizitzeko era aldatu nahi banuen, ohitura horiek ez ziren oso egokiak... Gauza horiek utzi eta beste batzuk hartu behar nituen.
Eta ikasitako guztitik zer
azpimarratuko zenuke?
Orain nik gauza garrantzitsu bat daukadala alkoholikoei emateko. Niri pertsona batek aukera bat eman zidan, eta ez zidan ezer kobratu, ez kuotarik eta ez ezer. Orain nik daukat betebehar bat, nire kabuz hala erabakita. Nik izan nuen aukera hori ematen saiatzen naiz arazoren batekin etortzen direnei. Horrez gain, gainera lortzen badut pertsona hori alkoholaren mundutik ateratzea, berak bere buruarentzako gauza haundia lortuko du, baina nik niretzako ere bai. Egindakoarekin ondo sentitzeaz gain, beste indar berri bat hartuko nuke, poz haundi bat. Nik hori bakarrik daukat saltzea, ez dut beste ezer emateko.
Progamara etorri edo ez etorri zalantzan dabilenari zer esango zenioke, zer eskainiko diozue bertan?
Hasiera batean bi bilera mota daude, irekiak eta itxiak. Irekita edozein etorri daiteke, zalantza dituena, gaizki dagoena, edo pentsatzen duena zerbait behar duela. Senitartekoak eta lagunak ere etorri daitezke, enteratzera. Beste bilerak berriz, itxiak dira, alkoholikoentzako bakarrik dira. Gure leloetako bat da, hemen kalean egiten denaren berri izango duzu, baina ez esan kalean hemen zer egiten duzun edo zer entzuten duzun. Hori oso garrantzitsua da guretzat, gure arteko konfidantza da. Oso garrantzitsua da.