Aurten XVIIgarren aldiz
ospatuko dituzue Extremaduraren inguruko jardunaldiak, eta urtetik urtera harrera hobea izaten duzue herritarren aldetik. Zein uste duzue dela sekretua?
Orain 17 urte konturatu ginen elkarteak Donostiatik irten egin behar zuela, Extremadurako kultura eta gastronomia herriz herri zabaldu behar genuela. Beraz, herri ezberdinetako udaletxeekin harremanetan jartzea erabaki genuen, eta hauek oso ondo hartu gintuzten. Dagoeneko 17 urte pasa dira, eta pixkanaka gure helburua betetzen ari da. Jardunaldietara Extremadurako jendea etortzeaz gain, herriko bertako geroz eta jende gehiago etortzen da, eta hori oso aberasgarria da.
Jardunaldi hauek bereziak izaten dira garai batean Extremaduratik Euskal Herrira etorri ziren guztientzat. Baina esan bezala zuen helburua harantzago doa, Extremadura promozionatzeko aukera ezin hobea da ezta?
Noski, Extremadurako jendearentzat egun bereziak izaten dira. Handik etorritako guztiek ezagutzen dute hura, baina gauza batengatik edo bestearengatik ezin izaten dute nahi adina joan. Beraz, egun oso berezia izaten da haientzat. Eta gainerako herritarrentzat ere bai, Extremadurako gastronomiak fama haundia dauka eta hori bertatik bertara eskuratu ahal izateak asko erakartzen du. Gainera, bide batez, Extremadura bera promozionatzeko aukera ere izaten dugu, azkenean, Jardunaldien helburua hori izaten baita. Jendeak bertan izango den postu batean nahi adina informazio izango du bidai eder bat egin ahal izateko.
Jardunaldiak gaur hasiko dira Biterin izango den bideo emanaldiarekin, zer ikusiko dute bertara hurbiltzen direnek?
Ikus-entzunezko bideo emanaldi baten bidez Extremadura iparraldetik hegoaldera ezagutzeko aukera izango dute. Bideoa ordu eta erdi ingurukoa da eta bertan ikusi ahal izango dira besteak beste Caceres monumetala, milaka gereziondo dauden lurraldea, Merida kapitala eta Andaluziarekin mugan dauden etxe txurien herri ederrak.
Beraz, Aste Santuko oporrak
gainean ditugula kontuan izanda, oraindik nora joan ez dakitenek aukera polita izango dute Extremaduraz erakartuta sentitzeko. Zuek zein ruta proposatuko zenituzteke?
Extremadurak duen gauzarik onena da era guztietako turismoa egin daitekeela bertan. Caceres monumentala esaterako Gizadiaren Ondarea da. Orain adibidez gereziondoen loratzea izan da, eta gereziondoz josiak dauden herriek milaka eta milaka pertsona erakartzen dituzte. Merida kapitala berriz, hiriburu erromanikoa da, ikusteko aparta. Eta beste era bateko turismoa egitea gustatzen zaionak ere badu nahikoa aukera Extremaduran, bailara ugari daude, aintziren ruta ere egin daiteke, oso polita da. Baita ere, fama haundia dute etxe txuriz beteta dauden herriek, Badajoz hegoaldean daude, Andaluziarekin mugan. Mendia gustuko duenak ere, badu non ibili. Esan bezala, aukera zabaleko herrialdea da Extremadura.
Esan bezala asko dira oraindik Extremadura ezagutzen ez
dutenak, beste asko berriz urtero
joaten dira bertara. Askoren aiton amonak izan ziren herria utzi eta Hernanira etorri zirenak, baina gaur egun oraindik, haien bilobak joateko ohiturarekin jarraitzen dute. Zergatik ote?
Gauza ederra da hori. Aiton amonengandik, seme alabetara pasa da tradizioa, eta hauek bere seme alabei pasa diete. Extremadurak 60garren hamarkada inguruan zuen biztanleriaren erdia galdu zuen, kalkulatzen da 900.000 pertsona inguruk utzi zutela herria; odoluste moduko bat izan zen. Hernanira 2.000 inguru etorri zirela kalkulatzen da. Baina zure herria uzten duzunean, eta nahiz eta beste batean gustura bizi, herri mina sentitzen duzu. Beraz, jendeak barruan noizik eta behin itzultzeko txispa hori izaten jarraitzen du, eta ondorengoei transmititzeko gai izan dira. Orduan etorri ziren haien seme alabek eta bilobek Extremadura berea balute bezala sentitzen dute, baloratzen dute eta maitatzen dute.
Hala ere hemen biltzen jarraitzeko ohitura mantentzen duzue Donostian orain 31 urte zabaldu zen Extramadurako Zentroan ezta?
Bai, hala da, martxoan bete ziren 31 urte ireki zela. Orduan gainera, sortu zen urtean hernaniar asko ziren tartean, eta gu biok ere han ginen. Honorio Barrante hernaniarra esaterako Zentroko presidentea ere izan zen, 6 urtez; 80tik 85era. Orduan Gipuzkoa mailan zegoen bakarra zen, eta Donostian jarri genuen joateko lekurik errazena izan zitekeelako. Gaur egun ordea, beste hainbat herritan ere egin dituzten: Errenterian, Lasarten, Zarautzen, Andoainen, Tolosan, Legazpin eta Arrasaten. Hernaniko eta inguruko jardunaldiak esaterako Donostiako zentrotik antolatzen ditugu. Eta honetaz gain, urtean zehar beste hainbat ekitaldi ere antolatzen ditugu zentroan bertan, estareako: antzerki taldeak, folk-a, konferentziak... Gure ohiturak mantendu eta gure artean gustura egoteko leku ederra da.