Erreportajeak

Jon Insausti hernaniarra, Valladolideko El Salvador errugbi talde haundian

Kronika - Erredakzioa 2006ko uzt. 8a, 03:00

14 urterekin hasi zinen errugbian, futbola utzita. Zergatik hartu zenuen erabaki hori?

Errugbiari buruz hitz egin zidaten inguruko lagun batzuk, eta egia esan, futbolean nazkatu xamartuta nenbilen. Errugbiko giroa, jokoa... ezagutu egin nahi nituen.

Zer moduzko hasiera izan zenuen?

Aukeran, berandu xamar hasi nintzen errugbian. Zuzenean kadeteen taldean sartu, eta iparraldeko partidu batean jokatzera atera ninduten; hura izan zen errugbiarekin izan nuen lehenbiziko kontaktua. Joxe zen orduan entrenatzaile eta hark esan zidan, ´baloia daukakenean hik korrika egin aurrera, eta besteak baloia daukanean al deken bezela gelditu arazi`.

Hernanin 4 urtez jokatu zenuen. Zer oroitzapen daukazu Landareko garaietaz?

Izugarri oroitzapen ona. Kadeteetan bi urte eta jubeniletan beste bi urte egin nituen. Gogoan dut seniorrekin, nagusiekin, genuen tratu ona. Saiakera berezia egiten zuten gazteei laguntzen, eta animatzen; talde giroa sortzen. Jubeniletan bi aldiz irabazi genuen Espainiako txapelketa eta hori errugbi talde osoak bizitu zuen.

Valladolidera joan zinen gero Kirol Majisteritza egitera eta El Salvador taldean hasi zinen.

Bai. Hasieran Gasteiz eta Murtzia ibili nituen buruan, baina Gasteizen ez zegoen talderik, eta Murtziakoa maila kaxkarrean zebilen. Murtziakoa hitz egiten ari nintzela deitu zidaten Valladolidetik eta aukera hura uzterik ez nuen izan. El Salvador taldea Ohorezko Mailan dago eta punta-puntan ibiltzen da urtero. Lau urte daramazkit bertan eta bi liga, bi Errege kopa, bi kopa Iberika eta hiru superkopa irabazi ditugu.

Zein dituzue kontrariorik gogorrenak?

Santboiana, dudarik gabe. Kataluiniako taldeak irabazi ditu azken bi ligak, eta guk irabazi dugunetan bigarren beraiek izan dira. Bestalde, Valladoliden bada Ohorezko Mailan beste talde bat, Quesos Entrepinares, eta elkarren arteko derbietan izugarrizko giroa pizten da. Azkena elkarren kontra Errege kopako finala jokatu genuen, eta 4.000 ikusletik gora bildu ziren. Egunkarietan ia egunero ateratzen da zerbait, entrebistak... izugarrizko errugbi giroa dago Valladoliden.

Aldaketa haundia nabaritu al duzu Ohorezko Mailan jokatzen ari zarenetik?

Jokatzeko modua asko aldatzen da maila batetik bestera, eta talde batetik bestera. Talde bakoitzak jokatzeko modu ezberdina dauka. Hernanin, ez zeuden postuak hain konkretatuak, denek denetik gehiago egiten genuen. El Salvadorren jokalari bakoitzak bere funtzioa dauka, eta hori egiten du ia erabat. Adibidez, nik aurten ez dut entsaio bakar bat ere egin.

Zuk ‘pilier’ postuan jokatzen duzu. Zein da zure lana?

‘Pilierra’ da bultzatzen duena, lekua egiten duena, meleetan aurrean izaten dena... lehenengo lerroa. ‘Pilierrak’ indarra behar du.

Espainiako eta Euskadiko selekzioetan ere ari zara.

Bai, eta gustora. Azken urtean titular jokatzen ari naiz, eta beste selekzioen kontra jokatzeko aukera izan dut. Niri berdintsu zait zein taldetan jokatu; nere nahia jokatzea da, ahalik eta maila altuenean jokatzea.

Ondo bizi al zara Valladoliden?

Oso ondo. Kirolarientzako etxe batean bizi naiz. Egunero Unibertsitatera joaten gara, eta entrenamenduek ere denbora asko kentzen digute. Lagun mordoxka ere egin dut, etxean, Unibertsitatean eta errugbi taldean. Ez daukagu kejatzerik.

Aurrera begira ba al daukazu helburu jakinik?

Helburua ez dakit. Nire ametsa Munduko kopa jokatzea da; munduko 20 talderik onenen kontra jokatzea. Hori oso zaila da, hala ere. Espainiako selekzioa ez dago bere momenturik onenean, eta ez du erreza izango klasifikatzea.

Hernanira bueltatzeko asmorik bai?

Oraindik karrera bukatu beharra daukat. Beste urtebetez, behintzat, Valladoliden jarraituko dut, baina hortik aurrerakorik oraindik ez dut planteatu nahi.

Hernani Ohorezko Mailara igotzen bada, haien aurka jokatu beharko duzu.

Bai. Poz haundia hartuko nuke, baina arraro ere sentituko nintzateke. Pentsa, anaiak ere Hernaniko taldean jokatzen du, nere postu berean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!