Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] HARITZA TALDEA

Kronika - Erredakzioa 2009ko mar. 21a, 01:00

Noiz eta nola sortu zen taldea?
Ni (Peio Oiartzabal) eta Imanol Kamion bitartez sortu zen. Txiki txikitatik gustatzen zitzaidan bateria eta neronek egin nuen bat, bidoiekin. Kasetak jarri eta neroni aritzen nintzen jotzen. Kamio orduan akademian zebilen ikasten, Josetxo Mujika irakaslearekin... eta askotan esaten zidan «erosi ezak bateria bat», eta haren bitartez erosi nuen lehenengoa. Lokal bat montatu nuen eta lehengusuari esan nion (Javier Oscozi), «hi bateria erosi diat» eta hark erantzun zidan, «nik ere erosi beharko diat zerbait». Horrela hasi ginen biak, bateria eta bajoa, baina melodia falta zitzaigun. Talde bat sortzeko asmoarekin genbiltzan, eta lagun baten mutilak soinua jotzen zuen, orduan berarekin hitz egin genuen, eta taldean sartu zen hura ere. Gitarrajole bat falta zitzaigula ere konturatu ginen, eta auzoko bati esan genion, Josetxo Etxegoieni. Hark beste girtarrajole bat aurkeztu zigun eta horrela topatu genuen laugarrena. Orduan lauak hasi ginen entsaioekin. Garai hartan modan zegoen abeslaria neska izatea eta Idoia Arteaga lasartearra hasi zen. Hark kotxe istripua izan zuen, eta ondoren Urnietako Maixa ibili zen gurekin, Urnietako Alkatea izandakoa. Ondoren, Leitzako Maite Susperregi ere ibili zen eta, Donostiako Maria ere bai. Lehenengo kontzertua 1979an izan zen, Donostiako Aste Nagusian, eta kontzertu hartan ere nahikoa anekdota izan genituen.

Beraz, sortu zenetik pertsona dexente pasa dira taldetik ezta?
Bai, urte guzti hauetan 30 kide pasa gara taldetik. Bajoa eta bateria beti berak izan gara Peio eta Javier. Teklistak izan dira lehenengoa Loren Loinaz, eta ondoren, Joserra Senperena, Miguel Angel Mendizabal, Joxe, Arkaitz, Iñigo eta Salgueiro. Gitarrajole bezala aritu ziren, Joseba Etxeberria, Jose Rivera, Pablo eta Jon. Tekniko bezala, Santi, Jorge, Boni, Mikel Goikoetxea, Patxi Deskarga, Antton Santa Kruz, Tomas eta Mikel madrileñoa; Kamio ere ibili izan da.

Abestiei helduz, beste taldeen bertsioak egiten zenituzten. Nola aukeratzen zenituzten?
Modan zeudenak izaten ziren normalean. Momentuan zer zegoen, hura jotzen saiatzen ginen. Normalean berbenako abestiak izaten ziren, gitarrajoleak oso bereziak izaten dira, eta askotan hauek aukeratzen zituzten. Hilabeteak pasatzen genituen abestiak entsaiatzen, hura jo behar zela eta... Gero plazara joan eta denak begira, abestia ezagutu ere ez zuten egiten. Mexikana bat jotzen genuenean berriz, plaza guztia dantzan jartzen zen. Diskusio batzuk izaten genituen gure artean, pena merezi ote zuen denbora galtzea... ordu pila pasatzen genuen entsaiatzen eta gero plazan ez zuen eraginik izaten. Jendeak ere eskatzen zizkigun abestiak, udara hartan modan zeudenak eta horrelakoak; Maria Jesus y su acordeonen Pajaritos, Pakito chocolatero eta horrelakoak.

Orduan ez zenuten musika estilo jakin bat jarraitzen ezta, denetatik jotzen zenuten.
Bai, berbena giroko abestiak. Honen inguruan badugu anekdota bat. Representateak deitu zigun Urte Zahar batean Nafarroara joan behar genuela jotzera, eta azkenean Epilan zen, Zaragozan. Joan ginen eta afari bat zen, kotiloi itxurakoa. Iritsi ginenean kotiloian ez zegon afaltzeko tokirik, eta afaria guk egin behar izan genuen Alianza Popularreko soziedadean. Afaldu ondoren hasi ginen jotzen, erabat euskeraz. Eta kontzertua amaitzear zela, ikusle batek esan zigun dominais muy bien el ingles eh? Muchas de las canciones son en ingles... pentsa ezazu zein aurpegirekin begiratu genion.

Orduan asko zineten berbena taldeak, zein zen zuen berezitasuna?
Gure garaian punta-puntan zeuden Egan eta Akelarre. Baina guk ere izan genituen urte oso onak, jendeak ezagutu ere egiten zigun. Hala ere, arraroa dirudien arren, orain gehiago ezagutzen gaituzte... kaletik joan eta «Hombre! Haritza taldekoa!» entzuten dugu oraindik ere. Baina berezitasun propiorik ez geneukan. Berbenetan talde guztiok antzeko abestiak kantatzen genituen. Berezitasun haundiena genuen, nonbaitera hiru edo lau egun jotzera joaten ginenean, lehenengo egunetik dena ematen genuela. Beste taldeak aldiz, lehenengo egunetan suabeago ibiltzen ziren, eta azkenekoan berriz, desmadratzen hasten ziren. Lan asko egin behar izaten zen, musika taldean aritzeaz gain, bakoitzak gure lana baikenuen; askotan oporrak hartu behar izaten genituen jo ahal izateko.

30 urte plazarik plaza. Musikan aldaketarik nabarituko zenuten ezta?
Azken aldian hemengo musika gehiago jotzen genuen, trikitixa akordeoiarekin eta abar. Hasieran berriz, Michael Jackson eta George Dannen abestiak ere jotzen genituen. Musika aldetik taldeak dexenteko eboluzioa izan du. Lehen era bateko piezak egiten ziren, eta lan asko egin behar izaten genuen pieza horiek ikasi eta plazan jo ahal izateko. Trikitixa hasi zenean berriz, jendeak hori nahi zuen, ez beste ezer. Eta guk horretara egokitu behar izaten genuen, ahal den moduan jendeak nahi duena jotzen saiatu behar da.

Plazako eta herrietako giroa ere asko aldatu da urte guzti hauetan, badirudi jendeak nahiago duela tabernan edo txosnetan egon. Noiz nabaritu zenuten beherakada hori?
Berbenak orain hamar urte inguru utzi genituen guk, eta ordurako plazatako giroa bukatzen hasia zen; baino lehenago ere nabaritu genuen. Tabernetan musikak bazuen nahiko bolumena, eta musika estiloa ere aldatzen hasi zen, txunta txunta iritsi zen. Gazteriaren estiloa ere aldatu zen, garai batean plazan dantzatzen ezagutzen ziren neska mutilak eta horrela ligatzen zen. Gaur egun berriz, dantzatu ere ez da egiten. Azken urte horietan gertatu zitzaigun tabernaz inguratutako plaza batean jotzea; tabernak jendez gainezka zeuden, eta plazan berriz inor gutxi, eta hori oso tristea da. Gaur egun jendea beste era batera mugitzen da, nahiz eta berbena taldeek ahal izan ditugun saiakera guztiak egin ditugu jendea erakarri ahal izateko. Gaur egun berbena dagoen inguruan tabernarik, edo txosnarik ez badago, berbena horrek ez du zereginik.

Taldean jende berria sartzea, esentzia mantentzeko filosofiaren bat edo izan al duzue?
Ez, alderantziz. Jende berria sartu denean beti gauza berriak ekarri izan ditu. Euskeraren inguruan jo izan dugu beti, baino taldera zetorrenarekin uztartzen saiatzen ginen. Nahiz eta hasieran ere, aurreneko abeslariarekin, ingelesez dexente abesten genuen.

Urtean zenbat kontzertu jo izan dituzue?
Gehienez 89-90 inguru jo izan ditugu urtean; ekainean hasi eta urrira arte. Abuztuan 30 egunetatik 25 egunetan jo izan dugu. Udaratik urrira bitartean ez genuen inolako arazorik izaten, gainontzeko hilabeteetan ordea, zaila izaten kontzerturen bat izatea.

Zaragozako esperientzi hura kenduta, Euskal Herritik zehar ibili izan zarete beti. Probintzia batetik bestera aldaketarik nabaritzen al da?
Bai, dantzarako onenak bizkaitarrak dira, giroa sortzeko berriz nafarrak. Exigentzi gutxienekoak eta esker gehienekoak ere nafarrak ziren. Gipuzkoarrak berriz, berbena asuntoan nahiko hotzak izan dira beti.

Eta Hernaniko plaza nolakoa da. Zein harrera izan duzue?
Bere garaian oso ona izan da Hernani, 80garren hamarkadan batez ere. Gerora ere, 90garren hamarkadan oso momentu onak bizitu izan ditugu, karnabaletan eta... Hernanirako beti ekipo haundiagoa alkilatzen genuen. Oso anbiente ona izaten zen. San Joanak ere beti izan dira oso onak Hernanin, eta jende asko erakartzen dute. Oso plaza ona zen.

Anekdota mordoa ere izango dituzue ezta?
Bai, gauza asko pasa zaizkigu. Behin Euskal Telebistak entrebista bat egin zigun Barakaldon. Orduan, Maixak, gure abeslariak, Jaiak programa egiten zuen eta Barakaldon jotzen genuen; berak preparatu zigun entrebista. Egingo zizkigun galderak eta guzti bagenekizkien, arratsalde guztia hura prestatzen aritu ginen, eta kamara aurrean jarri ginenean, desastre hutsa izan zen. Ahaleginak egiten genituen baina ezin, barrez hasten ginen, urduritasuna ere nabaritu egiten zitzaigun, eta gutxienez 25 bat aldiz grabatu behar izan genuen. Kamara ere nazkatu zen, eta erderaz egin behar zuten beste entrebista bat grabatzera joan zen. Ondoren gurera itzuli zen eta esan zigun «oraingoan ez bada ondo ateratzen bertan behera utziko dugu», eta ederki kostata baino egin genuen. Gauza paranormalak ere gertatu zaizkigu. Berbena baten ondoren etxera gindoazela, karreteran obra bat zegoen. Nahitaez aurrera jarraitu beharreko seinalea ikusi eta hala egin genuen. Kale tartean sartu ginen, petrila tartetik pasa eta baratza batera iritsi ginen, eta karretera bukatu egin zen. Ondokoa esnatu, eta esan genion «hi karretera bukatu egin dek», hura esnatu eta erantzun zuen, «nola karretera bukatu dela...?», ikusi eta horrela zen. Atzetik zetozenak, beste taldekideak berriz, bozina jotzen eta argiak ematen hasi ziren. Zer gertatzen zen galdetu eta guk karretera bukatu egin zela esan genien... ikaragarrizko barre saioa egin genuen.

30 urte inguru lanean aritu ondoren, nola hartzen da taldea edo berbenak uzteko erabakia?
Hiruk jarraitzen dute, boda eta eskoletako jaialdietan. Hilean behin Sansonategin ere jotzen dugu, koadrilak etortzen dira, 60 urte ingurukoak eta giro ona izaten da. Berbenak uztearen erabakia hauen bizitza eta etorkizuna bukatzen ari zela konturatzean hartu genuen, oso tristea da, baina erreteritzen ere jakin egin behar da. Horrenbeste urte elkarrekin arituta, oso tristea da. Azkeneko kontzertua Ereñotzun izan zen, presoen aldeko festan; barrioko talde guztiak jo genuen, Izotz, Etzakit, Amaia eta Cristina eta guk. Hala ere, orain berriro ere lokalean gelditu eta jotzen hasi gara, denbora pasa modura. Abestiak jotzen hasi eta bat, eta beste bat, eta beste bat, errepertorio txiki bat ere osatu dugu... eta berriz ere gogoa jarri zaigu... baina... pena bat da. Dena dela, gehienok musikaren munduan jarraitzen dugu, talde batean edo bestean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!