TXANPONAK, seiluak eta beste mila gauza kolekziona litezke. Santos Barrio futboleko pinak gordetzen hasi zen duela 22 urte eta gaur egun 16.000 mila futbol pin ditu. Lan haundia ematen du horrelako bilduma mantetzeak eta egunero egunero eskaintzen dio tarte bat lan horri.
Nolatan duzu zaletasuna futbol pinak kolekzionatzeko?
Batzuek txanponak kolekzionatzen dituzte, seiluak edo beste edozein gauza. Club Deportibo Hernanin nenbilenean hasi nintzen futbol pinak kolekzionatzen, duela 22 urte. Gazteekin herriz herri ibiltzen nintzen eta klub bakoitzak bere intsignia ematen zidan.
Gero jakin nuen kirol materiala kolekzionatzen zuten elkarteak zeudela eta Bartzelonako eta Gran Kanarian dauden elkarteetako bazkide egin nintzen. Elkarte hauen bidez beste kolekzionistekin harremanetan jartzen zara, mundu guztiko jendearekin gainera: Errusia, Holanda, Txekia, eta abar. Karta bidez hitz egiten da horrelakoetan eta hizkuntza izaten da arazoa. Baina Donostiara eramaten ditut kartak itzultzeko. Geografiaz asko ikasten da baita ere.
Zenbat pin dituzu guztira?
Erakusketan jartzeko 16.000 futbol pin ditut. Beste kiroletako 2.000 pin ditut. Beste gaietako pinak, 3.000 bat edo. Guztira 21.000 pin ditut. Futboleko kolekzioa egiten hasi nintzen baina jendeak, pin kolekzioa egiten dudala jakitean, beste gaietako pinak ere ematen dizkit. Pin hauek ere gorde egiten ditut. Batzutan, gainera, ondo etortzen zaizkit futbol kolekziorako, aldatu egiten baititut.
Erakusketak egin dituzu?
4 bat erakusketa egin ditut. Azkeneko erakusketa Orion egin nuen, Orio kirol taldearen 25garren urteurrena zela-eta. Hernanin ere egin ditut bi erakusketa, bata 2000garren urtean eta bestea 2003an. Agian animatu eta Hernanin beste erakusketa bat egingo dut.
Nola sailkatzen dituzu pinak?
Estatu mailan 17 federazio daude eta federazioka antolatzen ditut. Adibidez, Federacion Vasca deitzen den horretan, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako futbol taldeetako pinak ditut. Guztiak koadro batean jarrita ditut eta bakoitzari numero bat jartzen diot. Ondoan zerrenda bat osatzen dut, zenbakiekin, izenarekin, herriarekin, probintzia eta herrialdearekin.
Zeintzuk dira zure kolekzioko altxorrak?
Desagertutako klubetako pinak asko baloratzen dira: C. Deportivo Ergobia, Gure Izarra (Astigarraga), Club Puerto, Elizatxo, besteak beste. Baina gehien baloratzen dudana da CDHko aurreneko pina: urdina, gorria eta txuria dena, XX. mende hasierakoa da. Horretaz aparte badut Real Sociedadeko aurreneko eskudoa, Club Ciclista San Sebastian zenekoa. Klubetik bertatik etorri ziren pin hau eskaneatzera, beraiek ere ez baitzuten.
Ze balio du kolekzio honek zuretzako?
Balio sentimental izugarria du honek eta bestela ere asko balio du. Pin kolekzioarengatik dirutza jasotzeko aukera izan duten lagunak baditut, baina ez dute kolekzioa saldu. Dirua baino, balio sentimental haundiagoa du niretzat. Asko kostatzen da kolekzio hau aurrera ateratzen, batetik bestera mugitu, dirua eta denbora asko kostatzen da.
Zenbat denbora dedikatzen diozu kolekzio honi?
Egunero 2 ordu dedikatzen dizkiot kolekzio honi, egunero-egunero. Jarraipena eta konstantzia eskatzen du kolekzio honek: jasotako kartak erantzun, dokumentatu, sailkatu, pinak lortu, koadroak egin, eta abar.
Non gordetzen dituzu pin guzti horiek?
Logelan gordetzen nituen hasieran, baina ez zitzaizkidan kabitzen eta ohe azpian sartzen hasi nintzen. Gero garajeari zati bat kendu behar izan nion bulego moduko bat egiteko. Bulego hori ere txiki geratzen ari zait. Materialak bolumen asko okupatzen du, guztira 50 bat koadro ditut. Eta beste 12 bat koadro egingo nituzke, suelto ditudan pinekin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!