Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Jexux Mari Irazu Txarli

Kronika - Erredakzioa 2009ko urr. 24a, 02:00

Perretxiko kolpea omen dator. Orain al da perretxiko garaia?
Ni urte guztian ibiltzen naiz. Nik ez diot jatekoari begira­tzen, jaten ditut baina ez ditut propio horretarako biltzen. Orain da, jateko perretxiko gehien dagoen garaia, baina perretxikoak urte osoan izaten dira.

Zein dira perretxiko ezagunenak, jendeak biltzen dituenak?
Kuletoa, amanita caesarea; Onddo txuria, boletus reticulatus; Xixa horia, cantharellus cibarius, aurten gutxi dago, Esnegorria, lactarius delicio­sus, katalanek jaten dute asko, nik ere jaten dut tarteka; Urretxa, russula cyanoxhanta, Gibel urdina, russula vires­cens… Badaude batzuk jendeak ostikoka ibiltzen dituenak eta nik jan egiten ditudanak. Kuleto gutxi ikusten da orain. Bai, oso gutxi. Lehen errazago topatzen ziren.

Zer behar du perretxikoak atera­tzeko?
Beroa eta gero ura.

Eta ilargiak ba al du eraginik?
Nik ez diot begiratzen. Eguraldi ona egiten badu, eta ondoren euri asko egiten badu, nik uste dut berdin-berdin ateratzen direla.

Perretxikoa ez da nonahi atera­tzen, bakoitzak bere baso mota du, ezta?
Bai, esate baterako, Gibel urdina pagoan ateratzen da normalean, Onddo beltza pagoan eta pinuan, baina badago beste Onddo beltz mota bat, boletus aereus, hari­tzan ateratzen dena. Onddo txuria pagoan ateratzen da normalean.

Pinuan ateratzen al da baten bat?
Pinuan askotan Kazka Beltza izaten da, boletus pinophilus-a; Esne Gorria ere bai; Ziza bel­tza, tricolloma portentosum izenekoa ere ateratzen da eta beste batzuk.

Zer da ‘lista gorria’?
Zerrenda bat egin dute gal­tzeko arriskuan dauden pe­rre­txikoak babesteko eta On­ddo erregea, boletus regius, zerrendan dago. Kuletoa ere hor dago, baita San Martin ziza, Clytocibe geotropa ere. 60 klase edo gehiago daude zerrendan.

Zenbat perretxiko klase jan dituzu?
Dezente probatu ditut, ba­tzuk onak, besteak txarrak, baten bat arrain gustua zuena....

Denak hemengoak?
Bai, bai, denak hemengoak, Euskal Herrikoak. Jendeak xota-kaballo-rey egiten du normalean.

Hau perretxiko zona ona al da?
Hernani ez da leku txarra, ez; bada jendea herritik atera gabe biltzen dituena. Goizuetara berriz, ezin da joan, jendez josia dago. Lehengoan Urdiainen izan ginen anaia eta biok eta udaltzainak etorri zitzaizkigun galdezka zer pasatzen zen, hainbeste kotxe ikusita…

Jende askok puskatu egiten ditu jaten ez dituen perretxikoak.
Jende askok ez ditu perretxikoak ezagutzen eta mendia izorratzen du, behar ez dituen perretxikoak hartu eta bota egiten ditu, edo hautsi.

Perretxiko biltzaile batzuk kolpea jotzen duenean bakarrik joaten dira mendira, ahal duten guztia biltzera.
Hori lotsagarria da; kolpea jotzen duenean jendea ez da zesto batekin joaten, ahal badu, 10 zestorekin joaten da, ahal den guztia biltzera.

Zergatik da lotsagarria?
Guk nahi dugu mendia denona izatea, besteentzat ere utzi behar da. Ezin dena da perretxikoak saltzeko biltzea; batzuk esaten dizute lagunentzako direla eta gero, zer da eta, saldu egiten dituzte... Eta azkenean horrela bilduta, lekuak itxi egingo dituzte eta ezingo da ezer bildu. Araban lehengo urteaz geroztik asko jota bi kilo bildu daitezke, Ultzama aldean ordaindu egin behar da eta bi kiloko topea jarri dute; azkenean, Nafarroan toki guztietan jarriko dute horrelako zerbait: erabat itxi, edo ordaindu, edo topea jarri.

Perretxiko asko biltzeak, kalte egiten al dio perretxikoari berari?
Bai, perretxikoei ere kalte egiten die. Lehengo batean, esate baterako, lagun mikologo batekin izan nintzen Oiartzungo mendietan; 60 perretxiko espezie ezberdin sailkatu genituen; lagun honek esan zidan 200dik gora espezie sailkatu izan dituela mendi horietan bertan.

Kantitatea ere jaitsi egin da?
Bai, ikaragarri jaitsi da; urtetik urtera aldea sumatzen da.

Aurrikusi al liteke noiz joko duen kolpea?
Bai. Beroa egiten badu, eta egun batzuetan euria, handik 10-15 egunetara nabari­tzen da. Baldintza horiek betetzen badira, jotzen du, eta ez du udazkenean izan behar; nik San Joanak baino lehen ere jan izan ditut perretxikoak.

Perretxikotara joaten zarenean, eta kolpe haundia jo badu, zenbat biltzen duzu?
Batzuetan gehixeago, bestetan gutxixeago, baina zestokada bat edo biltzen dut jeneralean.

Kolpea jo badu ere bai?
Bai, ez du merezi gehiago har­tzea. Lehengo batean anaia eta biok joan ginen eta nahikoa bildu genuela iruditu zitzaigunean, hamaiketakoa egitera eseri ginen basoan bertan, eta jendea gure bueltan, gainean, zebilen perretxikoak hartu eta hartu...

Batek baino gehiagok eskarmentua du perretxiko txarra janda.
Normalean urtean izaten diren ingresoen %95 Mal­tzurra, entoloma lividum, jan­da izaten dira. Jendeak Pago­xixa, lepista nebularis, eta Uda­berriko xixarekin, calocybe ganbosa nahastuta hartzen du. Hau behintzat ez da hilgarria. Hilgarria dena amanita phalloides-a da, hau russula vi­rescens perretxikoarekin na­has­tuta hartzen dute. Orain dela gutxi, pertsona bati gibela aldatu behar izan diote galerina marginata bat janda. Badira pertsonak perretxiko onek kalte egiten dietenak. Orain dela bi urte Landetan hil zen pertsona bat onddoak janda, baina ez da normalena.

Eta zuek nola egiten duzue hainbeste espezie berezi bilduta, jakiteko ona edo txarra den?
Liburuetan begiratzen dugu, gure artean galdetu... baditugu gure baliabideak.

Etxean nazkatuta izango dituzu hainbeste perretxikorekin?
Bai, zera! Ez daude nazkatuta, gutxi ekartzen ditudalako; neurriz hartzen ditut eta gainera banatu egiten ditugu biltzera joaten garenon artean.

Hartu duzun perretxikorik haundiena zenbatekoa izan da?
Behin kilo eta seiehun gramokoa hartu nuen eta beste bat kilo eta laurehunekoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!