Zer da Hernades elkartea?
Juantxo: Gaixo ezberdinei laguntzeko elkarte bat da. Batez ere, minusbaliatuekin aritzen gara. Baina laguntza eskatzen digun edozeini laguntzeko prest gaude. Denerako prest gaude.
Nola laguntzen
duzue?
Juantxo: Adibidez, Gizaldek, Gipuzkoako boluntarioen koordinatzaile modukoa litzatekeenak, zerbait antolatzen duenean, laguntza eskatzen digu azpiegituren antolaketan edo dena delakoan laguntzeko. Gu eta gu bezalako edozein elkarteri eskatzen diete laguntza. Behar duten pertsona kopurua esaten digute eta behar den lekura joaten gara.
Gipuzkoako Federazioko Minusbaliatuen Kiroletan ere laguntza behar badute, dela igeriketarako dela txirrindularitzarako, prest egoten gara. Munduko Txapelketan egon ginen, antolaketan laguntzen, gaixoak dutxatzen, aldatzen, jaten ematen...
Irakurri dudanez, Behobian ere bai.
Mikel: Bai, urteak daramatzagu Behobian laguntzen.
Juantxo: Helmugara heltzean laguntzen diegu batez ere.
Matias: Esaterako, amaitzen dutenean, Nautikora eramaten ditugu bainatzera edo bokadiloa ematera joaten gara.
Laster izango da aurtengoa, zenbat boluntario joango zarete?.
Matias: Hernadestik 16bat boluntario joango gara.
Nola sortu zen?
Juantxo: Hernades Lourdeseko Erromesalditik sortu zen orain dela 10 bat urte. Lourdesera laguntzera jende asko joan izan da urtero Hernanitik. Aitzindariak izan dira Miguel Zabala, Miguel Balda, Mari Cruz Uria eta Don Eusebio, Hernaniko parrokoa izandakoa. Eta gu ere, urtero erromesaldira joaten hasi ginen. Han, Hernanirako elkarte bat sortzea bururatu zitzaigun.
Mikel: Hortik dator izena. Hernani eta Lourdesen uztarketatik.
Juantxo: Bazegoen jendea erromesaldian parte hartzeaz gain, boluntarioki beste ekintza sozialetan parte hartzen zuena. Hala, konturatu ginen gaixoei laguntzeko bazirela beste ekintza batzuk eta Hernades sortu genuen. Pentsatu genuen jendeak laguntza behar zuenean, nonbaitera jotzeko aukera behar zuela.
Zein da zuen helburua?
Juantxo: Nolabait esateko, marjinatutako jendeaz ari gara edo gizarteak desberdintzat hartzen dituen pertsonez. Eta ez dakit lortzen dugun, baina gure alboan dauden pertsona horiek gu bezala senti daitezen saiatzen gara. Edo gu beraiek bezala.
Mikel: Berdintasunez tratatzen saiatzen gara.
Zenbat boluntario zabiltzate Hernanin?
Juantxo: 25 inguru eragile zuzenak gara, baina elkartean 36 kide gaude. Kontua da beti ez gaudela denak. Oporrak ezin ditugu nahi ditugunean hartu eta txandatu egiten gara.
Debalde egiten duzue lan, baina diru laguntzarik baduzue?
Matias: Udalak zerbait ematen digu.
Juantxo: Materialetarako izaten da. Bidaiak eta gainerakoak gure kontura doaz. Baina ordaindu beharrik ez bagenuke, nik ez nuke parte hartuko. Izan ere, zentzua galduko luke. Orduan ez litzateke boluntarioa izango.
Matias: Hori bai, Lourdeseko Erromesaldirako gaixoek ez dute ezer ordaintzen. Urtean egun batean meza ondoren diru bilketa egiten da eta hortik lortutako diruarekin ordaintzen zaizkie bidaiako gastuak.
Orduan, erlijioan sinesten duen
jendearekin aritzen zarete?
Mikel: Edozein adin eta motatako jendea dago. Gizon eta emakumeak. Ikasleak, etxekoandreak, bankariak, medikuak, erizainak... Edonor izan daiteke elkartearen parte. Baina normalean sinestunak izaten dira.
Juantxo: Ezin da ahaztu elizak sortutako ospakizun batean dituela sustraiak. Baina denetik dago. Azken finean, batzen gaituena behar dutenei laguntza emateko gogo hori da.
Matias: Jende askok kontrako jarrera izaten du Lourdesekoa dela eta. Erlijioan sinesten ez dutelako. Baina gu, gauza guztien gainetik, jendea laguntzera goaz.
Mikel: Bestalde, Lourdes iruzurkeria dela esaten da, baina normalean ezagutzen ez duen jendeak esaten du hori. Egokiena joan, ikusi eta ezagutzea litzateke. Gainera, 2 ordutara besterik ez dago.
Lourdeseko erromesaldian
zenbat biltzen zarete?
Matias: 300-350bat gaixo joaten dira, 600-700 laguntzaile eta aparte, beraien kasa, bisitariak ere bai. Gipuzkoatik 2000 bat pertsona joaten gara.
Juantxo: Eta asteburuan, parrokietatik-eta antolatutako autobusak iristen dira eta 2.500-3000 izatera heltzen gara.
Mikel: Nazioarte mailan, halako zerbaitek hainbeste pertsona biltzen dituen bakarrenetakoa da.
Zer sentitzen duzue?
Juantxo: Ni bigarren aldian itzuli banintzen, pertsona bezala barrua asetuta sentitu nuelako izan zen. Ohituta ez zauden maitasun keinuak jasotzen dituzu, bai gaixoen aldetik bai kideen aldetik. Egunerokotasunean, lagunekin edo lankideekin elkartzen zara, baina ze puntutaraino sakontzen duzu zure bizitzan? Hemen falta zaizun hori lortzen duzu eta pertsonalki guztiz asetuta geratzen zara. Baliagarria zarela konturatzen zara.
Mikel: Normalean egongo ez zaren pertsonekin egoten zara han. Umeekin, gazteekin... Gu gainera horiei laguntzen aritzen gara batez ere, eta zoragarria da, indarberritu egiten zaitu. Euren kariñoa jasotzen duzu, euren poztasuna, jolasteko gogoa...
Matias: Jasotzen duzun kariñoak sentiarazten dizuna izugarria da. Muxukatu, besarkatu... egiten zaituzte eta irrikaz egoten dira datorren urtea heltzeko. Asko betetzen zaitu horrek.
Zuek gaixoei zuzendutako
ekintzarik antolatu izan duzue?
Matias: Gu ez gara antolatzaileak, kolaboratzaileak baizik. Baina antolatu dugu zerbait. Joan den hilean izandako Mugikortasun astearen barruan ginkana, jokuak antolatu genituen Atsegindegin. Ginkanaren helburua zen herritarrak ezinduen lekuan jartzea.
Juantxo: Hernanin ezintasunen bat duten gaixoen egoera eta errealitatea zein den azaldu nahi dugu eta laguntzera animatu nahi duenari hemen gaudela adierazi.