Erreportajeak

GOTZON HUEGUN: «Zinkoenean jarriko dudan pieza dela-eta animatu naiz Biterin erakusketa egitera»

Kronika - Erredakzioa 2006ko urt. 17a, 02:00

GOTZON Huegunen erakusketa inauguratuko da gaur Biterin. Egur eta harri taila, eta eskultura lantzen ditu Hernanin bizi den lasartearrak. Horrez gain, aste honetan bertan jartzekoa dute Zinkoenean ‘Zinkoenea norabide guztiak’ izeneko altzairuzko pieza eta hau girotzeko eta bere lana ezagutarazteko jarri du erakusketa Biterin. Gaur egun egur taila klaseak ere berak ematen ditu kultur etxean.

Zer ikusi daiteke Biteriko erakusketan?
Hogei bat pieza daude erakusketan. Horietatik bost tailatutako egurrezko muralak dira; zutabe tailatu bat ere badago, arrain tropikalez osatutako akuarium bat irudikatzen du; gainontzekoak eskulturak dira, horietatik bi harrizkoak.
Asmoa da erakustea zer egin litekeen egur tailarekin. Badirudi egur tailarekin beti berdina egiten dela eta ez da horrela, nik berrikuntza bilatzen dut. Egur taila pieza bat ez da etxe rustiko batean jartzeko bakarrik. Etxe moderno bat dekoratzeko ere egin daitezke piezak.

Zein egur erabili dituzu?
Gerezia, haritza, gaztainondoa eta astigarra erabili ditut gehienbat.

Zinkoenean ere jartzekoa omen duzu eskultura bat?
Bai, dena ondo badoa, bihar montatu eta jarriko dugu. Eskultura enkarguz egin dut, konstruktorak eskatuta.

Zein gairen bueltan egin duzu Zinkoeneako eskultura?
Eskulturak izena du Zinkoenea norabide guztiak. Enkargua jaso nuenean burura etorri zitzaidan Zinkoeneako zirkulazio kaosa. Burura etorri zitzaidan marra zuzen bat korapilatzen ari dena. Trabarik gabeko joanarekin ere zer ikusia du, eta irudi bat lantzen joan nintzen nire begien gustokoa izan arte. Hala ere eskulturak, izenburuak dioen bezala, norabide bat baino gehiago ditu, joko asko ematen du alegia. Adibidez eskultura corten altzairuarekin egina dago eta material hori aukeratu dut batetik, Hernanik lotura haundia duelako burniarekin. Herria asko haunditu da honi lotutako industria dela-eta. Bestetik, Chillida ere hor dugu eta bere material gustokoena zen corten altzairua.

Ze neurri du eskulturak?
Eskulturak 3m3 ko dimentsioa du. Asmoa da eskultura detaile bat izatea Zinkoenean, zerbait sinbolikoa.

Hernaniz gain beste herri batzuetan ere jarri duzu eskulturarik kalean?
Bai, Lasarten bi daude jarrita. Beste bat Deban eta Almerian beste bat. Duela 2 urte Miramar jauregian egin zen arte garaikideko nazioarteko feriarako egin nuen eskultura bat, Miramar jauregiko atzekaldean dago. Egin dudan pieza garrantzitsuenetarikoa da.

Urteak daramazkizu egur tailan eta eskulturan, ezta?
Bai, duela 13 urte hasi nintzen baina profesionalki 2 urte daramazkit. Ez dut ikasketa ofizialik baina maisu ezberdinen bidez ikasi dut. Denbora honetan Udaletxe ezberdinentzat egin dut lana, nazioarteko eskultura sinposiumetan hartu dut parte. Koldobika Jauregirekin ere lan egin dut Barakaldon dituen eskulturekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!