Erreportajeak

Lur Korta - Ipuin kontalaria:«Gurasoek umeei gauero ipuinak kontatzea inbertsio ona da, baina gutxi egiten da»

Kronika - Erredakzioa 2006ko mar. 26a, 03:00

Liburutegiak urteak daramazki ipuin kontaketak antolatzen eta aldiro izugarrizko arrakasta izaten dute. Asteartean, Lur Korta, Astigarragan bizi den oiartzuarra, arituko da ipuin kontari. Antzerkitik barrena sartu zen ipuingintzan. Uste du umeei ipuin zaletasuna sortu egin behar zaiela baina, zaletzen direnean «ipuinak engantxatu egiten ditu». Kortak lau urte daramazki Hernanin ipuin kontari.

Badaramazkizu urte batzuk ipuin kontari, zer ibilbide egin du Lur Kortak?
Iruñean arte dramatikoa ikasten ari nintzela, ahotsa lantzeko ipuin kontari jarri gintuzten. Gustatu egin zitzaidan eta ondorenean Iruñeako Zentro Zibikoetan egin nituen emanaldi batzuk. Hortik aurrera, pixkanaka, batean eta bestean ibili izan naiz. Belebizi eta Trokolo antzerki taldeetan ere ibili naiz eta Antzerki Eskolarako haurrentzako hiru produkzio egin nituen. Orain dela gutxi, Leitzako antzerki tailer bat zuzentzen aritu naiz, helduekin. Obra bat egin dugu (Goizuetan ere antzeztu dugu) eta orain beste bat egitekotan dira. Ikastetxeetan antzerki klaseak ere ematen ditut.

Ahotsa lantzeko ariketetatik iritsi zinen ipuin mundura. Zer garrantzi du ahotsak ipuin kontaketan?
Haundia. Ahotsak izugarrizko garrantzia du ipuin kontaketan. Azken batean, ipuin kontalariaren tresna nagusiak ahotsa eta gorputza dira. Energia, erritmoa, espresibitatea... ahotsak gauza asko markatzen ditu ipuin baten barruan. Ahotsa zenbat eta gehiago kontrolatu, hobe.

Azken urteotan geroz eta ipuin kontaketa gehiago antolatzen da herrietan?
Horrek ba al du arrazoi berezirik? Bai, egia da azken urteetan geroz eta emanaldi gehiago egiten dela, batez ere liburutegietan. Ez dakit arrazoi berezirik dagoen. Iruditzen zait, askotan ipuina erreklamo bat ere badela. Liburutegian ipuinak hor daude baina, kontatuta, ipuinak beste gauza bat dira. Gehiago transmititzen dute. Ikastetxeetan antzerako zerbait gertatzen da. Irakasleek eurek lantzen dituzte ipuinak baina, zerbait berezia egin nahi dutenean kontalariongana jotzen dute. Herrietan ere, aisialdi ekintzetan, geroz eta normalagoa da ipuin saioak jartzea. Elkarteetatik-eta ere deitzen digute ipuinak kontatzeko. Zer du ipuinak umea horrela erakartzeko? Ipuina azken batean istorio bat da eta horrek engantxatu egiten ditu. Irudi bat, gertaera bat, argazki bat... gauza asko elkartzen ditu ipuin batek. Agian, telebistak ez daukana du, ipuin bat kontatzen ari zarenean, ume bakoitzak bere irudimenarekin asmatu egin behar duela dena. Pentsatzen dut, horrek ere asko erakartzen dituela. Pertsonajeari berak nahi duten aurpegia jartzen diote, berak nahi duten ilea, berak nahi duten hortz haundia...

Zein ipuin kontatzen ditu Lur Kortak?
Beno, adinaren arabera egiten dut aukeraketa, baina normalean, tradizionalak ez. Izaten dira lekuak umeek eskatzen dizkizutenak Hiru txerritxoak, Txanogorritxu edo Zazpi antxumeak eta horiek ere kontatzen ditut. Baina adibidez, asko gustatzen zaizkit Kalandrakak dituen ipuinak. Desberdinak iruditzen zaizkit. Ipuinak kontalariari ere zerbait esan behar dio, gero umeei kontatzeko. Gero, ipuinak aldatu ere egiten ditut, beste bukaera bat ematen diet edo nere erara kontatzen ditut. Pertsonaje batzuetatik abiatu eta umeekin batean ipuinak inprobisatu egiten ditut eta umeek gustora hartzen dute parte. Ipuinetik ipuinera asmakizunak eta jokoak ere egiten ditut, batez ere txikienekin.

Ipuin barruan, zer da umeei gehiena gustatzen zaiena?
Ba, modu esajeratuan ni negarrez hastea, adibidez. Horrelakoetan, izugarrizko parrak egiten dituzte. Asmakizunak ere asko gustatzen zaizkie, kontaketa barruko jolasak ere bai.

Zer ipuin mota gustatzen zaizkie, orokorrean?
Hori ere adinaren arabera doa.Txikienei, 3-7 urtekoei, fantasiazko ipuinak gustatzen zaizkie gehiena. Hortik aurrera beldurrezkoak nahi izaten dituzte asko. Maitasunezkoak ere bai, baina beldurrezkoak gehiago.

Ipuinetan nola tratatzen dituzu rol sozialak eta generoa?
Naturaltasunez tratatzen saiatzen naiz. Horrelako egoerak tokatzen direnean, batzutan jokoak egiten ditut: ´Ea, bikote batek etxea hartu du eta bat etxeko lanak egiten geldituko da eta bestea kanpora joango lanera, zein geldituko da eta zein joan...` Edo bestetan, aldatu egiten ditut: batean gizonezkoari jarri badiot rol jakin bat, gero emakumezkoari jartzen diot. Saiatzen naiz rolak ez markatzen, ikusi dezaten aukera bat baino gehiago daudela. Gainera, ipuina kontatzen ari zarela ezin duzu eztabaida horretan sartu, bestela ipuinak ezin du aurrera egin. Eztabaida hori aurrez ematen da. Ipuin ikastaroetan-eta bai, hor izaten dira tankera horretako eztabaidak.

Jatorri aldetik, geroz eta herrialde gehiagotako umeak daude gure artean. Ipuinetan nola heltzen diozue errealitate horri?
Lurralde ezberdinetako ipuinei buruz material asko dago; baita euskeraz ere. Bai, errealitate hori hor dago eta nik kontatzen ditut herrialde ezberdinetako pertsonaiak dituzten ipuinak, Masai txiki adibidez. Baina, Txomin ipurdi kontatzen dudan bezala, normaltasun baten barruan.

Gurasoek ba al dute ohiturarik umeei ipuinak kontatzeko?
Gurasoek kontatzen dizkiete ipuinak umeei eta badira egunero egiten dutenak ere. Baina, uste dut, ez dela hori guraso gehienen joera. Nik gehiago imajinatzen ditut gurasoak sofan telebistari begira eta umea bere kasa jolasean, gurasoa umeari ipuin kontatzen baino. Ipuin saioetan segituan ikusten da zeini kontatzen dizkioten ipuinak eta zeini ez. Ipuinak gustatzen ere ikasi egiten da, zaletasuna piskana sortzen zaie. Gauero ipuinak kontatzea inbertsio ona da, baina gutxi egiten da. Behar bada, gaurko bizimoduak eta erritmoak ere ez dute gehiegi laguntzen.

Umeei ipuinak kontatzeko teknika batzuk...?
Gogoa eta ipuin liburu bat nahikoa dira. Eta ez dago beti ipuin ezberdina kontatzen ibili beharrik ere. Batzutan, ipuin bera ere pozik entzuten dute.

16 urte ipuin kontari

Udal liburutegia Biterin jarri zutenean hasi ziren umeentzako ipuin saioak, jendea erakarri eta irakurtzaletasuna bultzatzeko. Zerbitzuak arrakasta haundia du.

Udal Liburutegiak hamasei urte daramazki ipuin saioak antolatzen, Biterira joan zenetik. Orduan umeentzat gune berezi bat moldatzeko aukera zegoen eta hori baliatuta jarri zuten martxan zerbitzua. Bi helburu nagusi zituen eta ditu: liburutegira jendea erakartzea, bai haurrak eta bai gurasoak (batez ere normalean joerarik ez dutenak), eta irakurtzaletasuna bultzatzea. 16 urteotan bi helburuak bete ditu: jende asko biltzen dute ipuin saioek eta egun horietan mailegu zerbitzuak gora egiten du nabarmen. Guraso berri gehiago ere ikusten dira liburutegian orain.
Liburutegitik Kronikari adierazi diotenez, zerbitzuak eman duenarekin oso gustora daude. Aurrera begira ere mantendu egingo dute eta ahal dela hobetu.
Urte luzeotan, ipuin saioek formato ezberdinak izan dituzte, baina azken urteetan hilean behin egiten da eta ipuin kontalari ezberdinak etortzen dira txandan. Pello Añorga, Itziar Zubizarreta, Lur Korta eta Beatriz Egizabal dira azken urteetan normalean ibiltzen direnak.

Leku berezia
Hasieran, ipuin saioak noizean behin izaten ziren, maiztasun jakinik gabe. Ipuin kontaketa bazegoen, liburutegiko umeen gunea erabat horretarako erabiltzen zen eta ipuin saioetarako txoko berezirik ezak ez zion emanaldiari asko laguntzen. Liburutegia haunditzeko aukera etorri zenean ordea, txoko bat moldatu zuten horretarako propio, umeentzat bakarrik. Gurasoak kanpoan gelditzen dira. Ipuin kontalariek estimatzen dute emanaldia baldintza horietan prestatuta egotea, saioak asko irabazten duelako.

3-4 urtekoak eta 5-7koak
Ipuin saioak zein urte arteko umeentzat jarri behar diren  ere liburutegiko arduradunei buruhauste dezente ekarri dizkien kontua da. Hasieran, denentzat batera jarri zuten eta adin desberdintasunak dakartzan trabak medio, zailtasunak izaten ziren emanaldietan. Gero, 8-9 urtetik aurrerakoentzat jarri zuten baina, berehala jabetu ziren txikiagoetan zegoela demanda. Behin zazpi urte ezkero, umeek aktibitate aukera haundia dute.
Azkenean, aurkitu dute formato egokia eta oso ondo funtzionatzen du. Liburutegiak 3-7 urte bitarteko umeentzat eskaintzen ditu ipuin saioak eta ordu erdiko bi txandetan egiten du. Aurrena 3-4 urtekoak eta 5-7 urtekoak gero. Adinaren kontu hori ez da Hernanikoa bakarrik. Lur Kortak adierazi duenez, beste lekuetan ere antzera funtzionatzen du eta gainera, 3-4 urteko umeen saioak izaten dira jendetsuenak. 5-7koetan, erdira jeisten da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!