Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] JOSE LUIS APERRIBAI

Kronika - Erredakzioa 2009ko urr. 11a, 02:00

Nola azalduko zenuke zure azken lan hau?

Niri baliagarriak egin zaizkidan gogoetak dira eta guztiak bildu eta halako zerbait argitaratzea erabaki nuen. Agian niri bezala beste norbaiti ere baliagarri egingo zaizkio. Hiru liburuxkek ez dute lotura zuzenik, baina landu nahi nituen hiru gai izan dira. Oso ilustratiboa egin nahi nuen eta halakoa dela uste dut.

Lehenengo liburuxkan erlijioaz, kristautasunaz hitz egiten duzu, historiaz eta etorkizunaz...

Historia lantzen dut, baina zentzu erlijioso batetik edo si­nesmen ikuspegi batetik, nahiz eta oso zabal izan. Kontutan izan dut erlijioaren interpretazioan, denborarekin, batez ere, modernitatea eta postmodernitatearekin, eman diren eta ematen ari diren aldaketak. Aurreko ikuskera erlijioso hori asko aldatu da eta oraindik ere deskubritzen goaz gauza be­rriak eta horretara irekita egon behar garela azaldu nahi izan dut. Espiritualismo itxi batetik, mundu itxi batetik, gero eta gehiago ireki behar gara mundura eta Euskal Herrian eman diren aldaketetara.

Erlijioan aldaketak, etorkizunean aurrera egiteko?

Baina ez behartuta erlijioa itxura hobean eskaintzeko, baizik eta aldaketa horrek lagundu egiten digulako kulturak eta gaurko ikuskerak eta galderak ulertzen. His­torian hala gertatu da eta nire bizitza pertsonalean ere bai. Herri guztietara iritsi beharraz hitz egiten duzu. Lehenengo liburuxka, gutxi gorabehera hori da. Azaltzea, kris­­tau­ta­su­na ikusmodu biblikoari eta antzinako Israel he­rriari lotutakoa izatetik zabal­tzen nola doan. Mundu honetan bakean biziko bagara, elkarrizketa beharrezkoa dugu er­li­jio desberdinen artean edo eliza ezberdinen artean. Jainko beraren testigu bagara behintzat, kontraesanean gaudelako bestela. A­zken batean, Israel herri zaharrekoak bezala gau­de. Zein da hemen jainko in­dar­tsuena? Gurea. Zergatik? Ge­rrak eta irabazten ditugulako. Hori da?

Instituzioen gainbehera ere aipatu izan duzu.

Eliza instituzio moduan hartuta, lehengo ikuspegia aldatu behar dela eta beste eliza mota bat bultzatu behar dela esan nahi dut. Elkarte modukoa. Ez litzateke hain piramidala edo hierarkikoa izango. Hor dago elizaren etorkizuna. Ideia horretan bildu behar gara eta bakoitzaren esanak entzun behar ditugu. Ema­kumeei ere beren lekua aitortu behar diegu. Beren ahotsa entzun behar da.

Eta, oro har, eliza prest dago?

Oro har, ez nuke hala denik esango. Baina bide onetik ikusten dut eliza hainbat eta hainbat herrialdetan eta garaiko arazoak gertutik jarraitzen dituzten kristau elkarteen artean. Hori da bidea. Ameriketan esaterako, han badago praxis aldetik-eta hurbilpen bat, eta ez lanerako bakarrik, baita bataren eta bestearen jarrerak uler­tzeko ere, sinestuna izan edo ez. Eta geu ere sinestunak izan edo ez bildu egin behar gara.

Etika global bat behar omen dugu.

Nik uste bakoitzak oso sentsibilitate, esperientzia eta historia ezberdinak ditugula eta balore komun batzuk jarri eta babestu beharko genituzkeela. Sentibe­ratasun pixka bat izan behar dugu eta besteen esperientziak eta besteen ibilbideak entzuten jakin behar dugu. Hor ikusten dut garbiketa baten premia denok dugula. Prin­tzi­pioz behintzat entzuteko gertu egon behar dugu denok, besteen egiaren alderdi hori jasotzeko prest egon. Onartu behar du­­gu ez daukagula guk egia absolutu bat eta guk ere ikasi egin behar dugula besteengandik.

W. Weimerren esana biltzen duzu liburuan.

Erlijioa berriz indartu egingo omen da... Liburuan ez dago ideien aldetik batasunik ez eta elaborazio pertsonalik. Baina nire bizitzan pista bezala edo bide-arrasto be­z­­ala nahiko esanguratsuak eta deigarriak egin zaizkidan gogoetak bildu ditut. Eta kazetari aleman honek esaten due­na deigarria egin zait. Hor ai­patzen du nolabait, Europa irla bat bezala geratzen ari dela agnostiko, baina bestetik dio, lehen herrialde sozialistak izan­dakoetan, ekialdeko he­rrial­deetan, hau da erlijioa de­be­katua egon zen tokietan, berriz ere erlijiotasun hori in­dartzen ari dela eta zabaldu egingo dela. Nik ez dut esaten hori horrela gertatuko denik, baina deigarria egin zait pen­tsamendu hori.

Politikaren eremuan ere erlijioaren beharra nabaria dela aipatzen du.

Sarkozyk berak ere Aita San­tua­rekin egon zenean erlijiotasunaren premia azaldu zuen, baina hori zein interesekin dagoen... azken batean zer da bila­tzen dena: boterea bera sendo­tzea eta erlijioa lagungarri erabiltzea? Ikusi egin behar da zein zentzutan. Azken batean hor ikusten dena da, nire irudiko, Europa mailan badela horrelako premia bat gizartea egonkortzeko eta etika edo erlijio bat ezartzeko, baina ez erlijio jakin bat, oinarri bat baizik.

Beste liburuxketan erlijioa utzi eta hemengo munduaz diharduzu.

Beste bi liburuxketan munduko eta Euskal Herriko egoera soziopolitikoa-eta aztertzen dut eta bertan herri mugimenduen lana bildu nahi izan dut. Boterearen aurkako salaketak egiterakoan duten garrantzia azpimarratzen saiatu naiz. Izan ere, jende ona badago, gazteak, helduak… ez daudenak atzera begira, baizik eta aurrera. Itxa­ropena ematen dute. Izpiritua bizirik dago herri mugimenduetan.

Amaitzeko, baduzu beste zerbait egiteko asmoa?

Oraingoz nahikoa dut. Gerora agian beste zerbait argitaratuko dut, baina zerbait pertsonalagoa. Neronen gogoetetan oinarritutakoa eta ez hainbeste besteenetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!