Erreportajeak

Itziar Urdangarin:«Aurten nazioarteko krosak korritu ditut eta izen haundiko atleten aurretik ibili naiz»

Kronika - Erredakzioa 2006ko ots. 26a, 02:00

Lasarten Euskadiko txapela jantzi arren, Itziar Urdangarinek aste gazi-gozoa pasa du. Txapela irabaziaren poza, eta hiru aste barru jokatuko den Espainiako txapelketa topera prestatu ezinaren mina. Berak dioen bezala, 3-4 urte daramazki serio korrika, eta emaitzek erakusten dute nolako progresioa egin duen. Goierri-Garaia taldean dabil eta Santi Perez du entrenatzailea, Diego Garzia zenaren prestatzailea.



Aste gozoa izango zen Euskadiko kros txapelketa irabazita?
Ba, ez. Pena pixka batekin nago. Egia esan, azken aldian ez nago oso ondo. Anemia puntu bat daukat eta errekuperatu ezinik nabil, ezin dut nahi bezala entrentatu, Espainiako txapelketa hiru aste barru da... Eta kezka hori buruan dudala, ez da ez oso aste gozoa izan.

Zer da zehazki daukazuna?
Burnia eta ferratina dauzkat behar baino neurri bajuagoan. Korri egiteko burnia oso garrantzitsua da eta nik ez daukat behar beste. Bizimodu normala egiteko neurrian daukat, eta gehiago behar dut. Ferratina, berriz, oso baju daukat, eta baldintza horietan fortzatu ezkero muskuloa hausteko arriskua dago. Esaten didate 2 astean errekuperatuko dudala, baina, bitartean ezin dut behar bezala entrenatu, lesionatzeko arrisku haundia daukat orain.

Eta baldintza horietan irabazi zenuen Euskadiko txapelketa Lasarten, bigarrenari 20 segundo kenduta, eta hirugarrenari 41?
Bai, baldintza horietan joan nintzen bai. Hala ere, aurten indarrez eta birikaz inoiz baino fuerteago sentitzen naiz. Karrerak indarrez bukatzen ditut. Lasarten ere indartsu sentitu nintzen. Baina hankak ez badira joaten...

Nola joan zen karrera?
Kezkarekin joan nintzen, ez nekielako hankak nola erantzungo zidaten. Entrenatzaileak esan zidan hasieran lasai hartzeko eta besteei uzteko lanean. Eta horrela egin nuen. Bigarren bueltan erritmoa indartzea erabaki genuen, besteak probatzeko, eta bakarrik gelditu nintzen. Bentaja hartu eta hari eustera joan nintzen. Egia esan, oso ondo sentitu nintzen eta iaz baino errazago irabazi nuen.

Martxoren 19an Espainiako kros txapelketa, Oviedon. Nola planteatu duzu, zer aukera ikusten dituzu...
Espainiako txapelketa beste gauza bat da. Aurten, nagoen sasoian egonda, eta ondo prestatzeko aukera izanda, nere helburua zen 10 aurrenekotan sartzea. Baina, orain serieak egiten ari behar nuen, eta mantenimenduko entrenamendua egiten ari naiz. Espero dut azkeneko astean zerbait estutzeko modua izatea. Ikusiko dugu. Pena haundia ematen dit. Baina, hauxe da dagoena.
Espainiako txapelketan 10 aurrenekoetan sartzeko kilometroa 3’16an egin behar da, eta ni orain 3’20an nabil. Lau segundo dira, baina, hori zazpi kilometroan alde haundia da. Gainera (Espainiako txapelketan), erritmo aldaketak oso fuerteak dira, eta hor hankek ezin dute huts egin. Noski, ahal dudana egingo dut. Baina, pena haundia ematen dit indarrez eta birikaz hain ondo egon, aurrean ibiltzeko aukera izan, eta txapelketa topean ezin disputatuak. Gainera, iaz ere antzekoa gertatu zitzaidan. Orduan ere ondo presatuta nengoen, baina, osteopatia de pubis neukan, eta ezin nuen hanka behar bezala altxa. 10 aurrenekotan sartzea nuen helburu eta 11garrren gelditu nintzen.

Nolakoa da zirkuitua?
Entrenatzaileak esan dit falso llano dela. Seguruena oso erritmo fuertean aterako dira, eta neri ez zait hori komeni. Nik nahiago ditut gora-beherak dituzten zirkuituak. Euskadiko taldearekin sei korrikalari goaz, Nieves Zarza eta Iratxe Aranburu tartean direla, eta esperantza daukat ekipoak lan ona egingo duela.

Denboraldia aurrera dijoa. Nola baloratzen du Itziar Urdangarinek orain arteko lana?
Aurten lehenengo aldiz nazioarteko krosak korritu ditut, eta nere ustez oso nibel altuan ibili naiz. Nazioarteko krosean izugarrizko maila dago, eta izen haundiko atleten aurretik ibili naiz karreretan. Oso fuerte eta gustora. Aurreneko 10-15etan ibili naiz, eta kros internazionaletan hori asko da. Gero, muskuluetan mina sentitzen hasi nintzen. Analisiak egitean ikusi genuen burnia eta ferratina baju nituela. Eta errekuperazio fase honetan behar bezala entrenatu ezinik ibili naiz. Bi hilabete galdu ditut.

 

 

ITZIAR URDANGARIN

Azken 3-4 urteak «serio»
Itziar Urdangarin 9 urterekin hasi zen korrika. 13rekin utzi eta 26rekin ekin zion berriz. Azken 3-4 urteak daramazki serio. 34 urte ditu. Goierri-Garaia taldean dabil eta Santi Perez du entrenatzailea.

Progresioa
Urdangarinek izugarrizko progresioa egin du azken urteotan. Iaz ere, Euskadiko txapelketa irabazi zuen eta Espainiakoan 11garren gelditu zen, erdi lesionatuta zegoela.

Nazioarteko krosak
Aurten nazioarteko krosak korritu ditu: Atapuerca, Soria, Llodio, Zornotza, Elgoibar, Lasarte eta Haron korritu du. Sailkapenean aurreko postuetan ibili da, eta bera izan da Euskadikoetan lehenbizikoa.

Sinestu
Urdangarinen hitzetan, atletismoan klabea da norberak sinestea balezakeela. «Burua oso garrantzitsua da».

entrenatu, egunero
Egunero-egunero entrenatzen du 2-3 ordu eta 10-18 km. Astean lautan goiz eta arratsalde. Lana egiten du egun erdiz.

Distantzia luzeetara
Espainiako kros txapelketa eta gero maratoi-erdia prestatuko du Urdangarinek. Ondo ateratzen bazaio, maratoia egingo du.

Herri krosetan, gozatu
Herri krosetan gozatu egiten du Urdangarinek: giroa, familia, lagunak... «Sagardotegi bat bezala da, baina, korrika». Egun berean hiru kros ere korritu izan ditu, Hernaniko Atleta Osotik hasita. «Hemendik bost urtera ere, herri krosak korritzen jarraituko dut nik»

PRESTAKUNTZA


Azken urteetan Goierri-Garaia taldearekin zabiltza, ezberdintasun haundia al dago norbere kasa ibili edo horrelako talde batean aritu?
Bai. Ezberdintasun haundiena da entrenatzaile bat ondoan izatea. Neretzat korrika ondo ibiltzeko garrantzitsuena da entrenatzailea. Badaki zure gorputzak zenbat lezakeen, zer egin behar duen horretara iristeko. Hori bai, gauzak serio hartzea eskatzen du. Gero, taldeak ere laguntzen du, batez ere motibazioan. Talde giro onak asko laguntzen du. Eta korrikako materiala ere ematen du, eta hori ere oso garrantzitsua da.

Zer entrenamendu egiten duzu denboraldi barruan, normalean.
Egunero-egunero entrenatzen dut, 2-3 ordu egunean. Astean, 4 aldiz goiz eta arratsalde ibiltzen naiz. Goizean, fondo 10-18 kilometro, eta arratsaldean prestaketa espezifikoa. Entrenamendua, prestatzen ari zaren karreraren neurrikoa izaten da. Karrera bat prestatzeko, hiru hilabete aurretik hasten gara. Espainiako txapelketa hau prestatzeko adibidez, aurreneko hilabetean indarra landu nuen: aldapak igo, eskailerak... Bigarren hilabetean, potentzia: 100 metroko serieak, 200 metrokoak... eta azken hilabetean, puntuan jarri (guk afinatu esaten diogu): 1.000 metroko serieak, 2.000 metrokoak. Hori da orain egin behar nukeena eta egiten ari ez naizena.

Hernanin entrenatzen al duzu?
Bai, normalean, bai. Fondo egin behar dudanean, Osiñagan aurrera edo Martutene aldera joaten naiz. Eta serieak atletismo pistan egiten ditut. Egia esan, kilometroak egiteko asfaltoa da belaunentzako dagoenik txarrena eta denek esaten digute belar gainean entrenatzeko. Baina, Donostialdean ez dago horrelako pistarik.
Gero, entrenamendu bereziak egiteko, edo detaile konkretuak aztertzeko, orduan Zumarragara joaten naiz, Santi Perez prestatzailea hangoa delako.

Psikologiak zer paper jokatzen du korrikalari baten entrenamenduan?
Haundia. Izugarria esango nuke nik. Sinesten baduzu egin zenezakeela, egin egiten duzu. Tarte baten barruan, noski. Miraririk ez dago. Baina, entrenatzaileak esaten badizu zu honera iritsi zintezke, lana eginda iritsi egingo zara. Eta sinesteak lan egiten ere lagundu egiten dizu. Berez, sinestea ez da garrantzitsua korrikan bakarrik, bizitzako beste gauzetan ere horrelaxe da.

«Atleta profesionala izatea ia inposiblea da hemen, ez dago laguntzarik»

Euskadiko txapelduna bi urtez segidan, eta lanera joaten zara egunero. Korrikan zer egin behar da profesionala izateko?
Hemen atletismoan ia inposiblea da profesionala izatea. Eta ez emakumetan bakarrik, gizonezkoetan ere ez. Gaur egunean, emakumeetan, Euskadin ez da inor korrikatik bizi, nik dakidanez behintzat. Orain dela gutxi bi zeunden, baina, batek familia izan berri du eta besteak positibo eman du. Iratxe Aranburu adibidez, Behobia irabazi du bi aldiz, eta irakasle izaten jarraitzen du. Kirolgik ere ez gaitu laguntzen. Ezer ematekotan Espainiako laugarren izatea eskatzen dute, eta lagundu gabe ezin da Espainiako laugarren izan. Egoera horren aurrean, batzuk joatea erabakitzen dute. Eizmendi, adibidez, Atletiko San Sebastianetik Bartzelonara joan zen. Han laguntza eman diote, eta izugarrizko progresioa egin du.
Eta mutiletan, ere berdintsu gertatzen da. Kamel Ziani ez da korrikatik bizi. Martin Fiz eta Diego Garzia ziren lehen profesional bakarrak. Baina, horiek Munduko txapeldun izan dira.

Espainiako txapelketa eta gero, zein izango duzu hurrengo erronka berria?
Maratoi erdia korritzea. Oraindik ez dugu erabaki non eta noiz, baina, udaberrian izango da. Donostiakoa egiten badut, apirilean izaten da hori. Entrenatzaileak esaten dit ondo ibili nintekeela eta hori izango da nere hurrengo apustua. Ondo ateratzen bazait, maratoia egingo dut. Hori seguru.

Proba luzeetan al dago Urdangarinen etorkizuna?
Bai, nik uste pixkanaka proba luzeetan sartuko naizela. Adin kontua ere bada hori. Normalean urteak pasa ahala, potentzia eskatzen duten probetatik erresistentzia probetara pasatzen dira atletak.

Nola ikusten duzu Hernaniko atletismoa?
Bueno, nik uste Adarra azpi honetan beti maila ona egon izan dela, ez.! Adarragatarrak, Rosi Talavera, Maria Luisa Irizar ere hemen aritzen zen entrenatzen... Gazte talde oso polita dago eta oso ondo ari dira. Jarraitu dezatela.

Zer aholku emango zenieke gazte horiei?
Gozatzeko! Atletismoa konpetizio bezala ez, baizik kirol bezala hartzeko, eta gozatzeko. Hori da ederrena. Eta zerbait ez bazaie ondo ateratzen, lasai, ez da ezer pasatzen, eta segi dezatela aurrera.

 

 

Korrika ondo ibiltzekotan bizimodu lasaia egin beharra dago. Garbi jan eta ohera goiz. Deskantsua oso garrantzitsua da. Oraindik ez dut sagardotegirik egin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!