Estitxu Neira Martinez
Nola sentitzen zara?
Egia esan pozik, orain arte egindako lan guztia saritua ikusten dudalako. Gustura nago irabazitako sariarekin, eta baita aurrera jarraitzeko gogoz ere, lanean segitzeko asmoarekin.
Espero al zenuen dominaren batekin
etxeratzea?
Beti joaten naiz irabazteko asmoz, baina ez da segurua. Hala ere, entrenatzaileak eta baita nik ere, esperantza genuen zerbait lortzeko. Egia esan, irabaztera joan ginen eta nik uste dut irabazteko aukera ere bagenuela.
Asimilatu al duzu?
Han egon nintzen bitartean ez, beste txapelketa egun bat zela iruditzen zitzaidan. Baina, honera iritsi nintzenean, etxean nengoela, asimilatzen hasi nintzen. Dena den, hurrengo denboraldiari begira nago, horretan zentratuta. Agian, urte batzuk igarotakoan gehiago baloratuko dut.
Nola sentitu zara lehiaketan?
Oso urduri al zinen?
Egia esanda, oso oso lasai nengoen. Beti sentitzen duzu urduritasun puntu bat munduko txapelketa batean ari zarelako, baina bat ere presiorik gabe nengoen. Parte hartzeko aukera hori eman zidaten, eta oso ondo, oso gustura sentitu nintzen bertan lehiatzen.
Zein iruditu zaizu aurkaririk
zailena?
Finala japoniarrarekin galdu nuen, baina zailagoak izan daitezke lehenago pasa nituenak. Aurreko borrokak hobeto egin nituen finala baino. Finala aurrekoak bezala egin izan banu, uste dut irabazteko aukera nuela.
Garbi dagoena da aurkari guztiak direla gogorrak mundu mailako txapelketa batean; adibidez, frantsesa, ranking-ean lehena dagoena. Gainera, Europako txapelketa ere, bere aurka galdu nuen.
Bestetik, Korearra, Asiako txapelduna da; hau da, japoniarrari Asiako txapelketan gailendu zitzaion. Egun hartan japoniarraren aurka galdu nuen, baina horrek ez du esan nahi bera denik denetan gogorrena.
Zer sentitu zenuen finala galdu zenuenean?
Bukatu zenean, pozik nengoen munduko txapelketa batean finalera iritsi nintzelako, baina barruan zerbait nuen; hau da, ez nengoen guztiz pozik. Borrokatik atera nintzen neska horri irabazteko gai nintzen sentipenarekin.
Horrez gain, gu irabazteko asmoz joan ginen, ez ginen joan helburu zehatzik gabe. Beraz, pena horrekin gelditu nintzen. Podiumera igo nintzenean ere aurpegian nabari zitzaidan ez nengoela guztiz pozik. Baina, neure buruari esan nion bigarren saria disfrutatu behar nuela, oso ondo dagoela. Neure burua horretaz konbentzitu nuen arte, barruan tristura puntu hori izan nuen.
Norbaiti eskaini zenion saria, edo bereziki eskerrak eman?
Bai, beti esaten da domina Oiana Blancorena dela, baina nire entrenatzailearena ere bada, urte hauetan guztietan nirekin lanean aritu baita. Bera, egunero-egunero aritzen da nirekin entrenatzen. Gero, etxera joan eta gauzak prestatzen aritzen da, hurrengo entrenamenduan zer egin eta hobetu behar den jakiteko. Beraz, bion lana da. Horregatik, berari eskaini baino, biona da saria.
Omenaldiak egin
dizkizute Holandatik
itzuli zarenean, zer sentitu
duzu harrera hori ikusita?
Poz haundia eman zidan. Orion, iritsi eta berehala egin zidaten omenaldia eta ez nuen inondik ere espero. Duela gutxi berriz, Astigarragan egin zidaten, eta berriz ere, ezustekoa jaso nuen.
Orion nago enpadronatua, eta Astigarragan bizi naiz; horregatik, badakit gogoratzen direla nitaz. Baina, ez daukate horrelakorik egin beharrik, ikusten dudalako nire ondoan daudela. Lehenengoak asko harritu ninduen, aeroportuan bertan autobusa jarri zutelako Oriora joateko. Gainera, jende asko bildu zen eta sentitu nuen jendea benetan poztu zelako joan zela.
Zein da zure hurrengo
helburua?
Hiru urte falta dira, oso luze joango dira, baina nire helburu nagusia joko olinpikoetara joatea da. Judoaren munduan dagoen txapelketa garrantzitsuena olinpiada baita. Baina orain, olinpiadetako sailkapena aldatu denez, mundiala bi urtean behin izan beharrean, urtero izango da. Beraz, urtero ari behar duzu prestatzen txapelketetarako.
Helburu horretarako modu
bereziren batean ari al zara prestatzen?
Entrenatzen beti bezala, horretan zentratua. Nahiz eta urruti dagoela iruditu, lehenengo egunetik hasi behar da prestatzen, besteek ere horrela egiten baitute.
Zein izan da zure bilakaera
judoka profesional izatera
iristeko?
Orain arte gure helburua zerbait lortzea zen. Aurreko olinpiadetan sailkatzeko aukerak izan genituen, baina azken momentuko aukera bat izan zen, eta egia esanda, ondo prestatu gabe harrapatu gintuen. Baina lehengo urtean gogorrago hasi ginen, hurrengo olinpiadetan zentratzen eta lehenengo egunetik lan gogorra egiten.
Zeinek eman dizu indar gehien zure karreran?
Familiak. Gurasoak, ahizpak... Urte askotako lana da, eta urte hauetan zerbait ateratzen genuen arren, txapelketa askotan bosgarren postua lortzen nuen, eta domina justu-justu galdu. Bestetik ere, sakrifizio handia da, familia eta ingurukoekin egoteko denbora gutxi duzulako. Baina, beraiek beti animatu naute jarraitzera.
Zenbat ordu eskaintzen dizkiozu egunean judoari?
Egun osoa esango nuke, goizez eta arratsaldez joaten naizelako entrenatzera.
Oporrik izan al duzu?
Ez, aurten udara osoan entrenatzen aritzea tokatu zaigu niri eta entrenatzaileari. Nahiz eta bakarkako kirola izan, bakarrik entrenatzea ezinezkoa da. Bestalde, klubeko batzuk ere oporretara joan beharrean, guri laguntzen ari dira, eta hori asko eskertzekoa da.
Lehen adierazi duzun
bezala, sari honek jarraitzeko bultzada eman dizu, baina inoiz pentsatu al duzu judoa uztea?
Orain arte ez, baina badakit hau nire bizitzako etapa bat dela. Oso gogorra da, exigentzia asko dituelako, bai psikiko eta baita fisikoki ere. Baina orain arte ez zait ideia hori burutik pasa.
Inoiz ez dakizu noiz arte segiko duzun, baina guztiz kontziente naiz hurrengo olinpiadetan 29 urte izango ditudala, eta bizitzan beste gauza batzuk ere egin behar direla. Gizonezko batek, agian, badu pixka bat gehiago luzatzea kirola bere bizitzan, baina emakumeontzako oso zaila da.
Zein esango zenuke dela judoak eman edo erakutsi dizun
gauzarik baikorrena?
Entrenatzaileak eguneroko bizitzan balore batzuk erakutsi dizkit, ez bakarrik judoa. Disziplina bat erakutsi dit, kirola oso disziplinatua baita. Eta eguneroko bizitzan, judoaz aparte, aztarna batzuk utzi dizkit nire izakeran.
Beste alde batetik, jendea ezagutu dut judoari esker. Ez bakarrik hemen, txikitatik selekzioan... jende berarekin egoten zara, eta harremana sortzen da.