Bertsozale elkartearen egitura nahiko konplexua da. Zein da zuk bertan egiten duzun lana?
Euskal Herriko Bertsozale Elkartean aritzen naiz ni, baina proiektu bateratuan beste 5 Elkarterekin ari gera elkarlanean, Arabako BE, Bizkaiko BE, Gipuzkoako BE, Iparraldeko Bertsularien Lagunak Elkartea eta Nafarroako BE. Elkarte autonomoak bagera ere, denak batera egiten dugu lan, denen artean adostutako ildo nagusiekin. Aldi berean, Elkarte bakoitza 4 Sail ezberdinetan dago antolatua, bakoitza funtzio eta eginkizun konkretuarekin: Transmisioa, Sustapena, Komunikazioa eta Ikerkuntza. Guzti honek antolaketa haundia suposatzen du, langile aldetik, administrazio aldetik, ekonomikoki, harremanak (barne eta kanpo harremanak) eta abar. Proiektuaren bisio orokor batetik guztia koordinatzen saiatzea da nire lana.
Zuk txapelketa 3 modutara bizi izan dezu: 2001ean bertsolari bezala, 2005an entzule eta orain antolatzaile. Hori ez da kalterako izango?
Ez ezta?
Frente guztiak ezagutzeak bentaja pixka bat igual emango dit. Dudarik ez oso perspektiba diferenteetatik bizitzen dela txapelketa. Aurreko bietan asko disfrutatu nuen, 2001ean kantatu nuenean espektatiba gehiegi gabe kantatu nuelako eta ahal nuen guztia disfrutatu nuelako (entrenatzen, bertso eskolako giroan,…) Eta 2005ean ere asko gozatu nuen, ´Bertso gaixook` entzule bezala beti disfrutatzen dugulako (bertsoekin, Bertso eskolakoen arteko ´afari saio-analistekin`,…).
Gutxiago disfrutatzea tokatuko zaizu aurten?
Bai, seguruenik. Txapelketa bezalako mugimendu batek izugarrizko detaile pila zaindu beharra eskatzen duelako eta horrek tentsioa dakarrelako. Atera kontuak, txapelketa urriaren 3an hasiko bada ere, antolakuntza taldeak urte bat baino gehiago darama lanean eta orain hiru hilabeteko azken sprinta dator. Hala ere ilusio haundiarekin ari gera lanean, bai Elkarteko langileak eta baita borondatez laguntzera datozenak ere.
Txapelketa honi zer funtzio eman nahi dio elkarteak?
Txapelketa guztiek orokorrean badituzte berezkoak dituzten funtzioak. Herrialdeetako bertsogintza erakustea da bat eta horretarako aurtengoan partaidetza ere haunditu egin da. Herrialdeetako bertsogintza gora doa eta horri erantzuteko 2005ean baino 6 bertsolari gehiagorentzat egin dugu lekua.
Bestalde, erdal komunitateari bertsolaritza ezagutarazteko helburua etengabe landu beharrekoa da eta aurtengoan ere oso presente izango dugu. 2005ean eman zituen bere fruituak eta zonalde hain euskaldunak ez diren lekuetan gora egin dute nabarmen alde batetik bertso saioek eta bestetik Hezkuntza Arautuan bertsolaritza lantzeko dugun proiektuaren eskariak. Bertsozaleak asetzea eta berriak egitea ere bada helburua. Eta nola ez, txapelduna izendatzea.
Txapelketa urtetik urtera haunditzen ari da, Belodromoa, BEC, aurten biak…
Ez pentsa hazkunde programatua denik eta helburu bat denik inongo errekorrik jartzea. Kezka ere sortzen du horrek, bertsolaritzaren benetako errealitatea hori ote den. Baina orain hau da daukaguna eta horri erantzun behar diogu.
Hazkunde programatua ez dela esan dudan arren, kontziente gera baita ere, urteetan zehar egindako lanaren ondorioa ere badela. Hala ere, elkartearen helburu nagusia bertsolaritza zaindu, sustatu eta etorkizuna bermatzea da eta ez inongo errekorrik jartzea. Azken 20 urteetan hala izan da eta horretan jarraituko dugu aurrerantzean ere.
Bertsolaritzaren inguruko mugimendua bizirik eta aktibo mantentzen, alegia?
Bai. Hori bizirik eta aktibo badago, herrietan bertso eskolak sortuko dira, bertso saioak antolatuko dira, bertsolariak, bertsozaleak, gaijartzaileak, epaileak, antolatzaileak eta abar sortuko dira eta hori da helburua.
Gero momentu bakoitzak erakutsiko digu, Txapelketa Nagusian BECera joan behar dugun edo beste norabaitera joatea hobe dugun.
Besterik erantsi nahiko zenuke?
Hernaniko eta bertso eskolako partehartzaile guztiak animatu, bertsotan Maialen, Unai, Zelaia, Irazu, Aitor eta Beñat eta batik bat epaile lanetan ariko den Bakarne (bertsolariek denak loreak jasotzen dituztelako eta epaileek beti egurra). Hernaniko zale guztiak ere Txapelketa jarraitzera animatuko nituzke, ez dira eta damutuko.
Bertso eskolakoei berriz hasteko ´afari-analisiak` egiteko lekua bilatzen, aurten guarderi eta guzti beharko ditugu baino