Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] The Zepo- Musika talde hernaniarra:

Kronika - Erredakzioa 2009ko abu. 28a, 02:00

2001ean taldea sortu eta 2005ean maketa grabatu zenuten. 2007an lehenengo CD-a iritsi zen eta orain `Ya llegó’ diskoa aurkeztu duzue. Bi urtetik behin disko bat atera­tzea ez da martxa txarra...
Bai. Nahiko mekanikoa da. Bi garai izaten dira: kontzertuen garaia eta grabaketen garaia. Beti abesti berdinak jotzen aspertu egiten zara eta material berria edukitzean, beti ere, monotonia horrekin hausten duzu. Orduan, kontzertuak bukatzen ditugunean, abesti  berriak grabatzen hasten gara. Lokalean beti sortzen dira ideia berriak, baina askotan ez dugu denborarik izaten horiek lan-tzeko. Guk entsaiatzeko denbora gutxi daukagu eta kontzertuak ditugunean, horiek prestatzeko erabiltzen dugu. Kontzertuak bukatzean, deskantsu bat bezala da. Beste CD-ko abestiak alde batera utzi  eta ideia berri horiek lantzen eta grabatzen hasten gara. Beraz, nahiko mekanikoa da.
`Ya llegó’ deitu diozue disko berriari.  Abesti baten izena ere bada, baina zentzu bikoi­tza al dauka? Asko kostatu zaizuelako edo...
Bai, azkenean iritsi delako. Negu osoa pasa dugu lantzen eta denbora dezente kostatu zaigu. Gainera, abestiak berak ere emakumeen aurkako indarkeria gaitzesten duenez, eta eguneko gai bati buruz hitz egiten duenez, egokia iruditu zi­tzaigun. Beraz bai, zentzu bikoitza dauka.
Zer nabarmenduko zenukete disko honetatik? `Que suene el Rock ‘n’ Roll’-en antza du, ala aldaketarik nabaritzen da?
Bai, dena. Baina batez ere, produkzioa. Orokorrean landuagoa dago eta aldaketa nabari­tzen da.
Eta gaien  aldetik, denak `Ya llegó’ bezain salatzaileak dira?
Ez, denetarik dago. Bigarren abestia ere, Empresario arruinado, egungo gaia den krisiaren ingurukoa da, baina bestela, denetarik dago. Gero, adibidez, 11garren abestian, Yo sigo, aurreko diskoan egin genuen abesti baten bertsioa egin dugu. Berriro grabatu dugu eta produkzio aldetik, askoz ere hobea da. Eta gero, horrekin, bideoklip bat aterako dugu.
2007an zuen estiloaz galdetu eta zera erantzun zenuten: «Rock Urbanoa egiten dugu, baina hard-rock-etik eta blues-etik edanez». Hala jarraitzen duzue ala bi urte hauetan eboluzio nabarmenik izan duzue?
Lehen bezala jarraitzen dugu.  Orain arte egin ez dugun blues bat sartzera ausartu gara, baina  bestela, rock urbano estiloarekin jarraitzen dugu. Hala ere, egia da, disko hau gozatu eta  politagoa egin dugula. Herriko zenbait pertsonek parte hartu dute: Ostolazak saxoarekin, Igorrek tronpeta joz, Xabierrek pianoarekin eta Aniak koro batzuk sartuz. Borobilagoa  geratu da, baina estiloa berdintsua da.
Diseinu aldetik gutxienez, aldea nabaritzen da. Modelo moduan ibili zarete eta logoa ere aldatu duzue. Irudi berri baten bila?
Bai, modernizatu egin gara, eta itxura aldaketa bat izan dela esan daiteke. Zortez, laguntzen digun jende asko dugu inguruan. Oraingoan, marketing aldetik oso ona den Gorka Garmendiak lagundu digu eta kristoren lana hartu du bere kontura. Berekin harremanetan jarri ginen lehenengo aldian,  itxura aldaketa bat behar genuela esan zigun. Adibidez, gu nahiko lotsatiak gara eta ez genuen argazkirik atera nahi. Baina azkenean, hirugarren lana dela,  eta jendeak zeintzuk garen jakin behar duela esan ziguten eta konbentzitu gaituzte. Aurpegia eman  behar genuen eta eman dugu.
Uztaila bukaeran atera duzue CD-a eta agian goizegi izango da galdetzeko, baina nolakoa izan da jendearen harrera?
Oraingoz ona. Azkenean,  abuztuan atera dugu. Baina, hala ere,  oraindik herrian jendeak ez du gehiegi ezagutzen.  Gainera, jendea oporretan dago eta gu ere oporretan egon gara, eta ez diogu kaña handiegirik eman. Baina, orokorrean, kritikak  onak izan dira.  Produkzio aldetik, jendeak alde haundia nabaritu du. Aurreko CD-a en­tzuten zutenek eta berria en-tzun dutenek, desberdintasun haundia nabaritu dute.
Aurten ere SanesRock maketa lehiaketa irabazi duzue eta jaialdian jotzeko aukera izan duzue. Animoak igoko zi­tzaizkizuen ezta?
Bai. CD hau atera aurretik, disko berriko bi abesti bidali genizkien, zortea izan genuen eta garaile atera ginen. Estatu mailan nahiko ezagunak diren Porretas taldearekin jotzeko  eta gau polita pasatzeko aukera izan genuen.
Bestela, kontzertu asko izan dituzue?
Beno, orain hasi gara. Diskoarekin hain liatuta ibili garenez, ez dugu kontzertutan pentsatzeko denborarik izan.  Orain, neguan kaña emateko asmoa daukagu. Azpeitian, Trintxerpen eta Sorian kontzertuak eman ditugu eta orain, Hernanin, Portuko jaietan,  diskoa aurkezteko aukera daukagu. Kontzertuak lotzen ari gara orain, baina nahiko zaila da, ze lau urte daramazkigu zirkuitu berdinean eta kontaktuak behar ditugu.
Orduan, gustura hartuko duzue Trifulka eta Rockerre­nak taldeekin batera Portuan jotzeko aukera ezta?
Hernanin beti gustura jotzen dugu. Gainera, lehengo urtean ere egon ginen Portuko festetan eta ondo pasa genuen. Ematen duenez, beraiek ere bai. Sorpresatxo batzuk ere izango ditugu. Diskoan parte hartu dutenak etorriko dira eta show pixka bat egiteko gogoz gaude.  Diskoa aurkeztuko dugu Portuan eta jendea joatea espero dugu. Ea eguraldia porta­tzen den eta Rockerrenakekin eta Trifulkarekin batera giro polita sortzen den.
Bukatzeko, musikan espezializatutako prentsan kritika onak dituzue. Zuen izaera be­rezia nabarmentzen dute eta etorkizun batean talderik ezagunenen lekukoa hartzeko moduan ikusten zaituztete. Zuek nola ikusten duzue hori?
Guretzako kritika hori kristorena da. Hori Heavy Rock aldizkariak egindako kritika da eta estatu mailan nahiko garran-tzitsua da. Bi kritika egin dizkigute; lehenengoa ona izan zen, eta bigarrena, hobea. Hori bigarren maketaren ondorengo kritika da eta orain hirugarrena  ere bidaliko diegu; ea zer esaten duten (parrez).
Kritika horiek oso ondo etortzen dira. Hala ere, gaur egun, gure estiloarekin horien parean jartzea oso zaila da. Musikaz bizitzea zaila da. Gainera, bakoitzak bere lana dauka eta gustura hartuko genuke horien erreleboa, baina oraingoz, hobby moduan  har­tzen dugu.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!