Zein da Donato Larrañaga Arrutiren ibilbidea?
Zarautzen jaio nintzen orain dela 51 urte eta 25 urterekin Oreretara bizitzera joan nintzen. Abeslari eta musikari profesionala izan naiz eta musika tresnen denda ere izan nuen Oreretan. Bake Justizian, berriz, orain dela 19 urte hasi nintzen lanean. Oreretan bake epailea behar zuten eta eskaintza luzatu zidaten.
Eta baiezkoa eman.
Bai, baina ez lehenengoan, ez bainekien ongi zertarako aukeratu ninduten. Azaldu zidatenez, herrian oso ezaguna zen pertsona bat jarri nahi zuten, eta nik musika tresnen denda bat nuenez, oso sartua nengoen musikan. Eta horrez gain, baita kirolean ere. Hala, 4 urtez aritu nintzen bertan, bake epaile gisa.
1990. urtean, Euskal Herriko Bake Epaileen Elkartea sortu zen eta hainbat kargutan ibili zara: idazkari, lehendakariorde... Orain, berriz, presidente zara.
Eta Estatu mailan, Bake Epaileen Elkarteen Kudeaketarako Estatuko Federaziokoa ere bai.
Nolatan amaitu duzu Hernaniko bake epaile izaten?
Euskal Herriko Auzitegi Gorenak deialdi bat egin zuen eta nik aurkeztea erabaki nuen. Bake epailea edozein udalbatzek aukera dezake, baina izendapena Auzitegi Gorenak egiten du beti. Eta kasu honetan, udaletik mugimendurik ez zegoenez, proposamena ere Auzitegiak egin zuen.
Zergatik erabaki zenuen Hernanira etortzea?
Hiru urte neramazkien Oreretan ordezko bake epaile bezala eta, hasieran gustura hasi banintzen ere, konturatu nintzen nahiago nuela bake epaile izan. Horregatik deialdia zabaldu zenean, ahalegina egitea erabaki nuen. Eta hemen nago.
Denbora gutxi da oraindik, baina zer moduz ari zara moldatzen? Jende asko gerturatu al zaizu?
Gero eta gehiago. Gainera, Hernaniko Udalaren web orrialdean orain arte azaltzen ez zen Bake Epailearen atala dago. Nik eskatu nuen jartzeko, interesgarria iruditzen zitzaidalako herriko beste zerbitzu bat bezala azaltzea. Bertan, jendeak ikus dezake zein naizen, nondik natorren eta nire ibilbide profesionala zein den. Garrantzitsua da jendeak jakitea zeinekin hitz egiten ari den eta aldi berean, niri ere lan egiten dudan herria eta herritarrak ezagutzea gustatzen zait.
Horregatik eskatu zenizkigun urte osoko Kronikak?
Lehenengo aldiz beheko tabernan ikusi nuen Kronika eta pentsatu nuen, ´Kontxo! hau Oreretan dagoen Hitzaren antzekoa da` eta erabaki nuen ongi etorriko zitzaidala irakurtzea. Ordutik egunero hartzen dut eta urte osoko Kronikak ere irakurtzeko asmoa dut pixkanaka-pixkanaka. Garrantzitsua da herria ezagutzea.
Norbaitek zurekin hitz egin nahiko balu, arazoren bat tarteko delako edo beste arrazoiren bat delako, noiz izango luke aukera?
Ostegunetan. Egun horretan feria izaten dela jakin nuen eta baserritarrak ere gerturatzeko bide egokia zela pentsatu nuen. Baina, lehenengo ordua eskatu behar da. Ezkontzak, berriz, ostiraletan egiteko aukera dago. 12:00etatik 14:00etara. Dena dela, jakinarazi nahi dut abuztuan ez dela aukerarik izango. Bestalde, larunbatetan ezkondu nahi izanez gero, udaletxean egiteko aukera ere bada.
Zuen zeregina: erregistro zibila ondo eramatea, ezkontzak egitea, haur jaio berrien izendapena, falta arinak, irainak… Baina irakurri dugunez zuretzat hori baino gehiago da.
Pertsonek dituzten arazoak konpontzen ahalegintzen naiz. Arazo horiek juiziora iritsi gabe konpontzea da nire helburua eta horretarako euren larruan jartzen saiatzen naiz. Niretzat pozgarria da edozein kasu desjudizializatzea. Arazoak konpontzeko bideak bilatzea da bake epaileon zeregin nagusiena.
Buruhausteak eman dizkizun kasu asko izan dituzu?
Horixe baietz. Niretzat oso momentu serioak eta garrantzitsuak dira sententziak idazteko momentuak. Hartzen ditudan erabakiek eragina dute pertsonengan eta hori kontuan izatekoa da niretzat. Ez da edozein moduz egin beharreko lana.
Zuk esana da, ´Ez gaude ados gaur egungo bake epaileak aukeratzeko moduarekin`. Zergatik?
Tokiko udal talde politiko nagusiaren kapritxoak zeresan haundia du erabaki horretan eta ez da kontuan hartzen aukeratutako pertsona hori benetan egokia den eta ondo prestatua dagoen. Nik esaterako, 19 urte daramazkit lan honetan eta egunetik egunera ikasten ari naiz. Pertsonengan eragiten duten erabakiak hartzen ditugu eta oinarri bat izan behar dugu.
Bake epaileok ia musutruk egiten omen duzue lan eta ezinezkoa omen da lan horretatik soilik bizitzea.
Egia esan kotxez honaino etortze hutsa ez zait errentagarri ateratzen. Irabazten dudanarekin ez zait iristen, baina nire erabakia da.