Begoña Lujanbio ikasketaz psikologoa da, eta Hernaniko bidaia agentzia bateko burua, azken 15 urteotan. Bidaia agentzietan lan bolada gogorra da oraingoa, Aste Santuetako bidaiak eta udarakoak lotzen ari direlako. Agenda estuan tarte bat hartu du Kronikaren galderei erantzuteko eta gaur eguneko turismo ohitura eta kontzeptuari buruz hitz egin digu.
Jendeak geroz eta gehiago bidaiatzen al du, zertan aldatu da turismo egiteko kontzeptua?
Geroz eta jende gehiagok bidaiatzen du, bai. Jendea geroz eta gehiago mugitzen da. Aldatu den gauzetako bat da bidaiatzera dijoanak asko dakiela, informazio asko du. Bidaiatzeko modua ere aldatu da. Geroz eta gehiago bidaiatzen da abioiez, prezio aldetik ere aukera onak daudelako. Kotxez ere jende asko mugitzen da. Autobusez berriz, geroz eta gutxiago. Leku batera joan eta autobus rutak egite hori asko jeitsi da. Jendeak nahiago du bere kasa ibili, autobusaren mende egon beharrean. Bidaiak oparitu ere egiten dira orain, bainuetxe eta talasoterapiak indar haundia hartu dute, eta destino berriak ere fuerte datoz. Txina, adibidez. Gero, jendea hemen bertan ere asko mugitzen da: familiaren herrira, egun pasak, asteburua nonbaiten pasa... ez dago beti kanpora joan beharrik.
Oporrak ere ez al ditugu presaka egiten?
Ez zait iruditzen. Kontrakoa dela esango nuke. Orain jendeak patxada haundiagoarekin hartzen ditu oporrak. Bost egunerako badijoa nahiago du, gauza gutxiaxeago ikusi eta disfrutatu, dena ikusten itota ibili beharrean. Bidaia antolatzerakoan gu ere saiatzen gara bisitatu behar dutena lasai eta gozatuz ikustea gomendatzen. Normala da behin urrutira joan ezkero dena ikusteko grina izatea. Baina, Argentinara bazoaz, 15-20 egunetan asko ikusi liteke, baina, dena ez. Neurri hori bilatzen saiatzen gara. Gero, udaran-eta, oporraldi luzeagoak direnez, badago joera alojamendua eta bi gauza lotu, eta beren kasara ibiltzekoa. Hilabete edo gehiagoko bidaietan, berriz, jendeak askotan hegaldia bakarrik hartzen du.
Bidaiatzerakoan jendeak begiratzen al du denboraldi altua edo bajua den?
Bai. Jendeak, ahal dela, denboraldi bajuan bidaiatzen du. Merkeagoa da eta jende gutxiago dabil.
Eta bidai agentziek lan egiteko moduan, zer aldatu da azken urteotan?
Zerbitzua pertsonalizatu egin da. Gu ahalegintzen gara gure bezeroari ahalik eta eskaintza pertsonalizatuena ematen, bere interesen arabera. Era berean, bidaia agentziok zerbitzua bera eta asesoramendua eskaintzen dugu. Bidaia egin aurretik eta bueltatu ondorenean ere interesatzen zaigu dena nola joan den jakitea, eta arazorik izan bada ahal den guztian konpondu. Hori da kalitatea. Interneta, berriz, ezinbesteko lan erreminta dugu eta aukera haundiak ematen dizkigu. Baina, denerako ere ez du balio. Bezeroari eskaintza pertsonalizatua egiteko gauza konkretuak jakin nahi badituzu, telefonoz bestaldean norbaitek egon behar du, internetak ez du erantzuten.