Erreportajeak

Luis Llopis portugal :«Oso gustora ari naiz Madrilen lanean,

Kronika - Erredakzioa 2007ko ira. 22a, 02:00

Luis Llopis Portugal - Real Madrileko harrobiko atezainen entrenatzailea

«Oso gustora ari naiz Madrilen lanean, nire lan metodoan konfidantza dutelako»

Luis LLopis Portugal (Hernani, 1964) da Valdebebasen, Real Madril taldearen entrenamendu gunean, harrobiko atezainei futbol berriaren sekretuak erakusten dizkiena. Atezainak `jokuaren parte` direla abiapuntu hartuta, entrenamendu teknika berritzailea moldatu du LLopisek eta Madrilen hiru urte daramazki hori garatzen. Horrez gain, bi bideo eta bi liburu kaleratu ditu atezainen entrenamendurako, eta beste bat prestatzen ari da. Hiru astean behin bueltatzen da Iñigo eta Mariau ikusteko gure artera eta solasaldi zabal bat egiteko aukera izan du Kronikak berarekin.

Real Madrileko atezainen prestatzailea zara azken hiru urtetan. Zer moduz zabiltza?
Oso pozik nago lan hau egiten. Hiru urte daramazkit Valdebebasen eta oso gustora nago, han nire lan metodo eta teknikan konfidantza dutelako. Aurten kontratua berritu eta hobetu didate, gainera.


Nola izan zuten madrildarrek zure berri?
Ordurako hitzaldi dezente emana nintzen, Espainian barrena eta artikuluak  ere idatzi nituen atezainen entrenamenduari buruz nire ikuspegia azaltzen; horregatik izango zen. Errealean ari nintzela jaso nuen madrildarren deia, eta Alberto Giraldez, Sacchi eta Butragueñorekin elkarrizketa batzuk egin ondoren, fitxatu egin ninduten.

Zein da zehazki zuk egiten duzun lana? Ez dira atezainen ohiko entrenamenduak, ezta?
Futbola joko bat da, eta atezaina joko horretako parte hartzaile bat da,beste jokalariek ez bezala arean baloia eskuarekin hartu dezakeelako berezia. Gu saiatzen gara atezainak jokoan ematen diren egoeretan entrenatzen. Atezainaren lana ez da bakarrik geldiketak egitea; aurkako aukerak ebitatzen saiatu behar du atezainak. Orain arte atezainaren entrenamendu tradizionala blokatzea, geratzea eta sakatzea zen, taldetik aparte. Hau ondo landu behar da baita ere, baina horrekin bakarrik ez da nahikoa gaur eguneko jokoan.
Atezainak jokoa ikasi,ulertu eta irakurri behar du. Jokoan gertatzen diren aukerak joko eremu ezberdinetan pasa daitezke, eremu horretan atezainak aurkakoak eta taldekideak ditu eta baloia toki batetik bestera joan daiteke eta egoera aldakorrak sortzen dira...Entrenamenduan ezin duzu beti jokoaren eremu berean entrenatu, aurkako eta taldeko jokalaririk gabe. Partiduan gertatu daitezkeen jokaldiak atezainak ezin ditu entrenatu gabe utzi. Atezainak taldearekin duen inplikazio taktikoa haundia da eta oso garrantzitsua.


Eta Madrilen hori guztia lantzen duzu?
Real Madrilen harrobiko atezainen metodologia  prestakuntzaren arduraduna naiz. Lehiaketaren kontrola, planifikazioa, lan kontrola... daramazkit, eta atezainen entrenamendu zikloak  prestatzen ditut etapa desberdinentzat. Egindako lan guztia grabatu egiten dugu, eta horren gainean egiten dugu lan; Madrilen behar ditudan baliabide guztiak ditut. Lan asko daukat baina oso gustokoa.
Goizeko 09:00etatik gaueko 21:00ak arte gaztetxoetatik Castillara (Real Madrileko bigarren taldea) arteko atezainekin aritzen naiz Valdebebasen. Castillako atezainak egunero entrenatzen ditut eta astebururo taldearen partiduetara joaten naiz.
Miguel Gonzalez Michel da harrobiko arduradun nagusia eta bera eta Miguel Angel atezain ohiarekin elkarlanean aritzen naiz. Michelekin oso ondo moldatzen naiz; oso gizon langilea eta jatorra da eta ezusteko oso ona izan da niretzat.


Maila haundiko atezainak entrenatuko dituzu, ezta? Erraza al da beraiei erakustea?
Bai, oso ondo moldatzen gara. Gainera, prestakuntza modu horrekin atezainak esaten didate askoz gehiago disfrutatzen dutela, parte hartze haundiagoa dutelako. Uste dut lan ona egiten ari garela, esaterako, nire lau atezain (Adán, Mejías, Felipe eta Orozco) gaur egun selekzio espainiarrean daude (21, 19 eta 17 urtez azpikoak tartean). Beste batzuk lehen mailan daude, Codina Real Madrid-eko lehen taldean edo Cobeño Almerian, adibidez.

Pare bat bideo egin zenituen 2000 urtean. Hori izan zen zure entrenamendu teknikaren abiapuntua?
Bai, Real Unionen nengoenean egin nituen bideoak, Javier Zubillaga entrenatzaileak animatuta. Hark esan zidan inork ez zuela entrenatzen nire moduan eta zerbait egin behar nuela. Espainian zehar ibili nintzen entrenamenduak ikusten, liburu asko irakurri nituen atezainaren lanari buruz, eta konturatu nintzen egia zela berak esandakoa. Horrela hasi nintzen atezainei grabatzen bideoak sortzeko. Zubipen grabatu genituen toma batzuk, tartean Axel Azpiolea hernaniarrarekin.
´Gymnos´ editorialak kaleratu zituen bideoak eta estatu espainiarreko klub askotara iritsi dira. Horri esker jendeak nire teknika ezagutu du hemendik kanpo eta nire lanak interesa sortu du.

´Futbol atezaina gaur egun´ liburua ere idatzi zenuen. Zer moduzko harrera izan du liburuak?
Liburua Gipuzkoako futbol federazioarekin  kaleratu genuen eta dohain banatu da. Inguruko klubei banatu zitzaizkien ateratako 500 aleak. Liburuaren helburua entrenatzaileei eta atezainari laguntzea izan da. Euskeraz idatzitako liburua da.

Liburua idazteko Pilar Sainz de Baranda izan duzu lagun. Kontaiguzu zerbait berari buruz.
Pilar entrenatzailea da, UCAM-eko (Murtziako unibertsitatea) lizentziatua eta futboleko irakaslea. Bere handikap-a da gizonezkoen mundu batean sartu dela. Gizonezkoa balitz entrenatzen legoke ziur. Nik nire ideien isla ikusten nuen bere artikuluetan, eta berak berriz bere modura entrenatzen zuen inor ez zuen ezagutzen. Horregatik hasi ginen elkarlanean. Biok modu berean pentsatzen dugu.

Orain beste liburu bat prestatzen ari zarete, ezta?
Bai, oraingoak ariketak bilduko ditu eta saioen garapenean oinarritua izango da. Aurreko liburuaren alde praktikoa izango da hau eta oraingoa ere Pilar eta biok idatziko dugu.

Hitzaldiak eman eta artikuloak ere idatzi dituzu. Hori dela eta, erreferente bihurtu da zure teknika inguruko entrenatzaileen artean?
Estatu mailan entrenatzaile garrantzitsuenekin hartu emanak izan ditut eta batzuk, Amierok (Iker Casillasen prestatzailea), esaterako, nire iniziatiba goraipatu izan du elkarrizketaren batean. Unzue, FC Bartzelonako atezainen prestatzaileak nabarmentzen du inplikazio taktikoa, Otxotorena ere nirekin bat dator eta klub ezberdinetako atezainen entrenatzaileak etorri ohi dira nire hitzaldietara. AEBtik, Txiletik eta Perutik deitu didate hitzaldiak emateko. Gipuzkoan gustatuko litzaidake erakusketaren bat egitea; liburua Errealean nengoenean idatzi nuen, baina urtero eboluzio haundia jasaten du nire teknikak.

Jose Manuel Otxotorena hernaniarra aipatu duzu, Valentzian eta Espainiako selekzioan dagoena gaur egun. Nolako erlazioa duzue?
Oso ona. Elkarrekin egoten gara bera selekzioarekin Madrilera joaten denean. Estatu espainiarrean Otxotorena erreferentea da eta berak animatu egin nau lan metodo honekin jarrai-tzera; bide onetik noala esan ohi dit. Bere aholkuak garrantzitsuak dira niretzako, urte asko baitaramazki futbol munduan.

Entrenamendu teknika hau atezain bezala jasotako ezagupenen fruitua da, edo horrekin erlazionatutako ikasketak egin dituzu?
Zelaian jaso ditudan ezagupenak dira hoberenak, baina horrez gain asko dokumentatu, ikasi eta arakatu behar izan dut. Atezainaren lana ondo egiteko espezialista on bat izan behar duzu. Espainiar  federazioaren atezainak entrenatzeko ikastaroa ere egin dut. Franz Hoek Bartzelonan egondako entrenatzaile holandarrak ere garrantzi haundia dauka nire lanean, ideia onak baititu atezainak talde barruan egin beharreko lanari buruz. Azkeneko urteetan Madriden Portugal, Lopez Caro, Mandiá, edota J.Carlos Martinez entrenatzaileekin egunero ikasten ari naiz.

CD Hernaniko egungo atezainak ezagutzen al dituzu?
Bai, Jon Garcia ezagutzen dut, bideoan dago. Airez oso ondo dijoan atezaina da eta nortasun haundikoa.

Eta zer iritzi duzu Errealeko Riesgori eta Bravori buruz?
Asier Riesgo atezain ona da, baina momentu txarrak eta zailak bizi ditu; nire gustoko atezaina da. Bravoren inplikazio taktikoa nabarmentzekoa da; txiletarra adi egoten da defentsari koberturak egin, atzelarien bizkarren atzetik eta laguntzak emateko atzelari presionatuei. Bravok taldea baloiarekin eta baloi gabe dagonean jokatzen du: lan hau txikitatik ikasi eta egin behar du atezainak.

Azkenik zure irrati esatari lanak gogoratu nahi ditugu, Molotoff irratiko ´Kirol Eskirol´ saioan. Zer oroitzapen duzu horretaz?
Oso oroitzapen ona. Ilusio eta alaitasun haundiarekin egiten genuen saioa, boleibola, pelota, futbola, denetatik. Gogoan dut duela gutxi arte Errealeko lehendakaria izan dena, Miguel Angel Fuentes, gure saioan izan zela. Urtebetez egin nuen saio hura eta kanpoan egondako kirolari hernaniar askori deitu eta hitz egin genuen.

Txantxillan hasitako ibilbidea

Luis LLopis Portugalek Txantxillan hasi zuen atezain entrenatzaile lana. 1990-91 denboraldian jokatzeari utzi eta gero, CD Hernaniko atezainak entrenatzeari ekin zion. Oskar Galindo eta Aritz Etxeberria atezainak izan ziren bere `ikasle`etako batzuk, eta bere taldekide izan zen Juan Bautista Aierbe ere entrenatu zuen. Klubaren `urrezko` garaian ere, 2. B mailan, LLopis zen entrenatzailea.
Ondoren, Irunen jarraitu zuen bere lana, eta Real Union klubean lau urte eman zituen. Gero Errealak fitxatu zuen eta Zubietan pasa zituen bi urte, `etxe zuri`tik deitu zioten arte.

Atezaina 1991ra arte
Atezain bezala CD Hernanin, Tolosan eta Pasajesen jokatu zuen, hirugarren mailan. 1991n, lesio bat medio, futbola utzi behar izan zuen; `Hernanin jokatu nuen nire azken partidua, Txantxillan hartu nuen min` gogoratzen du Llopisek. Taldea 2. B mailara igo aurretik izan zen hori, eta taldekide izan zituen, besteak beste, Juanbau  Aierbe, Josema Lopez, Olasagasti, Jose Jabier Oiarbide, Ander Larrañaga, Imanol Pitarras eta abar. Zubipeko bulegoan gogoan dute oraindik hernaniarraren abilezia ate azpian: `ez zen oso altua, baina katu bat zen`.
LLopis kontxako hondartzan hasi zen futbolean jokatzen, Astigarragako ekipoan. Errealean jokatu zuen geroago, infantil, kadete eta prejubeniletan, lau urtetan guztira. Ondoren CD Hernanin jokatu zuen jubenil mailan eta Tolosarako bidea hartu zuen hirugarren mailan jokatzeko. Pasajesen eta Hernanin egin zituen azken urteak atezain gisa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!