Beatriz Fernandino (Lasarte. 1954) da EB-Aralarko zerrenda burua. Aspaldiko urteetan Hernanin bizi den lasartearrak Udal Gobernuan hartu du parte Legealdi honetan , Ezker Batuko zinegotzi izanda, eta Kultura Batzordeko burua da. Hauteskundeetan Aralar alderdiarekin batean aurkeztuko da EB, ezkerreko politiken inguruan indarrak batzeko. Emaitzak ikusi arte erabakirik hartu nahi ez badute ere, negoziatzeko ateak zabalik izango ditu EB-Aralarrek, baina argi dute beren helburua izango dela ´ezkerra gobernuan egotea`. Herritarrek Udal erabakietan parte hartzea bultza nahi dute, eta gai nagusietan galdeketak egitearen aldekoak dira.
Zein helburu du EB-Aralarrek datozen hauteskundeetarako?
Argi dago herritarrek indarrak batzeko eskatzen digutela, herri honi beste etorkizun bat emateko. EB-Aralarrek bat egiten dugu esatean gure herriak bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea duela, biolentzia mota guztiek sufrimendu gehiegi eragin dutela eta helburu politikoak lortzeko bide politikoak erabili behar direla. Ezkerra gara justizia sozialaren alde lan egiten duena, gardentasuna eskatzen duena eta baliabide teknikoak egoki kudeatzea, beharrik gehien duten pertsonen mesedetan, (adinduak eta bazterketa sozialerako arriskua duten pertsonak bereziki). Euskera berezko hizkuntza da; kultura, bizirik den ondarea; diskriminazioaren aurka gaude eta garapen jasangarriaren alde. EB-Aralarrek Hernanin elkarbizitza bultzatzeko konpromezua du, motibo politikoengatiko pertsekuzioa salatzen dugu eta pertsona guztiak hauteskundeetara libreki aurkeztearen aldekoak gara, hauen barruan inmigranteak.
Programa aurkezpenean azpimarratu zenuen politika egiteko modu parte hartzaileago bat eramango zenutela praktikara. Zertan datza?
Talde, eragile eta herritar guztiak Udaleko parte egitea da kontua, Udal erabaki guztietan parte hartu dezatela, baita aurrekontu eta beharrezko azpiegituren erabakietan ere.
Legealdian EAJ eta EA gobernu kide izan dituzue. Antzeko formula batek balioko luke datozen hauteskundeetarako.
Zein alderdirekin zeundeteke prest paktatzeko, eta ze baldintzatan?
Emaitzak ikusi arte itxaron nahi dugu, maiatzaren 27a arte; gure nahia da ezkerra egotea gobernuan, eta prest gaude negoziatzeko.
Ezker Abertzaleko EAE-ANV alderdia hauteskundeetan izango da eta horrek oraingo zinegotzi proportzioak asko aldatu ditzake. Ze irakurketa egiten duzue?
Guretzat orain 4 urte bezala gaude, ASB legez kanpo baitago. Partidu berri bat dago, EAE-ANV, baina beren lana ez dugu ezagutzen. Ikusiko dugu maiatzaren 27an zer gertatzen den. Nik uste dut botorik gehien duenak gobernatu behar duela, bere esku egon behar duela alkatetzak, eta hortik aurrera ikusiko da zer paktu lortu litezkeen.
Ezkerra, justizia soziala, bakea eta autodeterminazioa. EB-Aralarrek azpimarratutako lau zutabe hauek nola gauzatu litezke proiektu konkretuetan?
Gehiengoak eta gutxiengoak elkar errespetatuta, herritarrei hitza emanda, eta erabakitzeko eta kontsultarako eskubidea gauzatuta.
2003-2007 legealdian, Arau Subsidiarioen proiektua izan du Gobernu taldeak zutabe nagusietako bat eta Foru Aldundiaren onarpenaren zain dago. Proiektua garatzea izango al da 4 urtetako hirigintza helburua?
Hirigintzako buru izatea egokituko balitzaigu pentsatzen dut baietz, baina gure lehentasun politikoa izango da babestutako 1.000 etxebizitzak garatzea, eta promozio pribatuek ez dezatela lehentasuna izan.
Etxebizitza arazoa da herritarrengan buruhauste asko sortzen dituenetako bat. Hernanirako zer proposamen egiten dituzue?
Etxebizitzarena espekulazio arazo bat da, Hernanin bakarrik ez, estatu guztian ematen dena. Arazoari Eusko Jaurlaritzako etxebizitza sailarekin elkarlan onean egin behar zaio aurre, eta lortu Hernanin egiten den etxebizitzarik gehiena herritarrentzat izatea. Baina Eusko Jaurlaritzak herritar guztiak hartzen ditu kontuan eta trukean ezer eman ezean ezin dugu aldeko traturik espero. Biderik onena da horretara bideratzea Udalari promozio bakoitzean dagokion %10eko aprobetxamendua eta diru publikoa ere lurra erosteko erabiltzea proposatzen dugu, operazio haundiagoak egin ahal izateko, Hernaniko eskatzaileen mesedetan. Horrez gain, arauek aurrikusten dituzten babestutako 1.040 etxeetatik parte bat alokairukoak izatea hitzartu behar dugu Eusko Jaurlaritzarekin. Udalak sustatutako etxebizitzetan eskubidea behar du legea zorrotz bete arazteko eta erabiltzailearekin hitzarmena bertan behera uzteko, espekulazio saiakeretan. Etxebizitza hutsak alokatzeko Bizigune programa diru publikoz laguntzea ere planteatzen dugu, gaur egun programa honetan sartzeko baldintzak betetzen ez dituzten etxeak sartu ahal izateko. Eskatzaileak familiak bakarrik izatea ez dugu nahi, eta denbora gutxi erroldatuta dauden familiei ere ireki behar zaizkie ateak.
Arau Subsidiarioen proiektuak arazoari irtenbidea emango diola uste duzue?
Arazoa konpontzeko babes ofizialeko alokairuko etxeak behar dira, baina eskaria guztiz betetzeko diru partida izugarriak behar dira, Jaurlaritzak berak ere izan ezin dituenak. Baina Hernaniko berehalako etxe beharrak lasaitu bat hartuko du, aurreikusitako eskaintza gaur egungo eskaera baino haundiagoa baita. Baina etorkizuneko eskatzaileek beharko dute, datozen hautagaiek orain Eusko Jaurlaritzak atzera bota dituen zenbait hirigintza interbentzio aurrera eramatea. Izan ere, Eusko Jauraritzak zenbait interbentzio atzera bota zituen, Hernaniren hazkuntza naturala ez zirelako, baina Hernanik, Donostiaren ondoan egonda, ez du hazkuntza naturalik.
Zaharren Egoitzaren zabaltzea martxan dagoen proiektua da. Zer gehiago aurreikusten duzue hirugarren adinari dagozkien zerbitzuei begira?
Hasiera batean itxaron zerrendak desagertzea litzateke egokiena. Guk bono sozialarena onartu egin dugu, baina zergatik: itxaron zerrenda izugarria delako eta Foru Aldundiak familia hauen beharrei erantzuten ez dielako; egoera konpondu bitartean, familia hauentzat laguntza bat izatea nahi dugu. Baina hau ez da betirako proposamen bat, onartu berri den Dependetzia Legearekin, ea jende guzti honen beharrak asetzen diren. Baita ere, Udalak pisu tutelatuak izatearen beharra ikusten dugu, beharra duen jendearentzat. Gaur egun oso gutxi daude, eta beharra geroz eta haundiagoa da. Alokairu sozialeko etxebizitzak ere sustatu nahi ditugu, baina erabiltzaileen jarraipen estua eginda, kontrol zorrotza eramanda. Horrez gain, eguneko zentroak baditu ordu batzuk eta zenbait familiari motzegi gelditzen zaio ordutegia, lanagatik-eta, eta ordutegi horrek zerbitzu hau erabiliko duten guztien beharrak asetzea nahi dugu.
Gazte batzuek gune bat eta autogestioa eskatu dute eta lehengo udal jangela okupatua daukate kiroldegian. Zer iritzi du EB-Aralarrek honen gainean?
Arazo korapilatsua da eta hurrengo gobernu taldeak Gaztetxe bat egiteko konpromezua hartu beharko du. Hori bai, ez du bestearen gainetik jarri behar ez Gazte Asanbladak eta ezta Udalak ere, negoziatu egin behar da eta norma batzuk jarri. Baina nik bai oso garrantzitsua ikusten dudala gazteek gune bat izatea, elkartzeko, antolatzeko eta beren kezkak azaltzeko. Oraingo lokaletik atera egin behar da Gaztetxea, asmoa baita errehabilitazio gune bat jartzea, eta beste nonbait egin behar da, konpromezu hori hartu behar du Udalak.
Geroz eta arreta eta errekurtso gehiago eskatzen dituen gaietako bat inmigrazioarena da. Nola ikusten duzue gai hori?
Aurrekontua haunditu behar dela garbia da. Guk uste dugu etorkinek besteek bezalako aukerak behar dituztela eta errekurtsoak integraziora bideratu behar direla. Hemen gaia berri samarra da, eta errekurtsoak ugaritu behar dira eta AMHERekin hitzarmena berritu.
SagardoGunea eta Chillida Leku turismoa erakartzeko zutabeetako bi dira. Udalak sustatzaile izan behar du proiektu horietan? Ze mailatan?
Zutabe haundiak dira biak, baina gehiago ere baditugu turismoa eta Hernani indartzeko: Urumea errioa egokitu behar da jendea etortzeko, erdi aroko Kaxko bat daukagu zoragarria... Sagardoa eta Chillida Leku indartu behar dira, baina Hernani ez da hori bakarrik, urrutirago joan behar dugu.
Udalak badu euskera plan bat. Datuek diotenez, ordea, neurri haundi batean gazteleraz funtzionatzen du Udalak eta itzulpen zerbitzuari esker euskeratzen da lan hau guztia. Zer iritzi duzu?
Herri euskaldun batean bizi gara eta noski, egin behar da zerbait; ni neroni ikasten ari naiz. Ekonomikoki gehiago potentziatu behar da euskera, esfortzu politiko bat egin behar da eta esfortzu pertsonal bat ere egin behar da. Egia da asko egiten dela gazteleraz eta itzuli, baina pausoz pauso joan behar da, hala behar ez balu ere, errealitate bat baita. Baina esperantza dut datozen generazio berriek ez dituztela zailtasun horiek izango.
Beste zer azpimarratu nahiko zenuke?
Elkar errespetatu dezagula, elkarbizitza on bat izateko, eta errespetutik eta elkar ulertzetik gauza asko egin litezkeela, eseri eta hitz eginda. Udalean denontzako egin behar dugu lan, ez sigla batzuen alde.
Hernaniko zenbait gairi buruz galdezka
Kiroldegiko instalazioen egoera
´Betiko arazoa da. Diru asko joaten da kiroldegira, instalazioak batere ondo ez daudelako. Kiroldegi berria egin behar ote den? Aztertu beharko den gaia da, gauza asko baitaude egiteko. Lehentasuna zerk izan behar duen erabakitzeko herritarrei galdeketa egitearen aldekoak gara`.
300 lagun baino gehiago hartuko dituen kultur aretorik eza
´Jende gehiago hartuko dituen areto bat behar da, txiki gelditu baitira udalerriak dituen beste aretoak, baina aurreko galderan esaten nizun moduan, lehentasunak markatu beharko dira. Azpiegituretan lehentasunak galdeketa bidez jarri behar dira, behar haundia izan arren, dena batera ezin baita egin`.
Herriko trafikoa eta aparkalekuak
´Bizikletentzako bide gehiago, bide gorri gehiago... eta kotxea uztea bultza behar da eta hirigintza aldetik hori antolatu, errepide nagusiak ez gurutzatzeko moduak jarri eta abar luze bat. Kontzientziatu behar dugu kotxea etxean utzi behar dela eta oinez eta bizikletan gehiago ibili`.
Garraio publikoak
´Lasarterako, erresidentziara joateko... arazoak ditugu gaur egun eta Udalek presioa egin behar diote Diputazioari, Buruntzalde guztia ondo komunikatzeko. Eta noski, txartel bakarraren alde gaude, eta aukerarik gutxiena duen jendearentzat merkea izango dena. Herri barruko autobusa zabaldu beharko litzatekeen bizilagunei galdetu beharko zaie eta aztertu`.
Baserriaren egoera, eta horrekin lotuta, mendi eta ingurumenaren egoera
´Urnieta aldera noan aldiro, bariante berriaren obrak ikusten ditut eta mendi hegal guztiak txikituak. Izugarria iruditzen zait. Bideak beharko dira, baina mendirik gabe ari gara geratzen, baserririk gabe eta hemengo ezer gabe. Mendiak hondatzen ari bagara, baserriak eta bertako izaera ere hondatzen ari gara, Madrilera 10 minutuan joateko. Ez gara ingurunea batere zaintzen ari`.
arrisku haundiko enpresak.
´Udalak ez du eskumenik hemen, baina bai gogor egin behar duela Eusko Jaurlaritzak enpresa hauengan jarraipen zorrotza egin dezan. Gai honetan, Hernani eta inguruneko osasuna dago jokoan eta jarraipenak oso zorrotza izan behar du`.