Erreportajeak

«Urteetan egindako lana norbaitek aitortzeak oso zoriontsu egiten nau»

Kronika - Erredakzioa 2014ko eka. 8a, 02:00

Ekainaren 21ean jasoko du Luis Telleriak Hernaniar Bikai­na saria. Artearen alor askotan nabarmendu da, eta bere artelanak leku askotan daude ikusgai, besteak beste, Euskal Herriko hainbat txokotan, Frantzian eta Italian.

Ekainaren 21ean jasoko du Luis Telleriak Hernaniar Bikai­na saria. Xalaparta elkarteak ematen du sari hau, bi urtean behin, hernaniar baten ibil­bidea omentzeko.

Zer sentitzen duzu  Hernaniar Bikaina izanda?
Asko pozten gara, bai ni, bai lagunak eta baita nire familia ere eta harro sentitzen naiz saria jaso izanaz. Urteetan egindako lana norbaitek aitor­tzeak oso zoriontsu egiten nau eta indar berriak ematen diz­kit nire lanarekin jarraitzeko. Nirekin lan egin duten per­tsona guztiekin konpartitu nahi dut errekonozimendu hau, beraien ekarpenik gabe egindako guztia egitea ezi­nezkoa izango zelako.

Zure bizitza ibilbidean hainbat sari jaso izan dituzu. Noizbait pentsatu al zenuen sari hau lortuko zenuela?
Ezta inola ere. Ez nuen inoiz pentsatu sari hau jasotzera iritsiko nintzenik. Uste dut nik baino meritu gehiago egin dituzten pertsonak badaudela Hernanin, baina ziur nago haien lana ere aitortua izango dela etorkizunean. Sari honek eta orokorrean guztiek ilusio handia sortzen dute eta estimulatu egiten zaituzte, baina ondoren eguneroko lanean jarraitzea besterik ez dago.

«Nirekin lan egin duten pertsona guztiekin konpartitu nahi dut».

Noiz eta nola hasi zinen artearen munduan murgiltzen?
Ez dut sekula artearen ingu­ruko ikasketa akademikorik egin, baina arteak gaztea nintzenean erakarri ninduen. Txikitatik gustatu izan zait pintatzea, eta beste gaztetxoek futbolera jolasten zuten bitar­tean nik paisaiak pintatzea maite nuen. Nire bizitzaren parte izan da beti.

Nola lortu duzu artea, kirola, irakaskuntza eta beste hainbat gauza uztartzea? Nondik atera duzu denbora hainbeste gauza egiteko?
Ilusio eta gogo handiarekin lortu dut dena uztartzea. Lanetik irten ondoren gauza berriak egiteko nahia izan dut beti, denbora aprobetxatu beharra. Hala ere, bizitzan fase ezberdinak izan ditut eta gauza berriak ikasten joan naizen heinean alor gehienak uztartu ahal izan ditut.

Oso gizon polifazetikoa zara. Berezkoa duzu edo lan gogorraren eta denboraren poderioz lortu duzu egindako guztia?
Berezkoa dudala uste dut, bai­na egindako lanaren emaitza dela ere aitortu behar dut. Jaio nintzenetik izan dut artea­rekiko jakin-mina, eta bereziki pinturarekikoa. Eginaren egi­naz trebetasunak hobetu ditut, eta ondorioz, uste dut prak­tikak hobetu egiten gaituela. Historian izandako artistek utzitako ondarea guk bere­ganatu dugu eta guk utzitakoa ondorengo belaunaldiek jaso­ko dute.

«Beste gaztetxoek futbolera jolasten zuten bitartean nik paisaiak pintatzea maite nuen».

Egun jubilatua zaude. Zer egiten duzu astean zehar?
Bai jubilatua nago, baina lana nire bizitzaren parte da. Aurten amaitzen dut pintura irakasle lana Astigarragan eta aurrerantzean nik gustuko dudanari emango diot denbora guztia. Nire irudimenari emango diot protagonismoa eta pintura berriak margo­tzeko asmoa dut. Paseatzea eta nire bilobarekin egotea ere gustatzen zait.

Nola ikusten duzu Hernaniko alor kulturala, osasuntsu al dago?
Alderdi batzuetan osasuntsu ikusten dut, baina beste ba­tzuetan ez. Espazio kultural jakin batzuk falta direla uste dut, are gehiago Hernani be­zalako herri batean. Hala ere, gazte jende asko ikusten dut artean interesatua eta talen­tua dutenak ere badaude.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!