Martxoaren 8a da gaurkoa. Modu bereziren batean ospatzen duzu?
Orokorrean, ez dut zortzia bereziki ospatu izan. Guretzako izan da ikaskideok, neskak elkartzeko izaten genituen egunetako bat. Baina nire bizitza pribatuan ez dut ospatu izan. Politikan izaten dira ekitaldiak. Igandean, adibidez, Sabin Etxeak deituta, emakume abertzaleak han bildu gara. Eta gaur, bestelako hainbat eginbehar izango dira eta niretzako, ez da bereziki ospatzeko eguna izango.
Astigarraga Donostiako auzoa zen oraindik, bertan hazi zinenean. Asko aldatu da? Joaten zara bertara?
Ama han bizi da, eta joaten gara. Esango nuke herria erabat aldatu dela. Gogoratzen dut txikitan, bertan bizi izan naizen urte guztietan Donostiako parte izan dela. Donostiatik independentzia lortu eta Astigarraga herri bihurtu zenetik urtebetera joan nintzen. Donostiako parte bezala ezagutu dut, eta bazuen bizitza, baina agian garaiak ere desberdinak ziren. Orain ikusten dut askoz ere haundiagoa dela, eta nahiz eta herri izan, Donostiako jende asko joan dela bizitzera, agian hemengo etxeak nahiko garestitu direlako! Aldaketa onerako eman dela esango nuke. Jende gazte asko ikusten dut haurrekin, eta horrek bizitza ematen dio herri bati. Gazteak egotea, martxa desberdinak izatea... Bizitza ematen du, eta pozten naiz izan duen bilakaerarekin.
Ingeniaritza Industriala ikastea erabaki zenuen, eta orduan, puri-purian zegoen borroka feminista. Bizi izan zenuen?
Oso emakume gutxi ginen gelan, eta bazegoen sentimendu bat, gutxi ginela eta, elkartzekoa. Baina azkenean halako nahasketa bat egin genuen. Neskak elkarrekin, baina mutilak ere bai, tartean. Normaltasunera eta integraziora jo genuen. Guretzako ingeniaritza ikastea, momentu horretan, erronka bat zen. Pentsa; 120 ikasleko gela batean, gutxi-gorabehera 12 neska ginen, %10. Horrek zekarrena zen, neskak elkartu eta alboratuta geratzea, edo integraziora jotzea. Guk bigarrena aukeratu genuen, eta normaltasunez, neskak eta mutilak elkarrekin aritzen ginen gaiak lantzen, sagardotegirako planak egiten edo bestelako ekimenak prestatzen. Gure unibertsitatean ez zen nabaritu halako mugimendu feministarik. Baina gure apustua izan zen integrazioaren aldekoa, elkarrekin ibiltzea. Oraindik mantentzen dugu erlazioa, beraz, uste dut ondo landutakoa izan zela.
Orduan ‘mutilentzako ikasketak’ ziren. Orain ere bai?
Nik uste, gainditze bidean dagoela. Gero, EHUn Ingeniaritza Teknikoko irakasle izan nintzen, politikara pasatzeko utzi nuen arte. Ordurako, ikasleen %35 baziren neskak. Uste dut ez dela hainbeste nesken edo mutilen karrera bat. Gehiago da gustatzea zientziak eta teknologiak. Eta hori, normalean izaten da DBHn izan dituzun irakasleen araberakoa, zure gustoen araberakoa... Horrek markatzen du gehiago, beste ezerk baino. Orain ez dago mutilen edo nesken karrerarik. Gustatzen bazaizu, eta ahalegin haundi bat egiteko prest bazaude -hori ere esan egin behar baita-, ez dago desberdintasunik.
Hain justu, irakasle bakarrik ez. Katedraduna zara. Emakume izateak baldintzatu dizu bidea, sekula?
Unibertsitatean, agian, beste edozein lekutan baino errazagoa da. Merituak eta karrerak egiteko behar dena oso tasatua dago. Beraz, urrats guztiak betetzen badituzu, joaten zara aurrera egiten, merituak lortzeko. Ez dago besterik. Apustu pertsonala da, momentu batean. Edozein lanetan bezala, orduak eskaini behar dizkiozu, eta zure tenpoak neurtu behar dituzu. Baina, esango nuke beste edozein lekutan baino berdintasun haundiagoa dagoela unibertsitatean, edo nik hala sentitu dut. Esan dezake norbaitek konformista naizela, edo zorte haundia izan dudala, baina nik ez dut nabaritu diskriminaziorik.
Are apustu pertsonal haundiagoa egin zenuen 2005ean politikara salto egitean? Ordu gehiago lanean, gutxiago etxean...
Edozein lekutan bezala, erantzukizun bat hartzen duzunean, zure ahaleginaz gain, zure familiarena dijoa. Etxean laguntza baduzu, babesa, eta esaten badizute aurrera egiteko, askoz ere errazagoa da. Nik hala sentitu dut. Apustu bat izan zen, baina eskaini zidatenean, bi alabak adin bat zuten, eta etxean animoak eman zizkidaten. Hori da benetan garrantzitsua urrats hori ematerakoan. Ezin duzu bakarrik eman; edo etxean babesa daukazu edo... Eta berdin gizon edo emakume. Agian emakumeok pentsatzen dugu erantzukizun gehiago dauzkagula etxean, baina nik uste, hori pasata dagoela. Neri, behintzat, hala tokatu zait.
«Emakumeok gizonek baino prestutasun haundiagoa daukagu akordioetara iristeko»
Ordutik hona Batzar Orokorretan, Aldundian, Kongresuan ibili zara. Lortu da parekidetasuna politikan?
Gaur egun parekidetasunera goazela uste dut. Nabaritzen duzunean desberdintasuna, ez da alderdi poltikoan edo Kongresuan dagoena. Uste dut pertsonekin izaten dela. Beti egoten da baten bat begiratzen dizuna, pentsatuz, gai izango ote zaren gauzak ondo egiteko. Baina hori beti egon da. Adibidez, pertsona heldu batek gazte batekiko izaten du jarrera hori, emakume izan edo ez. Kontua da, berria dela. Desberdintasuna, nire ustez, pertsonen jarrerek egiten dute, eta ez, gizon edo emakume izateak. Agian emakumeok gehiago sufritu dugu, gehiago kosta zaigulako horraino iristea. Orokorrean hala da, nahiz eta neri ez zaidan tokatu. Baina ez dut uste izan denik emakume edo gizon izateagatik, baizik eta gehiago, esperientzia gehiago daukanetik gutxiago daukanarekiko sortzen den jarreragatik.
Berdin gertatzen da Jaurlaritzan edo Madrilgo Kongresuan?
Kongresua desberdina da. 350 pertsona, diputatu dira. Emakume zein gizon, kultura oso derberdinetakoak, eta agian, hor nabaritu dezakezu zein kultura motakoa den pertsona bakoitza. Eta ez da derrigorrez gizona izan behar, kultura arraro horretakoa izateko... Emakumeak ere badira hor sartzen direnak, eta nahiko nabaria izaten da. Kongresuan nabaritzen da. Hemen ez.
Esan liteke, Josu Erkorekarekin batera, Urkullu lehendakariaren gertuko sailburua zarela. Emakume izateak baldintzatu dizu ezer, ibilbide horretan?
Ondoan gaude bai, eserita! Nik ez dut zailtasunik edo desberdintasunik nabaritu, ez beraiengandik eta ezta beste edonorengandik ere. Zentzu horretan uste dut pertsonak gaudela. Bakoitza bere balio positiboekin eta erantzukizunekin, eta gaizki egiten ditugun beste gauza batzuekin. Norberak badaki zein dituen akatsak, eta beste bati ere onartu behar dizkio.
Topikoa da, ala emakumeek badaukate politika egtieko beste modu bat? Elkarrizketarako prestutasun haundigoa?
Izan daiteke errazagoa, emakume artean, akordioetara iristea. Ez beti, baina prestutasun haundiagoa izaten dugu akordioetara iristeko. Mahaian esertzen gara, akordio bat lortzeko asmoarekin. Gizonak, berriz, ez beti. Gure kasuan, agian, nahiz eta helburu horrekin eseri, ez dugu beti akordioa lortzen. Baina gizonak batzuetan eseritzen dira, eseritzeagatik, eta ez akordio baten bila. Uste dut hori nabaritzen dela. Baina esango nuke, baita ere, askotan begiratzen duguna dela gizon batek nola begiratzen gaituen, eta esan beharra daukat, gauzarik arraroena emakume batzuen eskutik bizi izan nuela. Egun batean gizonen artean nengoen eserita, bazkaritan, eta bukatzean, emakumeek esan zidaten gizonak bezalakoa nintzela. Ea zergatik ez nintzen beraiekin eseri, emakumeok bestelako elkarrizketa batzuk izaten ditugulako. Pentsatu nuen haiek matxistagoak zirela nire aurrean eserita egon zirenak baino! Kulturalki, askotan pentsatzen dugu gizonek egiten digutela zerbait emakumeoi, baina badira emakumeak, gizonak baino askoz ere okerragoak direnak.
«Badirudi modernizatzen ari garela, emakumeak kalean edo edozein tokitan gaude, baina indarkeria matxista izugarria da oraindik. Atentzioa ematen dit»
Bazkaritan joaten dira orduak... Espainiako Enplegurako Ministroak lanaldiak murrizteko proposamena egin du. Egia al da gizonek beranduago bukatzen dutela, emakumeek baino? Lagunduko luke horrek?
Erabat ados nago Ministroarekin, zentzu horretan. Gogorra izan daiteke esatea, baina uste dut gizon askok denbora asko pasatzen dutela kanpoan, ez daukatelako gogorik etxera bueltatzeko. Horregatik jardunaldia izugarri luzatzen dute. Baina uste dut nahikoa lan egin duzula, goizean 08:00etan hasi, eta hiru ordu laurdenetan bazkalduz gero, 18:00ak arte jarraituta. Joan zaitezke etxera, kirola egitera, buelta bat ematera... Eta gero, behar izanez gero, beste parte bat orduz aritu zaitezke, etxetik. Asko lagunduko luke. Eta ez lanaldia murrizteko bakarrik, baizik eta eraginkorragoak izateko. Badauzkagu ohitura ezegokiak. Asko gustatzen zaigu mahai baten bueltan eseri eta bi ordu pasatzea, bazkaltzen. Oso ondo dago, baina bi ordu kendu dizkiozu zure bizitza pribatuari. Beste modu batera ere egin ditzakegu gauzak. Iparraldean, agian, oso ohituta daude argi ordu gutxiago dauzkatelako, baina beste ohitura batzuk dituzte, eta gurera ekarriz gero, onuragarriak lirateke.
Familia kontziliazioan lagunduko luke?
Erabat egokia litzateke. Ez dakit noiz iritsiko den, baina planteatu beharko litzateke, serio. Europako enpresa batekin lanean ari zarenean, arratsaldeko 18:00etan emaila edo faxa bidali eta ez dizu inork erantzuten. Eta erantzuten badu, etxetik ari delako da. Edo Txinarekin ari banaiz, beste ordutegi bat behar da. Badaude lan egiteko beste modu batzuk, eta etxetik ari bazara, uztartu ditzakezu; 18:00etatik 21:30etara, adibidez, nere bizitza egingo dut, eta gero, segiko dut pittin bat.
Berdintasunaren aldeko neurriak hartzen dira politikan, baina oraindik falta da. Zer egin dezakezue politikariek?
Badaude emakume politikariak, eta arlo publikoan ondo ikusten dira. Ikusten dena da, gero eta gehiago, indarkeria matxista. Badirudi modernizatzen ari garela, emakumeak kalean edo edozein tokitan gaude, baina indarkeria matxista izugarria da. Horrek atentzioa ematen dit. Badirudi gizarte bezala aurrera goazela, eta orain dela 10, 20 edo 50 urte gertatzen zena, agian etxean eta inork jakin gabe, gaur berdin gertatzen da. Badirudi gizarte bezala ez dugula aurrera egiten; erronka haundi bat dugu. Eta gune pribatura begiratuz gero, hainbat enpresatan oraindik emakumeek badute ibilbide haundi bat egiteko. Alde batetik, norbaitek utzi egin behar die egiten, eta bestetik, beraiek ere ausartu behar dute. Askotan gertatzen zaigu pentsatzea; nola sartuko naiz ni horretan? Hor badago egitekoa. Baliteke hori ez izatea politikoa, baizik eta norberak bere buruarengan konfiantza edukitzea da kontua. Falta zaigu konfiantza pixka bat. Hezkuntza munduan landu beharrekoa izan liteke.
Lanpostuetan ere, izaten dira desberdintasunak. ‘Lanpostu feminizatuak’ gutxiago baloratzen dira ‘maskulinizatuak’ baino; hezkuntza edo zaintza vrs. obra, adibidez. Politikoki zer egin daiteke, hori gainditzeko?
Uste dut gehiago dela enpresa eta langilearen arteko akordioa ematen denean mahai gainean jarri beharreko kontua, edo hitzarmen kolektiboa sinatzean. Aspaldikoak dira egoera horiek, eta urratsak eman behar dira. Baina desberdintasun hori baino, nahiz eta esan behar dudan neri ez zaidala gertatu, lortu behar dena da desberdintasunik ez egotea lan berdina egiteagatik. Horri egin behar diogu aurre lehendabizi. Lan berdina, soldata berdina.
Sabin Etxeako ekitaldia aipatu duzu. Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdietako emakumeek ere adierazpena sinatu duzue. Horrelako ekimenek garrantziarik ba al daukate? Edo paperean geratzen dira?
Ez nintzen egon Gernikako horretan, agerraldi bat neukalako. Baina bai, horrelakoak lagungarriak direla uste dut. Agian ez dira izugarrizko urratsak, baina da modu bat, gizartearen aurrean zerbait adierazteko. Izan ere, albistegietan, egunkarietan ematen da horien berri, eta gogorarazten digute hor zerbait badagoela. Uste dut horrelako keinuak egin behar direla. Gogorarazi behar zaio gizarteari ibilbide bat egin dugula, baina oraindik badaukagula zeregina. Seguru ez duela eragin zuzenik izango, baina badauka bere balioa. Erakusten du emakumeok elkartzen garela.
Politikariek bakarrik ez. Gizarteak eta norberak ere badauka zeregina, berdintasunaren bidean. Zer?
Emakumeok behar duguna da, lehendabizi, gureganako konfiantza landu. Norberak egin dezakeen lana, edozein mailatakoa izanda ere, edo gustokoa duzun hori egitea, edo tarte bat bakarrik edo lagunekin pasatzea... lortzen da konfiantzarekin. Horrek eramaten zaitu edozein tokitara. Agian baten batek pentsatuko du neri erraza jarri didatela. Baina uste dut konfiantza landuz lortzen dela. Ez naiz inor baino gehiago, baina gutxiago ere ez.