MIKEL AGINAGALDE UGARTEMENDIA
Zenbat denbora daramazu Euskal Herrian eta zer dela eta etorri zinen?
Orain dela bost urte heldu nintzen Euskal Herrira, Estatu espainiarrak emandako turismo-bisa bat baliatuta, eta nire aberria atzean utzi ondoren. Lehenago, Marbellan (Andaluzia) eta Valentzian bizi izan nintzen denbora batez, eta ostalaritza alorrean lanean jardun nuen; bertan nire egoera zibila erregularizatu nuen. Gerora, Bizkaiko Arratia herrira joateko aukera izan nuen, eta handik Hernanira etorri nintzen. Saharatik alde egitearen arrazoi nagusia ekonomikoa izan zen; bizi baldintza duinak bilatzea zen asmoa, nire herrikide anitzek egin izan duten bezalaxe. Gaur egun langabezian nagoen arren, lan aukeraren bat aterako den itxaropena daukat. Hala ere, nire egoera benetan berezia da. Izan ere, Estatu espainiarrak Sahara herrialde gisa onartzen ez duenez, nik herrigabe estatusa daukat, eta egoera horrek nire asmoak oztopatzen ditu.
Estatu espainiarraz gain, badaude Sahara herri bezala onartzen ez duten beste hainbat herrialde. Nola ikusten duzu zure aberriaren egungo egoera?
Sahararrak ikusten ari garena da, gure herriak Marokorekin bizi duen gatazka konpontzeko nazioarteak duen konpromiso falta. Espainiako Gobernua, esaterako, ez ikusiarena egiten ari da azken hamarkadetan, eta okupazioaren aldeko mugimendu estrategikoak egin izan ditu, zoritxarrez. Esate baterako, Saharako baliabide naturalak irrazionalki ustiatzen ari den Marokoren jarrera, begi onez ikusten du Madrilgo gobernuak, baita mendebaldeko gizarte kapitalistek ere. Orain hilabete inguru, hala ere, Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak kaleratutako ebazpenaren arabera, saharar herriari kontsultatu behar zaio nekazaritza eta arrantza produktuen ustiapen eskumenei buruz; hau da, sahararrek eduki beharko lukete erabakitze ahalmena. Modu baikorrean baloratzen dugu Estrasburgon adostutakoa, eta aurrerapausoa dela deritzogu. Dena den, Nazio Batuen Erakundeak eta gainontzeko nazioarteko eragileek izan dituzten aurrekariak aintzat hartuta, ez dugu etorkizunean modu baikorrean sinesteko arrazoi haundirik.
«Errefuxiatuen kanpamentu horietan guztietan izana naiz, eta esan behar dut, egoera oso dramatikoa dela».
Nolakoak dira errefuxiatuen kanpamentuetan bizi diren zure herrikideen bizi baldintzak?
Kanpamentuetan bizi duten egoera, zinez kaotikoa da. Aljeriako Tinduf hiriaren inguruan, bost errefuxiatu gune daude; eta bertan, orotara, 180.000 saharar inguruk bizirauten dute, egoera oso prekarioan. Janari eta botiken beharra handia da, eta kanpotik iristen denaren menpe bizi dira. Zentzu horretan, garrantzia haundia du eta asko eskertzen da, Euskal Herritik eta beste zenbait lekutatik bidaltzen den era guztietako laguntza.
Hamarkada ugari daramazkigu irtenbide bat bilatu nahian, baina Marokok erakusten duen jarrera zorrotzaren aurrean, zaila da onurak lortzea. Ni neu kanpamentu horietan guztietan izana naiz, eta aski ongi ezagutzen ditut esparru horien nondik norakoak, eta esan behar dut, egoera oso dramatikoa dela. Beroa jasanezina izateaz gain, azpiegitura ezak biziraupenerako itxaropena murrizten du. Gaztea nintzenean, errefuxiatu gisa bizi izan nintzen kanpamentuetan, eta ondoren Kubara joan nintzen, ikasketak amaitzera. Gerora, berriz ere itzuli nintzen Tindufera; fusila hartu, eta Polisarioarekin frontean aritu nintzen. Maroko eta Mauritaniaren aurka, gerrilla-gerran ibili ginen, eta garaipen garrantzitsuak lortu genituen okupatzaileen aurka.
Azkenaldian komunikabide ezberdinetan entzun da, gatazka politikoa momentu tirabiratsuan dagoela, eta irtenbiderik aurkitu ezean, Polisarioa armak berriro hartzeko prest dagoela. Zer deritzozu?
Zalantzarik gabe, egoera lehertzeko zorian dago, eta aterabiderik aurkitzen ez badugu, gerrara itzuliko gara berriro ere. Sahararren artean aldarri hori gero eta ozenagoa dela ziurta dezaket. Esan bezala, Marokoren jarrera autoritarioari aurre egiteko lanabesak falta zaizkigu, eta nazioarteko eragileak itsu daude arazoaren aurrean. Mendebaldeko Saharan, adibidez, okupatzaileek 2700 kilometroko horma eraiki zuten 1980 eta 1986 urteen artean, eta harresi hura pertsonen kontrako minez josi zuten. Gainera, gure herrikideen aurkako erasoak etengabeak izan dira gaurdaino: legez kanpoko atxiloketak, preso politikoen aurkako zigor gogorrak, torturak, erailketak... Egoera hori ikusita, eta 1991an adostutako Bake Akordioan aurrerapausorik eman ez dela ikusirik, bide militarra besterik ez zaigu geratzen. Izan ere, Marokok ez ditu inondik inora bete, bakea lortzeko hartutako konpromisoak. Esaterako, lehenago aipatutako harresia eraikitzen jarraitu dute, eta beste adostasun asko ere bortxatu dituzte. Gezurretan eta tranpati aritu dira uneoro. Hori guztia aintzat hartuta, esan behar dut ni, pertsonalki, frontera itzultzeko gertu nagoela, nire herria eta herrikideak defendatzeko prest nagoela, alegia.
Autodeterminazio eskubidea eskuratuko duzuela uste al duzu?
Noski baietz, ez daukat zalantzarik; baina lortzekotan, borroka gogorrari esker izango dela ziur naiz. Esan bezala, estrategia militarra ez dugu inola ere baztertzen. Edozein bitarteko erabiltzeko prest gaude, gure herriaren askatasuna lortzeko. Hala ere, uste dut Nazio Batuen Erakundeak eta nazioarteko potentziek, Marokori blokeo ekonomikoa egitea ezinbestekoa dela; eta hori lortzeko, laguntza eta elkartasuna beharko ditugu. Okupatzaileak badaki, erreferendum bat eginez gero, independentziaren aldeko jarrera erabatekoa izango dela. Zentzu horretan, Marokoren estrategia argia da. Mendebaldeko Saharan kolonoak sartzen ari dira, bertako herritarrekin nahasteko xedez, eta demografian aldaketak eragin nahian. Hori gutxi ez, eta sahararrak Marokora eramaten ari dira, bertan ikasi, lan egin eta asimilatu daitezen. Ziur naiz, beren helburua ez dutela lortuko. Izan ere, kulturalki eta hizkuntzari dagokionez, oso desberdinak gara, eta mundua ulertzeko dugun modua ere diferentea da.
«Nabaria da gure herriak Marokorekin bizi duen gatazka konpontzeko nazioarteak duen konpromiso falta».
Esan duzunez, Estatu espainiarrak Marokorekiko izan duen jarrera kolaborazionista izan da. Euskal gizarteak zein posizio hartu duela iruditzen zaizu?
Estatu espainiarreko Gobernuak izan duen jarrera, ezin konpara daiteke gizarte zibilak izan duen elkartasunezko jarrerarekin. Gizarte eragile asko gure kausara batu dira, eta beti eman izan diguten laguntza eskertzen dugu, zalantzarik gabe. Gurekin erabat ados daude, eta Moncloan egon diren gobernu ezberdinen izaera atzerakoia salatu izan dute. Beraz, ez da komeni gobernua eta gizarte zibila nahastea.
Euskaldunei dagokienez, betidanik erakutsi duten elkartasuna, borrokarako grina eta sahararroi eskaini diguten berotasuna ikaragarria izan da. Hemen inon baino hobeto nagoela aitortu behar dut; izan ere, lagun euskaldun asko egin ditut, eta beti laguntzeko prest agertu zaizkit. Aipagarria da, aldi berean, nire herrikide den Hassana Aaliarekiko euskal gizarteak, eta bereziki Hernaniko herritarrek, izan duten elkartasuna eta abiatutako kanpaina. Borroka eta aldarrikapenaren bidez, helburuak lor daitezkeela frogatu dute, eta horrek guztiak, aurrera jarraitzeko indarra eman digu.
«Euskaldunek betidanik erakutsi duten elkartasuna, borrokarako grina eta sahararroi eskaini diguten berotasuna ikaragarria izan da».
Zure sendia Mendebaldeko Saharan bizi da. Ba al duzu haiekin harremanik?
Bai, badut harremana. Nire guraso eta anai-arrebak Smara hirian bizi dira; Mendebaldeko Saharako hirigune nagusienetakoa da. Nire familiakoekin, gutxi gorabehera, hiru egunetik behin hitz egiten dut whatsapp bidez. Hemendik gutxira Afrikara itzuliko naiz, beraiekin egun batzuk egotera, eta bertan hilabete inguru egoteko asmoa dut. Ondoren, berriz ere Euskal Herrira itzuliko naiz. Egunen batean, beraiekin elkartu nahi nuke Sahara libre batean.
Janaria emateko azkeneko eguna gaur, 250 kaxa baino gehiago betetzeko
Herriko supermerkatuetan bilduko dute janaria gaur, aurtengo kanpainan azkeneko aldiz. Dagoeneko, 247 kaxa bildu dituzte, Saharara eramateko.
Bi hilabeteko kanpainari, gaur emango diote bukaera; eta azkeneko aukera izango da, beraz, Saharako errefuxiatuen kanpamenduetarako janaria emateko. Atzo bezala, gaur ere, herriko supermerkatuetan egingo dute azkeneko bilketa.
Eskatu dituzte konpresak, lekaleak, pasta, arroza, azukrea, atuna, olioa, galletak...
Eskatu dituzte konpresak, pasta, arroza, lekaleak, azukrea, atuna, olioa, galletak...
Dagoeneko, 247 kaxa beteta
Aste honetan bertan, orain arte bildutakoaren errepaso bat egin dute, eta dagoeneko, 247 kaxa zeuden beteta, mota guztietako produktuekin.
Horrela, konpresekin 39 kaxa bete dituzte; lekaleekin, beste 38 kaxa; pasta eta arrozarekin, 59na kaxa daude; atunarekin 23 kaxa; olio botilekin 6 kaxa; eta galletekin beste 3 kaxa.
Eta arropa ere jaso dute, bilketa kanpaina honetan.
Atzo eta gaur bildutakoarekin, beraz, 250 kaxa baino gehiago beteko dira, eta milaka kilo produktu eramango dituzte Hernanitik, Saharako kanpamenduetara.