Erreportajeak

«Bufoia aukeratu dut, buruhaundien artean»

Kronika - Erredakzioa 2017ko urt. 31a, 01:00

Milanen ikasten ari da Aritz Hernani Mena, 21 urteko hernaniarra. Distantzia luzera egon arren, ordea, Hernaniko Inauterietako kartel lehia­ke­tan hartu du parte, eta baita ira­bazi ere! Irrikaz dago, kar­tela paretetan ikusteko.  

Diseinuarekin edo marraztearekin zerikusirik duen zerbait ikasten ari zara?
Diseinuarekin gehienbat, bai. In­dustria Diseinuko eta Pro­duktu Garapeneko Ingenia­ri­tza ikasten ari naiz Mondra­gon Unibertsitatean. Produk­tuen diseinura bideratuta dago gradu hau, baina diseinu grafikoko nozioak ere ikasten dira. Orain, kurtsoko lehe­nen­go seihileko hau diseinuaren hiriburuan, Milanen, ari naiz ikasten, Erasmus programari esker. Baina, diseinuaz aparte, marrazkiak-eta, egitea oso gogoko dut. Txikitatik aritu naiz honetan. Luis Telle­ria­rekin hasi nintzen eskolaz kanpoko pintura tailerretan! Eta, hara, orain diseinuko gradu bat bukatzen.

Aurreneko aldia da kartel lehiaketa batean parte hartzen duzula?
Bai. Diseinuarekin erlaziona­tu­ta­ko lehiaketetan parte har­tu izan dut, baina kartel lehiaketen mundua berria izan da niretzat.

Azken bi urteetan Ruben Lucasen kartela izan da Hernaniko Inauterietako iragarle. Aurten, zurea. Espero zenuen? Nola hartu duzu berria?
Ez nuen inondik inora espero, benetan. Izugarri poztu nin­tzen berria jaso nuenean! Oso sentsazio polita da egindako lanaren balorazio on bat jasotzea! 

Oso kartel deigarria dela esan daiteke… Osaba Sam ere gogorarazten du! Zein izan duzu helburua?
Bai! Kartel dibertigarri bat egitea pentsatu nuen. Argi neu­kan Hernanirekin zeri­ku­sia zu­en zerbait egin nahi nuela, ia beti erabiltzen diren ikonoak (udaletxea, adibidez) alde ba­te­ra utzita! Horregatik aukeratu nu­en Hernaniko buruhandi bat! Bufoia! Inau­te­rie­tan asko ikusten den mo­zo­rro­etako bat da-eta! Eta be­ha­tza­ren kei­nua…. agurtzeko as­kotan egi­ten dudan keinua da! Kar­te­lean nahitaez jartzeko beharra neukan! Bufoiari ederki da­torkion gestua da gainera!

Ideia hori argi izan zenuen hasieratik?
Bai! Lehiaketan parte hartzea erabaki nuen momentutik banekien idea honekin lan polita egin nezakeela!

«Luis Telleriarekin hasi nintzen eskolaz kanpoko pintura tailerretan»

Zein izan da kartela diseinatzeko prozesua? 
Idea argi edukita prozesua ez da zaila. Lehenengo eskuz egin nuen diseinua. Beste dena ordenagailuz, diseinu bektorialeko programa bat erabilita.

Kanpoan ikasten ari zarela aipatu duzu. Izango al duzu aukerarik zure kartela Hernaniko kaleetan ikusteko? Ilusioa egiten dizu?
Azterketak lehenengo aukeran gainditzen baditut, Hernanin izango naiz Inauterietarako! Es­­pero dut hala izatea! Izu­ga­rriz­ko ilusioa egin dit nire he­rriko inauterietako kartela kaleetan ikustea! Eta ez dut inola ere galdu nahi! 

Eta Inauteriak, hemen biziko al dituzu? Italiako hainbat tokitan ere modu berezian ospatzen dira…
Baietz espero dut! Hala ere, Italiako inauteriak ere oso politak omen dira. Veneziako maskarak edonon ikusi dai­tez­ke hemendik eta inau­te­rie­tako gozoak salgai daude jada dendetan. Inauteriak gertu daude, eta nabari da.

Badaukazu Inauteriak ospatzeko ohiturarik? Gustuko dituzu?
Ez da nire festa gustukoena, baina, bai ospatzen ditut!

Kartelarekin asmatu duzu. Mozorroarekin ere, asmatuko al duzu?
Ez nahiz mozorro-zalea, egia esan. Ez dakit aurten mo­zo­rro­tuko naizen edo ez. Ez dut horretan pentsatzeko auke­ra­rik eduki! Mozorrotzekotan azken orduko zerbait izango da! Ea honekin ere asmatzen dudan! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!