Erreportajeak

«Guregana gerturatzen den horrek izan dezala aukera aisialdia euskaraz egiteko»

Erabiltzailearen aurpegia Lide Iraola 2024ko mar. 16a, 00:00

Iñaki Otxotorena Burrunbako lehendakaria eta Maddi Aranburu

Burrunba gazte euskalzaleen taldeak bi urte bete ditu. Iñaki Otxotorena lehendakariak eta Maddi Aranburu kideak bi urte horien errepasoa egin dute.

Bi urte egitekoa da Burrunba Hernaniko gazte euskaltzaleen taldea. Bazuten kezka bat eta horrekin zerbait egin nahia ikusi zuten: «Noiz onartuko dugu Hernaniko euskararen egoera ez dela uste bezain ona?», galdera luzatu zieten herritarrei. Ordutik, Burrunbak kultura proposamenak egin ditu, aisialdia euskaraz egiteko aitzakia gisa. Iñaki Otxotorena eta Maddi Aranburu taldeko kide dira, eta orain arteko bidetik ikasitakoa partekatu dute.

 

Hernani herri euskalduna da?

Iñaki Otxotorena: Nik esango nuke ezetz. Sentimendu aldetik bai, baina jende askok, bere burua euskalduntzat izanda ere, gaztelaniaz egiten du egunerokoa.

Maddi Aranburu: Euskararen kale erabilera datuen arabera, Hernanin %33 egiten da euskeraz. Beraz, euskalduna baldin bada euskaraz egiten duena, Hernani ez da herri euskalduna. Nola definitzen den, horren arabera. Eta guk erabileran jarriko genuke fokua.

 

Euskeraz bizi daiteke?

I.O: Horretarako esfortzua eginez gero, nik uste gehiengoan baietz. Komertzioetan, adibidez, haiek agian ez dira gai izango euskaraz erantzuteko, baina ulertzen zaituzte. Gertatzen dena da batzuetan pentsatzen dugula ez gaituztela ulertuko, eta hasieratik egiten dugula gaztelaniaz. Horregatik, garrantzitsua da lehenengo hitza euskaraz egitea.

M.A: Oso zaila da %100an euskaraz bizi ahal izatea, bai Hernanin baita Euskal Herriko edozein herritan ere. Baina askotan gure akatsa da, hasiera batetik gaztelaniara pasatzeagatik. Hor dago gure erronka.

 

Zeintzuk dira Burrunbaren erronkak?

I.O: Kulturan, adibidez, hutsunea nabaritu dugu. Eskaintza gutxiago dago, eta Hernanira are gutxiago iristen da.

M.A: Bai, eta aisialdian eragin nahi genuke. Konturatu gara euskalduna kontsideratzen dugun inguruan ere gaztelania entzuten dela barra-barra. Jende askok etxean euskara jaso du, eskolan ere bai, baina lagunen artean gaztelaniaz egiten du.

 

Hori zergatik gertatzen dela uste duzue?

M.A: Ohiturengatik. Kuadrillen barruan bertan, batzuekin euskeraz egiten duzu, eta besteekin ez. Hogei urtez pertsona batekin gaztelaniaz egin baduzu, oso zaila da egun batetik bestera euskarara igarotzea. Horregatik dira baliagarriak Euskaraldia bezalako ekimenak, txipa aldatzen laguntzen dutelako.

I.O: Erreferente gehienak gaztelaniaz jasotzen ditugu, nerabezaroan gehienbat. Eta adin horretan lagunekin gaztelaniaz egitera ohituz gero, normalean ez da ohitura aldatzen. Nik uste Lehen Hezkuntzatik Bigarrenera igarotzean dagoela aldaketa.

M.A: Umorea egiteko, adibidez, gaztelaniara jotzen dugu. Eta euskara esparru akademikoarekin lotzen dugu.

Gure aisialdia oso lotuta dago taberna giroarekin; alegia, oso geldoa da. Orduan hor egin beharko genuke zerbait, euskaraz egin ahal izateko espazioak sortu. Kultura ere bada horretarako aitzakia.

I.O: Bai, eta herri izaera indartzea eta harremanak zabaltzea, adina muga izan gabe. Antolatzen baditugu elkargune batzuk, jendeari espazioa ematen diogu euskaraz egiteko, agian lanean ezin duelako, etxean ere ez eta kuadrillan ez duelako lortzen.

Horretarako, pentsatu izan ditugu ekintza alternatiboagoak, izan jolastea, kantatzea, mendira joatea… Baina beldurra sortzen zaigu ea jendeak ez duen erantzungo.

 

Bertso bazkariak edota kontzertuak antolatu dituzue, besteak beste.

M.A: Existitzen diren erreferenteak ekarri nahi izan ditugu. Antolatu duguna euskaraz izan da, horixe da gure irizpidea. Gutxienez guregana gerturatzen den horrek izan dezala aukera aisialdia euskaraz egiteko.

I.O: Saiatzen gara ikusgarritasuna ematen erreferenteei, guk ezagutzen duguna baino aukera handiagoa dagoelako. Jendea erakarri nahi dugu, baina ez da beti asmatzen. Hala ere, oso erantzun ona jaso dugu, oro har. Lehenengotako ekintza izan zen bertso bazkaria, eta kostako zitzaigula uste genuen. Baina oso ondo funtzionatu zuen.

M.A: Jarraitu behar dugu asmatzen zerbait berria ere nola egin. Horretan gabiltza lanean.

 
Herrian eztabaidarik sortu dela nabaritu duzue?

M.A: Hasieran gehiago. Moskeo kanpaina egin genuen; herrian zehar kartelak itsatsi genituen %33 markatzen zuen irudiarekin [Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren Hernaniko datua]. Jendea ibili zen galdezka.

I.O: Sortu zen kuriositate hori, eta hori zen helburua. Azken finean, ehuneko bat jartzeak Hernaniko euskararen egoerari, jendea harritzen du.

M.A: %33 oso gutxi da, esan nahi du hamar pertsonatik hiruk bakarrik egiten dutela euskaraz kalean.

 
Azken urteotan aldaketarik antzeman duzue Hernanin?

I.O: Nik uste egoerak antzeko jarraitzen duela. Jende helduagoarekin hitz eginda, lehen ere sentipen bera zuten: Hernanik kanpotik herri euskaldunaren itxura badu ere, euskarak duen presentzia txikia dela.

Baina esango nuke azkenaldian euskarak espazioak galdu dituela. Esaterako, gaztelaniazko musikak eta komertzialak espazioa jan diola euskarazkoari. Duela urte batzuk, txosnetan gutxienez ia musika guztia euskalduna zen, eta gaur egun, berriz, ez.

 

Doberak 30 urte egin zituen iaz, eta sortzaileekin solasaldia egin zenuten. Atera zenuten ondoriorik?

M.A: Beraiek komentatu zuten poza zutela berriz ere jendea mugitzen ari zelako. Baina, aldi berean, lehen mugimendua egon baldin bazen, eta orain ere ari bagara, da tartean zerbait galdu delako, oraindik hutsuneak daudelako.

I.O: Haiek mugitu ziren euskarak behar zuelako, eta guk ere zerbait egiteko beharra ikusten dugu. Baina denok ados ginen zailena dela asmatzea zer egin, nola, noiz…

 

Zer ari da egiten Hernani euskararen alde?

I.O: Nik uste orokorrean egoeraz kontziente garela, eta ari garela gauzak aldatzen saiatzen. Udalak laguntzen du, Doberak ere… Eta badaude espazioak euskaraz egiteko.

M.A: Euskaraz bizitzeko aukera badago ehuneko handi batean, eta ez da gutxi. Ez gara jarriko beltz beltzean, baina gu ehuneko ehunaren bila goaz.

 

Nola ikusten duzue Euskal Herriko panorama?

M.A: Tristea.

I.O: Esan dugunaren ildotik, gaitasun aldetik jende gehiagok daki euskaraz, baina erabilera ez da handitu; adibidez, oso euskaldunak diren herrietan jaitsi egin da. Zerbait aldatu beharra dago.

M.A: Analizatzeko modukoa da, eta horretan ari dira profesionalak. Baina denok pentsarazi beharko gintuzkeen gauza da.

 

Hainbat txokotan euskara taldeak sortzen ari dira.

M.A: Badago mugimendu bat, lehen urte askoz egon zena baina gero baretu zena, normalizazioak bere bidea egin duelako. Baina ikusi da normalizazio horrek ez duela bermatzen euskaraz bizi ahal izatea. Eta gazte jendea hasi da mugitzen.

I.O: Euskara debekua zenean indar haundia egin zen horri buelta emateko, eta gauza asko lortu ziren. Baina denborak erakutsi du zerbait gehiago egin behar dela. Orain leku askotan kontzientzia hori pizten ari da, eta jendea mugitzen ari da haizea emateko euskarari.

 

Zuei nolatan piztu zaizue euskarekiko kezka?

M.A: Nik uste dut betidanik izan dudala, nire etxean oso presente egon delako euskalgintza. Hori jaso dut, eta beti ibili izan naiz gertu. Niretzako euskara da euskaldun egiten gaituena, eta horri eutsi behar diogu.

I.O: Nik ere euskara naturalki bizi izan dut umetatik. Baina, egia da Burrunba sortu genuenetik gehiago hausnartu dudala, eta konturatu naiz uste baino proportzio txikiagoan bizi naizela euskaraz. Ikusten ditugun pelikulak, entzuten dugun musika… Hein handi batean gaztelaniaz dela.

Kasu batzuetan inertziaz. Adi­bidez, webguneak automatikoki gaztelaniaz irekitzen badira, esfortzu txiki bat egin behar dugu euskaraz jartzeko. Baina presaka bizi garenez, gehienetan gaztelaniaz egiten dugu bilaketa. Hezkuntzako webgunea, esaterako. Eta ez baduzu horrekiko kontzientzia, ez duzu egiten.

M.A: Erreferenteen bila ere gu geu ibili behar gara. Pelikula bat ikusterako orduan, jo behar dugu Primeran plataformara edota Zer Non Ikusi webgunera jakiteko ea euskaraz zer eta non ikusi behar dugun. Aukerak ez dira guregana iristen.

 

Biak irakasleak izanda, ze paper betetzen du eskolak?

I.O: Eskola bere horretan ez da gai pertsona bat euskalduntzeko.

M.A: Hezkuntza eredua ez dago prestatuta horretarako: laguntzak ez dira nahikoak, murgiltze eredua ere ez… Eta, gainera, eskolan baino denbora gehiago ematen dute hortik kanpo. Gizarte osoaren konpromisoa behar da.

I.O: Behar da kirol taldeetan ere arreta jartzea horretan, akademietan, etxean…

M.A: Eskolan lan egiten dugunak saiatzen gara alternatibak ematen; musika edota pelikulak adibidez euskarazkoak izaten dira. Saiatzen gara baita ere familiaren aldetik jarrera positiboa lortzen.

I.O: Baina ikasleak ez dira inozoak. Konturatzen dira euskararik gabe ere bizi daitezkeela, eta, beraz, beren esfortzua gutxienekoa da. Gainera, umeak komunikatu egin nahi du, eta eskolak ez die denei bermatzen horretarako euskarazko maila. Adierazi nahi dute zer sentitzen duten eta zer gertatu den, eta beraientzat momentu horretan euskara ez da baliabide bat.

 

Zertan ari da Burrunba lanean orain?

I.O: Udalak gonbitea egin zigun Euskara Kontseiluaren parte izateko, eta bilduta ibili gara. Azken finean, amankomunean dugu euskara normalizatzeko interesa, eta ezin gara ibili bakoitza bere aldetik. Gainera, udalak baliabideak eskaini diezazkiguke gure proiektuak aurrera eramateko.

Hortik bideratu dugu Amherrekin elkarlana ere. Asmatu nahi dugu nola hurbildu gazte etorkinak euskarara.

M.A: Gure lanak funtziona dezan nahi badugu, denon artean egin behar dugu bultza. Amherrekin elkarlanean aritzearen helburua bada baita ere harreman berriak egitea. Burrunban bertan kuadrilla ezberdinetakoak gara denak, eta hori da polita. Burrunbagatik ez balitz ziur ez genukeela gure artean horrelako harremanik egingo. Amherrek ere horretarako aukera emango digu, kuadrilla zabaldu eta jende berria ezagutzekoa.

 

Beste herrietako talde euskaltzaleekin elkarlanean aritzeko asmorik duzue?

M.A: Polita izango litzateke elkartu eta kezkak eta ideiak partekatzea. Ziurrenik asko izango ditugu amankomunean.

I.O: Bai. Beraiek nola planteatu dituzten gauzak, eta arrakasta izan ote duten.

M.A: Zerbait badakigu sare sozialen bitartez, baina mahai inguru bat egitea eta kontaktu sare bat eraikitzea ondo legoke. Baita ere elkar animatzeko, indarra emango liguke.

 

Burrunbak ateak irekita ditu?

M.A: Noski. Beti dago atea irekita probatzeko, ezagutzeko, proposamenak egiteko… Ez dugu konpromezu zehatz bat eskatzen, norberak ahal eta nahi duena eman dezake.

I.O: Izan daiteke noizean behin ekintzak prestatzen laguntzeko, edota modu aktiboagoan parte hartzeko. Oraintxe bertan, zortzi bat lagunen artean saiatzen gara gauza ezberdinak egiten, eta laguntza behar dugunean, gure ingurukoei eskatzen diegu. Baina polita litzateke jende berria hurbiltzea, harreman sarea zabaltzeko eta ideia berriak ekartzeko. Burrunban irekiak gaude, eta behar dugu jendea etortzea.

Irati Sarasua kazetaria, Iñaki Otxotorena eta Maddi Aranburu.

 

Gazte euskaltzaleak, saretuta

EUSKALTZALEEN SAREA

Duela bi urte aurkeztu zuten Gazte Euskaltzaleen Sarea, hain justu Korrikaren azken edizioarekin bat eginez. Euskara ez da aurrera joango, aurrera eraman behar da lelopean sortu zuten sarea, eta horretarako gazte belaunaldiak ezinbesteko papera duela nabarmendu zuten.

Naia Barrenetxea hernaniarra sarearen parte egin berri da, eta argi ikusten du euskalgintzari gazte ikuspegitik ekiteko beharra: “Gaztetasuna falta du. Gure «belaunaldiaren ahotsa behar dugu jakiteko zer falta zaigun gazteok euskaraz bizi gaitezen».

Oztopo nagusietako bat hezkuntzan ikusten dute, eta horren harira mugiarazi zuten iaz Hezkuntza Euskaraz ekimena. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizazioak egin zituzten salatzeko gaur gaurkoz «ezinezkoa» dela ikasketak euskaraz egitea osorik.

Barrenetxearen ustez, ekimena inflexio puntua izan zen GESentzat, izandako oihartzunagatik. Baina, aldi berean, nazio mailako mugimenduak proposamen zehatzak egitea zailtzen duela uste du. «Iaz airean gelditu ziren proposamenak, eta aurten horiek lurreratzeko helburua dugu. Horretarako, lurraldekako lantaldeak antolatu ditugu, tokian tokiko beharrak aztertzeko asmoz».

Sarea ehuntzen joateko beharrezko ikusten du herrietako euskara talde eta gazte asanbladekin harremanak eraikitzea, eta horretan ari dira. Orain, are gehiago, denok batera Korrika egiteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!