Erreportajeak

Iratzea, herri-lurrak babesteko (edo saltzeko?)

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz Azkue

Akola inguruak iratzez beteta, 1950ean. Argazkia: Jesus Elosegi Irazusta - Aranzadi Zientzia Elkartea

Iraila da. Ira edo iratzea ebakitzeko hila. Eta ahoz aho erabiliko dugu hitz hori datozen asteetan, landare baten mozketak hilabete bati izena emateko adinako garrantzia zergatik ote duen pentsatu gabe; jakin gabe, gure bailaran bertan, Urumean, iratze mozketak ikaragarrizko garrantzia izan duela mendeetan zehar eta utzi duela arrastoa herrien egungo antolaketan. Izan ere, iratzeak, garoak edo iñistorrak, deitu nahi duzun moduan, paper oso garrantzitsua izan du herriarenak diren lurren, herri-lurren, edo lur komunalen garapenean. Zergatik? Egin dezagun historian atzera.

Euskal Herriko eremu atlantikoan iratzea herritarrentzat ezinbesteko lehengaia izan da duela hamarkada gutxi batzuk arte. Irailean ebakitzen zen maiz, gorritzen hasten zenean, ondoren ukuiluan abereei azpiak edo oheak egiteko. Iratze hori, abereen pixarekin eta gorotzarekin nahastu eta ongarri bikaina izaten da gero baratzean edo soroan zabaltzeko. Ongarri kimikorik ez zenean, iñistorra ezinbestekoa baitzen baratzerako, eta hortaz, iratzerik gabe ezin bizi, artxiboko hainbat dokumentutan aurkitu dugun moduan: garorik gabe gosea pasatzeko arriskua handitu egiten zen.

Horregatik, industrializazioa iritsi artean, nekazaritza nagusi zen herri askotan, haserreak eta liskarrak ugariak izaten ziren irailean. Herri askotan ez zen denentzat adina garo izaten. Hori dela eta, udal asko haien herri-lurretan iñistor-tokiak edo iralekuak sortzen hasi ziren, herritarren beharrak asetzeko eta horien artean banatzeko; eta arau zorrotzak ere jarri zituzten, iñistorra mozteko garaian zeuden liskarrak saihesteko.

XIX. mendean, ordea, herriko paisaian ez ezik, iratzeak eragin zuzena izan zuen Euskal Herriko hainbat herrietako lur komunalen banaketan ere. Karlisten eta liberalen gerrak tarteko, desamortizazio garai betean, 1868an liberalak Madrilen jarri bezain pronto, herrietako herri-lurren desamortizazio prozesua indartu egin zuten, pribatizatzeko asmoz. Hala, Hernanin, esaterako, herri-lur guztiak galtzeko zorian izan ziren. 1868an Hernaniko Udalak Juan Ramon Berasategi donostiarrari, erreinuko tribunaletako abokatuari, herri-lurrak babesteko botere guztia eman zion. Prozesua, ordea, luzea eta zaila izan zen. Abokatuak txosten mardul bat idatzi behar izan zuen, banan-banan, Hernaniko herri-lurretako eremuen berri emanez eta horiek zertarako erabiltzen ziren zehaztuz.

Arreta deitzen du, txostenean behin eta berriz adierazten dela herri-lurrak iratzea, otea eta orbela biltzeko guneak zirela eta ezinbestekoak zirela, era berean, herritarren biziraupenerako. Hernaniko Udalak bazekien, horiek pribatizatuta herritar asko iratzerik gabe geldituko zirela, eta horrek, liskarra ez ezik, etxe askotan ongarria lortzeko arazoa ere ekarriko zuela: gosea, alegia.

Hala, Hernaniko Udalak, 1812 eta 1816 artean eta 1821 eta 1824 artean herri-lur asko saldu zituela argudiatuz, orain gelditzen zirenak lur komunal bezala mantentzea ezinbestekotzat jotzen zuen eta, horretarako, behin eta berriz iratzearen erabilera aipatzen zuen. 1897an, ordea, gaia oraindik itxi gabe zegoen eta Madriletik pribatizatzeko agindua eman zitzaion. Udalak, alabaina, herri-lurrak defendatzen jarraitu zuen, 1906ean, azkenean, salbuespena lortu eta egun ezagutzen ditugun lur komunalak mantentzea lortu zuen arte; hein handi batean, iratzea mozten zelako. 80ko hamarkadan, lur horiek Aiako Harriko Parke Naturala bihurtu ziren, eta geroago, Europa mailan babesturiko eremua. Iratzeak Hernaniko herri-lurrak babesteko balio izan zuen, beraz. 

Herri guztietan, baina, historiak harturiko bideak ez ziren berdinak izan eta ikerketa berriei esker, badakigu, esaterako, Errenterian herri lur asko pribatizatu egin zirela. Zergatik? Iratzeagatik. Errenteriako Udalak, 1850ean, diru faltak zirela medio, herri-lurrak saltzeko beharra sentitu zuen; izan ere, haien esanetan lur mota horiek ez zuten errentarik ematen. Hala, sosak irabazteko aukera polita aurkitu zuten iratze lurrak saltzen: garoa herritar gehienek behar zuten, eta garo-lekua erosten zuenak, urtero izango zuen landarea etxera eramateko ziurtasuna, inorekin borrokatu beharrik gabe. Hori dela eta, Errenteriako Udalak iratzea baliatu zuen herritar askori herri-lurrak saltzeko. Urte batzuk lehenago, lehen karlistaldian, 1836ean, Hernaniko Udala ere gauza bera saiatu zen egiten, baina ondoren damutu eta atzera egin zuen.

Herri-lurren pribatizazio prozesuaren eta iratzearen arteko erlazioa gai interesgarria izan daiteke historialarien, antropologoen eta paisaia-arkeologoen begietara. Horren harira, urtetan egindako ikerketaren ostean, aurreko udazkenean Ereñotzuko Udalak lagunduta Aranzadi Zientzia Elkarteak publikatu zuen Iñistorketan, iratzearen kultura Urumea bailaran: paisaia, ondarea eta memoria liburuak bide berri bat ekarri du Euskal Herriko beste hainbat herritan ere ikerketa bera egiteko. Izan ere, garoa mozteko beharrak hauspotuta, herri askotan gertatu zen herri-lurren pribatizazioak erakusten du XVIII. mende amaieratik hona herri-lurren galera nolakoa izan den, eta era berean, laguntzen du ulertzen egungo antolamenduaren zergatia.

Lidia Montesinosek Goizuetan iralekuen eta herriko lurren pribatizazio prozesuen inguruan egindako doktorego tesiak ere adierazten du, oraindik ere, herri askotan iratze leku zaharren eta lur komunalen gaiak pil-pilean dauden kontuak direla. Eta Goizuetan bezala, Aranon ere antzera egin du bidea urak hamarkada askotan.

Iñistorketan proiektuak bul­tzatuta, uda honetan ikertzaile­ak hainbat herritako artxibo­etan ibili gara dokumentu za­harren atzetik. Iratzeak herri-lurrak pribatizatzeko eta babesteko izan zuen gaitasunak oraindik ere ezusteko asko emango baitizkigu, eta bide batez, egungo paisaia eta lurralde antolaketa ulertzen ere lagunduko baitigu. Irailak, iratzea ebakitzeko hilak, eman diezagula aitzakia landare zahar eta berezi honi dagokion lekua emateko. Iratzea zerbait bada, Urumea bailarako historiaren parte ere badelako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!