Egin dezagun 120 urte atzera. 1906ko martxoaren 4an, Goizuetako plazan elkartu ziren goizeko 8etan 6 eta 15 urte arteko herriko ume guztiak, haien irakaslea, herritarrak eta agintariak. Egun berezia zen: lehenbiziko aldia 'Fiesta del árbol' delakoa egingo zena Goizuetan. Zuhaitzek duten garrantzia zabaltzea zuen helburu, eta horri buruz herritarrak sentsibilizatzea. Hala, aitzurrak eskuan hartuta, plazatik Istegitxoko izeneko eremura joan ziren guztiak taldean eta 400 haritz landatu zituzten bertan.
1905eko abenduaren 16an, Goizuetan baino hilabete gutxi lehenago, Hernanin ere antzeko ekitaldi bat egin zen (1905eko Zuhaitz Eguna Hernanin - Kronika.eus). Hernaniko eskoletako ikasleak, irakasleak, udal ordezkariak eta Aldundikoak 14:00etan egin zuten zita Hernaniko plazan. Txistu eta danbolin soinuek lagunduta, Santa Barbara mendi aldera jo zuten guztiek eta bertan 150 intxaurrondo landatu zituzten. Horren ostean, Arrigoain baserrian egin zuten merienda, eta iluntzearekin batera herrirako buelta.
Arreta deitzen du aurretik sekula halakorik egin ez zuten bi herritan, ia une berean, izen bereko eguna antolatu izana: Fiesta del árbol. Zuhaitzaren festa Hernanin eta Goizuetan egin zen, eta bi kasuetan festa giroko ekitaldiak egin ziren, parte-hartze handiarekin. Baina, zergatik antolatu Arbolaren festa? Zergatik bi herrietan momentu berean?
Istegitxokon egin zuten aurreneko 'Fiesta del árbol' hura Goizuetan, 1906an; eta orduan landatutako hariztia bertan dago egun. Argazkia: Jose Javier Etxeberria
Goizuetako Udalean jasotako mezua
1905ko urria zen. Distrito Forestal de Navarra y Vascongadaseko ingeniari nagusiak zirkular bat bidali zuen Goizuetako Udalera. Mezu horretan Udalari adierazten zion 1903ko maiatzaren 11n Errege Dekretu bat atera zela, herri guztietan Fiesta del árbol izeneko ekitaldia egitea gomendatuz. Era berean, Goizuetak ea halakorik egin ote zuen jada galdetzen zuen. Mezu hori jasota, ordura arte egin ez zutela ikusita, Goizuetako Udalak etorkizunean urtero egiteko eta antolakuntzarako 100 pezeta gordetzeko konpromisoa hartu zuen. Hala, 1905ko urriaren 15ean, Goizuetako Fiesta del árbol izeneko ekitaldia 1906ko urtearen hasieran egitea adostu zuen. Hasiera batean, otsailaren 3an jarri zen data.
Baso barrutiko nagusia, izenak berak dioen bezala, Nafarroakoa eta Euskadikoa (de Navarra y Vascongadas) zen, eta arbolaren festa non eta nola egiten zen jasotzeaz arduratzen zen, besteak beste. Hala, oso litekeena da mezu hori bera Goizuetakoaz gain, Nafarroako eta EAEko beste herri askotara, eta tartean Hernaniko udaletxera ere iritsi izana data bertsuetan.
Hori hala izanda, ez da harritzekoa, Goizuetak bezala, Hernaniko Udalak ere udazkenean mezua jaso, baina Fiesta del árbol delakoa 1905ean bertan egiteko saiakera egin izana, abendua garairik onena ez izan arren. Hipotesiak hipotesi, bi herrietan lau hilabeteko epean egin ziren lehenbiziko aldiz ordura arte sekula egin gabeko Arbolaren festak eta zuhaitzek protagonismoa hartu zuten Urumea bailaran, festa giroan ospatuz ekitaldiak.
Udaletara bidalitako mezuak, beraz, eragina izan zuela pentsa daiteke, baina… zergatik bultzatu arbolaren festa XX. mende hasieran? Nondik zetorren proposamena?
2008ko Zuhaitz Eguna, Goizuetan. Argazkia: Andres Narbarte 'Xalto' Eskola
Madril eta Estatu Batuak, 'Fiesta del árbol'aren jatorri
XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran deforestazioari buruzko kezkak zabaltzen hasi ziren gizartean. Mendi asko soilduta zeuden (baita Urumean ere), basorik gabe, egur mozketa handiak zirela eta, hainbat arbolen gaixotasunagatik eta basoak ziren lurrak iratze-toki eta larre bihurtu zirelako, besteak beste. Hala, zuhaitzek zuten garrantzia azpimarratu nahian, hainbat saiakera egin ostean, 1896ko martxoaren 26an ekitaldi handi bat egin zen Madrilen, zuhaitz landaketak bultzatuz eta zuhaitzek duten balioa zabaltzeko asmoz.
Ekitaldia Madrilgo Aldundiak eta Udalak bultzatu zuten, eta ez zen nolanahikoa izan. Zuhaitza ardatz hartuz, kulturari loturiko hainbat arlo jorratu ziren, hala nola, narrazioak, poesiak, fabulak, abestiak eta baita ereserki bat ere. Baina horrez gain, izan ziren hezkuntza arlorako materiala sortu zutenak ere. Izan ere, ekitaldiak hasiera-hasieratik umeengan eta gazteengan jarri zuen fokua eta haiek partaide bihurtu.
Eta hala, Madrilgoak izan zuen arrakastak bultzatuta, Fiesta del árbol-a Estatu espainiar guztira zabaltzeko asmoa nagusitu zen, XIX. mendeko azken hamarkadan egin bezala, ipar Ameriketako Arbor day izeneko ekitaldiaren modeloa jarraituz. Hala, Estatu Batuetako eredua Espainiara eraman zen, eta hura Madrildik herrietara zabaltzeko proposamena zabaldu. Besteak beste, Goizuetara eta Hernanira.
Proposamena zabaltzeko, aurretik aipatu bezala, Errege Dekretu bat atera zen. Hain zuzen ere, Goizuetako Udalera eta beste hainbat udaletara iritsi zen mezuak aipatzen zuen dekretua, zeinari esker arbolaren festak egiten hasi ziren, esaterako, Hernanin eta Goizuetan.
Zuhaitz landaketak baino zerbait gehiago
Ricardo Gurbindo Gil-ek egindako lan bikainari esker, 'La Fiesta y la Hermandad del Árbol. Primeras experiencias ambientalistas en Navarra' liburuak 'La Fiesta del árbol' delakoari buruzko hainbat datu interesgarri azaltzen ditu, eta Nafarroan izan zuen eboluzioa aztertu.
Ikus daitekeenaren arabera, egiteko horretan Tuterako hezkuntza ikuskaria zen Santiago Arnalek garrantzi handia izan zuen. Hala, 1897an, Tuteran bertan egin zen Fiesta del árbol delakoa, eta bi urte beranduago, 1899an, Aldundiak Nafarroako herrietan egiteko aholkua zabaldu zuen. Eta hor, Urumean lurrak dituen Leitza herria sartu zen, zeina Fiesta del árbol ekitaldia egiten Nafarroako laugarren herria izan zen. Estensoroetako eremuan egin zuten landaketa 1900. urtean.
Eta hala, 1903ko Errege Dekretua etorri zen, eta pixkanaka, Nafarroako herriak animatzen hasi ziren. Tartean, Goizueta zazpigarren herria izan zen, 1906ko martxoaren 4an egin zuen Arbolaren festarekin.
Ricardo Gurbindo Gil-ek azpimarratzen duenaren arabera, Madrilgo ekitaldiaren eredua nagusitu zen herri gehienetan. Bertan gai nagusi batzuk zeuden: Zuhaitza, kultura eta hezkuntza, baina elizak ere parte hartzen zuen, bai eta politikariek ere. Izan ere, 1898an Espainiak bere kolonia guztiak galdu ostean, nazio sentimenduak behera egin zuen, eta festa bera sentimendu hori hauspotzeko aukera ona iruditu zitzaien. Hala, ikus daiteke, Espainiako banderak ohikoak zirela Fiesta del árbol-etan. Urumeakoak ez ziren salbuespena izan, ondoren ikusiko den moduan.
Hori horrela, herri bakoitzak bere aldaera izan bazuen ere, ekitaldien formatua nahiko antzekoa izan zen guztietan. Artxiboko dokumentuak aztertuta, Hernanikoak eta Goizuetakoak antzekotasun handiak zituzten haien artean, bai eta beste herrietako batzuen oinarrizko puntuekin ere. Zorionez, Goizuetako artxiboan egun horiei buruzko aktak kontserbatzen dira eta xehetasun handiz erakusten digute duela 120 urteko Arbolaren festek zuten antolakuntza eta itxura.
1915 urtean Zeanurin egin zuten Zuhaitz Eguneko irudia.
Argazkia: Felipe Manterola / Eusko Jaurlaritza /Euskadiko Artxibo Historikoa /Estornes Zubizarreta sendia
Goizuetako Arbolaren Festak
Egun gure herrietan dugun paisaia eta lurralde antolaketa ulertzeko, Udal Artxiboetako dokumentuak oso tresna interesgarriak izan daitezke, historian zehar harturiko erabakien eta egindako ekintzen ondorio baita egungo herrietako testuingurua. Arlo horretan, Goizuetako Udal Artxiboan aurkituriko dokumentuek laguntza handia ematen digute Goizuetako lehenbiziko Fiesta del árbol haiek nolakoak izan ziren aztertzeko, bai eta egungo paisaiaren hainbat elementutan izan duten eragina ezagutzeko ere.
Artxiboan aurkitu diren dokumentuen arabera, Arbolaren festa 1906an ez ezik, hurrengo urteetako 1908an, 1909an, 1910ean, 1918an eta 1919an ere egin zen Goizuetan (bai eta geroagoa ere). Dokumentu horiek aztertuta, guztietan zita herriko plazan egiten zen. Bertan izaten ziren eskolako umeak, irakaslea, alkatea, zinegotziak, basozaina eta herritar batzuk. Urte batzuetan herriko medikua, idazkaria eta parrokoa ere aipatzen dira, gutxienez gonbidatu gisa. Horrez gain, alabaina, badira urte batzuk ekitaldiari buruzko xehetasun asko ematen dituztenak. Horietakoak dira, esaterako, 1908koa, 1909koa eta 1910ekoa.
1909ko otsailaren 10ean Udalak hainbat herritar gonbidatu zituen Fiesta del árbol ekitaldira. Egunean bertan 37 haur elkartu ziren plazan, aitzur txikiekin batzuk eta bandera nazionalaren koloreko banderekin beste batzuk (aktaren arabera, ospe gehiago emateko ekitaldiari). Musikari dagokionez, Aniceto eta Pio Navarro anaiek jotako klarinetea eta danborra izan ziren eguna alaitu zutenak. Haien musikak lagunduta joan ziren Aitasemegira; hain zuzen ere Txamoraberriko iturrira. Udaleko tenientea, aguazila eta Maximino Beriain irakaslea, auzoko hainbat herritar, udaletxeko idazkaria eta zinegotziak joan ziren. Ceferino Loyarte, orduko alkatea ere bertan izan zen, eta festa honetako ohikoa zen mokadua ere banatu zuen (Gurbindo Gil-en liburuan aipatzen da arrautza egosi bat eta bi gaztaina banatzen zirela umeko Goizuetan). Landatzeko gunera iritsi ziren momentutik, ordea, ez zion euria botatzeari utzi; baina hala ere, bizilagunen eta umeen artean 220 haritz arbola landatu ziren. Batzuk landatzen aritu ziren bitartean, beste batzuek mintegietatik arbolak bizkarrean hartuta kargatzeko lanak egin zituzten. Ondoren, umeak zein helduak Txamoraberri baserrira joan ziren. Bertan festaren eta arbolak landatzearen garrantziari buruzko azalpenak jaso, eta orduko Loyarte jatetxea zenak jarritako bazkaria jan zuten guztiek, giro paregabean. Horren ostean, eguraldia are eta gehiago okertzen zela ikusita (elur-bustia kantitate handia botatzen zuen), bakoitza bere etxera itzuli zen.
Urte hartako ekitaldiaren amaiera elur-bustiak zapuztu bazuen ere, 1908an zein 1910ean plazarako buelta ere anaiek jotako musikarekin egin zutela zehazten da. Are gehiago, paso doblea eta beste hainbat pieza alai jo zituztela aipatzen da, eta 1908ko kasuan, plazan bertan guztiek parte harturiko dantzaldi batekin amaitu zela eguna.
Artxiboko dokumentuetan egiten diren deskribapenek xehetasun handiz deskribatzen dituzte ekitaldiei buruzkoak, eta hasiera batean, nahiz eta gero azaltzen ez den, aipatzen da sariak ere egongo zirela ondo landatzen zituztenentzat. Beste herri batzuetan bezala, hezkuntza arloko lanketarik egin ote zen, edota poesia, narrazio, abesti edo bestelakoen lehiaketarik ere egin ote zen ez da esaten inon.
Kontuak kontu, ekitaldiak bere helburua bete zuen. Herritarrak, eta batez ere umeak, zuhaitzen landaketan inplikatzea eta Goizuetako eremu batzuetan bertako arbolak landatzea. Egun, 2026an, orduan aldaturiko haritz batzuek zutik diraute, non eta arbolaren festak egin ziren lekuetan bertan.
Arbolaren Festaren arrastoak paisaian
Hernaniko kasuan harrobiak borratu zituen betiko 1905eko abenduan landatu ziren arbolak. Goizuetan, ordea, 1906ko martxoaren 4an aldaturiko haritzek zutik diraute oraindik Istegitxokoko magalean, Jose Javier Etxeberria goizuetarrak ziurtatu ahal izan duen bezala. 1919ko Alkasoaldeko haritzak ere han dira oraindik. Iñaki Bakerori bere aitona zenak kontatzen zion haritz haiek beraiek landatuak zirela, eta transmisio hori gaurdaino heldu da. Egun, hargatik, badakigu orduko Goizuetako umeek aldaturiko arbolak han direla oraindik.
Artxiboko dokumentuek aipatzen dituzten beste eremu batzuetan ere oraindik ikus daitezke hariztiak paisaian; Aitasemegin, esaterako, nahiz eta arbolaren festan landatutakoak ote diren zehaztea zaila den. Herritarren memoriatik galdu diren duela ehun urteko Zuhaitzaren festaren arrastoak, ordea, gure inguruan jarraitzen du, eta batek daki, bertako leku-izen edo toponimoan ere aztarnarik utzi ote duen. Izan ere, Aitasemegiko magalean, 'Plantadiko hariztia' ere bada. Alegia, inork inoiz landatu zituen hariztiei erreferentzia egiten dien izena. Fiesta del árbol-eko hariztiez ari ote?
'Fiesta del Árbol'-etik Zuhaitz Egunera
Hasieran Fiesta del árbol moduan ekindako ekitaldia leku askotan Gerra Zibilaren etorrerarekin amaitu zen. XX. mendean zehar, alabaina, zuhaitzak landatzeko ohitura berreskuratzen joan ziren herri batzuetan, Fiesta del árbol zenak utzitako arrastoa jarraituz. Hala, Fiesta del árbol zena, El día del árbol edo Zuhaitz eguna moduan berreskuratu zen XX. mendean zehar, Gurbindo Gil-en esanetan, jatorri ingeleseko Arbor day izenak eraginda sorturiko izen berriarekin. Goizuetan, alabaina, 1972ko martxoaren 25eko Diario de Navarrak erakusten digu oraindik ere Fiesta del árbol izena erabiltzen zela, Felix Bakerok ziurtatu ahal izan duen moduan. Izan ere, egun horretako kronikak dioenaren arabera, eskolako ikasleak, irakasleak eta apaiza zuhaitzak landatzera joan ziren. Pinuak izan ziren, hain zuzen ere, landatu zituztenak. Testuaren arabera, Goizuetako Udalaren diru-sarrerak gizentzen lagunduko zuten etorkizunean Goizuetako 1972ko Fiesta del árbol-ean landaturiko pinu horiek.
Bai Hernanin, bai Goizuetan Zuhaitz egunak presentzia handia izan du azken hamarkadetan. Modu batera edo bestera antolatuta, urtero-urtero egin dira, zuhaitzak landatzeko eremua aukeratuz herri-lurretan eta Arbolaren festaren aldean, ekitaldi xumeak eginez, umeak, helduak, landaketak eta hamaiketakoa nahastuz; salbuespen modura, Hernanin 2010ean izandako hitzaldia dugu, landaketa egin ostean Epelen eta Usokon egindako ikerketei eta basoei buruzko azalpenak emateko balio izan zuena, Ereñotzun bertan.
'Plantadiko hariztia', Aitasemegiko magalean. 'Fiesta del árbol'ean landatua delako ote datorkio izena? Argazkia: J.J. Etxeberria
Eta etorkizunean, zer?
XIX. mendeko eta XX. mende hasierako deforestazio eta mendiaren higadura arazoek bultzatuta, hasi ziren lehen Arbolaren festak egiten bailaran. Beranduago, kanpoko espezieen etorrerak bultzatuta, eta aurretik zetorren dinamikarekin jarraituz, Zuhaitz egunek hartu zuten lekua agendan.
XXI. mendean, XIX. mendearen amaieran egin bezala, ondo pentsatu beharko genuke une honetan gure paisaiaren egoera zein den eta zer behar dauden; edota ea etorkizunera begira egingo diren Zuhaitz egunek zein helburu izango duten. Benetan herri-lurretan baso gehiago sortzea beharrezkoa ote den edo desagertzen ari diren beste mota bateko paisaiak eta habitatak berreskuratzeari heldu beharko ote geniokeen, esaterako. Interesgarria litzateke biodibertsitate galerari eta klima aldaketari aurre egiteko, etorkizunean herrian eta bailaran izan nahi dugun paisaia irudikatzea eta udalek horri buruzko lanketa egitea; eta horren arabera, zein motatako habitatak non behar duen antolatzea, planifikaturiko jarduerak diseinatzeko helburu horrekin, izan Zuhaitz egun moduan, edota beste modu batera, herritarren parte-hartzea sustatuz.
Iraganeko beharrak ez dira egungoak, eta etorkizunekoak ere ez dira berdinak izango. Fiesta del árbolak eta Zuhaitz Egunak, oinarri interesgarriak dira zein herri-lur mota nahi ditugun hausnartzeko, edota herri-lurrek gaur eta etorkizunean zein funtzio bete beharko lituzketen pentsatzeko. Izan ere, duela mende bat egindako Zuhaitzaren festari esker egun Istegitxokon hariztia dagoen bezala, hemendik ehun urtera gure herrietan egon daitekeen paisaia orain egiten dugun horren ondorioa izango da. Oraina da, beraz, etorkizuna egiten duena. Has gaitezen hausnartzen. Has gaitezen etorkizuna gaurtik sortzen.



