Erreportajeak

Negua desagertzen denean...

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz Azkue 2024ko mar. 23a, 00:00

Epeletik Zepadiko putzurako bidea, joan den urteko azaroan.

Joan zaigu negua Urumea bailaran. Negua, hala deitzerik badago igaro berri denari. Azaroa udaberritu zaigu eta ilbeltza ez da izan uste genuena bezain iluna. Tenperaturak, altuak, eta izotzik ez apenas gure inguruan. Ahaztu zaizkigu garai bateko elurteak eta urte amaierako eta hasierako hotz amaigabeak. Negurik gabeko etorkizunera omen goaz klima aldaketaren bidetik, eta orain, udaberriaren atarian, inork ez du atzera begiratuko. Pasa da, bai. Pasa da aurtengoa ere, baina galdera bat erantzun gabe joan zaigu: Negurik gabeko Urumea, nolako Urumea izango da?

«Gu haurrak ginenean, urtero ikusten genuen elurra Akolan». Hala esan zidan Antonio Santa Kruzek elkartu ginen batean. Antonio, Ereñotzuko Akola baserrian jaio zen 1924ean, eta orain, 100 urte beranduago, bere hitzek arreta deitzen digute. Ikusiko dugu oraindik elurterik etorkizunean ere, noski, baina gauzak aldatu egin dira jada. Ez Antoniok dioelako bakarrik. Datuek ere hala esaten digutelako. Urteko batezbesteko tenperaturak igotzen doaz mundu mailan, eta Urumea bailaran ere hala egin dute. Klima aldaketa betean gaude, eta prozesua aurrera doa. Negua ez omen da negu. Hori diote adinekoek. Hori diote ikertzaileek. Eta galdera orain bestelakoa da: Zer gertatuko da negua desagertzen denean? Eta hor denak isilik geratuko gara. Galderari, behintzat, ziurtasunez erantzun nahi badiogu.

Uhandre palmatua, neguaren amaieran Akolako putzu batean.
 

Izan ere, egin daitezke aurreikuspenak eta egin daitezke ikerketak, baina horien faltan, zaila da une honetan ikusten ari garenak zein eragin izango duen jakitea. Badago, ordea, hipotesiei buruz edota gerta daitekeenari buruz mintzatzerik. Sikiera, etorkizuneko eszenatokiak ezagutzeko. Sikiera, konturatzeko, negua desagertzea ez dela ondoriorik utziko ez duen zerbait. Ez behintzat, naturari erreparatzen badiogu.

 

Erreferentziak aldatzen direnean

Antoniorekin hitz egiten nuenean, bere erreferentziak umetako oroitzapenak eta bizipenak ziren. Antoniorentzat egoera arruntena Akola inguruan neguro elurra egitea zen. Izan ere, horrela ezagutu zuen bere ingurua. Hargatik, ia 100 urte beranduago, Antoniori arreta deitzen zion egungo neguak. 

Baso-igel gorria, Epeleko putzu batean, iazko azaroaren 12an.
 

Duela hamar urte jaiotako ume batentzat, ordea, hauek dira negu arruntak. Elurrik ez dute ikusi askok haien herrian sekula eta inguruko mendietan ere gutxi. Neguak ez dira horren gogorrak, eta hala ezagutu dituzte jaio direnetik. 

Adituek 'erreferentzia puntu aldakorraren sindromea' (Shifting baseline syndrome) deitzen diote gertaera horri eta gauza normala iruditu arren, ez da txorakeria honen atzean ezkutatzen dena. Izan ere, Antoniorentzat bere inguruan ikusten ari zen aldaketa nabarmena zen, eta horrek klimaren aldaketa gertatzen ari zela sinestea erraztuko zion. Egungo umeentzat hau da negu arrunta. Jaio zirenetik ezagutu duten negua. Hori dela eta, ez dute ezer arrarorik sumatuko. Beti horrela izan baita haientzat.

Horrek irakurketa azkar bat egitera bultzatzen gaitu: oso garrantzitsuak dira epe luzean datuak biltzen dituzten ikerketak. Horiek emango baitigute benetako erreferentzia bat, sinesgarria eta guztiontzat baliagarria izango dena; baina era berean, belaunaldi berriei transmititu beharko zaizkie horiek guztiak, haiek ere uler dezaten ikusten dutena ez dela normala eta egoera honi buelta emateko behar bat dagoela. Bestela, nola mugitu klima aldaketaren kontra egitera hori gertatzen ari dela ikusten ez duen gizarte bat?

 

Ezagutza tradizionalari kasu eginez

Duela gutxi arte egiten zen: Helduek etxeko umeei erakusten zizkieten haien inguruko naturako erreferentziak. Beharra zutelako, bai, eta ezinbestekoa ikusten zutelako haien ingurunea ezagutzea. Izan ere, ezinbestekoa zen jakitea iñistorra (iratzea, garoa) noiz gorritzen zen, hura moztera joateko, edota halako sendabelarra noiz loratzen zen, edota halako arbolak noiz ematen zuen fruitua edota amuarrainak noiz hasten ziren errioan gora mugitzen. Eta hala, sortzen zen biokultura ezagutza bat, belaunaldiz belaunaldi transmititzen zena.

Eta horrek, abantaila bat zuen. Izan ere, bertako espezieen izen askok pistak ematen baitituzte loratzen diren garaiari buruz, esaterako. San Jose loria (Primula elatior), martxoan loretan izango zen, San Jose eguna erreferentzia moduan hartuko bagenu; edota karnabal loria edota kuku loria (Narcissus sp.), inauterien inguruan edo kukuaren etorrerarekin. Enara loria (Silene flos-cuculi), enaren etorrerarekin loratuko zen. Eta hala igarotzen zen ezagutza eta norberaren 'erreferentzia puntu aldakorra' belaunaldi batetik bestera. 

Urumea bailaran, karnabal loriak urtarrilean ikusi ditugu loretan azken urteetan, ordea, eta San Jose loriak urtarrila amaiera-otsailean. Enara loriak otsailerako loratzen hasiak ziren jada inguruan, baina enarak iritsi gabe zeuden oraindik. Espezie batzuk denboran aurreratzen ari dira azken urteetan, eta hori adierazten diguten pistak baditugu inguruan.

Aurtengoak, ordea, loreez haratago, eman du zeresana ikertzaile batzuen artean. Izan ere, aurtengoa berezia izan da, esaterako, anfibio eta narrasti kasu batzuei erreparatuko badiegu. Zergatik? Utzidazue kontatzen Urumea bailaran ikusi duguna.

 

Behaketa txikiak arazo handiak ikusteko

Azaroak arrarotik hasi zuen neguaren etorrera. Epele auzoko Zepadiko putzuetan baso-igel gorriak (ingela gorriyak) arrautzak jartzen ari ziren, urteroko moduan, urteroko garaian. Hor ezer berezirik ez. Baina, ez zen igelarena arreta deitu zigun kontua. Are eta txikiagoa den animalia batek eman zigun ezustekoa. Izan ere, arazo handien zantzuak, askotan, gauza txikietan hasten dira ikusten.

Enara-loria Hernani eta Lasarte arteko mugan, aurtengo otsailean.
 

Zepadiko putzurako bidean, pista erdian, izaten dira putzu-zulo txiki batzuk, eta horietako batean baso-igel gorri bat aurkitu genuen. Ezer arrarorik ez garaiari eta lekuari dagokiolarik. Ezustekoa, alabaina, beste anfibio batek eman zigun: uhandre palmatuak, edota Hernaniko hainbatek ezagutzen duten moduan, ureko arrobiyuak. 

Uhandre palmatuak otsaila inguruan sartzen dira putzuetan, eta hasten dute umatzeko garaia Urumea bailaran. Aurten, azaroa erdiko eguraldiek bultzatuta, uhandre ar bat topatu genuen baso-igel gorriaren putzu-zulo berean. Uhandre palmatu bat azaroan?

Animaliak ugaltzeko ezaugarriak garatuak zituen jada. Alegia, ugaltzeko prest zegoen. Egunean bertan, eguzki goxoak lagunduta, sugandilak ba­tera eta bestera zebiltzan eta burruntziak hegan Zepadiko putzuaren gainetik, udaberria bailitzan. Negua iritsi aurretik piztu zen udaberria txiki bat, baina horrek galdera asko sortu zizkigun: eta udazkenean ugaltzen badira, zer pasako da?

Aranzadi Zientzia Elkarteko adituei gertaera aipatu eta galdera asko sortu ziren. Ugal garaian egiten duten esfortzua dela eta, animalia horiek energia asko galtzen dute prozesu horretan. Azaroko udaberri txiki horren ondoren negua etorriko balitz, zer gertatuko litzateke animalia horiekin? Igaroko al zuten negua bizirik ugal osteko energia gutxi horrekin? Eta jaiotako kumeek, biziraungo al zuten? Eta azken galdera, udaberrirako gordeko al zuten indar nahikorik garai aproposean ugaltzeko?

Arrisku guzti horiek kontuan hartuta, udaberri goiztiar horrek eta ondorengo eguraldi txarrek, hainbat espezieri kalte egingo lieketela pentsatzea da errazena. Izan ere, uhandrea ez zen ugaltzera dataz kanpo atera zen bakarra…

 

Sugeak neguan

Uhandre palmatua ikusi genuen egunean bertan Urumea bailaratik oso gertu ikusi zituzten apoak ugaltzen. Martxo inguruan arruntak zirenak, azken urteetan urtarrilean ari gara ikusten Hernani inguruan. Ugalketa aurreratu horiek zein eragin izango duten ez dakigu, eta ikerketarik ezean, ez dugu jakingo. 

Baina anfibioez gain, narrastiak ere agertu dira aurtengo neguan, eta sekula baino gehiago harritu gaitu, izan ere, sugandilak ikustea horren arraroa ez bada ere, aurten sugeak izan dira protagonismoa hartu dutenak. Euskal Herri atlantikoan hainbat suge ikusi dira neguan haien neguko ezkutalekuetatik kanpo. Tenperatura altuek erakarrita atera dira, baina tranpa txiki horrek ez die asko lagunduko, termometroak 20ºko balioetatik 7ºtara pasa baitira egun bakarrean. Eta hala, ikusi izan da sugerik beroekin atera eta hurrengo egunean asfaltoan gorputza berotu nahian, mantso, makal… indarrik gabe bezala. Batetik, jakirik gabe dagoelako. Bestetik, gorputza berotzeko adina bero ez duelako egiten. Eta horrek ondorioak ditu. Suge hori, esaterako, inguruan zegoen katu batek akabatua izan zen. Alde egiteko azkartasunik ez zuelako izan narrastiak. 

Animaliek eta landareek udaberri goiztiar hauetan egin dituzten energia gastuek zein eragin duten ikustea ez da lan erraza. Badirudi horien erritmoak aldatzen ari direla, eta jada, azken urteetan, aldaketa batzuk finkatzen ari dira. Ugal garaiak, loraketak eta abar. 

2017an Egoitz Alkortak eta biok publikatu genuen 'Hernaniko eta inguruetako anfibioak eta narrastiak' liburuan espezieen ugal garaiak jarri genituen, eta zazpi urte beranduago, pentsatzen hasia nago urte gutxian, jada, jarri genituen ugal garaien erreferentziak aldatu beharrean izango ote ez garen.

Aldaketa txiki asko oharkabean

Karnabal-loriak Akola inguruan, aurreko urteko otsailean.
 

Urumeako naturan arreta jartzen duenak nabarituko ditu gauza bereziak. Aurtengo negua ikusi besterik ez dago, orain arte arruntak ez ziren gauzak ikusten hasiak baikara. Horiei erreparatzeko, ordea, begiak prest izan behar, eta noski, natura bera eta bere erritmoak eta zikloak ezagutu behar. Gure ingurua irakurtzeko, begiak irekiak izatea ez baita nahikoa. Ezagutza ere transmititu behar da, eta gizartearen alfabetatze ekologikoa bultza. 

Urumea bailaran eta, orokorrean, inguruan ditugun ekosistemak sistema konplexuak dira, elementu bizigabeen, bizidunen eta horien guztien arteko harreman sare batez osatuak. Gizakia, eta bere etorkizuna, sare horien menpe dago, eta une honetan, nazioarteko ikertzaile asko, jada, fokua klima aldaketan ez ezik, mundu mailako biodibertsitatearen galeran jartzen hasiak dira. Klima aldaketak eragin ditzakeen eraldaketak maila askotakoak izan daitezke eta horietako gehienek, gure begien aurrean oharkabean igaroko direnak eta adituen begietara, ikerketen bidez jasotzen ez badira, alferrikako behaketak izango direnak. Ekosistemen barruko sare konplexuaren barruan, ordea, elementu bakoitza ezinbestekoa da eta horko aldaketen arabera, batera edo bestera egingo du etorkizunak, gizakiari nola eragingo dion ondo jakin gabe. 

Tenperaturek, prezipitazioek eta horiek gertatzeko denborek eta moduek, hezetasunak, haizeak eta beste hainbat faktorek bertako ekosistemetan eta animalietan aldaketak eragingo dituzte eta horietako batzuk ikusiko ditugun moduan, beste batzuk gertatzen direnik ere ez dugu sumatuko. Ezinbestekoa da, jakitea, ordea, biodibertsitatean sortzen diren galera guztiek dutela eragina gizakiaren ongizatean eta gure planetaren etorkizunean. Hori horrela izanda, ikerketak bultzatuz eta emaitzak gizartean plazaratuz jarraitu beharko da, betiere kudeaketa egokiak eginez, jakinda, biodibertsitate maila altuko Urumea izatea izango dela etorkizunari aurre egiteko tresnarik indartsuena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!