Erreportajeak

Uhandre piriniotarra: Altxor txiki bat Urumeako erreketan

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz Azkue 2023ko urr. 21a, 00:00

Uhandre piriniotarra Goizuetako erreka batean. 2019ko abuztuan aurkitu zen lehen aldiz Urumea bailaran. Argazkia: Ander Izagirre (Aranzadi)

Uhandre piriniotarra animalia berezia da. Mundu osoan Pirinioetan baino aurkituko ez duzun animalia. Bere bizi-eremuaren banaketak, ordea, oraindik ere ematen ditu ezusteko politak, eta hala eman zigun guri ere 2019ko udan, Goizuetako erreka ilun, malkartsu eta heze hartan sartu ginenean. Uhandre piriniotar bila joan ginen. Joan, bilatu eta… aurkitu. Eta a ze poza gurea! Aurkikuntzak egitea gauza ederra bada, 'etxean' bertan egitea are ederragoa delako.

Orain badakigu uhandre piriniotarra Urumean ere badagoela. Orain badakigu, Goizuetako errekak direla uhandrearen bizilekuaren mendebaldeko ertza. Hargatik, ordutik lanean jarraitzen dugu; ikerketan. Uhandrea hobeto ezagutzeko. Uhandreak klima aldaketari eta Urumeari buruz zer kontatzen digun jakiteko.

2019ko abuztua. Goizuetako errekan gora goaz Aranzadiko Egoitz Alkorta hernaniarra eta biok. Begiz jota genuen aspalditik eremu hau. Beti galdera berarekin buruan: uhandre piriniotarra Lei­tzaran alderaino iristen bada, zer­gatik ez egon Urumean? 

Artikuluak, liburuak eta da­tu baseak begiratuta, ordea, Uru­mean uhandre piriniotarra egon zitekeenaren arrastorik ez zen agertzen. Mundu osoan soilik Pirinioetan aurki dezakegun espeziea da, eta bere bizi-eremuaren mendebaldeko muga, ertza, alegia, Leitzaranen zegoen. Leitzarango bailara malkartsuetan. Bai­na Urumean? Ba al zen Urumean uhandre piriniotarrik? Inork begiratu al zuen sekula? 

Hala, Goizuetako fiesten aurreko egun eguzkitsu batean joan ginen bertara, Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Saileko bi kideak. Aurretik, ordea, hiru goizuetarrekin jarri ginen harremanetan, eta egin nahi genuenaren berri eman. Bilatu nahi genuen animaliari buruz hitz egin, eta eskaera bat egin genien: «eramango al gaituzue guk joan nahi dugun erreka horretara?». Sherpak behar genituen bailara ezezagun hartan sartzeko. Eskatu eta bete.  

Hala joan ginen, Iñaki Bakerok, Jose Jabier Etxeberriak eta Patxi Bakerok lagunduta, eta hasi ginen, haiek basoan zebiltzan bitartean, Egoitz eta biok errekan gora. Metroz metro, harriz harri erreka lagintzen, behetik gora, begiak erne eta eskuak arin, anfibioa aterako zen esperantzarekin. Aurreneko ordua joan zen, ordea, eta han ez zen uhandrerik ageri, eta hankek pisua hartu zuten. Korrontearen kontra joatea beti baita gogorra. 

Uhandrea bilatzeko erreka­ko harriak altxa behar dira. Banan-banan; eta bere lekuan utzi berriz. Uhandrea Pirinioetako erreketako anfibioa da, eta ur hotzak eta oxigenatuak ditu gustuko. Urte osoan 15ºC baino tenperatura baxuagoan dauden errekak eta ur-laster eta ur-putzu nahasiak dituztenak, ezkutatzeko harri solte asko eta hondar gutxirekin. Goizuetako bailarek baldintza horiek betetzen dituzte. Malkarrak, ilunak eta euritsuak dira. Ur hotzeko errekak, emaritsuak, korronte­tsuak eta garbiak. Uhandrea bertan izateko aukera asko zegoen, baina… inon ez ageri.

Esperantza, ordea, galdu be­har den azkena omen da, eta ha­la, gutxien espero genuenean… uhandre piriniotarra! Eta hasi ginen pozez ujuka, goizuetarrei deika eta jaitsi ziren basotik korrika batean. Eta ikusi zuten, eta harritu ziren, eta onartu ziguten: «Konbentzituta ginen ez zenutela aurkituko», irribarre txiki batekin. «Ez genuen sekula pentsatuko halako animaliarik zenik gure erreketan». Eta ospatu genuen aurkikuntza berria. Halakoak ez direlako askotan egiten, eta are gutxiago etxean bertan, Urumean.

 

Proiektu berri baten hasiera

Ane Fernandez eta Egoitz Alkorta herpetologoak harriak banan-banan altxatzen, uhandre piriniotarraren bila.

2019ko irteera proiektu handiago baten hasiera baino ez zen izan. Egindako aurkikuntzak hauspoa eman zigun, eta galdera zabaldu. Erreka gehiagotan izango al da? Hala, 2019ko abuztu hartan uhandre piriniotarraren mendebaldeko ertzeko populazioen bilaketa lanak hasi genituen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Nafarroako Gobernuaren baimenekin eta Ane Fernandez Aranzadiko herpetologoarekin batera. Galdera eragilea hau zen: Goizueta eta Leitzaran inguruan ba al daude uhandrea duten erreka gehiago?

Ordutik gaur arte, Aranzadi Zientzia Elkarteko aditu talde bat Leitzaranen aritu da, baina batez ere, Urumea inguruko errekak miatzen aritu da, eremu batzuetan banan-banan, metroz metro, espeziea non dagoen eta non ez dagoen jakin nahian. Lehenbiziko eguneko izpiritua, alabaina, ez da galdu, eta hasiera-hasieratik goizuetarrak la­gun izan ditugu. Herritarren zien­tzia egin dugu. Izan ere, gure Goizu­etako sherpak beti izan ditugu aldamenean laguntzen. Aurreneko eguneko hiruez gain, Iñaki Etxeberria eta Mikel Ruiz de Galarreta ere bide-lagun eta ikerketa-lagun izan ditugu urte hauetan, Regina Brücker-ekin batera azken irteeretan. Zientzia herritarrei zabalduz eta herritarrak zientziara erakarriz, proiektuak ederragoak direlako.

Horrela, taldean miatu ditugu 2019tik gaur arte hainbat erreka, eta hasi gara ezagutzen uhandre piriniotar ezezagunaren biologia, bizitokia eta beste hainbat sekretu. Eta aurkitu du­gu beste hainbat errekatan. Goi­zuetan ez ezik, inguruko he­rri­e­tan ere, beti Urumeako bai­la­­ran: Zubietan, Ezkurran, Lei­­tzan, Beintza-Labaienen... Uda hone­tan egin ditugu azken lagin­­­ke­­tak, baina aurretik mapa txi­ki bat ere eraiki dugu, non da­goen eta non ez dugun aurkitu esateko moduan. Eta lan horiek artikulu zientifiko moduan publikatu ziren, bai eta Goizuetan zabaldu ere herritarren artean, aurreko urtean, udaletxeko ganbaran, hitzaldi eta bideo txiki bidez. 

Aranoko eta Hernaniko erreketan begira

Aranzadiko eta Euskal Herriko Unibertsitateko zientzialariak Goizuetako erreka batean lanean.

Erreken ezaugarriei begira, Ara­no inguruko eta Hernaniko erreka batzuek ere ezaugarri egokiak zituztela aurreikusten zen. Uhandreak erakutsi digu jada, ordea, baldintza onak izatea ez dela nahikoa espeziea bertan egoteko. Hala, ez Aranon, ez Hernanin ez da aurkitu uhandre piriniotarraren populaziorik. Hortaz, hiru hipotesi dira irekitzen direnak herri horietarako: bata, badagoela baldintzaren bat ez dena egokia uhandrea bertan bizitzeko. Bestea, egon badagoela uhandre populazio oso txikiren bat erreskastoren batean, baina guk ez dugula aurkitu. Eta azkena, egon, egon zela, baina arrazoi historikoak medio, desagertu egin dela. 

Eta izan ere, hirugarren puntu hori oso garrantzitsua da. Batetik, badirelako ikerketak uhandrea basoen soiltze historikoekin desagertu daitekeela adierazten dutenak eta soiltze horiek meategi zaharrei loturik egonda, meategiak ziren lekuetan jada ez direla ageri esaten dutenak. Eta justu, non eta Urumea bailaran ari gara bila gu. Meategi zaharrez beteriko eremuan. Azken arrazoi bezala, esan behar, uhandre piriniotarra eta amuarraina ez direla lagun onak. Hala, oso zaila da amuarraina dagoen lekuan uhandrea egotea, eta jakin bada­kigu, urtetan amuarraina askatu dela inguruko erreka askotan, iturburuetatik behera, arrantzarako. Beraz, Aranon eta Hernanin uhandrerik aurkitu ez izanaren arrazoiak oraindik argitu gabe daude. 

Hernani inguruan egindako lanek, ordea, argi pixka bat ekar diezaiokete gure lanari, eta buruan genituen galdera batzuk erantzuten lagundu. Izan ere, Hernaniko Udalak emandako dirulaguntzari esker, ikerketa sakonago bat egiteko aukera izan du Aranzadik. Miaturiko erreka ia guztiak (Artikutza izan ezik) babesguneetatik kanpo egoteak ez du asko laguntzen finantziazio bila ibiltzean, eta hargatik, Hernanikoan eta Artikutzan izan ezik, 2019tik egindako lan guztiak diru sarrerarik gabe egin dira, ikertzaileen eta Goizuetako laguntzaileen denbora eta dirua erabiliz. 

 

Misterioari erantzuna eman nahian

Arestian aipatu den bezala, erreka batzuetan uhandrea aurkitu den moduan, beste batzuetan ez da aurkitu. Eta hor dago misterioa ikertzaileentzat. Hasiera batean ezaugarri berdinak edo antzekoak dituzten erreka guztietan uhandrea ez izatea arrazoi bati lotu nahi baitzaio. Horregatik, aurretik aipatu diren arrazoi historikoez eta arrainen presentziaz gain, errekaren ezaugarrietan jarri nahi izan da indarra. Alegia, uhandreak dituzten errekak eta ez dituztenak, nahiz eta antzekoak izan, ezberdinak al dira? Eta hala bada, zertan?

Ander Izagirre eta Iñaki Sanz-Azkue, Goizuetako erreka batean, dronarekin ateratako irudian. Argazkia: Iñaki Etxeberria

Galdera horri erantzuna eman nahian, Marie Delbastyk lan interesgarria egin zuen EHUrekin eta Aranzadirekin elkarlanean, bere master amaierako lana gauzatzeko. Hala, erreken ezaugarri orokorretan ez ezik, erreka barruko harrien tamainan, dentsitatean eta beste hainbat ezaugarritan jarri zuen fokua. Hala, hainbat errekatako datuak bildu zituen, eta estatistikoki konparatu. Ateratako datuek argi pixka bat eman zioten misterioari. Izan ere, ikerketaren arabera, uhandreek tamaina jakin bateko harriak dituzte gustuko, eta harri askoko errekak. Hala, uhandreentzako ezkutalekua ez ezik, elikagaiak ere aurkitzen dituzte harrien azpian. Bertako ornogabeak jaten baitituzte.

Lanak, ordea, ez dira amaitu. Batak bestea ekartzen duenez, konturatu gara uhandre piriniotarrak galdera interesgarri asko aireratzen dituela. Besteak beste, uhandre piriniotarra oso espezie interesgarria izan daitekeelako klima aldaketak Urumeako erreketan izan dezakeen eragina ikusteko. Eta hala, jarri genuen martxan proiektuaren bigarren zatia. Uhandrea eta klima aldaketa lotzen dituena.

 

Uhandreak klimaz kontatuko diguna…

Etorkizun hurbilean pentsatzen jarrita, Urumea bailarak ere klima aldaketaren ondorioak jasango dituela ageriko kontua dela dirudi. Ekosistemek eta ekosistema hori osatzen duten izaki bizidunek osatzen duten sareak, ordea, informazio asko eman diezagukete begi hutsez ikusten ez ditugun aldaketa edo gertaera horiei buruz. Izan ere, badira espezie batzuk bereziki interesgarriak, aldaketa txikienak ere haiengan izango duen eragina nabaria izan daitekeelako edo hala izan daitekeela aurreikusten delako.

Uhandreak bizitzeko behar dituen baldintzak ikusita, esaterako, pentsa daiteke espeziearen jarraipenak pista onak eman ditzakeela Urumeako errekak jasaten ari diren eta jasango dituzten aldaketak ikusteko. Esaterako, Urumeako erreketako tenperaturen igoerak kalte egingo diolako espezieari, eta hala, espeziea ikertuz (bere banaketa, biologia, eta abar), datu interesgarriak atera daitezkeelako klima aldaketak Urumeako erreketan duen eraginaz. Aitzakia horri helduta, Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Sailak, Kutxa Fundazioko dirulaguntzei esker, #mikroklima proiektua jarri du martxan, eta horretan, zalantzarik gabe, Urumeako uhandre piriniotarrak bere txokoa behar zuen. Eta hala du oraintxe bertan.

Proiektu honi esker, Urumeako uhandreen osasun maila ikertu nahi da, eta alderatu Pirinioetako Irati inguruko uhandreekin. Izan ere, Pirinioetan gero eta altuago egon, uhandre pirinioetarrarentzat baldintza hobeak dituzten errekak izango dira, eta beraz, bertako populazioek estres gutxiago izango dutela aurreikusten da. Ikusi nahi dena da, Goizuetako eta Leitzarango populazioak urteetan baldintza eskasago horietan biziraun dutenez (ur tenperatura altuagoak eta abar), ea baldintza okerragoetara moldatuta ote dauden edota kontrakoa, zaurgarriagoak diren. 

Goizueta inguruko popula­zioak ikertzeak informazio as­ko emango du etorkizunean Pirinioetako uhandreei zer datorkien aurreikusteko; izan ere, klima aldaketaren ondorioak ja­sango dituzten lehenbiziko po­pulazioak Urumea eta Leitzaran ingurukoak izango dira. Altuera baxukoak, alegia. 

Uhandre piriniotarra laborategian, ikerketaren baitan egiten ari diren probetan. Argazkia: Carlos Cabido (Aranzadi)

 

Mendiko lana eta laborategia nahastuz

#Mikroklima proiektuaren ikerketa lanetan aritu dira hasieratik Carlos Cabido, Ane Fernandez eta Ion Garin, Aranzadiko ikertzaileak, Antton Alberdi eta Ostaizka Aizpuruaren ikerketa taldearekin batera. Izan ere, elkarlana ezinbestekoa da tamaina honetako lanak aurrera eramateko.

Aranzadiko herpetologoen ka­­­suan, uhandreen erantzun in­mu­nologikoan zentratu dira haien osasuna neurtzeko. Alberdi eta Aizpuruaren taldea, aldiz, haien hesteetako mikrobiotan. Bai erantzun inmunologikoak, bai hesteetako biotak informazio asko eman dezake osasunari buruz, eta horiei gehitu dizkiete tenperatura aldaketen aurrean uhandreek duten oxigeno kontsumoa eta arnasketa gaitasuna neurtzeko frogak, tenperatura haztean duten jarrera eta abar.

Jasotako emaitzek erantzun interesgarriak eman ditzaketela aurreikusten da. Batetik, zientziarentzat oinarrizko informazioa emango duelako. Bestetik, alabaina, izan dezake emaitza praktikorik ere. Izan ere, batek daki altuera baxuko (Urumeako) uhandreek eta Pirinioetakoek mikrobiota ezberdina izango ote duten. Edota Urumeako populazioek mendez mende jasandako estres egoerek mikrobiota berezi bat garatzea ekarri ote dieten egoera horri aurre egiteko. Eta horren aurrean, galdera interesgarriak ere suertatzen dira. Izan ere, hala balitz, Urumeako populazioen hesteetako mikrobiota sartuko bagenie altueran bizi diren uhandreei, klima aldaketari eta horrek sorturiko estresari aurre egiteko hobeto prestatuta egongo lirateke?

Goizuetarrak proiektuan laguntzen aritu dira lehen-lehen egunetik.

Zalantzarik gabe, Urumean egindako aurkikuntza txikiak ate berriak ireki ditu, ez soilik bailara hobeto ezagutzeko, baizik eta bertako erreken funtzionamendua eta Pirinioetan endemikoa den espezie bati buruzko ezagutza ere handitzeko. Hala, aterako diren emaitzek ez dute soilik maila lokalean eragingo; espeziearen banaketa eremu guz­tirako baliagarriak suerta daitezke. Nork esango zigun 2019an lehenbiziko uhandrea aurkitu genuenean, errekak bide hau egingo zuenik…

 

Uhandre piriniotarra

CALOTRITON ASPER

Uhandre piriniotarra (Calotri­ton asper) urodeloen taldeko anfibioa da. Kolore arre iluna izan ohi du, eta Urumea eta Leitzaran inguruan kolore oso iluneko (beltzak ia) aleak ere topatu dira. Azal lakatza eta nahiko gogorra duen anfibioa da. Isats lodi samarra du, korrontearen kontra igeri egiteko, bai eta korronteak ur behera eraman ez dezan, mantentzeko. Errekasto barru­ko harrien azpian aurkitu ohi da normalean, nahiz eta ur-putzuetan ere ikusten diren noizbehinka. Erreka garbiak, ondo oxigenatuak eta hotzak dituzte gustuko. Errekako makroornogabe askorekin, horiek baitira haien elikagaia. Uhandrea, mundu osoan Pirinioetan baino ez dugu aurkituko, eta bere mendebaldeko azken populazioak Urumea eta Leitzaran bailarakoak dira.

Uhandre piriniotarra, Goizuetan aurkitua. Argazkia: Teknopolis (Elhuyar)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!