Erreportajeak

Udazkena pizten denean

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz Azkue 2022ko aza. 5a, 00:00

Basa-azafraia (Crocus nudiflorus), basoari kolorea ematen, udazken honetan Ereñotzun.

Askotan entzungo zenuten, sarri aipatzen delako. Udazkenean hasten omen da lozorrotzen natura. Udaberriko aktibitate bizitik, pixkanaka jaitsi egiten omen da erritmoa negura bidean, eta hala, hostoa arbolatik erortzen den moduan, mantso-mantso, hasten direla itzaltzen bizidunak eta, horrekin batera, inguratzen gaituen paisaia: natura bera.

Dabilenak, ordea, segituan nabarituko du, Urumea bailarako paisaia arreen artean oraindik ere badela zer ikusia, zer behatua eta zer suma. Begiak zorroztuta eta entzumenak finduta, udazkena pizten denean, naturaz gozatzeko garai eder bat hasten delako.

Joan ziren Urumea bailarako enarak Afrika aldera, eta horrekin bakarrik, jada, jakin genuen udaberri eta uda kontuak bukatu zirela eta udazkenean barneratzen hasi ginela. Geroztik, hasi dira ezagunak zaizkigun betiko gertaerak gure begien aurrean pasatzen. Hasi ziren mendi aldeak arre kolorea hartzen. Berdetik gorriztara igaro dira iralekuak edo iñostor tokiak, geroz eta urriagoak diren garoz beteriko eremuak.

Ezagunak zaizkigu aldaketa horiek. Txikitatik jaso ditugu eta ikusi, eta aipatu izan digute, basoak biluztu egiten direla eta animalia asko, zuhaitzak bezala, halako atsedenaldi bat hartzera pasatzen direla udazken partean hasi eta udaberrira bitartean. Horregatik, agian, orokortasun horrekin gelditzen gara maiz. Eremu urbanoko gizakiak ez bai­titu urtaroetako ezaugarri gehienak asfalto artean ikusten. Arboletan behatu behar ezberdintasunak igartzeko. Animaliak edo landareak begiratuko bagenitu, alabaina, ikusiko genuke, biodibertsitate handiko lekuetan, dibertsitate handiko jokaerak eta bizimoduak dituztela izaki bizidunek. Alegia, udazkena ez dela berdina espezie guztientzat. Batzuen kasuan, esaterako, oso urtaro garrantzitsua da. Ugaltzeko, elikatzeko, migratzeko edota leku berriak bilatzeko erabiltzen dena.

 

Paisaia gorrituak

Aspaldi bukatu ziren garoa mozteko ohiturak (eta beharrak). Uru­mea bailarako baserri gehienetan bai, behintzat. Hargatik, basoa gailendu da lehen iratzea mozten zen gune gehienetan, eta hala, urtez urte, paisaia aldatzen joan den heinean, udazkeneko sarreraren kolorea ere aldatu egin da Urumea bailarako leku askotan. Iratzeak gorritzen baitzituen lehen herri eta auzo inguruetako muinoak eta magalak, orain arbolek estaltzen dituztenak. Zaila da orain iratze mozketaren aztarna nagusia ziren iñostor-metak baserri ondo edota mendi magaletan ikustea (nahiz eta gutxi batzuk badiren). Gizakiaren eskuak moldatu izan du Urumeako paisaia belaunaldiz belaunaldi eta, horrekin batera, joan da udazkeneko paisaiaren kolorea ere aldatzen. Gizakiaren bizimoldeen erritmora.

Paisaia aldaketa horietara joan behar izan dute moldatzen bertako animaliek eta landareek. Izan ere, espezie bakoitzak bere bizilekua du; bere habitata. Eta bizileku hori aldatzen doan heinean, hasten dira bertako izaki bizidun horien populazioak ere dauden baldintzetara moldatzen, edota beste eremuetara mugitzen. Esan dezagun, baina, urteak joan, urteak etorri, badirela udazkenero behatzen diren gertaerak gure inguruan. Espezieen urte barruko erritmoek eta zikloek bere baitan jarraitzen baitute, nahiz eta klima aldaketak azken urteetan horiek aurreratzea edo atzeratzea ekarri duen kasu batzuetan.

 

Bi begi txiki iratze artean

Udazkenaren hasierarekin batera hasten dira ugaritzen narrasti txikiak. Hala izan da beti, eta hala ikus ditzakegu oraindik ere. Baita Urumea bailaran ere. Udaberrian ugaldutako sugandilen, sugeen eta muskerren kumeek udazkeneko eguzki izpi ahulak dituztelako gustuko. Izan ere, narrasti guztiek kanpoko beroa behar dute martxan jartzeko, baina, bakoitzaren tamainaren arabera, bero gehiago ala gutxiago beharko dute. Hargatik, udazkeneko eguzki izpi ahulek ez dute sarri narrasti handiak berotzeko adina indarrik. Gorputz txikia duenak, ordea, azalera eta bolumen gutxiago du berotzeko, eta beraz, errazago martxan jartzeko. Horregatik, iratze artean aurkitzen ditugu sarri musker kumeak edota horma-sugandilaren kumeak ere. Iratzeek babesten baitituzte haizetik; beroa galtzea eragiten dien haizetik. Eta era berean, eguzkiari sartzen uzten diote, bai eta itzala eman ere, bero gehiegi balego. Udazkeneko paisaia gorrituaren artean mugitzen dira begi txiki horiek, negua iritsi aurretik elikatu eta indarra hartzeko. Hor dugu, beraz, paseoan goazela behatzeko lehenengo erronka. Narrasti txikiak bilatzea.

Narrastiak negua igarotzeko elikatzen eta indartzen ari diren bitartean, udazkenean ba­­­­dira, eta ez gutxi, garaia bizilekuz aldatzeko erabiltzen dutenak. Zerura begiratzea baino ez dugu behar horretaz ohartzeko. Urriko azken asteetan ikusi ditugu kurriloak Afrikara bidean. Hanka eta moko luzeko hegazti handi horien kantua ezaguna da bailarako baserri askotan. Izan ere, kru-kru-kru zaratatsu bat ateratzen dute, ikusi ez dituenari ere bertan daudela ohartaraziz; haien izen zientifikoari arrazoia emanez: Grus grus. Birigarroak, txonta arruntak, karnabak, miruak, txolomak, hegazabalak eta beste hainbat espeziek Urumeako bailara erabiltzen du iparraldetik hegoalderako bidea egiteko, eta sarri, hegazti taldeak ikusi ohi dira, beti norabide horretan, gure begien gozamenerako.

Hegazti horien artean badira pagauso izenekoak ere. Goizuetako biztanleek gogoan dute oraindik nola garai batean asko bertako pagadietan gelditzen ziren, eta bertan deskantsua hartu, pagoak ematen duen pagotxaz elikatzeko. Oraindik ere hala egiten jarraitzen dute pagotxa urtea denean. Pagoak ez baitu urtero pagotxa ematen!

 

Txikitatik aipatu izan digute, basoak biluztu egiten direla udazkenean, eta animalia asko atsedenaldi bat hartzera pasa. Baina udazkena ez da berdina espezie guztientzat...

 

Udazkena fruitu garaia da, eta fruitua, gogoan izan, lan­darearen ugaltzeko prozesuaren ataletako bat. Haziak beste eremuetara zabaltzeko estrategia. Eta fruitu horiek hainbat espezietan ikusiko ditugu. Gaztainondoak gaztainak emango ditu, arantzaz osaturiko morkotsean bilduta izango direnak, eta era berean, gizakiarentzat ez ezik, beste hainbat animaliarentzat jaki izango direnak. Udazkeneko jakien eskasian, fruitu guztiak baitira ongietorriak. Ez dira gutxi, horrela, horiek bilduko dituzten animaliak neguari aurre egiteko, gizakiak egin ohi zuen moduan. Gauza bera gertatuko da haritzek eta ametzek ematen dituzten ezkurrekin. Ezkur horiek bilduko ditu, esaterako, katagorriak edota eskinosoak, eta pilatuko biltegietan. Eta garrapoak, enborrean gora eta behera ibiltzen den papar gorriko hegazti urdinxkak. Entzungo ditugu, basopean bagabiltza, garrapoak enborrean ezkurrak sartzen mokoarekin, bertan gordeta mantentzeko. Adi ibili, hortaz, ingurutik datozen soinuei.  

Esan dezagun, beraz, arbolaren nahiak eta animaliarenak bat egingo dutela espezie batzuen kasuan, garai honetan. Arbolak bere fruitua zabaltzea nahi duelako, eta horretarako, animaliak hartzea. Eta animaliak, fruituak behar dituelako janari eskasiari aurre egiteko.

 

'Burbuxak' basopean eta ainarrak loretan

Urumeako paraje basotsuetan aurkituko ditugu gurbitzak edo burbuxak. Hostailak soiltzen joaten diren heinean, hasiko dira horiek nabarmentzen, erramuarekin gertatzen den moduan. Hala, hosto iraunkorreko arbolak nabarmenduko dira basopean. Eta horien artean, berezia, aurretik aipatu dugun gurbitza. Ereñotzu inguruan esan izan digute, sasi-ardiak mendian zirenean, udazkenean, bur­buxaren fruitu gorria jaten zutela. Ez dute gustu txarra noski. Gizakiak ere jaten baititu, ondo helduak daudenean…

Gorria gora, gorria behera, alabaina, ez gaitezen nahasi eta ez dezagun ahaztu, udazkenak ere badakiela kolorea ematen. Landare batzuek fruitua botatzen duten unean, badirelako lorea ere botatzen dutenak. Hala, Urumeako bailaran gora egiten dugun heinean, gero eta ohikoagoak izango dira ainarrak eta txilarrak. Txilar lauhostoa, ainar iletsua eta ainar arrunta, esaterako, loretan ikusiko ditugu, eta udazkeneko egun goxoetako intsektuen hegaldiak probestuko dituzte haiek poliniza ditzaten. Udazkenean, intsektu gutxiago izango da, baina era berean, loretan dauden landareak ere ez asko. Bakoitzak bere estrategia erabiltzen du bizirauteko!

Gauza bera, eta oso modu nabarmenean, egiten du basa-azafraiak. Mendi aldeko larreetan eta baso inguruetako zelaietan ateratzen ditu bere more koloreko lore deigarriak. Gorri eta berdearen artean, beraz, arrosak eta moreak ere agertuko dira, eta horrekin hasiko dira, esaterako, buruan ditugun eskemak apurtzen: loraketa guztiak ez direlako udaberrian ematen eta udazkenak ez direlako kolore bakarrekoak. Ez, behintzat, begiak paisaiaren eremurik txikienetan irristatzen ditugunean.

 

Garai ederra da udazkena, urtaro bizia. Erabili ditzagun gure paseoak, Urumea bailara ezagutzeko ez ezik, naturan gertatzen diren prozesu txiki eta eder horiek behatzeko.

 

Eta horien inguruan, mendi-lepoetan barrena sumatuko ditugu, erne bagabiltza, hego txiki eta bizkorreko tximeletak eta burruntziak: atalanta vanesa eta enperadore migratzailea, esaterako. Gezurra badirudi ere, hegaztien moduan migratzen baitute, mendiak eta bailarak zeharkatuz, banaka batzuek, taldean besteek, gure begientzat ezin ederragoa den irudia sortuz eta pausatzen diren loreei are eta kolore gehiago eskainiz.    

 

Arrabioa lurreko hosto artean

Kolore deigarriez ari garelarik, basopera joan beharko, berriz. Han topatuko dugulako arrabio arrunta: horia eta beltza, orbelez beteriko lurzoruan. Goroldioz beteriko eremuan. Perretxiko bila dabilenak esango dizu, bestela. Aurten ere ikusi baitira Urumea bailaran arrabioak. Poliki baina seguru, hori eta beltz koloreek ematen duten segurtasunarekin, haien gorputzean duten likido erresumingarriaren abisu moduan. Arrabioa espezie gautarra da, baina egunez ere topa dezakegu, erreka ertzeko edota basopean pilatzen den hostotzaren azpialdeko hezetasuna bilatuz. Udazkenean, arrabioek bigarren ugal garai bat izaten dute. Euri langar puntu bat egiten duenean eta eguraldi epela, aterazaleak dira. Izan ere, narrastiak bezala, anfibioak ere kanpoko tenperaturaren menpe bizi dira, bai eta hezetasunaren beharrean. Hargatik, udazkena ere garai ona izaten da espezie hau basoan ikusteko.
 
Arrabioa (Salamandra salamandra) goroldio gainean, Goizuetan, udazken honetan bertan.

 

Basotik atera eta baserri guneetara goazenean, alabaina, badira anfibio kastako beste animalia batzuk ere, udazkeneko lehen egunetan berriz ere ugaltzeko saiakera egiten dutenak, udaberrian ugaldu ostean. Txantxiku arruntak dira, edota bailaran ezagutzen ditugun moduan: zapottikiyak. Zapottikiak baserri inguruko ur-aska, mendietako putzu-zulo eta erreka ertzetako ur geldoak erabiltzen ditu ugaltzeko. Europako aporik zaharrena izateaz gain, txantxikuak ere badu berezitasun bat: jarriko dituen zapaburu batzuek negu osoa iraungo dute putzuan elikatzen eta handitzen, gero, udaberrian, metamorfosia amaitu eta kanpora ateratzeko; jaki bila aritzeko zein garai hoberik!

Ur geldoetan aurkituko ditugu, beraz, zapottikiaren zapaburu handiak, hala baitira gainontzekoekin alderatuta. Aurkituko dugu haien inguruan, agian, arrabio kumeren bat edo beste ere. Begiak, beraz, ur-putzuetan jarri behar, etorkizunean zapo­ttiki helduak izango direnak ikusi nahi baditugu igerian.

 

Baso-igel gorria: basotik putzura

Apo batzuek lanak udaberrian eta udazken goiztiarrean egiten dituzten bitartean, badira igelak, hotz zaleagoak izanik, tenperatura baxuen zain izaten direnak haien ugalketari ekiteko. Perretxikozaleek ezaguna dute, arrabioa ez ezik, badela igel bat basoan ezkutatu ohi dena. Arrabioaren kontrara, honek bere kolore arrea erabiltzen du orbel artean gordetzeko. Hala, ez da harritzekoa, mendiko bidean nahigabean hanka azpitik salto bat sumatzea, aurretik ikusi ez dugun, baina bertan zegoen igel gorriarena, hain zuzen ere.   

Udazkena aurrera doan heinean, baina, azaroak bere martxa hartzen duenean, hasiko dira tenperaturak jaisten eta noizbehinkako izozteak egiten. Eta baso-igel gorria basopetik ur-putzuetara joango da, ugaltzera. Eta hasiko ditu, bere ur azpiko kantu amaigabeak eta jarraiak. Inguruan dugun anfibio bakarra da tenperatura baxuekin ugalduko dena, eta Urumean oso modu errazean topatuko ditugu bere aztarnak. Ikusgarriak bezain ikusteko errazak baitira egiten dituzten arrautzak. Sarri, bideetako putzu-zuloetan poltsa lirdingatsu moduan aurkituko ditugunak.

Ehunka zapaburu aterako di­ra horietatik, baina kontrarioak ere ez dituzte gutxi izango heldurako bidean. Jaki gutxiko garaian, arrautzak eta igelak elikagai ona baitira hainbat espezierentzat. Eta hala, ehunka horietatik, ehuneko bosta, gutxi gorabehera, iritsiko da heldutasunera. Basoan topatuko duzun baso-igel gorri horrek, beraz, oztopo asko igaroko zituen bere bizitzan, aurkitu duzun lekura iristeko.

 

                                                                                          Baso-igel gorria (Rana temporaria), azken asteotan, Ereñotzun.

 

Ugalketa putzuan, ugalketa errioan

Ur geldotik ur lasterrera joanda, bizi osoa korrontearen kontra borrokan pasa duen arrain batekin egingo dugu topo. Udazken amaiera delako Urumeako izokin atlantiar famatua ikusteko garai onena. Itsasotik barrena, milaka kilometro egin ostean, barneratuko da izokina jaio zen erriora. Ibaiaren ezaugarri kimikoak ezagutuko ditu eta behetik gora egingo du, korrontearen kontra, leku aproposak aurkitzeko eta bertan ugaltzeko.

Errioko putzu sakonenetan ezkutatuko dira urak baxu direnean. Ur-laster txikian, legarretan, egingo dute habia moduko bat, arrak eta emeak elkartu eta ugaltzeko. Erdi arotik hasi eta egundaino izokinak sekulako garrantzia izan du Urumea bailararen historian. Izokin arrantzaz bizi izan ziren hainbat familia, eta ofizio horren atzetik hainbat epaiketa, istilu, hilketa eta haserre izan dira, bai eta familien arteko paktuak ere, izokin handiak harrapatzeko.

Duela hamarkada batzuk arte, Urumea bailarako biztanleak erriora begira izaten ziren udazkenean, izokina noiz igoko. Zerura begira, usoak noiz pasako, eta basopean ibiliko ziren, onddoak noiz aterako. Eta hala ibiltzen gara oraindik ere natura maite dugun asko, inguruari begira, hark zer eskainiko. Ezagutzen zituzten, garai batean, baso-igel gorriak eta arrabioak, ainarren lore ederrak eta basoko arbolek ematen dituzten fruitu gozoak ere, eta guk ere ezagutza hori lortzeko aukera paregabea dugu Urumea bailaran.

Aurreko belaunaldiek jakingo zuten, noski, udazkena zerbait bada, urtaro bizia dela. Urumea bailara maite dugunontzat eta bertako naturaz gozatzen dugunontzat garai ederra. Ez dezagun galdu aukera, beraz, eta erabili ditzagun gure udazkeneko paseoak bailara ezagutzeko ez ezik, naturan gertatzen diren prozesu txiki eta eder horiek behatzeko. Ezagutzarekin lortuko baitugu bailara hobeto ulertzea, eta ulertzearekin batera, baloratzea zenbateko garrantzia duen inguratzen gaituen biodibertsitateak; inguratzen gaituen naturak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!