Onar dezagun, ordea, jada aurretik euskararen eta naturaren arteko erlazio horretan ibiliak ginela lardaskan. Eñaut Agirrek eta biok hamabi urte pasatu ditugu Urumea bailaran naturari loturiko ahozko ondarea biltzen. Hasieran, Ziraba proiektuarekin. Ondoren, Burbunak eta etsayakekin. Eta azkenik, Gure faunari eta florari begira liburuaren aitzakian. Azken hamarkadetan, Urumeako biztanleek naturarekin izan dituzten harremanak nola aldatu diren ikusi dugu ikerketa horien bidez. Ikusi dugu, halaber, Urumeako biztanleek naturarekin duten erlazioa galtzen joan den heinean, horrek nola eragin duen bertako ahozko ondarean. Naturarekin izan ditugun harremanek zein arrasto utzi dituzten euskaran, alegia. Hemen, galdera, kontrako bidetik zihoan, ordea: Euskarak nola eragiten dio naturari?
IKERKETAK MUNDU MAILAN
Hizkuntzen eta ingurumenaren arteko erlazio horretan, duela gutxi arte, ez dira ikerketa asko egin. Ez, behintzat, haien arteko harremanetan sakondu dutenak. Azken urteetan, alabaina, mundu mailako hainbat hizkuntzaren desagerpenaren alarmak, eta aldi berean, biodibertsitatearen galerarenak, nazioarteko hainbat zientzialari bi kontzeptu horiei begira jarri ditu. Izan ere, gauza berezi batek atentzioa ematen du: mundu mailan hizkuntza gutxitu gehien dauden lurraldeak dira, era berean, hizkuntza dibertsitate altuena dutenak. Kasualitate hutsa izan daiteke. Ala ez?
Hizkuntza indigenen galerak sendabelarren ezagutzan izango duen inpaktua neurtu izan da, esaterako, ikerketa bidez, eta ikusi da hizkuntza horiek desagertzeak atzetik ezagutza handi baten galera ekarriko duela; eta ezagutza hori ez izateak, hainbat farmako berri sortzeko aukera. Ikusi da, baita ere, eskoziar gaelikoa desagertzeak arrantza egiteko modu jasangarri baten bukaera ekarriko lukeela. Hizkuntza horren baitan dagoelako arrantza egiteko modu bat, kultura bat, hizkuntza horren hiztunek errespetatzen dutena, eta era berean, munduaren jasangarritasunerako ona dena. Nature Ecology & Evolution aldizkariko azken ikerketa batek dioenez, hainbat hizkuntza klima-larrialdiaren erruz arriskuan egon daitezke, populazioen migrazioa eta bizimodu aldaketa dela-eta.
Urrutiko ikerketak izanagatik, askotan, emaitzek guri eragingo ez liguketen sentsazioa izaten dugu. Hargatik, etxean ere begiratzea komeni izaten da; baina, Euskal Herrian egin al da halako ikerketarik? Egin al da euskarak naturan izan dezakeen eraginari buruzko lanik?
2021eko udazkenean etorri zen lehena.
EUSKARA ETA NATURA, GURE NORTASUNAREN PARTE
Erresuma Batuan kokaturiko Bristolgo Unibertsitateko Dylan Inglisek eta Basque Centre for Climate Changeko (BC3) Ikerbasque ikertzaile den Unai Pascualek euskararen eta naturaren balioen artean dagoen harremana ikertu zuten, eta People and nature aldizkarian publikatu haien lana. Inglisek eta Pascualek Euskal Herri ekialdean egin zuten ikerketa; zehazki, Aezkoa, Garazi, Zaraitzu eta Zuberoako ibarretan. Izan ere, bertako ibarrak eleaniztunak dira: euskara, frantsesa eta gaztelania hitz egiten dira.
Bailara horietako ehun lagunek parte hartu zuten azterketan, eta begiratu nahi izan zutena zen, pertsona horiek inguruko basoekin zituzten harremanetan euskarak eraginik ba ote zuen. Alegia, natura eta naturak berak jendeari eskaintzen dizkien hamaika ekarpen baloratzeko garaian, alderdi linguistikoak pisurik ote zuen. Eta hala, ikerketak ondorio garbiak atera zituen: euskara jakiteak bertako basoekiko lotura indartzen du.
Urumea bailarako biztanleek euskara galtzen duten momentuan, paisaia ikusteko beren modua aldatuko dute. Izan ere, bailarako euskarak bertako paisaiarekin batera eboluzionatu du.
Unai Pascualek Elhuyar aldizkarirako egindako elkarrizketan (https://aldizkaria.elhuyar.eus/elkarrizketak/hizkuntza-gutxituen-defentsa-instrumentu-ahaltsua-/) aipatzen zuenaren arabera, ikerketan parte harturiko pertsona euskaldunek atxikimendu indartsua zuten bizi diren tokiarekiko, eta kultura eta identitatearekin oso erlazionatuta dago; basoarekiko ‘balio-harreman’ mota horiek zerikusi zuzena dute euskararekin. Euskarak baldintzatzen du tokian tokiko atxikimendua, kultura identitatea eta naturarekiko atxikimendua. Pascualek adierazten duenaren arabera, ordea, ez da euskara jakitea eta hitz egitea bakarrik, baizik eta euskararekiko atxikimendua sustatzea da gakoa; norberaren identitatean sustraitzea. Izan ere, euskaldunok lotura estua dugu gure paisaiarekin eta hizkuntzarekin, gure nortasunaren parte direlako.
URUMEA BAILARAKO NATURA ETA EUSKARA
Dylan Inglisek adierazitakoaren arabera, ikerketako euskaldunen hitzetan basoa euskarazko leku izenen bidez disfrutatzea oso garrantzitsua da. Alegia, pertsona horiek euskaraz ulertzen dute haien ingurua. Euskarazko izenekin ezagutzen dute haien paisaia eta ezin dute ulertu paisaia hori bera beste hizkuntza batean. Izan ere, haien identitate kulturalaren barnean sartzen dira bai natura eta bai euskara. Haien kulturak ematen dien begiratzeko moduarekin ikusten dutelako natura. Inuitak, basamortuko biztanleak eta Urumea bailarako pertsonak, ez dute begi berdinekin begiratuko haien paisaia. Izan ere, kulturaren begiradatik ikusten dute ingurua.
Garbi dagoena da, beraz, Urumea bailarako biztanleek euskara galtzen duten momentuan, paisaia ikusteko beren modua aldatuko dutela. Eta ikerketan ateratako ondorioak bertara ekarriko bagenitu, inguruko naturarekiko atxikimendua ere ez litzateke bera izango.
Ingelatierrako zingira lekua zegoen tokian egin zuten Garbigunea. Ezagutzen zutenek bazekiten zein balio zuen leku hark. Egoten zirela beste eremu batzuetan ikusten ez ziren espezieak.
Izan ere, kontuan izan beharreko ezaugarria da Urumea bailarako euskarak bertako paisaiarekin batera eboluzionatu duela. Alegia, Urumeako toponimoetan euskara izango da nagusi, bertako biztanleak euskaldunak izan direlako mendeetan zehar, eta haiek inguruko paisaiari jarritako izenak euskaraz jarri dituztelako. Hala, Urumean euskara eta paisaia bertako identitatearen parte dira, bi elementuak eskutik elkar hartuta egin dutelako aurrera mendeetan zehar.
Hala sentitu dugu guk ere, Burbunak eta etsayak proiektuan parte hartu duten ia 50 elkarrizketatuen artean. Pertsona horiek guztiak bertako izenekin ezagutzen dute beren mendia, eta euskaraz ulertzen dute inguratzen dituen paisaia, Ingelatierrako adibideak kontatzen duen moduan…
INGELATIERRA
«Ba al dakizu non dagoen Ingelatierra? Inglaterra ez! Ingela-tierra!», galdetu zigun Urumeako herritar batek.
Ingelatierra Hernaniko leku baten izena da. Agian Ingalaterra ulertuko zenuen. Normala da, ordea. Izan ere, guretzat jada ingela hitzak ez du zentzurik. Askorentzat, ingela ez da ezer. Ingalaterra, ordea, gerturago geratzen zaigu belarrira. Ereñotzu eta Astigarraga inguruan, leku askotan, igelari ingela deitzen diote, eta hala Ingelatierra (ingela + tierra) igelak zeuden lekuari esaten diote. Hernaniko Garbigunea dagoen lekuari, alegia. Bertako bizilagunek, helduenek, ondo asko ezagutzen dute: «Han ingelak izaten zian iya urte osuan kantuan, marrakaz».
Urumea bailarako leku izenak, mendez mende egon den biodibertsitatearen gordailu txikiak dira. Eta bertako euskara ulertzeak, ematen digu paisaiarekiko atxikimendua eta informazioa.
Gizarteak hitz bat erabiltzeari uzten dionean (ingela, esaterako), hitz horren adiera galdu egiten da, eta hala, batzuetan, adierazi nahi den horrek ikusgarritasuna galtzen du. Desagertu egiten da. Alegia, ingela ez dakigunez zer den, Ingelatierra ulertzea baino errazagoa egiten zaigu Ingalaterra ulertzea. Eta gauza bera gertatuko da Urumean ditugun gainerako izenekin: txirriskalaya, arrobia, ziztangilla, txiribiriya, andalaporrua, pototxa, pinpina… Urumea bailarako animalia eta landare izenak dira. Horiek gure euskaratik, gure hizkuntzatik desagertzen direnean, izena galtzen dutenean, galduko dute izana, eta guretzat, txori guztiak txori izango dira, txori bakoitzaren izena galdu dugulako. Eta hala, txoriak ezberdintzeari utziko diogu. Igual-igual izango zaigu, Urumea bailaratik espezie bat galduko den edo bestea: txori guztiak txori direlako jada guretzat. Guztiak berdinak.
Hor hasten da euskararen eta naturaren arteko lehen konexioa gure bailaran. Naturari loturiko hizkuntza aberastasun hori galtzen goazen heinean, bailaran bertan dagoen natura aberastasuna ikusteko gaitasuna galduko dugu. Dena izango da mendia. Dena zuhaitza eta dena txori. Euskararen aberastasunak, beraz, bertako biodibertsitatea ulertzeko eta babesteko tresna bat ematen digu. Euskarak natura izendatzeko elementuak galtzen dituenean, horiek jada ez ditugu aipatuko, eta ondorioz, ezagutu ere ez. Ez digute axolako galtzen badira.
LEKU IZENAK BIODIBERTSITATEAREN GORDAILU
Inguruan bizi ziren bizilagunek kontatu ziguten, behinola, orain Garbigunea dagoen horretan, Ingelatierran, ia urte osoan egoten zirela ingelak. Leku izenak berak adierazten zuen igel lekua zela, eta beraz, putzua behar zuen izan. Kuriosoa da, baina ez kasualitatea, bizilagun horiek beraiek, Hernani inguruan inork gutxik ezagutzen zituen hegaztien izenak aipatu zizkigutela, paduran eta itsasertzeko leku putzutsuetan bizi eta umatzen zirenak, alegia. Izan ere, Ingelatierra ez zen edozein leku. Bertan urollua, urollo-arratsa eta halako espezieak bizi ziren, eta umatzen ziren. Ekosistema berezi eta txikia zen Urumea bailarako erdi aldean: zingira lurra. Lezka eta ihia nagusi zirena.
Ingelatierrako zingira lekua zegoen tokian egin zuten Garbigunea. Egin zutenek ez zioten kasu askorik egingo leku izenari. Edo agian, ez zuten ulertuko zer zen Ingelatierra. Izan ere, hura ezagutzen zutenek bazekiten zein balio zuen leku hark. Egon egoten zirela beste eremu batzuetan ikusten ez ziren espezieak.
Urumea bailarako leku izenak mendez mende egon den biodibertsitatearen gordailu txikiak dira. Eta bertan, Garbigunea egiteko agindua eman zutenek izenari kasu egin izan baliote, agian, baloratuko lukete jasangarritasunaren alde sorturiko Garbigunea eraikitzeko, jasangarritasunaren kontra egin zela, ekosistema baliotsu bat zementuz betez eta estaliz. Aurretik aipatu dugun moduan, bertako euskara ulertzeak paisaiarekiko atxikimendua eta informazioa ematen digulako. Eta ez ezagutzeak, horri garrantzirik ez emateko arriskua.
LEKUAN LEKUKO EKIMENAK
Hala, Euskal Herri osoan Garbiguneak zabaldu ditugu. Denak dira Garbigune, eta lekuaren beraren izena ere ahaztu egin dugu. Inork ez du jada Ingela-tierrara doanik esango, eta orduan ahaztuko da aurretik zer zegoen bertan. Orduan galduko dugu bailarako biodibertsitatearekin konektatzeko euskarak ematen digun aukera.
Gogoan dut, duela urte batzuk, herriko ondarea aztertzea eta gordetzea bertako identitatea gordetzea zela adierazi nuela bilera batean. Aurpegi ez oso konbentzitu batzuk ikusi behar izan nituen, herri mailako ondarea zaintzea lokalismo kutsuko zerbait balitz bezala. Urte batzuk pasatu dira ordutik, eta iritsi gara momentu honetara, non herri bakoitzak bere subiranotasun energetikoan pausoak eman nahi dituen, bere nortasuna indartu nahi duen eta ondarea babestu. Ikerketek garbi adierazten duten moduan, bai hizkuntzaren kontserbazioa, bai ingurumenarena maila globalean landu behar direlako, baina lekuan lekuko ekimenek berebiziko garrantzia dutelako jada.
Urumea bailarako herriak hazten ari diren garai honetan, etxe berriak egin orduko pentsatzen dugu zein izen jarri kale berriari. Arduratuta gaude, kale izenek herriaren nortasunaren berri emango dutelako. Zabaltzen ari diren eremu urbanoetako izen berriekin eraiki nahi dugu etorkizuna.
Eta hara non, herriaren nortasunaz hitz egiten garela, ahaztu zaizkigun kaleak ez diren horien izenak. Mendi, zelai, iratze leku, erreka, harkaitz edota arbolenak. Kasu batzuetan, izen berarekin (edo antzekoarekin) mendeetan zehar izendatu dituztenak.
Espezie urbanoa da jada gizakia. Porlanetik kanpo leku guztiak dira berdinak gizarte berriaren begietara. Zementuari nortasuna eman nahian ari gara, naturarena galtzen ari garen bitartean. Jakin gabe, benetan, etorkizuna hor dagoela: gure herriko biodibertsitatearen gordailu diren leku izen horietan. Izan ere, Inglisen eta Pascualen ikerketak adierazten duen moduan, hizkuntzak eta lekuarekiko atxikimenduak bertako jasangarritasunean laguntzen du. Urumea jasangarri bati begira, beste ertz horiek ere landu beharko liratekeelakoan nago.
SINBOLIKOA DEN ETA EZ DENA
Alemaniara egin nuen bidaia batean, igelak agertzen ziren nonahi udaberriaren ikur gisa. Kobazuloetan bizi zenetik, zaldiak, bisonteak marrazten zituen gizakiak, eta horrek berak gizartean berebiziko eragina du. Alex Ritch-Boixek publikatu berri duen liburuan, adierazten du sinboloak komunikatzeko modu bat direla. Sinboloek puskatzen baitute materialaren eta ikusten denaren mundua, imajinatzen duguna irudikatuz. Ingelatierra ahaztuko dugu, Garbiguneari izen hori jarri ezean (denbora badugu oraindik). Hori baino garrantzitsuagoa da, ordea, mendeetan bertan izandakoaren informazioa beste belaunaldi batera igarotzea ahalbidetuko genuela horrela. Sinbolismoa baino ez da izango, ados, baina oraingoa baino zerbait gehiago bada.
Antzeko adibide gehiago ere badira gurean, alabaina. Hor dira, esaterako, Katamotzarri eta Otsozulueta bezalako toponimoak Urumean. Garai batean katamotza eta otsoa izan zirela adierazten digutenak, eta zergatik ez, etorkizunean kontserbazio planen batean aurretik zuten bizilekua aztertu beharko balitz, hemen bizi zirelako arrastoa emango liguketenak.
Ahozko ondareak ekarri du guganaino, era berean, iyaraba edo ur-txakurra, igaraba, alegia, Urumean bizi izan zela. Bertako bizilagunek kontaturikoagatik dakigu, eta hala, aurten bertan ikusi ahal izan dugu bueltatu dela bere bizilekura. Belaunaldi bakarra nahikoa dela esan ohi da, desagertu den espezie bat gizartearen ahanzturan gelditzeko. Eredu garbia da igarabarena.
Dagoeneko Urumean ia desagertu diren espezieen kasua ere hor dago: ur-satorra edo muturluzearena, esaterako. Espezie hori Euskal Autonomia Erkidegoan desagertzeko zorian dagoen ugaztuna da, eta Goizueta inguruan ditu bere populazio bakanetakoak, Artikutza barruan, esaterako. Ahozko ondarearen bidez dakigu, ordea, bertako euskaran ur-arratoya izena eman zaiolako, Ereñotzun izan zela duela hamarkada batzuk. Euskarak gorde du bere izena eta izana. Jakin bezain laster deitu nien Artikutzako populazioekin lanean ari diren EHUko ikertzaileei. Etorkizunean espeziea birsartu beharko balitz, Ereñotzu inguruko errekak leku ona lirateke, bertan izan zelako. Euskarak eta ahozko ondareak eman digute horren berri, eta galtzen den momentuan, informazio garrantzitsu hori galtzeko arriskua izango dugu.
Kasu honetan, euskara bera etorkizuneko jasangarritasunaren bidean lagungarri izan dakiguke Urumea bailaran.
URUMEAKO NATURA, EUSKARAREN BABESEAN
Urumea bailaran, mendez mende, hiztegi bat sortu da, inguratzen duen paisaiari, espezieei eta ekosistemei izenak eman dizkiena. Naturaren eta euskararen arteko lotura horretan joan da josten bailarako hizkuntza, eta gaurdaino mantendu da, bere berezitasunekin, bere nortasunarekin. Ehunka dira bailaran bertan ditugun animaliak eta landareak, horietako asko bertako izen berezia dutenak. Eta izen bakoitzak, animaliari buruzko informazio bat ematen digu. Bailaran sortu denez izena askotan, bailarako espeziearen berezitasunei buruz hitz egiten duena: bizilekua, kantua, forma edo itxura.
Beraz, erantzuna etxean bertan genuen. Izan ere, hizkuntzak naturari, zeharka bada ere, eragiten dio: Hizkuntzek ingurumenarekin dugun erlazioei eragiten dielako, eta horiek, beraz, naturari berari. Naturak egiten gaituen moduan, guk ere moldatzen dugu natura, eta hala, ez da harritzekoa biodibertsitatea eta gure kultura lotura egotea. Zenbat eta biodibertsitate gehiago, orduan eta ingurumen kultura dibertsitate (biocultural diversity) gehiago.
Ingurumenarekin ditugun erlazioak pobretzean, gure burua ulertzeko gaitasuna ere txirotuko dugu. Zeren parte garen ahaztuko dugu, eta hala hustuz joango da naturaren zaintzaren ideien barne balioa.
Urumea bailaran, euskara eta natura txirikordatuta iritsi dira egundaino. Horregatik, etorkizunera begira, ikerketek adierazten duten moduan, biak eskutik helduta eraman beharko genituzke, aurrera begira egiten diren programetan. Aurretik ikusi den moduan, euskara eta Urumeako paisaia bailararen nortasunaren parte direlako, eta bide berean, gure identitate kulturaren barneko bi elementu garrantzitsu, zaindu beharrekoak. Balio dezala erreportaje honek, behintzat, gaia azaleratu, agerian jarri eta behar duen lekuetan mahaigaineratzeko.