Erreportajeak

Izokina Urumean: arrain eta ondare

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Sanz-Azkue eta Josu Narbarte Hernandez 2021ko abe. 4a, 00:00

Izokina Urumea ibaian. Argazkia: Nagore Legarreta

Historia luzeko soka du izokinak Urumea bailaran. Istorio ugari sortu ditu, hasi Historiaurretik eta egun arte. Haren arrantzak garrantzia sozio-ekonomiko handia izan du, eta hala sortu ziren hura erregulatzeko arauak. Atzetik etorri ziren gero, ordea, arau-hausteak, herritarren eta herrien arteko gatazkak, auziak, eta kasuren batean, baita hilketak ere. Izokin atlantikoak errioan jarrai dezan borrokan ari garen honetan, ia ezinbesteko lana da mendez mende haren inguruan sortu diren istorioak eta gertakizunak ere gizarteari zabaltzea. Izokina, arrain bat ez ezik, ondarea ere badelako.

ARGIAren Larrun hilabetekarian argitaratua

Historiaurreko marrazki bat, Erdi Aroko Edward I. errege ingelesa, Baionako burgesak, Hondarribiko zein Donostiako alkateak, Urumea ertzeko baserritar eta sagardogileak, Orreagako kalonjea eta Marinako komandantea. Sinesgaitza dirudi, baina izan da historian horiek guztiak lotu dituenik. Egun, euskal gizartean ez zaio apenas garrantzirik ematen, baina oraindik ere dokumentu zaharretan zein adineko gizon-emakume askoren memorian txoko bat gordetzen du: izokina da. Euskal Herriko gaur egungo herritarren iruditegia bertako ibaietatik baino Norvegiatik gertuago dagoen arrain honek izan duelako gure historian bere lekua, eta ez nolanahikoa.

Izokinak, bizi-zikloan zehar korronte eta itsaso zabalaren kontra borrokatzea gutxi balu, nasa, sare eta kanabera bidezko arrantzaren kontra egin behar izan du urtez urte, bai eta bere bizilekuan gizakiak sortu dituen inpaktuen kontra ere azken mendeetan. Orain, izokinaren populazioak berreskuratzeko ahalegin betean gauden honetan, garrantzitsua da haren balio ekologikoaz hitz egitea. Horri, ordea, gizarte mailan ondare historiko gisa duen balioa ere gehitu beharko litzaioke. Bota dezagun, beraz, sarea dokumentu zahar eta elkarrizketetan, eta ikus dezagun zer ekartzen digun izokinaren arrantzak.

 

Gizakia eta izokina: Historiaurretik XXI. mendera

Iberiar penintsula iparraldean, hainbat eremutan, historian gizakiak eta izokinak izan duten harremanaren aztarnak aurkitu dira. Hala, Urumea bailaran dauden Aizpitarteko kobetan, esaterako, hezurrez edo adarrez eginiko arpoiak aurkitu izan dira, eta amuak, arrainen arantzekin eginak. Horrek, frogatzen du, besteak beste, arrantza jada bazela Historiaurreko jarduera bat, fruitu-bilketarekin eta ehizarekin batera.

Madeleine aldiko artistek, duela 14.000 urte egindako marrazkietan izokinaren irudiak utzi zituzten, ehizatzen eta arrantzatzen zituzten beste hainbat animaliarekin batera. Horren adibide ederra dugu Ekain kobazuloan, Debako arroan. Bertan agertzen den marrazki batek arrain baten irudia erakusten du. Historiaurreko gizakiek egindako izokin baten irudia da, hain zuzen ere.

Historiaurreko gizakiaren eskuek koban egindako marrazkietatik dokumentu zaharretara, eta horietatik oraindik ere bizi diren hainbat lekukoren memoriara, saltoka iritsi da izokinaren historia luzea gugana.

 

Arrantza-molde espezializatu bat: izokin-nasak

Mende luzez, izokin-arrantza eskala handian gauzatu zen euskal kostan, nasa izeneko tranpen bidez. Elementu horien errepresentazioak ohikoak dira euskal kostaren mapa zaharretan, ibaiak alderik alde zeharkatzen dituzten V itxurako egitura gisa. Haien diseinua izokinen ziklo biologikoaren ezagutzan oinarritzen zen: helduak ibaian gora igotzen direla jakinik, haien bidea oztopatzea zen funtsa, ibai edo itsasadarren hondoan egurrezko hagak sartuta eta horien artean adarrez osatutako sareak eginda. Hala, arrainak inbutu-formako ibilbide batean sartzen ziren, eta arrantzaleek aisa harrapatu.

Elementu horiek eraiki eta mantentzeak lan- eta baliabide-inbertsioak eskatzen zituen, eta ez nolanahikoak, bereziki ur-korronte handiak ziren inguruetan. Hortaz, nasak, egitura produktibo espezializatuak izateaz gain, botere-harremanak egituratzeko tresnak ere izan ziren aldi berean, arrantza-baliabideak zentralizatzeko eta tokiko komunitateen baitan inklusio/esklusio dinamikak ezartzeko aukera ematen baitzuten.

 

Euskal Herriko aipamen zaharrenak erdi aroan, Baionan

Nasa bidezko izokin-arrantzaren aipamen zaharrenak Erdi Arokoak dira. XIII. mendean, Baionako portua merkataritza-gune garrantzitsua zen Akitaniako dukerriaren eta, horrenbestez, Ingalaterrako erresumaren baitan. Salgai gehienak urez garraiatzen ziren: itsasoz lehenik, eta Aturriren itsasadar luzean zehar gero, Gaskoinia barnealdeko lurretarantz; edo Errobin gora, Lapurdirantz eta Nafarroarantz. Gauzak horrela, hiria bere interesak babesten saiatu ohi zen, nabigazio-askatasuna oztopatzen zutenen aurka. Horien artean zeuden izokin-arrantzarako nasak, ibaian gora eta beherako mugimenduetan arazoak sortzen zituztenak.

Ezagun dugun nasa zaharrena Gixuneko gaztelu azpian zegoen, Mirepeix irlaren ondoan, Aturrik eta Biduzek bat egiten duten tokitik hurbil. 1277an saldu zion Ingalaterrako Edward I.ak Baionako Arnaut Saubainhac nobleari. Errobin, berriz, Edward II.ak 1289an eman zion baimena Akizeko Gilen Sensac apaizari, Berriozko portutik hurbil egitura berri bat egin zezan. Bi erabakiek protesta hiratuak piztu zituzten Baionako merkatarien zein arrantzale pobreen artean eta, 1295ean, erregeak Edmond Lancaster seneskala igorri behar izan zuen bitartekaritza-lanak egitera. Lortutako akordioaren arabera, nasa-jabeek beren egituren zabalera murriztu beharko zuten, aurrerantzean ibaien zati bat nabigaziorako libre utzita. Gainera, abenduaren 25etik ekainaren 24ra debekatuta egongo zen arrantza egitea, eta zerga bereziak ere ezarriko ziren arrantzatutako izokinen gainean.

XVIII. mendean, Bidasoan ere merkataritza- eta arrantza-jardueren arteko tentsioaren erdigune izan ziren izokin-nasak. 1203ko hiri-gutunaren arabera, Hondarribiko hiribilduari zegokion itsasadar osoaren zein bertako baliabideen jabetza; baina bertako udalak inguruko jauntxoekin negoziatu beharko zuen eskubide horiek gauzatzeko modua. Hala, 1299an ituna sinatu zuen Irungo Lastaola etxeko jaunarekin; Joan Martin Lastaolak Bidasoan zeukan nasa mantendu ahalko zuen, betiere itsasadarraren herena nabigaziorako libre utzirik, Nafarroatik heltzen ziren trafikoak babesteko. Jauna hiltzean, nasaren jabetza Zubernoako monasterioaren prioreak jasoko zuen.

XVI. mendera bitartean, Hondarribia, Irun, Urruña eta Biriatuko agintarien, herritarren eta jauntxoen arteko liskarrak bukaezinak izan ziren. Erasoak egon ziren, errepresaliak eta kontra-errepresaliak. Nasak erre ziren, eta Gipuzkoako korrejidorearen eta Baionako seneskalaren esku-hartzea beharrezkoa izan zen egoera baretzeko.

1573an, irundarrak izan ziren Behobiako Pausu ondoan nasa bat eraiki zutenak, lehenago ere halakoak izan zituela eta lapurtarren eskubide bera zutela argudiatuta. 1574ko udaberrian hasi ziren izokinak arrantzatzen, baina Hondarribiak berehala jarri zien salaketa, eta Errege Kontseiluak urte bereko irailean agindu zuen egitura bertan behera uztea.

 

Izokin-arrantzarako sareak biltzeko torniketea Aturriren itsasadarrean. Ahurti (Lapurdi), XIX. mende bukaera. Argazkia: Wikimedia

Tokian tokiko arauak, harremanak eta gatazkak

Nasen inguruko araudia ez zen berdina izan euskal kosta osoan. Bizkaian, Foru Zaharrak arrantza-askatasuna xedatu zuen XV. mendean. Nasek talka egiten zuten printzipio horrekin, arrantzaren gaineko monopolioa lortzeko tresna gisa balia baitzitezkeen; ondorioz, elementu horiek desagertu egingo ziren Bizkaiko paisaiatik. Gipuzkoan, Deban eta Oiartzun ibaietan, tokiko araudiek arrantza zentralizatzeko egiturak ezartzea debekatu zuten Behe Erdi Aroaz geroztik. Urumean ere, 1564ra arte izokinaren arrantzarako baimenak errentan ematen zituzten Donostiako zein Hernaniko udalek, enkante publikoan; baina, urte horretatik aurrera, bizilagun guztientzako libre utzi zuten. Lapurdiko zein Gipuzkoako gainerako estuarioetan, aldiz, nasak eguneroko paisaiaren parte izaten jarraitu zuten, eta ez ziren gutxi izan haien inguruan piztutako gatazkak.

Urumeako itsasadarrean, izokin-nasak jartzeko eta ustiatzeko eskumena Donostiako eta Hernaniko udalen esku egon zen XVI. mendean, eta haiek errematean ematen zuten errenta baten truke. Egoera 1564an irauli zen; urte horretan, bi udalek bizilagun guztiei zabaldu zieten izokinak arrantzatzeko aukera, eta bertan behera gelditu ziren iraganeko monopolioak.

Araudi berriak izokin-arrantzan aritzeko aukera eman zien ibaiaren inguruko herritar guztiei, aberats zein pobre, Donostiatik Goizuetaraino; baina arazo berriak ere ekarri zituen. Alde batetik, espeziearen gaineko presioa areagotu egin zen, kontserbazioa zalantzan jartzeraino. 1769an egindako txosten batean, Hernaniko Udalak izokin-arrantza debekatzea proposatu zuen urritik urtarrilera bitartean, hots, errute-garaian; gainerako hiletan, arrantza baimenduta egonik ere, amuz edo sarez baino ezin zitekeen arrantza, eta sareek neurri jakin batzuk izan behar zituzten, gainera, arrain txikiegiak ez harrapatzeko eta ibaien zabalera osoa ez ixteko. Nasak, beraz, ez ziren aurrerantzean zilegi izango Urumeako uretan.

Beste aldetik, herritarren zein herrien arteko gatazkak ere ugaritu egin ziren. 1816an, adibidez, Pascual Zuaznabar eta beste herritar batzuen kontrako auzia izan zen Hernanin. Arrazoia: Urumea ibaian arrantza kontuak zirela-eta, izan zuten eztabaida baten ostean hildako bat eta zauritu bat izan zirela. 1824an, berriz, Urumea bailarako herrien artean izan ziren haserreak. Goizuetako, Aranoko eta Hernaniko Udaletako ordezkariak, alkateak barne, Donostiako Udaleko ordezkariekin bildu ziren Loiolako plazan (Donostia) eta Orreagako kalonjeen ordezkari bat ere bertaratu zen –Artikutzako parajea eta bertatik iragaten den Añarbe erreka monasterioaren jabetza izaki–. Aurreneko hiru herriak kexu ziren, Donostian eta Astigarragan izokinak harrapatzeko jarriak zituzten nasek ez zietelako arrainei errioan gora igotzen uzten. Horrek bi kalte nagusi sortzen zituen: batetik, Urumean gora bizi eta izokinen arrantzan aritzen ziren familiek ezin zutela lanik egin. Bestetik, izokina itsasotik erriorako bidean zihoala harrapatzen zutenez, arrainek ez zituztela arrautzak jarriko Urumeako goiko erreketan eta, hala, etorkizunean ez zela izokinik izango Urumean. Horrek kalteak sortuko zituen bertako ekonomian eta ingurumenean, Urumea ibaian arrainaren etorkizuna bera kolokan jarriz.

1841ean, Hernaniko Udalak Astigarragako zenbait herritar salatu zituen, Olatxo baserriaren aurrean ibai osoa hartzen zuen nasa bat ezartzeagatik. Haiek erasoz erantzun zuten, Donostiako Santa Katalina zubian zein Hernanin, Ezioko errotaren eta Pikoagako burdinolaren artean, antzeko egiturak paratzen zirela-eta. 1846an antzeko salaketa bat egon zen, Ergobiko pausuan tresmailekin egindako izokin-arrantza baten harira; eta 1868an, Donostiako Txurriategi baserri aurrean paratutako beste nasa batengatik.

Sonatua da, baita ere, urte batzuk beranduago, 1879an, izokin-arrantzan aritzen ziren hamazazpi donostiarrek jarri zuten kexa. Kezkatuak ziren Marinako komandanteak hiriko Santa Katalina zubian izokina arrantzatzea debekatu zielako. Sinatzaileek ziotenez, urteak ziren izokin-arrantza egiten zutela bertan eta gehienentzat familiaren sostengu bakarra zen hura. Santa Katalinako zubian izokina arrantzatzeko debekua Urumea errioaren itsasoratzea 500 metro baino gutxiagora zegoela oinarritzen zen. Sinatzaileek, ordea, eurek neurtu zutela eta 577 metrora zegoela argudiatzen zuten. Alegia, arrantzatzeko eskubidea zutela.

Hori gutxi balitz, Donostiako Udalera bidalitako agirian, errioan gora, Hernaniko Osiñaga auzoan legea betetzen ez zuen izokinak harrapatzeko tranpa formako parapeto bat ere bazela salatu zuten, eta hari buruzko xehetasun guztiak ematen zituzten eskuz egindako marrazki eder bat gehituta. Hernaniko Ezio errotan bi nasa zituzten jarriak aldez alde, eta horiek sartzen ziren izokin guztiak hartzeko aukera ematen zien jabeei. Donostiako arrantzaleen arabera, izokinek ezin zituzten horiek zeharkatu, eta soilik urak hazita zetozenean zuten hura gainditzeko aukera. Laburbilduz, nasak arazoak sortzen zituen izokinek errioan arrautzak errun ahal izateko. Era berean, ur-biltegi bat ere bazuen errotak, errioan jaiotzen ziren izokiseme edo izokin kumeak harrapatzeko aukera ematen zuena. Arrantzale donostiarrek Santa Katalinako zubian arrantzatzeko debekua injustizia batean oinarritua zegoela zioten. Hernaniko errotak kalte handiagoa egiten zuela eta haren kontra ez zela ezer egiten zioten. Horrez gain, kexa adierazten zuten, haiek mareen arabera arrantzatu behar izaten baitzuten, hernaniarrek urte osoan egiteko aukera zuten bitartean.

Dokumentuek adierazten duten moduan, beraz, gatazkak eta haserreak ez ziren gutxi izan izokin arrantzaleen eta herrien artean. Izokin-arrantza ez zelako aisialdiko gutizia, familia askorentzat sostengua zen ofizioa baino.

 

Liberalizazioaren garaiak

Nasei lotutako arrantza-eredua XIX. mendean desagertu zen, estatu liberalaren eraikuntzan jabetza pribatuaren eta merkatu-askatasunaren defentsak izan zuten garrantziaren kariaz. Arrantza Ipar Euskal Herrian liberalizatu zen aurrena, Frantziako Iraultzaren ondoren. XIX. mende hasieratik aitzina, Aturrin eta Errobin baro izeneko asmakuntzak jarri ziren modan, inbertsore pribatu ugariren eskutik. Sare-sistema mekanizatu horiek etengabeko arrantza autonomoa egitea ahalbidetzen zuten, baina oso erasokorrak ziren ibaietako izokinen populazioentzako. Gehiegizko arrantza arriskuak larrituta, 1926an bertan behera gelditu zen haien erabilera.

Bidasoan ere aldaketa garaia izan zen XIX. mendea. Zubernoako nasa izen bereko monasterioa desegitearekin batera galdu zen, Frantziako Iraultzaren ondoren. Handik gutxira, 1856an, Espainiak eta Frantziak Baionako Tratatua sinatu zuten, eta horren arabera Bidasoaren erdian finkatuta gelditu zen bi estatuen arteko muga. Hondarribiak itsasadar osoaren gainean zuen jabetza desagertuta, Elorregiko nasa desegitea beste aukerarik ez zuen izan; hori bai, Frantziako Gobernuak kalte-ordain mardulak ordainduta. Egituraren aztarnak itsasbehera denean ikus daitezke oraindik, Biriatuko autobidearen zubi azpian.

Urumea bailaran nabarmenak izan ziren aldaketak XX. mendean. Aldaketak, bai arrantza metodoengatik, bai eta errioko populazioak berak jasandako beherakadagatik ere. 1950eko Munibe aldizkariko artikulu batek dioenaren arabera, 1900. urtean Urumea ibaia ezaguna zen erakartzen zituen arrantzaleengatik eta turismoagatik. Gerra Zibila iritsi aurretik, 1933-36 artean, izokin asko arrantzatzen zen oraindik Urumean. Urteko 2.000 kilo inguru izokin arrantzatzen zela dago dokumentatua, 200 ale arrantzatzen zirelarik urteko, eta urte onenetan, 300. 1939ko martxoaren 14an, Nekazaritza Ministerioak agindua bidali zuen Gipuzkoa osoko ibaietan,   –Bidasoa kanpoan utzita, bertan nazioarteko ituna baitzegoen indarrean– izokinak sareekin arrantzatzea debekatua zegoela adieraziz. Hortik aurrera, beraz, kainaren bidez arrantzatu beharko zen.

 

Donostiako izokin arrantzaleek euren kexarekin batera aurkeztu zuten marrazkia, Hernaniko Ezioko errotan zegoena ulertarazteko. / Iturria: Hernaniko Udal Artxiboa

Legeak eta arauak ezagutzan oinarrituta

Dokumentu askotan irakur daitekeenez, izokin-arrantzak garrantzia eduki izan du herritar askoren eta familien ekonomian, eta, beraz, baita haien biziraupenean ere. Badira dokumentuak non adierazten den ofizio hori dela familia baten bizitzeko modu bakarra. 1879an, Donostian: «Industria hori zen haien familien sostengu bakarra»; edota 1880an, Donostian ere bai: «Izokin-arrantza da familia askori, eta zehazki ollokiegitarrei, bizitzeko baliabideak ematen dizkien jarduera bakarra».

Diru-sarrera horiek, ordea, ez ziren soilik etxe-mailan geratzen; ikusi dugun moduan, udalek ere errematean ematen zituzten nasak eta izokin-arrantzarako baimenak diru-iturri ziren hainbat udalerrirentzat. Horrek guztiak gatazkak eta liskarrak ekarri izan ditu, sortzen zen interesa handia zelako. Hori saihesteko, legeak eta arauak jarri izan zituzten bertako agintariek. Horiek garatzeko orduan, baina, arreta ematen du ondo asko ezagutzen zutela izokinaren bizi-zikloa eta biologia. Alegia, arauak jartzen zituztenek bazekiten zein zen arrainaren biologia, eta hori kontuan hartu gabe egiten bazituzten legeak, segituan kexatu ohi ziren arrantzaleak. Izan ere, gauza bat garbi zegoen: izokina desagertzea denon kalterako zen. Alegia, arrantzak jasangarria behar zuen, etorkizunean ere izokina egotea beharrezkoa baitzuten.

Ezagutza horren zenbait adibide aurki daitezke ahozko eta idatzizko iturrietan. Santa Katalinan ezin zela arrantzatu kexatu ziren arrantzaleek, esaterako: «Izokina, normalean, martxo inguruan hasten da errioan gora igotzen. Hil horretatik ekaina arte, izokin handiak igoko dira, eta azken honetatik abuztura, txikiak. Ibaian sortuko diren kumeak igotzen joango dira beti hurrengo urteko martxora arte…». Eta 1905ean arrantzaleak kexatu egin ziren, «Urumea ibaian sortu diren presek arauetan oinarritzen diren baldintzak betetzen ez dituztenez, izokinek ezin dute errioan gora igo, arrautzak jarri ohi dituzten guneetara, eta hala, itsasora itzultzen dira, eta beste erriotara joan. Hala, egunez egun izokina desagertzen ari da Urumeatik, eta harekin batera aberastasuna ere badoa».

Hernaniko Burbunak eta etsayak proiekturako elkarrizketatua izan zen Joxe Oiarbide Ttanttua arrantzaleak ere adierazi zuen izokin arrantzan ibiltzen zen jendeak duen ezagutza, eta are eta kuriosoagoa dena, nola lortzen zuten ezagutza hori: «[Izokinak] bi urte hemen [errioan] egiten ditu. Nazabal izeneko gunean, Ereñotzuko kanala zegoen lekuan, errioan behera zihoazen izokin kumeak harrapatzen genituen, eta guraizearekin isats-punta txikia mozten genien, eta berriz ere ibaira bota… eta laugarren urtean azaltzen ziren (itsasotik bueltan, arrautzak errioan jartzera). Haietako bakarren bat azaltzen zen laugarren urtean berriz ere hona. Hortxe, bi kilo eta erdi, hiru kilokoak azaltzen ziren». Alegia, izokinak jaio ziren ibai berera itzultzen ziren, eta noizbehinka harrapatzen zituzten haiek guraizeekin markaturiko izokinak.

 

Izokin-arrantzaren irudiak Oloroeko (Biarno) katedralean. XII. mendea. Argazkia: Wikimedia

Izokina: ondareak arrain forma duenean

Hasi Ekaingo kobazuloetatik eta erdi aroko eskuizkribu zaharretatik pasatuta, gaur egungo aldundi eta Eusko Jaurlaritzako paper ofizialetara, izokinak beti izan du bere txokoa, bere izena euskal gizartearen oholtzan. Ez da gutxiagorako, arrain horrek gure gizartean izan duen garrantziak, ikusi dugun moduan, utzi duelako bere arrastoa.

Gaur egun, bukatu dira herritarren arteko liskarrak eta haserreak. Izokina berreskuratzeak berak guztion parte-hartzea eta indarra behar baititu, eta arrantzatzea debekatuta egonik, sortzen diren gatazkak bestelakoak izan ohi dira: arrantza ilegala, erreken kutsadura, izokinaren umatze garaian ibaian hasitako obrek duten eragina, edota zentral hidroelektrikoetako presek haien migrazioan egiten duten oztopoa dira, besteak beste, aldian-aldian azaleratzen diren berriak.

Izokinaren egoera gorabeheratsua da Euskal Herrian, ibaiaren ezaugarrien eta problematiken arabera kudeatu behar baita bertako populazioa. Hala, administrazioek izokinak berreskuratzeko planak dituzte garatuak. Dokumentu zaharretan jada ikusten den moduan, oraindik ere izokinari birpopulatzen laguntzeko kumeak askatzen dira urtero; horrez gain, azken urteetan errioetako uren kalitatea berreskuratzeko lanek ere izan dituzte euren emaitzak arro batzuetan. Hor da, esaterako Urumea, 70eko hamarkadan apenas izokinik zuena, eta egun ehundik gora jasotzen dituena urtero; edota Oria ibaia, oraindik ere hobekuntzarako bide luzea badu ere, izokina berriz ikusi duena azken urteetan. Baina badira oraindik ere uraren kalitatea hobetzeko beharra duten ibaiak, edota, hori lortuta, orain errekaren hidromorfologian eta hidrodinamikan lan egin behar dutenak, eta arrainaren habitata kontuan izan, berreskurapen lanekin hasteko. Egin beharreko lanen artean dago, esaterako, izokinaren behetik gorako migrazioa erraztea, errute-leku berriak aurki ditzan, eta goitik beherakoan zentral hidroelektrikoetako turbinetara joan ez dadin.

Ez du erronka txikia izokinaren kontserbazioak. Haren banaketa-eremuaren mugan, klima aldaketak Euskal Herriko ibaietan izokin-populazioen etorkizuna baldintzatu dezakeela diote adituek. Historiaurretik gaur egunera, izokinak gizakiak jarri dizkion oztopoei aurre egin behar izan die, eta lortu du, hein handi batean, korrontearen kontra aurrera eginez. Etorkizunean ere bide bera egitea geure esku dago, neurri handian. 

Ekaingo kobazuloko izokinaren irudia. Argazkia: Euskadi.eus / Eusko Jaurlaritza

Izokinari buruz hitz egiten dugunean, beraz, ez dugu soilik Euskal Herriko ibai batzuetan aurki daitekeen eta «interes bereziko» espezie moduan katalogatuta dagoen arrain bati buruz hitz egiten. Euskal gizartean eraman duen bideak eta utzi duen aztarnak, berez dira garrantzitsuak izokina kudeatzeko garaian, duen garrantzi historikoagatik ere zaindu behar izateko. Izokina, arrain forma duen ondarea ere badelako.

 

ESKUZKO BONBEKIN IZOKINAK ARRANTZATZEN

Ez da sonatua, baina bai ederra, 1939ko ekainaren 28an, Gerra Zibil betean, Hernaniko alkate zen Zaragüetak Burgoseko Infanteriako Erregimenduko 8. Batailoiaren (31. zenbakia) komandanteburua idatzi zion gutuna.

Bertan, Hernaniko alkatea kexu zen, batailoian zeuden soldaduak izokin arrantzan zebiltzalako Hernaniko lurretan. Arrantzan, eta legearen kontra. Izan ere, eskuzko bonbak ari ziren erabiltzen izokinak arrantzatzeko, eta alkatearen arabera, horrek kalte handia ari zuen egiten bertako arrainen aberastasunean.

Hori gutxi balitz, ingurueko baserrietan baserritarren baimenik gabe belar-ondua ere lapurtu zutela jartzen zion komandanteburuari, eta horrek kalteak sortzen zituela haientzat. Eta azkenik, tropa Urumea ibaian bainatzen zela esaten zion, jende asko ibiltzen den eremuan, herritarren aurrean, eta zakil-zorro gabe egiten zutela, larrubizi, alegia, emakumeen lotsarako.

Eta hala eskatzen zion, Zaragüeta alkatea erregimenaren aldekoa izanik, «ejerzitoaren ospea» mantentzearren, zuzendu zitzala jarrera horiek, berriro gerta ez zitezen.

 

IZOKIN-ARRANTZAREN AHOZKO TESTIGANTZA EDERRAK

1919an jaio zen Joxe Oiarbide Ttanttua zenak ere azaldu zituen bizi izan zen ia mende beteko urteetan izokin kontuak nolakoak ziren. Ttanttotarrak arrantzale amorratuak ziren, eta izaten zituzten haserreak batzuetan Altzutarrekin. Haiek ere arrantzale sutsuak izan, eta izokin-arrantzan aritzen baitziren denak. Komeni zenean, ordea, elkarlanean ere aritzen ziren, Oiarbidek kontatu zuen moduan: “Izokina nik ikusi dudan handiena, 6 kilo eta erdikoa. Epele-Etxeberriko presaren azpian, eta han harrapatu genituen bi. Orduan altzuetarrak eta gure aitak eta denek sozio egin zuten. Bazekiten handiak zirela, eta, sareak eta jarri zituzten, eta bat ha¬rrapatu zuen gure aita difuntoak, sarea jartzen ari zela. Handiena hark harrapatu zuen.”

Berrogeiko hamarkadan, ordea, Urumea ertzean ezarritako paper fabrikak direla-eta, ibaiaren ur-kalitatea izugarri jaitsi zen, eta izokina desagertu egin zen erriotik. Laurogeiko hamarkadan, uraren kalitatea berreskuratzeko egindako lanei esker, eta izokinek presak igarotzeko egindako eskalak direla medio, izokin populazioa berreskuratzen hasi zen. Asko badira ere azken urteetan egindako aurrerakuntzak, izokin-arrantza debekatuta dago Urumea bailaran. Espeziearen kontserbazioan dago jarria begirada.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!