1663a. Hernaniko Artiga barrutian kokatua zegoen Zabalaga baserriaren (egungo Chillida-Leku) jabea zen Sebastian de Zavalegui. Ez dakigu Sebastian gizon ezaguna ote zen garai hartako Hernanin, baina bere gertakizuna sonatua izango zela herrian, nahiko ziurra da. Izan ere, Sebastianek bere baserriko ganaduarentzat otea moztu zuen. Udalak zioenez, debekatua zegoen eremuan. Hala, Sebastianen eta Udalaren arteko liskarrak Valladolideko kantzelaritzaraino iritsi ziren. Sebastianek Udala ere salatu zuen, Urumeako zilegimendietako basoetan zegoen egur guztia burdinolentzat zen ikatzerako erabiltzen zenez, otea moztea debekatzea behartsuen kontrako neurria zela esanez.
Izan ere, XVII. mendeko Urumean, basoaren eta naturako beste hainbat lehengaien ustiaketa handia egon zen. Baso asko zen bailaran, baina egur gutxi etxeko sutarako. Otea ere, oso preziatua zena, gero eta gehiago ebakitzen zen. Hala, herri mailako ustiaketa ez zen jasangarria. Gehiegizko mozketa horrek desoreka sortzen zuen gizartean, denek ezin zituztelako euren beharrak ase, eta etorkizunera begira, jarraibide horrek, lehengaien eskasia sor zezakeen. Beraz, Udal mailan neurriak hartu behar izan ziren horien ustiapenerako.
1824a. Goizuetako, Aranoko eta Hernaniko Udaletako ordezkariak Donostiako Udaleko ordezkariekin bildu ziren Loiolako plazan (Donostia). Aurreneko hiru herriak kexu ziren, Donostian eta Astigarragan izokinak harrapatzeko jarriak zituzten sareek ez zietelako arrainei errioan gora igotzen uzten. Horrek, bi kalte nagusi sortzen zituen: batetik, Donostiatik gora bizi ziren eta izokinen arrantza bizibide zuten familiek, ezin zutela lanik egin. Bestetik, izokina itsasotik erriorako bidean zihoala harrapatzen zutenez, arrainek ez zituztela jarriko arrautzak Urumeako goiko erreketan, eta hala, etorkizunean ez zela izokinik izango Urumean. Horrek, noski, kalteak sortuko zituen bertako ekonomian eta ingurumenean. Alegia, sare horiek erabiltzea ez zen jasangarria. Ez zuen izokin populazio iraunkorrik baimenduko, eta horrek orduko Urumeako biztanleei kalte egiteaz gain, etorkizuneko belaunaldietan arazoak eragingo zizkien.
Iraunkortasun kontuak urteetan izan dira; egun, ordea, ezaugarri bat nabarmentzen da: sortzen diren inpaktu asko oso zailak dira konpontzen
Izan ere, iraunkortasunaz edo jasangarritasunaz hitz egiten dugunean, ez gara soilik XXI. mendeko Urumeaz hitz egiten ari. Iraunkortasuna egungo beharrizanak asetzea da, baina, betiere, etorkizuneko belaunaldien aukerak baldintzatu gabe, eta oreka mantenduz, ekonomia, ingurumena eta gizartearen ongizatearen artean. Hala, Urumeako zilegimendietan egiten zen baso egurraren ustiaketa, edota izokinen afera, batzuen ekonomiarentzat onuragarria zen, baina, momentuko gizartearen ongizatearen kaltetan, eta, hein handi batean, etorkizuneko belaunaldiak baldintzatuz egiten zen. Iraunkortasun kontuak, beraz, urteetan izan dira. Egun, ordea, ezaugarri bat nabarmentzen da: sortzen diren inpaktu asko oso zailak dira konpontzen, eta gainera, haien inpaktua ez da soilik herri mailakoa. Gizartea bera bezala, globalizatu egin da. Urumea bailarako iraunkortasuna oso garrantzitsua da bertako herritarrentzat, baina baita hortik kanpo bizi direnentzat ere.
Urumeatik mundura, mundutik Urumeara
Duela mende batzuetako Urumeatik egungora asko dira aldatu direnak. Iraunkortasunari dagokiolarik, agerikoa da aurretik erakutsitako adibideetan ekonomiari eta gizarte mailako arazoei ematen zitzaiela garrantzia. Ordutik hona, ordea, zientzia mailan aurrerapen handiak egin dira, eta horiekin batera etorri da ezagutza. Hala, badakigu egun, ingurumenean egiten diren inpaktu ezberdinak ez direla neurtu behar soilik ekonomikoki eta gizarte mailan izan ditzaketen ondorioengatik. Izan ere, bertako ekosistemenetan, faunan, floran, edota orokorrean, biodibertsitatean sortzen diren inpaktuek eragin zuzena izan dezakete gizakiaren ongizatean, eta beraz, iraunkortasuna deitzen diogun kontzeptuan.
Eta hori horrela da, besteak beste, ingurumenak berak zerbitzu ekosistemikoak eskaintzen dizkigulako. Alegia, ekosistemek gizakiarentzat onuragarriak diren, edota kasu askotan bizitzeko ezinbestekoak diren baliabideak eta prozesuak eskaintzen dizkigulako. Horien barnean sartuko genituzke, esaterako, uraren eta janarien ekoizpena, edota klimaren erregulazioa eta gaixotasunen kontrola, elikagaien zikloak eta uzten polinizazioa eta aisialdirako ematen diogun erabilera, ongizate fisiko eta mentalarekin loturik dagoena.
Hala, mundu mailan gertatzen diren inpaktu ezberdinek eragina izan dezakete Urumea bailaran, eta horren adibide dugu, esaterako, Klima Aldaketa edota gaixotasun berrien etorrera. Eta alderantziz, inpaktu lokalek eragin globalagoak izateko arriskua ere badute, isurtzen diren karbono dioxidoaren kasuan bezala, edota bailarako ekosistemetan gerta daitezkeen eraldaketa bortitz ezberdinek ez dutelako eragingo soilik Urumean, baita inguruko herrietan ere.
Iraunkortasunaren balantza
Hala, iraunkortasunaren bidean, badira ingurumenari lehentasuneko lekua eman behar zaiola irizten duten zientzialariak ere. Stockholm Resilience Centreko Johan Rockströmek eta Pavan Sukhdevek, esaterako, iraunkortasuna bada jomuga, ingurumenak oinarrian beharko lukeela adierazi dute, eta hala, haiekin bat egin dute mundu mailako beste hainbat adituk ere. Horretarako, Nazio Batuen Erakundeak, planetaren garapenerako bidean kontuan hartu beharko liratekeen 17 Garapen Iraunkorreko Helburu finkatu zituen (18 EAEn), eta horiek taldekatu: Gizarteari, ekonomiari eta ingurumenari loturiko helburuak daude horien artean. Rockströmek eta Sukhdevek proposatzen dutena da, ez dagoela gizarterik, ezta ekonomiarik, biosfera osasuntsurik gabe. Alegia, ingurumen helburuak zaintzea ezinbestekoa dela, gainontzeko atalak ere iraunkorrak izateko. Hargatik, mundu mailan iraunkortasuna lortzeko helburuak sailkatzeko orduan, piramide bat eraiki zuten, eta piramide horren oinarrian, ingurumenari loturiko helburuak jarri: ingurumena da iraunkortasunaren oinarria.
Eta alde batetik, ez da harritzekoa haien proposamena. Izan ere, aurretik aipatu diren adibideetan ikusi den moduan, ingurumenak, gizarteak eta ekonomiak lotuta egin dute haien ibilbidea historian zehar, eta batean ematen den aldaketak, bestean ere eragin dezake. Dudarik ez da, ordea, gizakiak mundu honetan aurrera jo nahi badu, kontuan izan behar duela ingurumenean sortzen dituen eragin guztiek ez dutela atzera buelta egiteko aukerarik ematen, eta hala, gizakia naturaren parte den heinean, haren beharra duela ere aurrera jo ahal izateko. Nahi eta nahi ez.
Urumea bailarako ingurumenaren iraunkortasunaz
Hori hala izanda, eta lehentasunezko kontuez hitz egiten ari garela, pentsatzera jo genezake ingurumenak lehen lerroan beharko lukeela administrazioaren agendan; baina egun, zoritxarrez, usteetatik errealitatera salto handia dago. Aurrekontuak begiratu besterik ez dago hortaz ohartzeko. Eta hala, otsoaren uluak entzuten ditugunean hasten gara gure ardiak zaintzen. Alegia, ingurumen inpaktua nabarmena ez den heinean, kasu gutxi egiten diogu inguratzen gaituen biodibertsitateari eta paisaiari. Eta bertan egiten ditugun aldaketak modu errazean barneratzen ditugu, egunen batean konturatu(ko) garen arte, atzera buelta orain oso zaila dela.
Kontuz ibili beharko genuke, pentsatzean bertako inpaktuak bertako ingurumenaren iraunkortasunean baino ez duela eragiten
Hargatik, ingurumenaren iraunkortasunaz hitz egiten dugunean, ezinbesteko lana izan beharko litzateke (eta era berean, lan eredugarria suerta daiteke) Urumea bailarako udalerrientzat bertako ingurumena etorkizunean nola ikusten duten hausnartzea. Alegia, Urumea bailara iraunkor bat lortu nahi badugu, ingurumen ustiaketa eta kudeaketa aldetik paisaiak zein antolaketa izango duen aztertzea, eta erabakitzea, nora jo nahi dugun. Zer nahi dugun. Izan ere, zentzu gutxi du udalerri bakoitzak bere zilborrari begiratzea, jakinda, esaterako, Urumeako herritar askok Añarbeko urtegitik, alegia, bailarako leku jakin batetik hartzen dutela ura, eta beraz, inguru horretan egiten den paisaiaren kudeaketak guztioi eragingo digula. Edota jakinda, esaterako, Gipuzkoa parteko Urumea bailaran dagoen eremurik aberatsenetakoan, Kartola errekan, eukaliptoz bete nahi direla magalak, eta beraz, bailara mailan biodibertsitatearen kontserbazioan garrantzitsua den eremu bat ari garela hipotekatzen.
Kontuz ibili beharko genuke pentsatzean bertako inpaktuak bertako ingurumenaren iraunkortasunean baino ez duela eragiten. Izan ere, Vandenboschia speciosa iratze paleotropikalaren Europa mailako ikerketa batek erakutsi duen moduan, Urumea bailaran hartu zituzten laginek Europa mailako haplotipo dibertsitate handiena dute. Eta beraz, bereziak dira Europan hartu dituzten gainontzeko laginekiko. Kontuan izanda, ezagutzen den populazio handienetako bat Kartola errekan dagoela, eta ikerketek dioten moduan, bertan landatzen ari diren eukalipto landaketek errekako hidrodinamikan eragina izan dezaketela, ez ote gara gure ondarea ez ezik, Europa mailako ondarean ere eragiten ari?
Argiak eta itzalak Urumeako iraunkortasunaren bidean
Urumea bailararen historian zehar asko izan dira hartu beharreko erabakiak. Garai batean, ikuspuntu ekonomikoa, eta gizarte mailakoa, ziren kontuan hartzen zirenak bereziki. XXI. mendeko Urumean, ordea, iraunkortasunerako bidean badakigu naturaren funtzio ekosistemikoak kontuan hartu beharrekoak direla, eta gure erabakiek eragingo dutela egungo eta etorkizuneko belaunaldietan, Urumeakoetan, eta baita Urumeatik kanpora daudenetan.
Bere garaian, iratze eskasia ikusita, arauak jarri ziren iratzea mozteko, eta harrapazka eguna sortu zen hala Hernaniko udalerrian. Basoaren kudeaketa, nekazaritza eta abeltzaintza erabilera, uraren erabilera, eta eraikitzeko baimenak zehazten joan dira, besteak beste, eta horiek joan dira egun dugun paisaia eraikitzen. Baina etorkizunera begira, pentsatu beharko genituzke hainbat kontu ere. Azken hamarkadetan lurrik emankorrenak diren erriberak zementuz eta asfaltoz bete ditugu, eta egun, ezinezkoa da erribera huts bat aurkitzea ia arro osoan. Aurretiko antolaketa faltak eragin du, pixkanaka Urumea errioari lekua kendu izana, eta hala, bere hidrodinamikan eta habitatetan eragin zuzena izan dugu. Uholdeek, errioaren prozesu natural moduan, aberasten zituzten garai batean artoa landatzeko, baratzak egiteko, eta beste hainbat uztarako jarri ziren lurrak. Iraunkortasunaren ikuspuntutik akats handia da erriberarik gabe uztea errioa. Hortik, beraz, etorkizunera begiratzeko garaian, erabaki egokiak hartzeko beharra.
Nekazaritzari loturiko lanbideen beherakadarekin etorri da bertako basoaren etorrera ere. Eta hala, iratze-toki zirenak, edota otadi, edo larre, ari dira baso bihurtzen. Bertako basoaren etorrera berri ona da dudarik gabe, baina paisaiaren dibertsitatean ere eragina izan dezake nekazal eremuaren desagertzeak. Hala, paisaia dibertsitatea bultzatze aldera, interesgarria izango litzateke hausnarketa bat egitea, eta ikustea, ea Urumea arroak bere osotasunean hartzen ote dituen paisaia horiek, non espezie ezberdinen beharrizanak aseko dituen, eta era berean, gizakiarentzat ezinbestekoak diren zerbitzu ekosistemikoak bultzatzeko balioko duen.
Basoaren etorrerak erakarri du egun arte oso gutxi ikusten zen okil beltza. Basakatuak, orkatzak, azeriak eta lepazuriak gure bailaran dabiltza. 70. hamarkadan izokina desagertua zegoen, eta berreskuratu da populazioa pixkanaka. Errioak bere uren kalitatea asko hobetu du, Gipuzkoako ur garbienetarikoak, garbienak ez badira, ditugularik Urumean. Horrek aisialdirako aukera ematen digu, biodibertsitateari dagokion inguru aberats batean, Europa mailan babestua dagoen, eta hainbat espezie mehatxatuen bizilekua den gunean, bainatzeko aukera dugularik. Ez dakit ohartzen garen, estrategia on batekin, iraunkortasuna ardatz hartuta, etorkizuna argitzen joan gaitezkeela, eta gure bizi kalitatea hobetu, ekonomia, gizartea eta ingurumenaren artean oreka sanoago bat bilatuz. Horretarako, ordea, lanak aurretik egitea komeni da. Alferrikakoa da oilategia ixtea katajineta dagoeneko barruan sartu denean. Eta uste dut, egungo Urumeak nondik arnasten duen ikusita, momentu eder batean gaudela erronkari eusteko, eta denon artean hausnartzeko: Nolako Urumea nahi dugu etorkizunean?