Urduri baina gogotsu daude Hernaniko Akordeoi orkestrako kideak uztailaren 29an Disneyland Parisen emango duten emanaldiagatik; oraindik ere, sinetsi ezinda daude. «Utopikoa ere ikusten genuen Pariseko kontzertua, gainera, bi urteko pandemian zehar jolas-parkea itxita egon da eta aurten, martxa berrian, talde asko aurkeztu dira. Horregatik, oso zaila ikusten genuen denen artean gu izatea aukeratuak», azaldu du Maribel Insaustik, Hernaniko Musika Eskolako Akordeoi irakasleak.
Insaustik dio, Paris beti izan dela taldearentzat deseatutako helmugetako bat. Musikariek beti izan dute bertan emanaldi bat egiteko gogoa, baina, orain arte, aukerarik izan ez dutela azaldu du: «Paris beti egon da gure buruan, baina, haien datak eta gureak ez zetozen inoiz bat, beti zeuden arazoak, eta azkenean ez genuen aukerarik izaten».
Hala ere, oraindik urruti ikusten dute Disneyland Parisen eskainiko duten kontzertua, tartean beste zenbait emanaldi baitituzte, haien artean: Musikaldia Pasaian, kurtso bukaerako kontzertua, preludio txikia, preludio haundia edota San Joan jaietako txupinazoa, besteak beste. Beraz, lan asko daukate aurretik akordeoilariek.
Parisko xarma
Frantziako hiriburuan emanaldi bat ematea beti izan da amets bat musikarientzat. «Bidaiak antolatzeko orduan beti egon da norbait Paris proposatu izan duena», azaldu du Insaustik. Orain, gainera, Parisen bakarrik ez, eta Disneyland Parisen jotzeko aukera izango dute musikariek. Taldeko kideek ilusio haundiz hartu zuten albistea, haien artean, taldeko gazteena den kideak, Eñaut Zabalegik: «Oso gogotsu nago aukera hau izango dugulako, Disneylanden jotzea niretzat izugarria da».
Orain dela bi urte, Oreretan, Disneyren obraren inguruko kontzertu bat eman behar zuten Hernaniko akordeoilariek, baina, pandemiak guztia bertan behera uztea ekarri zuen. Joan den urtean zehar musikariak ezin ziren talde haundietan elkartu, eta talde txikietan elkartzen baziren ere, lehiaketa eta emanaldiak prestatzeko oztopo asko zituztela azaldu du Insaustik.
Aurten, azkenean, martxa hartzen hasi dira musika eskolako ikasleak, instrumentuak berotzen dabiltza eta inoiz baino gogotsuago daude kontzertuak eskaintzeko. Indar honekin batera, berriro ere, bidaiatzeko gogoa berpiztu zitzaien orkestrako kideei; eta Pariseko bidaiaren arantza kentzeko aukera paregabea ikusi zuten. Baldintza guzti horiek eraman zituzten taldekideak elkartu eta lehenengo pausua ematera, lehiaketara aurkeztea. «Maribelek albistea eman zigunean ilusio haundia egin zigun, ez baitu edozeinek aukera izan bertan jotzeko; motibatuak gaude, badakigu lan haundia gelditzen dela baina ilusio haundia dugu», adierazi du Intza Otamendik, Hernaniko akordeoi orkestrako kideak.
Martxan jartzen duten proiektu bakoitzari bere xarma ematen diotela azaldu du Insaustik, baina egia da, Disneylanden kasua oso berezia dela beraientzat. Disneyland Pariseko parkeaz gozatzeko aukera askok izan dute, baina Otamendiren eta taldeko kideen iritziz, oso ezberdina da bertan egotea edota bertan jotzeko aukera izatea. Hori da zehazki proiektu hau berezi egiten duena musikarientzat.
Casting-a eta bete beharreko baldintzak
Martxoaren 27an grabatu zuten Hernaniko akordeoilariek Disney Performing Arts programara bidaltzeko aurkezpen bideoa. Goitik behera beltzez jantzi eta Hernaniko Milagrosan elkartu ziren musikariak. Hernaniko Akordeoi taldetik 22 musikarik hartuko dute parte. Hala ere, proiektu haundietarako Usurbilgo eta Lezoko musikariekin ere kontatzen dute, beraz, guztira 32 akordeoilari joango dira Parisera.
Ingurukoen laguntzaz bideoa grabatzea eta muntatzea erraza izan zen; hurrengo egunerako jada bidalia zuten Hernaniko musikariek beraien proposamena. Aste horretan bertan iritsi zen Parisetik mezua musika eskolara, Disney Performing Arts programan parte hartzeko hautatuak izan zirela adierazten zuen mezua, zehazki. Insaustik berria ikasleei helaraztea besterik ez zen falta. «Maribelek, hautatuak izan ginenaren albistea eman aurretik, hainbeste esperotako bidaiaren helmuga gure ustez zein izango zen galdetu zuen eta baten batek Paris aipatu zuen arren, 'bonbazo' bat izan zen guztiontzat; ez baitzuen inork espero gure bideoa hautatuko zutela», azaldu du Otamendik.
Mezuan, parte hartzeko onarpena jasotzeaz gain, informazio gehiago ere bidali zieten, hala nola, emanaldiaren data zehatza. «Hau izan zen agian datu garrantzitsuena eta gehien kezkatzen gintuena», dio Insaustik. Taldean asko direnez, bakoitzak konpromiso ezberdinak dituela azaldu du, horregatik data ahalik eta azkarren jakitea garrantzitsua zen musikarientzat, egun horietan libre egoteko.
Frantziako programak lan egiteko darabiltzan baldintzak, orokorrean, zorrotzak direla adierazi du Insaustik: «Baldintzak oso zorrotzak dira, esaterako, baldintzetako bat zera da: casting-eko bideoan agertzen ziren pertsonak bakarrik izango dutela posible parte hartzea, ez gehiagok ezta gutxiagok ere». Gerora parte hartzera animatu diren musikariei ezetz esan behar izan dietela azaldu du Insaustik. Bestalde, musika eta dantza lotzea ere otu zitzaien, baina aginduak garbiak ziren, bideoan aurkeztu zuten berdina egin beharko dute uztailaren 29an, inolako aldaketarik gabe. Janzkeraren aldetik ere, hainbat baldintza dituzte, esaterako, praka puskatuak edota sandaliak erabiltzea debekatuta dago eta musikari guztiek galtza luzeak jantzi beharko dituzte.
Emanaldia
Disneylandeko programazioan 30 minutuko saioa eskainiko dute musikariek. Egunean zehar saio ezberdinak egingo dira, baina oraindik ez dute gainontzeko taldeen eta ekintzen informaziorik. Bestela, dena oso lotuta dago, emanaldiaren logistikatik hasi eta detaile txikiena ere aurretiaz lotuta izateraino.
Emanaldia baina bi hilabete lehenago guztia adostuta eta horrelako zehaztasunez lotuta edukitzea zerbait berria izan dela dio irakasleak eta arraroa ere egin zaiela adierazi du: «Dena oso lotuta egotea nahi dute, eta guk dena bat batean egitera ohituta gaude».
Zerrendatuta eta ordenatuta dituzte emanaldian joko dituzten pieza guztiak, antolatzaileek hala eskatuta. Musikariek jada eskuartean dituzte partiturak, eta orain, entseguetan indarra jartzea besterik ez da falta. «Esfortzu handia egitea tokatzen zaigu orain, bertara joan eta gustura geratu nahi badugu», berretsi du Zabalegik. Aukeratutako pieza guztiak Disneyrekin lotura duten piezak dira, guztiak ezagunak. «Txikitan entzun ditugun abesti eta ikusi ditugun pelikula asko Disneyrenak izan dira; oso berezia da niretzat orain bertako piezak guk jotzeko aukera izatea, non eta Disneyland Parisen bertan», azaldu du Uxue Zugastik, Hernaniko Akordeoi orkestrako kideak.
Partiturak eskuan izan arren, San Joan jaien ostean hasiko dira musikariak buru belarri emanaldia prestatzen, tartean indarrak banatzea tokatzen baitzaie: «Orain ez dugu astirik izango gure indar guztiak Pariseko kontzertuari eskaintzeko; beraz, nahiz eta tarteka entseguak egin, San Joan jaien ondoren jarriko gara buru belarri», adierazi du Insaustik. Hala ere, ostiraletan egiten dituzten entseguetan Disneyren piezaren bat jotzen amaitzen dute eta ikasleak etxera motibazio haundiarekin joaten direla dio irakasleak.
Bidaiaren prestakuntza
Bidaiatzeko orduan musikariek normalean logistika arazoekin egiten dute topo, instrumentuekin bidaiatzea, hain zuzen ere. Horregatik, Pariseko bidaia autobusez egitea erabaki dute. Bestalde, balio handiko instrumentuak garraiatuko dituztenez, aseguru bat ere kontratatzen dute horrelako kasuetarako. Inoiz ezbeharrik gertatu ez zaien arren, beti dago arriskua eta horregatik ezinbestekoa ikusten dute.
Gauez irtengo dira Hernanitik eta lehenengo bi egunak Frantziako hiriburuan igaroko dituzte. Turismoa egiteko erabiliko dituzte egun hauek, Parisko txoko ezberdinak bisitatuz. Ondoren, beste bi egun igaroko dituzte Disneyland Paris parkean kontzertua eskaini ostean, parkeaz gozatzeko aukera ere izango baitute musikariek.
Bidaia zerbait nekagarria egingo den arren, mereziko duela adierazi du Insaustik: «Lan asko egingo dute baina disfrutatzeko aukera ederra edukiko dugu, gure artean sortuko den giroak hurrengo kurtsoa ere indarrez hartzeko balioko digu, seguru nago».
Etxetik kanpoko esperientziak
Etxetik kanpo egiten diren bidaiak goxoki bat bezalakoak direla dio Insaustik, indar eta gogo haundiz hartzen diren helmugak bilakatzen direla ikasleentzat eta irakaspen positibo ugari ateratzen dituztela bertatik. Hernaniko Akordeoi orkestrak herritik kanpo jotzeko aukera izan du behin baino gehiagotan, Madrilen, Bartzelonan, Sevillan eta Salamancan, besteak beste. Proiektu handiagoak ere eduki dituzte eta urrutiago ere iritsi da orkestra, hala nola, Italiara edota Serbiara. Bidaia hauekin, beraien piezak herrialde ezberdinetako publikoari erakustea ez ezik, bidai polit bat antolatzea eta bertan guztiek gozatzeko aukera izatea dute helburu.
Horrelako ekintzak taldea indartzeko ezinbestekoak direla azpimarratu dute orkestrako kideek. «Bidaiak opari bat izaten dira ikasleentzat; horrelako bidaietan sortzen diren harremanak bereziak dira, ikasleek heldutasuna hartzen dute eta horrek ondoren egunerokotasunerako balioko diela uste dut», dio Insaustik. Batzuek batxilergoa bukatu berri dute, besteak unibertsitateko ikasketak egiten dabiltza eta, beste batzuk, ama ere izan dira; «denok gara taldeko kide eta elkarren artean sortzen den giroa zerbait berezia izaten da», adierazi du.
Kanpotik emanaldi bat egiteko deitzen dieten bakoitzean, musikariek bat egiten dute beti. Gehienetan kontzertu horiek muxutruk egiten dituzte eta emanaldi zehatz batzuetan soilik ordaintzen diete; hala ere, muxutruk direnek ere, bestelako gauzak eskaintzen dituztela azaldu du irakasleak.
Orkestrako kideek, bidaiatutako leku ezberdinen zerrenda luzea badute ere, badira taldean, oraindik ere, bidaiatzeko aukerarik izan ez duten musikariak; izan pandemiak utzi ez dielako edota gazteegiak direlako. Haietako bat da Maialen Azurmendi, Hernaniko akordeoi orkestrako kidea. Orkestrako kide denetik, ezin izan du bidaiatu pandemia dela medio, orain aukera izugarria ikusten du Parisen: «Orkestran sartu nintzenean banekien bidaiatzeko aukera izango nuela, baina, pandemiak guztia gelditu zuen, horregatik albiste hau jakin nuenean ilusio handiarekin hartu nuen erronka berri hau».
Otamendiren kasua ere antzekoa da: «Niretzat, esaterako, hau da egingo dudan lehenengo bidai handia. Pandemian hasi nintzen orkestra handian jotzen, eta gaur arte, egun-pasak besterik ezin izan ditugu egin». Bestalde, gaineratu du, taldeko musikariek askotan ekartzen dituztela gogora egindako bidaiak: bisitatutako lekuak, egindako emanaldiak, elkarren arteko istorioak… eta Otamendik inbidia haundia sentitzen duela dio, horregatik, Pariseko esperientzia oso berezia izango da berarentzat.
Ardura haundia erakusten dute musikariek taldearekiko, are gehiago, horrelako proiektuen aurrean daudenean. Konpromisoak eta eguneroko lanak ikasketa haundia ekartzen duela azaldu du Insaustik: «Taldean jotzeak ikasketa prozesu haundia dakar bere atzetik, ez baita zure buruarentzat egiten duzun ariketa soil bat bakarrik, taldearentzat jotzea ere bada taldekideekiko konpromiso zuzen bat hartzea. Taldean jarraitzeko eta egun gogorretan indarra izateko balio du taldeak. Ardura hau, gainera, ikasleen bizitzetan pisu haundia hartzen duen irakaspena bilakatzen da».