Martin Aldaia Olasagasti
Hirigintza eta Ingurumeneko zinegotzia
Gehiegi azaldu beharrik ez dago zuei, hernaniarroi, egoera berezi honek erabaki bereziak hartzera eramaten gaituela udal arduradunok, eta zenbait zerbitzutan, gogoz kontra, ezinbestean, aldaketak egitera. Halaxe gertatzen da ostegunetan egin ohi den altzari zaharren bilketari dagokionez.
Ohiko egoeran, ostegunero, 7:00etatik 14:00ak arte, altzari bilketan aritzen diren langileak, gaur egun koronabirusak kutsatuta eta horrenbestez bakartuta dauden hernaniarren etxeetan, etxez etxe, haien hondakinak biltzen aritzen dira, astean hiru egunetan. Badute nahiko lan, beraz!
Horregatik, garai berezi honetan, zuen kontzientzia zibikoari dei egiten diogu, eta eskatzen dizuegu ulerkor izateko, eta Udalak bestelako abisurik eman arte, asteazken gauetan edo asteko beste ezein egunetan, kalera ez ateratzeko altzari edo traste zaharrik.
Zuen elkartasuna eskertuz, jaso ezazue gure agurrik adeitsuena. Une txarretan, inoiz baino elkartuago, hernaniarrok!