Naiara Lopez Osa
Hernaniko Zaharren Egoitzako klinika laguntzailea
Maite dut nire lana. Klinika laguntzailea naiz zaharren egoitza batean, eta oso gaztetan jaio zitzaidan bokazioa. Maite dut aiton-amonak goizetan esnatzea, garbitzea, janztea, jaten ematea, komunera laguntzea, goxo goxo ohean uztea; baina maite dut batez ere beraiek erakusten didaten guztia. Maite ditut denak: hiztunak, isilak, ohetik mugitu ezin direnak, geldirik egoten ez direnak, abeslariak, egun osoa muturrarekin pasatzen dutenak ere bai. Garai zail honetan, maite dut familiak eman ezin dien goxotasun hori helaraztea. Ez genuen espero, eta uste baino zailagoa da une hauetan egoitzako lau pareten artean aurrera egitea. Haien seme-alabak, senar, emazte, biloba, birloba, lagun, bizilagun... behar dituzte, eta orain ezinezkoa da.
Nola azaldu? Batzuek ulertzen dute, beste batzuek ulertu eta bost minutura berriro galdetzen dute ea noiz etorriko den bisita, eta badira guztiz konturatzen ez direnak ere.
Imajina dezaket, aiton-amona hauen familien ezinegona ere, ezin du erraza izan orain gehien behar zaituzteten momentuan hor ezin egotea; ulertzen zaituztegu, eta horregatik lasai egon, guk ahal dugun ondoen zainduko ditugu eta.
Guzti honek karga psikologiko eta fisiko handiagoa ekarri digu; baina aterako gara aurrera. Zuengatik, gure aurretik izan zinetelako eta oraindik ere bazaretelako!
Eskerrik asko lankideei, eutsi!