Krisi egoera larria eta ez-ohikoa bizi dugu egun. COVID-19 birusaren hedapenak mundu mailako osasun larrialdi egoera sortu du, milaka hildako eta kutsatu utziz herrialde askotan. Egoera horretan, beharrezkoa da mediku eta osasun adituen irizpideak lehen lerroan jartzea eta hartu behar diren neurri guztiek irizpide horiek jarraitzea. Arduraz jokatzeko garaia da.
Egoeraren larritasuna ez da horretara mugatzen. Izan ere, osasun krisialdiarekin batera, goi burgesiaren ofentsiba politikoa etorri da. Horren aurrean, GKStik alarma egoeraren aurkako kanpaina politikoa abiarazteko hautua egin dugu. Salaketa kanpainaren helburua goi burgesiaren ofentsiba nabarmentzea da. Izan ere, alarma egoera ez da kontzeptu neutral bat, politikoa baizik, eta horren atzean salbuespen egoera ezkutatzen da. Hortaz, alarma egoera baino, 'salbuespen egoera' da bizi duguna, eta banketxe eta enpresari haundiak dira salbuespen egoera hori arautzen ari direnak.
Beharrezkoa iruditzen zaigu gertatzen ari dena termino horietan seinalatzea eta salatzea; egoera latzak arduradunak dituelako, eta printzipio sozialistetan oinarritutako proletargoaren antolakuntza politikoa gaurdanik garatzea. Kanpaina lau puntutan ardaztuko dugu:
1. Burgesiaren salbuespen neurri politikoak bertan behera uzteko eta askatasun politikoak berrezartzeko urgentzia.
2. Sozialdemokraziaren izaera kolaborazionista alarma egoeraren aurrean.
3. Koronabirusaren kausen, dimentsioen eta eraginen egia ezagutzeko premia.
4. Berehalako zereginak alarma egoeraren aurrean.
Eta kanpainara batzeko deia egiten dugu, egoera honetan ezartzen ari den ofentsiba salatzera.