AMHER-SOS ARRAZAKERIA
Mustapha Fennani eta Samira Elbouga Hernanin bizi diren senar-emazte marokoarrak dira. 2007an etorri ziren Euskal Herrira eta gaur egun, hiru haurren gurasoak dira. Iaz Bizilagunak proiektuan parte hartu zutenez, beraien esperientzia kontatzeko hainbat galdera egin dizkiegu.
Nola ezagutu zenuten Bizilagunak proiektua?
AMHERri esker ezagutu genuen proiektu hau. Beraiek parte hartzera animatu gintuzten eta dinamizatzaile lanetan aritu ziren boluntarioek informatu gintuzten gainerakoaz.
Zer iritzi duzue Bizilagunaken inguruan?
Uste dugu jendea ezagutzeko egun polit bat dela, baita haien gustuak, ohiturak eta interesak ezagutzeko ere.
«Jendea ezagutzeko egun polita da, baita haien gustuak, ohiturak eta interesak ere»
Nolakoa izan zen zuen esperientzia?
Esperientzia ona izan zen. Lehenengo udaletxeko plazan elkartu ginen parte hartzaile guztiak. Familia asko bildu ginen eta elkar ezagutzeko aukera izan genuen. Bertan guri egokitu zitzaigun familiarekin elkartu eta beraien etxera joan ginen gure hiru seme-alabekin. Bazkaria ederra izan zen.
Egia esan hizketagai faltarik ez genuen izan. Esaterako, kultura eta hizkuntzen inguruan aritu ginen hizketan. Janariaz ere hitz egin genuen, gure ohiko platerak nolakoak diren jakinarazteko eta hemengoak zein diren eta nola prestatzen diren ikasteko.
Gogoratzen naiz gure semea ikastolan ikasitako euskarazko abesti bat abesten hasi zela: “aldapeko sagarraren adarraren puntan...” Momentua oso polita izan zen, batez ere, gu jaso gintuen familiarentzat.
Izan al zenuten zailtasunik?
Ez, egun guztian zehar ez genuen inolako zailtasunik izan.
Familiek elkar ezagutzen zenuten? Eta Bizilagunaken ondoren, harremanetan jarraitzen duzue?
Ez genuen elkar ezagutzen baina elkarrekin bazkaldu genuenetik, kalean topatzen garenean hizketan geratzen gara harreman ona baitaukagu.
Zer eman dizue Bizilagunak proiektuak?
Lagun berriak egiteko aukera izateaz gain, bertako ingurua eta ohituren berri gehiago ikasi dugu.
Animatuko zenituzkete beste familiak parte hartzera? Zergatik?
Bai. Proiektu honek gauza onak eskaintzen dizkigula iruditzen zaigulako.