Halakoxea da XXIgarren mendeko telebistako kazetari baten lana. Horrelakoxea da Olatz Arrieta Barandiaranen lana. Astigarragako Gaztañaga baserrikoa da jaiotzez, baina urte asko igaro ditu hemendik kanpo; ikasten lehenengo, eta lanean ondoren. Astigarragako herritar askorentzat ezaguna bazen ere, gutako askok Sagar haundian, New Yorken, korrespontsal ezagutu dugu bere lanean, baina ibilbide luze eta oparoa izan duen kazetaria dugu bera. Astigarragara familia bisitatzera etorri eta bere ibilbidearen eta egindako lanaren berri emateko eskatu diogu.
Urte asko, Astigarragatik kanpo.
Halaxe da, bai! Kazetaritza ikasketak Bilbon egin nituen. Au pair joan nintzen Irlandara eta Estatu Batuetara. Kazetaritza ikasketak amaitu eta ETBn lan pixka bat egin nuen, baina luzerako lanik ez zegoenez Errusiara joatea erabaki nuen. Errusiera pixka bat banekien, eta hara hizkuntza hobetzera joan nintzen. 95 eta 96an izan nintzen bertan. 96ko ekainean berriro etxera itzuli eta ETBn lanean aritu nintzen. Gehiago ikasi nahi eta 98an New Yorkera joatea erabaki nuen, Nazioarteko Politika masterra egitera. Han konturatzerako 15 urte pasa eta iaz Europara, Bruselara, bueltatu nintzen.
«Irailaren 11k kazetarion eta herritarron askatasuna murriztu zuen. Eta zer esanik ez, atzerritarrena (...). Atentatuaren ondoren lan egitea asko zaildu zen».
Herrialde bat, helburu bat, arrazoi bat.
Oso desberdinak izan dira herrialde batetik bestera joateko arrazoiak. Errusiara, errusiera ikastera joan banintzen ere, abiatu aurretik komunikabide batzuetan, Euskaldunen Egunkarian eta Euskadi Irratian galdetu nuen ea handik egindako kronikak erosiko zizkidaten. Baietza jaso eta halaxe hasi nintzen lanean. Irratirako errusiar egunkarien errepasoa egiten nuen eta nahiko lan zaila zen. Errusiera jakin bai, baina ordu asko pasa ohi nituen egunkarietan murgilduta. Errusian ikasle egoitza batean bizi izan nintzen, eta leku asko eta askotako jendea ezagutu nuen. Hori izan zen onena.
New Yorkera ikastera joan nintzen, ez lanera. Euskadi Irratiak eurentzat lan egiteko eskatu zidan hara joan aurretik, eta han nengoela Radio Euskadik deitu eta eurekin ere lanean hasi nintzen. Garai horretan hango enpresa batean ere lan egiten nuen, eta 2000an EITBtik deitu zidaten. 2001ean pasatakoa pasa ondoren, enpresa horretako lana utzi eta telebistarentzat soilik hasi nintzen lanean.
Bruselara hurbiltzeko erabakia zailagoa izan da. Ardura handia da Europar Batasunak hartzen dituen erabakien berri ematea; nahiz eta geografikoki etxetik urruti egon, etxeko kontuekin harreman zuzena dutelako han hartzen diren erabakiek. Gainera, New Yorkera bakarrik joan nintzen, eta Bruselara lau joan gara. Famili erabakia izan da. Bertara joan aurretik liburu asko irakurri, eta masterrean ikasitakoa oso presente mantendu ditut.
Irailak 11, lan egiteko modu baten bukaera.
Irailaren 11k kazetarion eta herritarron askatasuna murriztu zuen. Eta zer esanik ez atzerritarrena. Hori baino lehen, prentsa txartelak kartoizkoak ziren, eskuz idatzita zeuden eta nork bere argazkia pegatu behar zuen. Atentatuaren ondoren lan egitea asko zaildu zen, lekuetara sartzeko segurtasuna asko handitu, eta informazioa lortzea geroz eta zailagoa egin zen. Aldaketa horiek betirako izango dira.
«Hasieran nere bulegoa zen nere etxea eta kaleko kabinak. Telefono mugikorra izatea ikaragarrizko luxua zen!».
Bulegoa, zure etxea.
Hasieran bai. Nere etxea eta kaleko kabinak. Telefono mugikorra izatea luxu ikaragarria zen, eta horregatik egiten nituen irratirako kronikak eta tertuliak kabinatik. Ondoren, nazioarteko kazetarientzat prentsa areto bat jarri zuten, eta bertan internetera sarbidea neukan (luxua, hori ere). EITBrekin lanean hasi nintzenean satelite transmisioak egiten ziren lekuan neukan nire bulegotxoa.
Lanetik lanera alde handia egon ohi da. Egindako zein lan aipatu nahi zenituzke?
Errusian, jendearekin hitz egitea, jendearen istorioak jakitea: zenbateko soldata, zer jan, non lan egin, nola ikusten zuten Errusia… Cremlinera joan eta bertako prentsaurreko bat ikustea harrigarria zen, baina herrialde baten historia herritarrak ezagutuz ulertzea ere derrigorrezkoa da. Asko oroitzen ditut adineko jendeari egindako elkarrizketak. Ia egun batetik bestera igaro ziren mundu batetik bestera, Estatuak berogailua ordaintzetik, kalean euren gauzak saltzera pasa ziren asko eta asko gauetik egunera.
Estatu Batuetako ia Estatu guztietan egon nintzen. Oso zine zalea naiz eta lehenengoz Oscar sarietan izan nintzeneko hura ongi gogoratzen dut. Astigarragan goizeko hiruretan sariak telebistaz ikustetik Tom Cruise eta besteak aurrez aurre ikusteko aukera izaterako saltoa harrigarria izan zen. Nahiz eta egia izan publizitate montaje bat besterik ez dela, oso oroitzapen ona dut.
Bestalde, Idahora joan nintzenekoa ere ezin ahaztu. Matrikula batean Arrieta ikustea, eta hainbat eta hainbat euskal jatorriko amerikar ikusi eta ezagutzea oso polita izan zen.
«Estatu Batuetan ez dago komunikaziorako trebetasunik ez duen politikorik. Hemen, berriz, gutxik edo inork ere ez du».
Laster dira Europako hauteskundeak. Desberdintasun handia dago Estatu Batuetako hauteskundeetatik Europako hauteskundeetara?
Bai, ikaragarria. Telebistan ikusten den oparotasuna, handikeria eta zaletasuna egiazkoak dira. Estatu Batuetan ez dago komunikaziorako trebetasunik ez duen politikorik. Hemen, berriz, gutxik edo inork ere ez du trebetasun hori. Hangoak gertukoagoak dira. Leku bakoitzeko senatari edo kongresistak 20 bat pertsonako taldea du herritarrek egiten dituzten deiak hartu eta euren eskariei erantzuteko. Hemen, horrelako zerbait ikustea ia pentsaezina da. Behin, Obama oraindik hautagai ere ez zenean, New Jerseyra joan nintzen autobus batean, eta bazirudien rock kontzertu batera gindoazela. Lehenengo mitin horretan ez zegoen ia segurtasunik, eta jende asko bildu zen. Estatu Batuarrek oso ongi dakite kanpaina bat montatzen.
Eta orain Estatu Batuetatik, Europar Batasunera.
Nazioarteko Politika masterra egin nuenean Europar Batasuna munduan inoiz gertatu ez den fenomeno bat bezala aztertu genuen. Egia esan, bitxia da 28 herrialdek bat egiten dute eta lagunak dira gauza batzuetarako baina beste batzuetarako ez. Hori anomalia historiko bezala aztertzetik egunero bertako erabakien berri ematera egin dut salto. Eta zenbat eta hobeto ulertu, orduan eta gehiago gustatzen zait.
«Ahal den infomrazio osoena eman ondoren ikus-entzuleak daukan heziketaren arabera osatuko du bere iritzia. Hori litzateke ideala. Arazoa da, eta gure herri honetan ere halakoa da, zer gertatzen den jakiteko bost egunkari irakurri beharra izan ohi dugula».
Urte bakarra baina gai asko.
Europar Batzordeak egunero prentsaurrekoa ematen du eguerdiko 12:00etan. Guk 12:00etako meza deitzen diogu. Bertan, Europar Batasunari buruzko edozein galdera egin daiteke. Momentu horretan ikusten duzu Herrialde bakoitzak egun horretan zein kezka dituen. Ni oso gustura ari naiz Ukranian gertatzen denaren berri ematen, beti interesatu baitzait Sobiet Batasuna, eta egungo Errusia. Mugak mugitzen direla ikusteak beti ematen du sustoa, baina gauzak bizi-bizirik eta mugimenduan daudenaren adierazgarri da hori.
Mugak mugitzeko nahia: Eskozian eta Katalunian
adibideak.
Mugak mugitze horrek ezinegon handia sortzen du Batzordean. Zer gertatuko da? Eta baiezkoa ateratzen bada? Eskoziaren kasua argiago dago Erresuma Batuak erabakia errespetatuko duela esan duelako. Espainian zer gertatuko den, ordea, ez dago argi. Batzordearen prentsaurrekoetan Kataluniako kazetariek beti galdetzen dute gaiarekin lotura duen zerbait, eta Batzordeak beti hiru lerrotan idatzita dagoen erantzuna ematen du: momentua iristean erabakiko dutela. Baina egia al da? Seguru ez dutela ezer idatzita eta erabakita? Agian bai, baina Europar Batzordea da Europar Batasuneko gobernu orokorra, eta ezin du herrialde baten barruko gaietan sartu, ezin du erakutsi baten edo bestearen alde egiten duen. Dena den, egia da Europar Batasunaren barruan egondako norbait independizatuko balitz, Batzordeak zatitxo bat edukiko lukeela zintzilik eta bueltaka. Lehen Batasunekoa, orain nongoa? Hala ere, argi dago momentua iritsi arte ez dutela erantzunik emango.
1995etik 2014ra kazetari: lan egiteko modua asko aldatu da?
Pentsatu baietz! Errusian egunkariak irakurri eta kronikak egiten nituen. Euskadi Irratian tertuliak egiten genituen, eta bertan gai bat bost galderatan aletzeko aukera genuen, askoz errazagoa da horrela azalpenak ematea. Orain, berriz, 40 segundo besterik ez ditut azaldu nahi dudana azaltzeko. Oso zaila da minutu gutxitan azaltzea hartutako erabakiak, zergatiak eta horien guztien atzean dauden interesak eta iritziak. Batasunean, erabaki bakoitza hartu aurretik pauso batzuk ematen dituzte, eta gehienetan azkena bakarrik kontatzen dugu. Horrela zaila da gu ikusi eta entzuten ari denak informazio osoa izan eta bere iritzia osatzea.
Kazetariaren eginbeharra informazioa ematea da.
Bai, baina gutxitan dugu nahi adina denbora. Gauzak azaltzeko denborarik ez izatea da kazetariak gehien gorroto duena. Azalpen osoa ezin ematea: arazoa hau da, honek hau esaten du eta beste honek bestea, zergatiak hauek dira eta interesak eta motibazioak beste hauek. Ahal den eta informazio osoena eman ondoren ikus-entzuleak daukan heziketaren arabera osatuko du bere iritzia. Hori litzateke ideala. Arazoa da, eta gure herri honetan ere halakoa da, zer gertatzen den jakiteko bost egunkari irakurri beharra izan ohi dugula. Ez digu egunkari bakar batek ikuspuntu guztien berri ematen. Hori da kazetarion akatsa, guk geuk zintzo eta gaizto rolak banatuz berriak osatzea. Aukeratzen ditugun hitzekin eta irudiekin egiten dugu hori. Baina gatazka bat dagoenean inoiz ez da edo zuria edo beltza, beti da grisa. Esate baterako, Estatu Batuetan BBC Mundorako lanean aritu nintzen, eta bertan esan ohi ziguten erreportaje batek gutxienez bi ikuspuntu behar zituela onargarria izateko. Ez bazituen, ez zuen inolako baliorik. Hor dugu guk lana, informazio eta ikuspuntuen berri ematean eta zirikatzean, galderak egitean. Hala lortuko dugu jendeak zergatiez galdetzea.
Etxera itzuli, Miramonen lan egin…
Ez, oraingoz ez. Urtetik urtera bizi naiz. Oraingoz hurrengo urterako plan bera dagoela dirudi. Europara hurbilduta familia eta lagunak hurbilago ditut, eta gainera, hemendik kanpo bizitzen ohitu naiz. Nik nire familia egin dut. Kanpora bakarrik joan nintzen eta orain lau gara etxean. Hala ere, kontuan hartu beharra dago hona etorri eta egin dituzten bide berri guztiekin 10 minututan Miramonen bertan egoteko aukera edukiko nukeela!
Urteak kanpoan pasa arren, baduzu Astigarragan txoko preziaturik?
Bai, Gaztañaga baserria, nire gurasoen etxea. Nere etxea. Dudarik gabe.