Albuquerque, Yakarta eta Gaza

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Izagirre Brosa 2025eko azaroaren 14a

Urte amaiera gerturatzen ari da, eta 2025ean zehar ikusitako guztia bildu, sailkatu eta izenburu onenak zeintzuk izan diren zerrendatzeko ordua iristen ari da. Baina lasai: azaroa dugu aurretik, eta asteotan iritsiko diren estreinaldi garrantzitsuak aletu behar dira oraindik. Bi telesail eta bi film nabarmentzen dira guztien gainetik.

Telesailak

Pantaila txikiarekin hasiko dugu gaurko ibilbidea, izan ere, bertan estreinatu da urteko ezustekorik handiena, ziurrenik urte amaierako onenen zerrendetan lehen postuan egongo den harribitxia: Pluribus. Vince Gilligan, Rhea Seehorn eta Albuquerque. Hiru izen horiek entzutea nahikoa da Breaking Bad edo Better Call Saul maisulanen zaleen arreta berehala pizteko. Pluribus da Gilliganen telesail berria, protagonistaren rola Rhea Seehornek jokatuko du, Better Call Saul-eko Kim Wexler ahaztezina gorpuztu zuen aktore bikainak. Istorioaren zati garrantzitsu bat, gainera, Gilliganen fikzioen ikur bihurtu den kokaleku berean girotuko da: Albuquerque, Mexiko Berrian. Laborategi batean birus ezezagun baten inguruko esperimentuak egiten ari dira, baina zerbait gaizki aterako da: birusak ihes egingo du eta, apurka-apurka, munduan barna hedatzen hasiko da.

Premisa hori zineman maiz ikusi izan badugu ere, Pluribus-ek birus horrek eragiten duen ondorio berezi eta bitxiarekin harrituko du: kutsatutako guztiek pertsona alai, adeitsu, lagunkoi eta atsegin bihurtzen dira, IA bidez sortutako roboten antzera, emoziorik eta konplexutasunik gabe. Munduan bakea da nagusi; ez dago krimenik, ezta gaiztakeriaren arrastorik ere. Gainera, pertsona horietako bakoitzak denetik egiten daki, eta edozein informazio edo datu segundo gutxitan eskuratzeko gai da.

Baina birusak ez du eragin bera izango gizaki guztiengan. Batzuek ez dira bizirik aterako, eta beste batzuek —munduan hamaika pertsona inguru— ez dute inolako aldaketarik jasango; berdin jarraituko dute, kutsaduraren aurrean erabat immunizaturik. Horien artean dago telesaileko protagonista, Carol (Rhea Seehorn).

Breaking Bad telesailaren sortzailea eremu guztiz berri batean murgiltzen bada ere, Pluribus-ek sortzailearen ukitu berezia gordetzen du: erritmo narratiboaren dohain paregabea, atal borobil eta koherenteak ehuntzeko abilezia, eszenaratze zaindua eta kolore-paleta adierazkorra, sinbolismoz beteriko planoekin uztartuta. Umore beltza eta ironia fina berriro ere agertuko dira, baita Gilliganen unibertsoan ohikoak diren pertsonaia berezi, kontraesankor eta hunkigarriak ere.

Nabarmendu beharreko beste izenburu garrantzitsu bat Diego San Jose irundarraren telesail berria da: Yakarta. José Ramón Garrido, badmintoneko jokalari olinpiko ohia, ilusio handirik gabe bizi da: Vallecaseko institutu batean gorputz-heziketako klaseak ematen ditu. Bizitza bakarti eta triste samarra darama; iragan ilun eta latz bat duela apurka deskubrituko dugu. Mar izeneko badmintoneko jokalari gaztea ezagutzeak aukera emango dio Yakartan (Indonesia) lehiatzeko zuen ametsa berriro pizteko. Apurka, neska gaztea entrenatzen hasiko da, baina bien arteko harremanak gorabeherak jasango ditu; izan ere, biek daramate soinean motxila emozional eta pertsonal astun eta gogorra.

Kirola aitzakia besterik ez da bien arteko harremanean sakontzeko, eta biek daramatzaten zauri emozionalak agerian uzteko. Istorioa garatzeko aukeratu duten kirola bazterrekoa izatea, metafora gisa ere funtzionatzen du: talentu handia izan arren, jende askorentzat ikusezina izatearen sentipena.

Telesailaren tonua eta eszenaratzea bikainak dira, baina oso urrun kokatzen dira keinu handietatik edo elementu arranditsuetatik; bere indarra txikitasunean datza, itxuraz hutsalak diruditen elkarrizketetan eta hitzek baino gehiago adierazten duten keinuetan.

 

 

Filmak

Sitgeseko jaialditik eta Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astetik igaro ostean, iritsi da zinemetara Paul Urjikoren Gaua. Sorgin ehiza betean, Kattalin (Yune Nogueiras), senarrarengandik ihesi, bere baserritik aterako da gauaren erdian. Ihesean dabilela hiru emakumerekin topo egingo du. Hauek, arropa garbitu bitartean, beldurrezko ipuinak eta herriko kondairak partekatzen dituzte.

Filmaren gidoia berezia da, ez da kronologikoa; ipuin laburren, elezaharren eta kondairen mamia darama, eta atalka antolatuta dago, matrioxka baten barruan dagoen ipuin-kontalari baten tankeraz. Gaueko, Inguma, Mateo txistu eta Akelarrea dira lau pasarteen izenburuak, eta horietako bakoitzean Kattalin da haria.

Eszenaratze lana ia ukigarria da: testurak, arnasketak, marruskadurak… Gaua ez da kontzeptu bat, ikuslearen gorputzean sartzen den presentzia bat baizik. Forma edukiaren eta sentsazioen zerbitzura dago.

Premisa horretatik abiatuz, Urkijok, Errementari-ren munstroen iruditeria eta iluntasuna bereganatu du, Irati-k zuen emozioa, maitasun-keinuak eta emakumezko pertsonaia sendoak gehitu dizkio, eta guztiari epikotasunaren dosi txiki batzuk erantsi dizkio. Gaua, Urkijoren filmografian beste mugarri sendo bat da, bere lanik biribilena.

Azaroaren 28an mundu osoko ikusleak hunkitu dituen filma iritsiko da: Sawt al-Hind Rajab (La voz de Hind). Filmak benetako gertaera latz bat kontatzen du. Gazan bizi den izua eta beldurra sei urteko neskato baten larrialdi-deiaren bidez erakusten dira. 2024ko urtarrilaren 29a, Gaza. Ilargi Erdi Gorriko boluntarioek larrialdi-dei bat jasotzen dute: Hind Rajab izeneko sei urteko neska bat auto batean harrapatuta dago erreskatatua izateko erregutzen. Kotxe barruan, bere familiako sei kide hilik daude; kanpoan, tiroak entzuten dira eta tankez inguratuta dago. Anbulantzia bidaltzeko ahalegin guztiak egiten dituzte, baina burokrazia eta baimen absurdoek erreskate lana ikaragarri luzatuko dute. Gertaera guztia larrialdi-zerbitzuko langileen ikuspegitik azaltzen da. Telefonoaren bestalde entzuten den audioa, neskatoarena, benetakoa da. Telefonoaren alde batean errealitate fikzionatua; bestean, errealitate gordina.

Espazio hori tentsio ikaragarri baten eszenatoki bihurtzen da: itxaronaldiak, protokoloak, atzerapenak eta beldurra etengabe erretratatzen dira. Ilargi Erdi Gorriko langileak aktoreek hezurmamitzen dituzte, eta lan oso sinesgarria eta sakona egiten dute, erraietakoa. Ez dago erasoaren berreraikitze grafikorik; kamera une oro larrialdien koordinazio-gelan mantentzen da, eszenatoki bakar horretan. Filmak itxaronaldiaren benetako iraupenarekin jokatzen du.

Era berean, filmak agerian uzten du protokoloak, arau militarrak, distantziak eta baimenak armak bezain oztopo hilgarriak bihur daitezkeela eta bizitza salbatzeko ahaleginak sarritan eragozten dituztela.

Kaouther Ben Hania zuzendariak eta aktore talde bikainak mundu osoaren inpotentzia pantailaratu dute, eta oraindik zerbait egiteko garaiz daudenak irmoki interpelatzen dituzte.

 

HERNANI ZINEKLUBA:
‘THE ROYAL TENENBAUMS'

 

Hemendik aurrera, noizean behin, kulturarekin lotura duen hernaniar bati eskatuko diogu film kutun bat aukeratzeko. Azaroan Beñat Iturrioz zinegile eta musikariarekin hasiko dugu formatu berri hau, eta bere film aukeraketa Wes Anderson-en 'The Royal Tenenbaums' (2001) izan da. Pelikulak New Yorkeko familia xelebre baten istorioa kontatzen du; familia horretako kideak haur prodijioak izan ziren, baina orain, helduak direnean, porrotak eta erresuminak markatuta bizi dira. Royal Tenenbaum (aita) larriki gaixo dagoenaren itxurak egiten dituenean, familia osoa elkartu egingo da, aspaldiko tirabirak, adiskidetzeak eta une barregarri eta hunkigarriak piztuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!