Udako isilalditik iraileko desfileetara

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Izagirre Brosa 2025ko ira. 13a, 00:00

Uda, oro har, ez da estreinaldi handien garaia izaten. Baina irailetik aurrera, zenbait zinema jaialdien ateak zabaltzen direnean eta sarien denboraldia abiatzen denean, zinemaren ur-jauzi handia iristen da: film garrantzitsuenen desfilea. Ikasturte berri honetako lehen testu honetan, udako ekoizpen aipagarri batzuk aletuko ditut, baita iraileko lehen asteetan iritsi direnak ere.

Ikasturte hasierako lehen lerro hauetan, pantaila handian egingo dugu geldialdi bakarra; telesailen artean bada zer aipatu, baina betekada saihesteko patxadaz hartuko dugu: apurka, alez ale, datozen hilabeteetako testuetan jasoko ditut.

Zineman, genero jakin bat ekarriko dut lehen planora: beldurra. Izan ere, jarraitzaile sutsuak zein aurkari amorratuak dituen genero honek uda honetan bi izenburu indartsu eta ahaltsu utzi dizkigu.

Lehenengoa Bring her back. Talk to Me (2022) filmaren ostean, Philippou anaiak zinta are ilunago eta emozionalki suntsitzaileago batekin itzuli dira. Filma dueluaren zokorik ilunenetan kokatzen da elkartzen diren hiru pertsonaia aurkezteko: Piper eta Andy neba-arrebak alde batetik eta hildako alaba bueltan ekartzeko edozer egiteko prest dagoen emakumea bestetik. Galerak ilundutako familia-drama gisa hasten da filma, baina berehala bihurtzen da beldurrezko kontakizun bortitz eta aztoragarri, atmosfera itogarri batean barrena. Hasierako isiluneak eta zauri emozionalak, laster, irudi gordin eta aztoragarri bihurtzen dira. Sortzaileek estilo bisual sendoa erabili dute: enkoadraketa itxiak, argiztapen zapaltzailea eta soinuaren erabilera kezkagarria. Barrenak nahasi eta astintzen dituen beldurrezko zinema gustuko dutenentzat, 2025eko ezinbesteko izenburua da.

Bigarrena aldiz Weapons pieza berezi eta harrigarria da; beldurra, umore beltza eta ausardia narratiboa maisuki uztartzen ditu, ikusleak zirrararen eta harriduraren ertzera eramanez. Klase bateko ikasle guztiak — irakaslea eta ikasle bat izan ezik — gau berean eta ordu berean (goizeko 02:37an) modu misteriotsuan desagertzen dira. Gertaera lazgarri horrek herria hankaz gora jarriko du, eta herritarren urduritasuna eta larritasuna areagotuko dira. Premisa erakargarri horrekin “Weapons” thriller arrunt bihur zitekeen, baina Zach Cregger-ek entretenigarria, aztoragarria eta deserosoa den errusiar mendi batean zehar eramango zaitu. Zuzendariak gertatutakoaren ikerketa hainbat pertsonaia eta ikuspunturen bidez ehuntzen du. Narrazioak gurutzatzen diren istorioen egitura jarraitzen du, eta istorioak sei pertsonaien inguruan orbitatzen du.

Badira film batzuk, lehen segundoetatik bere mundura eramaten zaituztenak, arnasa estutu eta begirada iltzatzen dizutenak; Black Dog horietako bat da. Gobi basamortuan du abiapuntua, eta sekuentzia harrigarri bati esker, begiak pantailari itsatsita geratuko zaizkizue. Txinako iparraldeko Gobi basamortuaren inguruan Lang izeneko preso ohia bere hirira itzuli da. Hiria guztiz hondatuta dago, apenas geratzen den jenderik bertan eta milaka kale-txakurrek inbaditu dute guztia. Horien guztien artean, bada txakur beltz bat —ustez amorrua duena—, eta hura harrapatzen duenari sari mamitsua eskaintzen zaio. Lang-ek ordea, txakurra babestu eta harekin ihes egingo du. Bien arteko lotura da filmaren bihotza eta une ilunenetan ere konpainia eta indarra aurkitu daitekeela erakusten digu filmak. Eddie Peng aktoreak jokatzen du protagonistaren rola; isil, lehor eta hitzik gabeko pertsonaia, baina begirada bakoitzak milaka hitz gordetzen ditu.

Iraila hasi denetik egun gutxi igaro diren arren, hiru pelikula garrantzitsu aipatu behar dira.

Carla Simon kataluniarraren “Romeria” da horietako bat. Marina, 18 urteko neska gaztea, Vigora doa bere aita biologikoaren familia ezagutzera; bera haurra zela, gurasoak HIESak jota hil ziren. Osaba-izeben kontakizunekin eta amak idatzitako egunkarien bidez (Carla Simonen gutun errealetan oinarritua), ia ezagutu ez zituen gurasoen oroimena berreraikitzen saiatzen da. Lehengusuarekin sortzen duen harreman bereziak eta zauri familiarrek bultzatzen dute oroitzapen zatikatuak berpiztera. Lan barnekoia, poetikoa eta aldi berean politikoa da; familiaren oroimenean ardaztutako trilogia ixteko azken pieza, botere emozional eta estetiko handiz itxia. Argi eta kolore desberdinen bidez nostalgikoaren samurtasuna eta mingarriaren iluntasuna kontrajartzen ditu. Ahazturik geratu den memoria historiko eta familiarra berreskuratzeko eta berreraikitzeko ahalegin gisa, filma omenaldi hunkigarri eta duin bihurtzen da: HIESaren estigmak markatu eta isilarazitako belaunaldi suntsituari eskainitako oroitzapenezko kantua.

Ari Aster zuzendariak pantaila handira egin du itzulera, inor axolagabe utziko ez duen proposamen ausart batekin: Eddington. Argumentua 2020an garatzen da, Mexiko Berriko fikziozko herri batean. Han, Joe Cross (Joaquin Phoenix) sheriffaren eta Ted Garcia (Pedro Pascal) alkatearen arteko tentsioak erakusten dira, pandemiaren eta politikaren itzalak areagotutako tentsioetan harrapatuta. Eztabaida isilak laster su bihurtzen dira eta herri osoa zatitzen duen gatazka pizten da. Asterrek COVID-19aren aroari ematen dion erantzun satirikoa, zorrotza, eta gupidagabea da. Garai hartako zauri kolektiboak azaleratzen ditu modu ziztatzaile eta beldurgarriki zehatz batean: muxukoen erabilera, negazionismoa, arrazakeria, urruntze sozialerako neurriak eta George Floyden hilketaren ondorengo bat-bateko adierazpenak bezalako gaiak jorratzen ditu.

Zinemetako ibilbidea Euskal Herrian amaituko dugu Sara Fantova bilbotarraren “Jone, Batzuetan” aipatzeko. Istorioa Bilbon kokatzen da. Jone (Olaia Aguayo), 20 urteko neska, aita eta ahizpa txikiarekin bizi da. Aitak lana utzi behar izan du Parkinson gaitzaren ondorioz. Aldi berean, Bilboko Aste Nagusiaren atarian, Jone lehen aldiz maiteminduko da. Fantovak kontrastez ehundutako narrazioa marraztu du: protagonistaren lehen amodioa jai zalapartatsuaren bihotzean loratzen da, aitaren gaixotasunak bere gaztaroari itzal luzeak botatzen dizkion bitartean. Bizitzaren bi ertzek elkarri begiratzen diote, eta dualtasun horretatik sortzen da tentsio emozional iraunkor eta sakonki gizatiarra. Opera prima batean ohikoak diren gorabeherak badaude ere, Fantovak sentsibilitate narratibo oso berezia eta ederra erakutsi du. 

 

HERNANI ZINEKLUBA: ‘ENARAK'

Dokumental oso berezi batekin emango diogu hasiera aurtengo Hernani Zineklubari: Beñat Iturrioz hernaniarrak sortu duen “Enarak” izango dugu; 2024ko Hernaniko Sormen Bekaren onuraduna. 1967an, diktadura frankista betean, askatasun egarri ziren semin rista batzuek “Enarak” taldea sortu zuten. Garaiko jendartean oraindik arrotzak ziren pop, rock eta psikodelia estiloak jotzen zituzten, euskara hutsean. Ehunka kontzertu eman ondoren, 1971an mist riotsuki desagertu ziren, betirako. 50 urte ondoren, abeslariaren semea, Beñat, taldearen aztarnen bila abiatuko da, ornitologia, collage-a eta bilaketa eszentriko bat nahasten dituen labirinto filmiko batean murgilduz. Emanaldian, Iturrioz bera izango dugu filma aurkezten; amaieran, gainera, solasaldia izango dugu berarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!