Haize hotzek dakarten misterioa

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Izagirre Brosa

Azken asteotan, thrillerraren eta suspensearen zirrara darien hiru telesail iritsi dira gure pantailetara, iparraldeko haize hotzek ekarrita, misterioz eta tentsioz jantziak. Suediatik, Danimarkatik eta Eskoziatik heldu dira, itzalaren ertzean mugitzen diren istorio erakargarri bezain ilunak. Gaur, thriller generoa maite dutenentzat goxoki bihur daitezkeen hiru proposamen izango ditut hizpide.

‘Dept. Q’(Netflix): Danimarkatik Eskoziara

Scott Frank-ek (The Queen’s Gambit) Jussi Adler-Olsen idazlearen eleberri arrakastatsuak hartu eta telesail formatura egokitu ditu. Istorioa Danimarkatik Eskoziara lekualdatuko da, zehazki Edinburgora.  Carl Morck (Matthew Goode) izango da telesailaren protagonista nagusia, gertakari traumatiko baten ondorioz denbora luzean bajan egon den Edinburgoko polizia-inspektorea. Lanera itzultzean, Q departamentua izeneko sailburu izendatuko dute, argitu gabeko kasuez arduratzen den unitate berri baten buru. Akram Salim (Alexej Manvelov), siriar errefuxiatu eta polizia ohia, eta Rose (Leah Byrne), ofizialarekin, talde bat osatuko du. Ikertuko duten lehen kasua Merritt Lingard (Chloe Pirrie) fiskalaren desagerpena izango da, duela lau urte ferry batean gertatutako kasua. Elkarrekin, iraganaren arrakaletan galdutako egia bilatzen saiatuko dira. 

Matthew Goode-ek antzezpen lan nabarmena eskainiko du, kanpoko gogortasuna eta barneko zaurgarritasunaren artean mugitzen den pertsonaia baten rola; House medikuaren oihartzunak dituen iragazkirik gabe pertsona da: zintzoa eta zuzena, baina jasanezin samarra.  Merritt Lingard eta Akram Salim pertsonaiekin dituen elkarrizketei esker, umore dosi txiki batzuk jaioko dira.

Gidoiak bi ibilbide nagusi jorratuko ditu: alde batetik, Morck-en iraganeko pasarteetan eta bere borroka pertsonaletan zentratuko dena; bestetik, Q departamenduko kideek ikertuko duten kasua. Une batean, bi bideen arteko loturak argitzen hasiko dira.  Telesailaren arima istorio erakargarrian, jariatzen duen iluntasunean eta pertsonaien garapenean aurkituko du ikusleak. Generoaren klixeetatik gehiegi urruntzen ez bada ere, psikologiaz beteriko narrazioa, estetika ilun eta zapaltzaile baten eskutik garatuko da uneoro. 

Batzuetan erritmo motel samarra darama, baina une horiek dira kontakizunari arnasa ematen diotenak, eta pertsonaien barruko iluntasunetan sakontzeko leihoak zabalduko dituztenak.  Zuzendaritzak eta gidoiak elkarrekin, telesail honek pertsonaien barne-azterketa sakona eta misterioz beteriko istorioaren oreka dotorea sortuko du.

 

‘Vargasommar’ (Filmin): Coen anaien itzala Suedian

Suediaren eta Finlandiaren arteko mugan dagoen Haparanda herrian girotutako telesail honek Hans Rosenfeldten izen bereko eleberria du sustrai. Hannah Wester protagonista Haparandako polizia agente ezaguna da; langile eta baliabide urriko komisaria batean jarduten du egunerokoan. Duela hogei urte Elin alaba era misteriotsuan desagertu izana bihotzean darama iltzaturik, eta bai berak, bai senarrak zailtasunak dituzte bizitzaren hariari berriz eusteko.

Mugaren beste aldean, Finlandian, aurkituko duen gorpuak, droga trafikatzaile odoltsu batzuekin lotura izan lezakeen kasu bat argitzera eramango du. Indarkeriaren zurrunbilo basatiak herria astindu eta aztoratu egingo du, eta bake itxurako gainazalaren azpian ezkutuan zegoena agerian utzi.

Trama nagusia garatuko den kokalekua ez da ausazkoa izango: ingurune horren testuinguru sozial, politiko eta ekonomikoak funtsezkoak izango dira Hannahk ikertzen duen kasuan. Iparraldeko noir generoan ohikoa den bezala, kokalekuak ez du pertsonaia nagusien azpitik jokatzen; funtsezko aktorea da, isilpean baina irmo narrazioaren arnas beretik bizi dena.

Thrillerra, drama eta umore beltza nahasten ditu istorioak, eta leialtasuna, mendekua eta justizia ditu gainean hegaka, istorioaren gainetik beti presente.

Pertsonaia inperfektuek ehuntzen dute istorioaren benetako muina; kontraesanez, zauriz eta isiltasunez beteak daude, eta gizatasun zartatuaren ispilu dira. Thrillerra, drama eta umore beltza nahasten ditu istorioak, eta leialtasuna, mendekua eta justizia ditu gainean hegaka, istorioaren gainetik beti presente.

Telesailak giro eta tonu berezia du. Coen anaien kutsuak zipriztinduta dago, bereziki Fargo-k eta No Country for Old Men-ek, non dena kasu hutsal baten itxurapean hasten den, baina ur tanta txikia dirudiena bizitzak hankaz gora jarriko dituen olatu bilakatuko den: pertsonaien egunerokoa astinduko duen indar ezkutua, istorioaren pizgarria. Coendarrek maiz erabiltzen dituzten osagaiak azalduko dira oraingoan ere: pertsonaia galduak, egoeren pisuaren pean makurtuak, norabide zehatzik gabe ibiliko dira trama korapilatsu honetan. Indarkeria gordinaren eta ustekabeko umore beltzaren arteko dantza sortuko da hor.

 

‘Reservatet’ (Netflix): aberatsen alde ilunena

Danimarkako Reservatet telesailaren bihotzean au pair-aren gaiak egiten du nagusiki taupada, baina egileek hautatu duten testuinguru mamitsuak begirada zabalago baterako leihoa irekitzen du. Kopenhageko iparraldeko auzo aberatsenetako batean girotua dago, eta Ruby, Filipinetako au pair gazte bat, desagertu egin da bat-batean. Pribilegioz betetako paisaia honetan, egoera zaurgarrian dagoen emakume baten desagerpenak sekretu ilun ugari azaleratuko ditu, eta gezurrez eraikitako egitura osoa dardarka jarriko du.

Desagerpen horren atzean zer gertatu den apurka deskubrituko dugun arren, hasieran (gizonezko) poliziek ez diote lehentasunik ematen; erorketa hori barrenetik hasiko da; izan ere, Cecilie bizilaguna —hura ere aberatsa, eta pribilegioz gainezka dagoena— izango da desagerpenarekin obsesionatuko dena, eta perfekzioaren maskara pitzatzen hasiko da. Utzikeriaren horma grisaren aurrean, Aich izeneko ikertzailearen inplikazioa nabarmena izango da —kasualitatea, emakumea eta arrazializatua—.

Thrillerraren eta suspensearen harietan ehunduta, telesailak piko egiten du gizartearen zenbait zauritan: arrazakeria, matxismoa, langile migratzaileen errealitatea, lan esplotazioa, nerabeen sextinga eta klasismoaren egitura ikusezinak.

Klixez gainezka dago, gidoitik jaiotzen diren zenbait pasarte brotxa lodiz idatziak daude, baina oro har aztarna nahiko sakona uzten du

Narratiba inguratzailea eta antzezpen lan nabarmenak ditu, eta oso erraz ikusten da. Entretenimendua eta kritika soziala uztartzen dituen edukia nahi dutenentzat ezinbesteko proposamena da. Laburra eta oso entretenigarria da, eta gainera euskaraz azpidatzia estreinatu dute.

 

HERNANI ZINEKLUBA: 'NAFARROAKO IKAZKINAK' + ‘TASIO’

1984an Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen Tasio filma, eta, urteurrenaren harira, zaharberritu egin du Euskadiko Filmategiak. Bolognako (Italia) L’Immagine Ritrovata laborategiaren bidez egin du, jatorrizko negatibotik abiatuta, eta Armendarizen ikuskaritzapean. Montxo Armendariz zinemagileak (Leotz, Nafarroa, 1949) egindako lehen film luzea izan zen Tasio, baina, estreinakoa izanagatik ere, mugarri izan zen euskal zinemagintzan, duela 40 urte. Pelikulak ikazkin bat du protagonista nagusia, Patxi Bisquert aktoreak hezurmamitua. Hernani Zineklubeko saio berezi honetan, Tasio-ren 4K bertsio zaharberritua ikusteaz gain, Nafarrako Ikazkinak film laburra ere ikusiko dugu aurretik; 1980an, Montxo Armendárizek berak egur-ikatza eskuz egiten zuten azken ikazkinen erretratu korala filmatu zuen Nafarroako mendietan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!