Filmak
Gaurko ibilbidea zinemetan hasiko dugu eta zehazki irakurleok oso gertu sentituko duzuen kontakizun batekin: “Erreplika”. Oso film xumea da, txikia, baina oso gertu sentitzen den horietakoa, pertsonala eta batez ere oso zintzoa. 1979an Hernaniko Zikuñagako Ama Birjina desagertu egin zen eta bertako biztanleak euren irudi ikonikorik gabe geratu ziren. Hutsuneei buruzko filma da hau. Juanmi Gutiérrez zinemagilea -Pello Gutiérrez zuzendariaren aita- duela urte batzuk hil zen. Orain, denbora igaro dela, bere filmetara itzuli da eta oso pertsonala den oroimen ariketa bat egin du. Bere aitaren hutsunea eta Ama Birjinaren irudiaren desagerpena ditu abiapuntu filmak, eta irudien -eta hauen gabezien- garrantzia eta hutsuneak betetzeko beharra azpimarratzen ditu. Filmak badu hitzen bidez adieraztea ezinezkoa den zera bat; beharbada duen atmosfera berezia da, narrazio geldo baina itsaskorra akaso, Maite Larbururen musika hipnotikoa ala istorioa bera; ziurrenik gauza horien guztien batura izango da.
Gaur egungo gizartean pertsona askoren ogibide bihurtu da rider izatea, baina gehienen lan baldintzak, gogorrak eta oso prekarioak dira. Neurri batean horretaz mintzo da “L’histoire de Souleymane” film frantziarra. Boris Lojkin-ek zuzendutako drama errealista bat da, eta ia denbora errealean eta kontzesiorik gabe azaltzen du Souleymane Parisen bizi den gazte etorkin ginear gaztearen bizitza. Rider moduan egiten du lan, janaria banatzen du bizikletan, OFPRA-rekin (Iheslariak eta Aberrigabeak Babesteko Frantziako Bulegoa) asiloa eskatzeko elkarrizketa erabakigarri baterako prestatzen den bitartean. Europako migratzaileen errealitate ikusezinei buruzko gogoeta zintzoa da. Narratiba intimo eta interpretazio hunkigarri baten bidez, filmak egoera zailetan bizitza duin baten alde borrokatzen dutenen konplexutasuna eta gizatasuna transmititzea lortzen du.
Telesailak
Pantaila txikira egingo dugu jauzi “The Studio” (Apple tv+) aipatzeko; oturuntza izango da Hollywoodeko B aldean usnaka aritzea gustatzen zaienentzat. Matt Remick (Seth Rogen) zinemazale amorratua da protagonista nagusia. Patty (Catherine O’Hara), Continental Studios estudioen zuzendaria, berriki kaleratu dute, eta Remick proposatuko dute kargua hartzeko; handik aurrera zinema industriaren desafio eta zentzugabekeriei aurre egin beharko die. Industriari egiten zaion kritika umoretsua izateaz gain, zinemarekiko maitasuna jariatzen duen proposamena da, eta osagai teknikoetan antzematen da hori; Sitcom tankera badu ere eszenaratzea eta erabiltzen duen hizkuntza zinematografikoa oso aberatsak dira. Komedia entretenigarri eta gogoetatsuak, talentu handiko aktoreek eta narratiba adimentsu batek lagunduta, begirada umoretsu eta kritikoa eskaintzen dizkie industria zinematografikoaren zirrikituei.
AEBtatik Argentinara mugituko gara orain “El Eternauta” (Netflix) nabarmentzeko. Izen bereko komiki klasikoan oinarritutako telesailaren trama nagusia egoera distopiko batetik jaiotzen den arren, ikusleek erraz ulertuko dute pertsonaiek sentituko dutena: Buenos Aires hiria ilunpean uzten duen itzaltze erraldoi batekin abiatuko da kontakizuna. Itzalaldiarekin batera, elurte handi batek zuriz beteko ditu kaleak. Hilgarria dela eta fenomeno naturala ez dela agerian geratuko da berehala: estralurtarren inbasio zorrotz eta isil baten parte da. Juan Salvo (Ricardo Darin), protagonista, biziraun duen talde baten lider inboluntarioa bihurtuko da, zientzia fikzioa, drama eta kritika politikoa uztartzen dituen kontakizunean. Gorabehera narratiboak ditu, baina “El Eternauta” telesaila biziki gomendagarria da, indar berezia hartzen duelako egungo testuinguruan eta erresistentzia kolektiboaren ideia bizirik mantentzen duelako.
Herrialde nordikoetatik bi proposamen interesgarri: lehenengoa “Quislings siste dager” (Filmin), Peder Olsen (Anders Danielsen Lie) apaizaren eta Vidkun Quisling (Gard B. Eidsvold) Bigarren Mundu Gerrako traidore zitalenetako baten arteko harremana azalduko duen telesail laburra da. Quisling norvegiar politikari ultraeskuindarra izan zen eta naziek Norvegia inbaditu zutenean inbaditzaileen alde jarri zen, 1942an Norvegiako lehen ministro izendatu zuten. Bere gobernuak nazien Holokaustoari laguntza eman zion. Bestea aldiz “Reservatet” (Netflix) danimarkarra; sortzaileen artean Per Fly ageri da, “Borgen”-en zuzendarietako bat. Ruby, Filipinetako “au pair” gaztea, Danimarkako auzo aberatsenetako batean desagertuko da, Kopenhageko iparraldean. Itxura guztien arabera, krimen bat izan da, baina poliziak ez dio lehentasunik ematen desagertutako atzerritarraren kasuari.
Maiatzeko gomendio-sorta animaziozko proposamenekin amaituko dugu; hasteko Love, Death + Robots-en laugarren denboraldia. Netflixek ekoitzitako animaziozko antologia bat da eta David Fincher eta Tim Miller ditu ekoizle nagusi. Hainbat genero barne hartzen dituzten film labur independenteak ditu oinarri: zientzia-fikzioa, fantasia, beldurra eta komedia. Lehen zatia 2019an estreinatu zen eta denboraldiek aurrera egin ahala, apurka, jarraitzaile andana bildu du. Telesailaren kalitatea atal batetik bestera alda badaiteke ere, helduentzako telesail animatu bat baino askoz gehiago da.
Etxeko txikiek ere badute zer ikusi hilabete honetan: “Asterix eta Obelix: Buruzagien Borroka” telesaila zinez gomendagarria da. Hiru dimentsioko animaziozko saioa da, 30 minutuko bost atalez osatua dago eta euskaraz bikoiztua estreinatu da. Abrarakurzix-en eta ondoko herrixkako buruzagiaren arteko duelu bat da istorioaren ardatza. Erromatarren konplot landu batek piztu du duelua, galiarren erresistentzia ahultzeko. Panoramix druidak bestalde, memoria galdu istripu baten ondorioz eta edabe magikoaren osagaiak ahaztu ditu. Telesailak Asterix eta Obelix-en unibertsoaren izpiritu lotsagabe, komiko eta satirikoa berreskuratzen ditu, eta gainera, ukitu fresko eta berezia erantsi. Elkarrizketek, eta istorioak oro har, frankiziaren karisma eta xarma guztia dute, baina aldi berean, txantxa berriak eta umore arin oso dibertigarria erantsi diote, familia osoarekin ikusteko ezin aproposagoa da.
HERNANI ZINEKLUBA: ‘KIMUAK’ SAIO BEREZIAKIMUAK egitasmoa 1998. urtean sortu zen euskal film laburrak nazioartean sustatu eta banatzeko helburuarekin. Edizio bakoitzean, epaimahai aske batek egindako aukeraketarekin osatutako katalogo bat argitaratzen da. Hernani Zineklubeko saio berezi honetan 2024ko film labur onenen aukeraketa txiki bat egin eta lau lan erakutsiko ditugu: “Utländsk” (Alba Lozano), “Todo lo cubre la sal” (Joana Moya), “Errotatiba” (Iratxe Fresneda) eta “Dinosauroak” (Koldo Almandoz) Gainera, film labur horietako zenbait kide izango ditugu solasaldian. Ez galdu, saio ederra izango da! |