Benetako gertaeratan oinarritutako edukien ugaritzea

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Izagirre Brosa 2025ko mar. 22a, 00:00

Martxoan estreinatu diren edukiekin ondorio nabarmen bat atera daiteke: benetako gertaeratan oinarritutako telesail eta filmen ugaritzea agerikoa da. Azken asteotan estreinatu diren zenbait ikus-entzunezkok berresten dute hori. Honatx adibide interesgarrienak:

Filmak

60ko hamarkadan eta New Yorken girotua, Bob Dylanen igoera azkarrari buruzko istorioa azaltzen du “A Complete Unknown” filmak. Narrazioaren itxiera Newport Folk Festival jaialdian gertatzen da, inflexio puntu garrantzitsua izan baitzen bere ibilbidean. Dylanen rola Timothee Chalamet aktoreak jokatzen du eta sekulako lana egiten du; zur eta lur utziko zaitu. Haren karreran Peter Seeger-en laguntza izan zuen, eta pertsonaia horrek presentzia nabarmena du filmean; Edward Norton aktoreak bikainki gorpuzten du. Joan Baez edota Woody Guthrie bezalako musikari ezagunak ere ageri dira. Dylan sakonki ezagutzen dutenek, beharbada, informazioa falta den sentipena izango dute: filmaren hasieran, berari buruz oso gutxi jakin arren, testuinguru oso jakin batean sartzen gaituelako zuzenean. Lan sendo eta hunkigarria da. Generoa iraultzen ez duen arren, sentiberatasunez jasotzen du bere burua definitu nahi izan duen artistaren esentzia.

Walter Salles zinegilearen “Ainda estou aquí”, Brasilgo diktadura militarrari buruzko pelikula bat baino askoz gehiago da; oinaze isilaren, erresistentziaren eta memoria familiarren erretratu intimoa da. Marcelo Rubens Paivaren memorietan oinarrituta dagoen film itzela sortu du Walter Salles zinegile brasildarrak. Narrazioak idazlearen gurasoengan jartzen du fokua: Rubens eta Eunice Paivarengan. Brasil, 1971; Brasilgo erregimen militarrak Rubens Paiva ezkerreko diputatua atxilotu ondoren bere emazte Eunice Paivak borroka politikoan sartu behar izan zuen. Minaren eta erresistentziaren gaiari sentikortasun sakonarekin heltzen dio zinemagileak; sufrimendua modu esplizituan erakustea saihesten du eta inpaktu emozionala oso boteretsua da. Benetako izua isiluneetan azaltzen da, absentzietan, errepresioak utzitako hutsuneetan. Fernanda Torresen interpretazioa da filmaren zutabe nagusietako bat. Mina, erresilientzia eta justiziaren alde etengabe borrokatzen den emakumearen determinazioa transmititzeko duen gaitasuna harrigarria da.

Elizabeth «Lee» Miller estatubatuar argazkilari eta erreportari grafikoari buruzko kontakizuna ere iritsi zaigu: “Lee Miller”. Kate Winslet aktoreak jokatzen du protagonistaren rola. New Yorken modelo gisa aritu zen 1920ko hamarkadan, Parisera joan aurretik. Han, moda eta arte ederretako argazkilari bihurtu zen. Bigarren Mundu Gerran, Vogue aldizkariarentzako gerra korrespontsala izan zen eta Londresko bonbardaketa, Parisko askapena eta Buchenwald eta Dachau-ko kontzentrazio esparruak bezalako gertaeren erreportajeak jorratu zituen. Glamourrez betetako bizitza alde batera utzi eta Bigarren Mundu Gerraren bihotzean sartzea erabaki zuen. Arauei desafio eginez, bere garairako emakume aurreratua izan zen.

Lola Arias zinegilearen “Reas” aldiz Argentinako hainbat kartzelatan atxilotutako emakumeei buruzko kontakizuna da. Fikziozko pasarteak dituen dokumental-musikal bat da, nahiko sailkaezina eta kutsu esperimentala duena, eta askatasunaz gabetu ziren pertsonak ditu protagonista. Caserosen antzinako kartzela (Buenos Aires) eszenatoki gisa hartuta, iraganeko espetxeko eszenak berregiteaz gain, etorkizuneko bizitza, musikal baten eran irudikatzen dute, non beraiek abesten, dantzatzen eta antzezten duten. Musikaren eta dantzaren bidez, kartzelako esperientziak berreraikitzen eta berrinterpretatzen dituzte. Zenbait unetan errepikakor samarra den arren, eta formalki ez oso berritzailea, zuzendariak, errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak bikainki lausotzen ditu gizarteak baztertu ohi dituen pertsonen gaineko begirada fresko eta gizatiarra eskaintzeko. Emakume horien istorioak musika emanaldien bidez aurkezteko hautuak, kontakizunari sormen eta bizitasun geruza bat gehitzeaz gain, emantzipaziorako eta autoadierazpenerako tresna indartsu gisa ere balio du.

 

Telesailak

Corbyn (Ingalaterra) 80ko eta 90eko hamarkadetan izandako benetako gertaerak ditu oinarri “Toxic Town” telesailak: industria hondakin toxikoen kudeaketan izandako arduragabekeriak jaioberri ugariren sortzetiko malformazioak eragin zituen. Tragedia horrek kaltetutako hiru amen istorioa azalduko du: Susan McIntyre (Jodie Whittaker), Tracey Taylor (Aimee Lou Wood) eta Maggie Mahonena (Claudia Jessie); atsedenik gabe borrokatuko dira justiziaren alde, eta tokiko agintariei eta ustelkeria instituzionalizatuari aurre egingo diete. Iraganeko tragedia bat berrikusteaz gain, ingurumen arduragabekeriaren eta ustelkeria instituzionalaren ondorioei buruzko ohartarazpen bat ere egingo du. Antzezpen lan aipagarri eta narratiba sendo eta biziari esker, arrasto oso sakona uzten duen seriea da. Netflixek 2025ean estreinatu duen ekoizpenik nabarmenenetakoa da.

Little Bird” telesail laburrak aldiz Kanadako haur indigenen merkatu beltzaren gaia jorratzen du; gazte indigena askoren haurtxoak familia zuriei “adopzio” behartuan ematen zizkieten. Ekoizpenak BezhigLittle Bird izeneko neskatxaren istorioa jorratuko du: bost urte zituela, Long Pine Erreserbako bere etxetik lapurtu eta Montrealeko familia judu batek adoptatu zuen. Serieak publikoa hunkitzeko ahalmena du, baina xantaia emozionalik egin gabe. Identitatea, trauma eta galera aztertuko dira, baina telesaila ez da manikeismoan erortzen. Egitura kolonialen barruan bizi diren arren, nortasuna berreraikitzeko borrokan jarraitzen duten pertsonaiak aurkeztuko ditu. Ez da mina eta sufrimendua erakustera mugatuko, erresistentzia eta erresilientzia nabarmenduko dira bereziki. Telesaila ez da soilik Kanadako testuingururako garrantzitsua: mundu osoan kolonizazioak eragindako zauriei buruzko hausnarketa egiteko ere baliagarria da.

Zoran Dindic Serbiako lehen ministroa izan zen 2001etik 2003an erail zuten arte. Behin-behineko gobernuak larrialdi egoera ezarri ostean, “Sabre operazioa” deiturikoak gertakariak argitu nahi izan zituen, eta herrialdeko krimen antolatuaren jardueretan murgildu zen. Baina zenbait talde politikok eta Human Rights Watch-ek, Amnesty International-ek eta halako erakunde askok giza eskubideen aurkako gehiegikeria basatiak salatu zituzten: operazio horren aitzakiarekin, 11.600 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten. Testuinguru asaldagarri horretan idatzi dute “Sablja” lanaren gidoia, eta atentatuaren aurreko eta ondorengo bi denbora lerrotan garatu dute magnizidioaren kontaketa nagusia: lehen zatiak hilketaren arrazoiak jakiteko aukera ematen dio ikusleari; bigarrenak, berriz, horren ondorioak jakitekoa.

 


HERNANI ZINEKLUBA: 'Pechos eternos' 
Martxoaren 27an, 19:00etan Biterin

Film hau mugarri izan zen Japoniako zinemaren historian, emakumeek bertan zuzendu eta idatzi zuten lehen filma izan baitzen. Garairako erabat berritzailea eta aurreratua zen emakumezko pertsonaia bati buruzko kontakizuna da. Fumiko Nakajo poetaren bizitzan oinarrituta, bularreko minbizia duen pentsamolde modernoko emakume baten istorioa kontatzen du filmak. Zuzendaria Kinuyo Tanaka da, zinema japoniar klasikoaren figura nabarmenetako bat. Narratiba delikatu baten bitartez, Tanaka-k feminitatea, minbizia, sakrifizioa eta erresilientzia bezalako gaiak jorratzen ditu 1955.urteko “Chibusa yo eien nare” (“Pechos Eternos”) pelikulan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!