Urte hasierako ezinbesteko izenburuak

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Izagirre Brosa 2025ko ots. 15a, 00:00

Ohikoa izaten da urte bukaeran motxilan pilatutako edukiak sailkatu, aletu eta onenen zerrendak egitea; 2025a nahiko indartsu hasi denez eta abenduan etxeko-lanak ez pilatzeko, urteko lehen aste hauetan estreinatu diren ikus-entzunezko nabarmenak aipatuko ditut gaurkoan.

 

FILMAK

 

Film luzeekin hasiko naiz. Urte hasierak – eta ziurrenik urte osoak- oparitu digun pelikularik bikainena “The Brutalist” da zalantza izpirik gabe: monumentu zinematografiko bat, urteetan gogoratuko den film ausart eta ezohikoa da. Gerraosteko Europatik ihesi, Laszlo Toth arkitektoa AEBra iritsiko da bere bizitza, obra eta Erzsebet emaztegaiarekin zuen harremana berreraikitzeko. 1947 eta 1980. urte bitartean garatzen da filma.

Animazioaren alorra ere indartsu hasi da “Memoirs of a Snail” australiarra eta “Flow” letoniarrari esker. Lehenengoa stop-motion teknikarekin egindako harribitxia da. Umore oso beltzez eta drama handiz betetako istorioa da, eta 70eko hamarkadako Australian kokatzen da. Bigarrena, “Flow”, elkarrizketarik gabe eta narratiba bisual txundigarria erabiliz, biziraupen eta auto-aurkikuntza bidaia batean murgilduko du ikuslea; musika, soinu efektuak eta, batez ere, irudiak dira narratibaren bide nagusiak.

Black Mirror”-en erako telesailak maite dituztenentzat film ezin aproposagoa estreinatu du Drew Hancock-ek: “Companion” Iris eta Josh bere bikotekidea, lagun batzuekin asteburua igarotzeko asmoz, luxuzko etxe batean elkartuko dira; Sergei izeneko ospe txarreko errusiar oligarka aberats baten etxea da. Azalduko ez dudan gertakari batek zenbait egoera, sekretu eta gatazka azaleratuko ditu.

Antzerkiaren botere askatzaile eta sendatzailea agerian uzten duen film ederra ere irisi da: “Sing Sing”. Sing Sing izeneko espetxean girotuta dago eta narrazioaren protagonista bertako preso talde bat da: arte dramatikoen tailer batean parte hartzen dute eta beren antzezlan propioa prestatzen ari dira. Arteak leku ilunenak argitu ditzakeela aldarrikatzen duen film ederra da.

Eta amaitzeko, Filmin plataformara lurreratu den “Kneecap” berezia. Ipar Irlandako hip hop hirukotea da. Rich Peppiatt zinegileak zuzendutako komedia dramatiko honek Belfasteko hirukote musikalaren egunerokoa azaltzen du. Taldea, ikuspegi probokatzailea erabiliz, Irlandako jatorrizko hizkuntzaren defentsa sutsua egiteagatik da ezaguna. Pelikularen ezaugarri nagusiak, tonu lotsagabea, erritmo bizia eta protagonisten izaerarekin bat doan estilo bisual kementsua dira. Argumentuak umore garratza eta gazteen kulturako elementuak nahasten ditu, drogen, musikaren eta Ipar Irlandako hizkuntza gatazkaren erreferentziak barne. Tonu lotsagabeaz harago, filmak gai sakonak jorratzen ditu, hala nola hizkuntza gutxituaren zaintza, kultura nortasuna eta zapalkuntza politikoaren aurreko erresistentzia.

 

TELESAILAK

 

Gatozen orain pantaila txikira. 1857an Utahko (AEB) lurraldean girotua, Mendebalde Urruneko ikuspegi gordin eta iluna eskaintzen du “American Primeval” telesailak. Kolonoen, mormoien, amerikar natiboen eta estatubatuar armadaren arteko tentsioak arakatzen ditu. Kaosa, bortizkeria, heriotza eta odola izango dira nagusi. Gidoia ez da bereziki berritzailea, eta azken txanpako atalak ez dira hasierakoak bezain indartsuak, baina oso entretenigarria da.

Espioitza thriller entretenigarrien bila dabiltzan ikusleek gozatuko duten proposamena ere badugu: “The Agency”. Michael Fassbender aktorea protagonista duen espioitza telesaila da, eta “Le Bureau des Legendes” Frantziako seriean oinarritua dago. Fassbenderrek antzeztuko duen CIAko agente ezkutua da, Brandon Martian; Etiopian sei urtez infiltratuta egon ostean, bere bizitza sekretua atzean utzi eta Londresko egoitzara itzultzen ari da. Bertan, iraganeko maitasun erlazio bat ezustean berragertu (Jodie Turner-Smith) eta harremana berpiztu egingo da; biak ala biak intrigazko eta nazioarteko espioitzako joko hilgarri batean nahasiko dira.

Telesaila fresko, zintzo eta dibertigarriak nahi badituzue “Mo” da aukeratu behar duzuena; Mo Amerrek eta Ramy Youssefek sortutako telesailak umorea, drama eta kritika soziala uztartuko ditu, eta Estatu Batuetan bizi den Mo Najjar errefuxiatu palestinarraren istorioa azalduko du. A24 ekoiztetxe ospetsuak ekoitzia da Mo telesaila, eta Mo Amer protagonistaren benetako bizitza du oinarri, hau da, Amerrek berak jokatzen du bere buruaren rola; gizon zintzoa da, sarkastiko samarra eta apur bat despistatua. Harrapatuta dago bere familiaren kultura palestinarrarekiko leialtasunaren eta gizarte estatubatuarrera egokitzeko beharraren artean. 22 urte daramatza asilo eskaera onartzeko zain.

Severance” telesailarekin maiteminduta nago. Bigarren denboraldia iritsi da eta azken urteotako telesailik berritzaile eta liluragarrienetakoa dela frogatzen ari da; lanarekin, oroimenarekin eta nortasunarekin dugun harremana ezbaian jartzen duen serie aparta da. Mark Scout-ek lantalde bat zuzentzen du Lumon Industries deituriko enpresan. Bertako langileak prozedura kirurgiko baten eraginpean daude; prozedura horrek langileen oroitzapen pertsonalak eta lanekoak bereizten ditu eta bi nortasun desberdin sortzen ditu: “bulegoko” bertsioa (Innie) eta “pertsonala” (Outie).

Serieen atala ixteko Kanadara egingo dugu jauzi. Kanadako haur indigenen merkatu beltza du ardatz “Little Bird” telesail laburrak; gazte indigena askoren haurtxoak familia zuriei ematen zizkieten: 'adopzio' behartuak izaten ziren. Bezhig Little Bird izeneko neskatxaren istorioa jorratuko du: Saskatchewaneko Long Pine erreserbako (Kanada) bere etxetik lapurtu, eta Montrealgo familia judu batek adoptatu zuen 5 urte zituela; bere izen berria Esther Rosenblum (Darla Contois) izango da. Orain, 20 urterekin, galdu zuen familiaren falta sumatuko du, eta guztia sakrifikatzeko prest agertuko da hura aurkitzeko. Bere ezkontzaren bezperan, sustraietan sakontzea eta benetan nor den argitzea erabakiko du. Rosenblum izango da istorio nagusiaren gidaria; haren begietatik, narrazio indartsu eta poetiko baten lekuko izango da ikuslea.

 

DOKUMENTALAK

 

Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak Itoiz musika taldearen memoria arakatu dute “Itoiz udako sesioak” dokumentalean; lan hau da nabarmenduko dudana. Hiru sortzaileek nortasun itzela duen dokumental ederra ondu dute. Taldeari buruzko datu zaparrada edota testuinguru sozial edo kulturalari buruzko erreferentzia etengabeak topatuko dituzula uste baduzu, oso oker zabiltza. Narrazioak ez du biopic musikalen egitura eta forma klasikoaren bidea hartzen; emozioa eta sorkuntza gailentzen dira, ez informazioa. Gainera, Itoiz taldearen zenbait letrek zuten arima surrealistaz baliatu dira sortzaileak eta giro oniriko moduko bat txertatu diote filmari.

 

HERNANI ZINEKLUBA: ‘Love lies bleeding' 
Otsailaren 20an, 19:00etan Biterin

“Love lies bleeding” arrastoa uzten duen film horietakoa da. Ausarta, basatia eta gordina, aho zabalik utziko zaitu; onerako zein txarrerako ezingo duzu burutik kendu.

Jackie-ren asmoa argia da: kulturista arrakastatsua izan nahi du. Las Vegasera joatea du helburu, lehiaketa batean parte hartzeko. Bidean, Mexiko Berriko herrixka batetik igaroko da, eta han Lou ezagutuko du, herriko gimnasioko kudeatzailea. Jackie eta Lou maitemindu egingo dira, baina haien arteko harremanak iluntasuna ekarriko du. Indarkeriak, amets amerikarrak eta anabolizatzaileek elikatzen duten maitasun istorio oso sutsu bat piztuko da.

Duen ausardiagatik eta originaltasunagatik harritu zaituen filma da. Thriller erromantikoen generoaren barruan nabarmentzen da, erakusten duen ezohiko ikuspegiagatik eta ikuslea etengabeko tentsioan mantentzeko duen gaitasunagatik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!