Zinema aretoetako eskaintza: askotarikoa eta kalitatezkoa

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Izagirre Brosa 2024ko aza. 16a, 00:00

Aurrekoan lagun batek zera aipatu zidan: «ez noa zinemara une honetan ganorazko filmik ez dagoelako». Oinarririk ez duen esaldia zela frogatzeko, eskutik heldu -lepotik heltzeko gogoa nuen, baina tira-, zinema aretoen kanpoaldean egoten diren posterrei begiratzeko eskatu eta hor ageri diren filmak banan-banan zergatik ikusi behar zituen azaldu nion.

Esaldi trakets hori jaurti zuenetik bi aste inguru igaro dira da, eta gomendatu nizkion zenbait film ikusi ostean, oso oker zebilela aitortu dit. Zeuk ere berak bezala pentsatzen duzu? Zin dagizut, zinema aretoetan azaroan zehar dauden, eta iritsiko diren proposamen zoragarri hauekin iritziz aldatuko duzula. Honatx gomendio batzuk:

Marco. Enric Marco, imajinatzen zaila zen gezur bati eusteko gai izan zen gizonaren istorioa ikusiko dugu: nazien kontzentrazio-esparru batean preso hartu zutela zioen, baina guztia gezurra zen. Handia edota La trinchera infinita filmetan ikusitako estilo estetiko zaindua eta narratiba sakona eta zorrotza ageri dira, baina oraingoan fikzioa eta errealitatearen arteko joko ederra osatu dute. Metazinematik gertu, gezurraren bidez egia azaltzeko erronka zaila helduleku gisa hartuz, ikusle gisa, ispilu-joko burutsu batean murgiltzen gaituzte hasieratik, bai formalki eta baita edukiari dagokionez. Alor teknikoari dagokionez ere traba gutxi; horren erantzule handienak Javi Agirreren argazkilaritza lan gorena eta Aranzazu Callejaren soinu banda itzela. Aipamen berezia Eduard Fernandez-en lanari: hamarrekoa.

Salve Maria. Katixa Agirre-ren Amek ez dute liburuaren egokitzapen librea da; Mar Coll zuzendari kataluniarra arduratu da egokitzapenaz. María da pelikularen protagonista. 34 urteko idazlea, erditu berri da, eta gertakari izugarri batekin obsesionatuta dago: Alice Espanet deituriko emakumeak 10 hilabeteko bikiak hil ditu bainuontzian. Aliceri buruz idaztea izango da Mariarentzat bere amatasuna ulertzeko modu bakarra eta infantizidioaren gaia oso presente egongo da bere bizitzan. Coll, amatasunaren alderik ilunenean murgiltzeko helburuz, thriller dramatikoaren eta beldurraren kodeez baliatzen da. Ikuslearen aurpegira galdera oso deserosoak jaurtitzen dituen pelikula aparta da.

Escape. Sailkatzeko oso zaila den filma da. Erokeria kafkiar zoragarria da, ez biribila, baina oso harrigarria. Oso film librea da. Rodrigo Cortesen film berria da, Martin Scorsesek ekoitzia, eta kartzela-drama eta umore absurdoa nahasten ditu. N-ren istorioa azaltzen du, tragedia pertsonal batek erabat hautsitako gizona. Onerako zein txarrerako, asko harrituko zaitu.

The Substance. Basatia, gordina eta gorea da; urteko filmik probokatzaileena. Stanley Kubrick-ek, Black Mirror telesailaren kapitulu bat zuzentzeko ardura izango balu, emaitza, ziurrenik, The Substance filmaren antzeko zerbait izango litzateke. Demi Moorek antzezten duen pertsonaiak klonazio prozesu enigmatiko bat egingo du, bere buruaren “bertsio hobetua” sortzeko. Hortik aurrera, erokeria bisual -eta soinudun- basati batean bihurtuko da.

The Wild Robot. Esperientzia bisual eta emozional zoragarria da. Miyazaki, E.T edo Wall-e filmen esentzia duen lan honek Roz-en istorioa azaltzen du, irla basati batean bakarrik dagoen robota. Bere zeharkaldiaren bidez, etsaitasunezko giro batean bizirauten ikasteaz gain, bertan bizi diren izakiak ulertzen eta zaintzen ikasiko du. Adiskidetasuna, biziraupena eta nork bere burua onartzea bezalako gaiak modu organiko eta oso indartsuan garatzen dira.

Juror #2. Clint Eastwood-en lan berria, eta akaso baita azkena ere – zentzu guztietan-; 94 urterekin bere ibilbideko 40. filma zuzendu du. Justin Kemp da protagonista nagusia, hilketa baten epaiketan parte hartuko duen epaimahaikide gaztea da. Thriller judizial honek, zinemagile beteranoaren ohiko maisutasuna medio, dilema moralak eta justiziaren kontzeptua aztertzen ditu. 90eko hamarkadako drama legalen esentzia duen film aparta da.

Anora. 2024ko filmik onenetarikoa da. Anora izeneko Brooklyngo striper erotiko gazte bati buruzkoa da; errusiar oligarka baten semearekin ezkontzen denean bat-batean bizitza aldatuko zaio. Pretty Woman filmaren b alde moduko bat sortu du Sean Bakerrek, baina Coen anaien iragazkitik pasatako tonu eta atmosfera medio. Zuzendaria narratzaile magistrala dela frogatzen du beste behin, eta aktoreak zuzentzeko gaitasun harrigarria duela. Aktore guztiek oro har lan itzela egiten dute, baina Mikey Madison-ek egiten duena txapela kentzeko modukoa da. Harribitxia.

Azken Erromantikoak. Film luzeen munduan David P. Sañudo-ren ibilbidea laburra izanda ere, apurka, bere lorratza eta zigilua uzten ari da. Ane filmaren zenbait elementu narratibo eta estetiko ageri dira hemen, jarraikortasun handia dago bien artean eta bere egiletza lana antzematen da: tonua, eszenaratzea, emakume protagonista ahaltsua eta abar. Sañudo-k egituratu duen forma eta edukia azpimarratuko nituzke, baina lerro hauen tarterik zabalena izen propio bat nabarmentzeko baliatuko dut, bera baita filmaren arima eta bihotza: Miren Gaztañaga. Bere ekintza, keinu zein isilune, zama emozional indartsuz gainezka dago eta gauza garrantzitsuak ia hitzik erabili gabe adierazten ditu.

HERNANI ZINEKLUBA: ‘DRIVE' 
Azaroaren 21ean, 19:00etan Biterin

Driver ezizena duen gizonezkoak (Ryan Gosling), egunez lantegi batean egiten du lan, eta zinemako gidari espezialista da. Gauetan aldiz, noizean behin, gaizkileentzako txofer gisa ere aritzen da. Drive, Nicolas Winding Refn-ek zuzendutako film bikaina da eta bere estilo bisual bereziagatik eta neo-noir atmosferagatik nabarmentzen da. Filmak kolore biziak, argi kontraste indartsuak eta eszenaratze minimalista erabiltzen ditu, suspense eta tentsio berezia sortzeko. Refn-ek, ikus-entzunezko estilo iradokitzaile eta hipnotikoa sortzeko helburuz, elkarrizketa gutxi, baina inpaktu handiko eszenak hautatzen ditu. Ryan Gosling-en antzezpen lana, pertsonaia isil eta enigmatiko moduan, goraipatzeko modukoa da. Filmaren beste puntu indartsua soinu banda da, Cliff Martinez-ek konposatua, itzela. Filma euskarazko azpidatziekin emango da lehen aldiz pantaila handian, beraz animatu eta etorri gure saiora!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!