Urrian iritsiko diren bost harribitxi

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Izagirre Brosa 2024ko urr. 12a, 09:20

Uda atzean utzi eta ikasturte berria hasi den honetan, udazkeneko estreinaldiak ate joka ari dira dagoeneko, baita Hernani Zineklubeko denboraldi berria ere.  Udazken-negua garai emankorra izaten da ikus-entzunezkoen munduan; urria esaterako harribitxiz gainez dator.

Urriaren 24an Gotham Awards delakoaren hautagaiak iragarriko dituzte; honekin batera sarien denboraldia ofizialki hasi dela esan daiteke, urteko izenburu potoloenak apurka-apurka gure zinema areto eta plataformetara iritsiko dira.

TELESAILAK

Urriaren 17an iritsiko den Querer (Movistar+) telesaila aipatzen hasiko naiz. Zehaztasun ia kirurgikoz onespenaren eta tratu txarren inguruko erradiografia hipererrealista aparta osatu du Alauda Ruiz de Azuak. Hunkitzea eta batez ere gogoeta eragitea lortzen du ekoizpenak. Antzeko gaiak jorratzen dituzten telesail britainiarren kutsu estetiko eta narratiboa antzeman diot. Mirenen (Nagore Aranburu) bidaia judizial eta familiarra azalduko du; emakumeak Iñigo Gorosmendi (Pedro Casablanc) senarra salatuko du, 30 urtez ezkonduta egon ostean egindako bortxaketa jarraituengatik.  Honelako istorioetan, zeinetan emozioek gainezka egiten duten, sarritan, gehiegikerietan erortzeko arriskua egoten da, baina zuzendariak justu kontrakoa egin du, eta maisuki gainera: edukia soila eta neurritsua da, apaingarririk gabea eta sotiltasun etengabean mugitzen den gidoia du oinarri, eta pertsonaiak eremu grisetatik atera gabe aritzen dira une oro. Aktore guztien lana itzela da, baina guztien gainetik Nagore Aranburu aipatuko nuke: ikaragarria da. Lan heldua eta oso ausarta egin du. Erantzunak eman baino ezkutuan dauden galderak sortzen dituen harribitxia da.

Gomendatu nahi dudan bigarren izenburuak Yo Adicto (Disney +) du izena eta urriaren 30an iritsiko da; zeharo desberdina da, baina aparta baita ere. Javier Ginerrek idatzitako izen bereko liburu arrakastatsuaren egokitzapena da. Egilearen benetako gainditze istorioa azaltzen du; hainbat urte eman zituen alkoholarekiko, drogekiko eta sexuarekiko adikzioaren espiral autosuntsitzailean murgilduta. Ginerren errehabilitazio-prozesua eta drogekiko mendekotasuna gainditzeko borroka ditu ardatz serieak, baina testigantza pertsonal arrunta izateaz harago, adikzioaren izaeraren azterketa sakona eta latza egiten du. Oso ausarta izan behar da norberaren miseriarik handienak, zauririk sakonenak eta sekreturik aitorrezinenak modu hain zintzo eta basatian azaltzeko, eta Ginerrek hala egiten du. Oriol Pla aktoreak egiten duen lana, aldiz, ikaragarria da, ezin deskribatuzkoa; bidaia emozional eta katartiko harrigarria den hori bere eskutik egingo dugu. Arrasto ezabaezina uzten duen ekoizpen bikaina da.

FILMAK 

Pantaila handira jauzi eginez gero nortasun handiko hiru film zoragarri topatuko ditugu. Atzo bertan esaterako, inor axolagabe utziko ez duen The Substance iritsi zen; basatia, gordina eta oso gorea. Stanley Kubrick-ek, Cronenberg edo Aronofsky-rekin batera Black Mirror telesailaren kapitulu bat zuzentzeko ardura izango balu, emaitza, ziurrenik, The Substance filmaren antzeko zerbait izango litzateke.  Demi Moorek antzezten duen pertsonaiak klonazio prozesu enigmatiko bat egingo du, bere buruaren “bertsio hobetua” sortzeko. Hortik aurrera, guztia erokeria bisual -eta soinudun- basati batean bihurtuko da.

Etxeko txikiekin zein familian gozatzeko moduko zerbait nahi baduzue The Wild Robot  zoragarria da aukeratu behar duzuena, hau ,gainera, atzo bertan estreinatu zen; esperientzia bisual eta emozional polita da. Miyazaki, E.T edo Wall-e filmen esentzia duen lan honek Roz-en istorioa azaltzen du, irla basati batean bakarrik dagoen robota. Bere zeharkaldiaren bidez, etsaitasunezko ingurune batean bizirauten ikasteaz gain, bertan bizi diren izakiak ulertzen eta zaintzen ikasiko du. Adiskidetasuna, biziraupena eta nork bere burua onartzea bezalako gaiak modu organiko eta oso indartsuan garatzen dira.

Eta azken gomendioa, eta guztietan onena: Sean Baker zinemagilearen Anora. Canneseko Zinemaldian Urrezko Palmorria irabazi zuen film honen protagonista Anora izeneko gaztea da, Brooklyn-eko sexu-langile gazte bat. Ivan izeneko oligarka errusiar baten semea ezagutzen duenean guztia hankaz gora jarriko da.  Pretty Woman filmaren b alde moduko bat sortu du Bakerrek, baina Coen edo Safdie anaien iragazkitik pasatako tonu eta atmosfera medio. Zuzendaria narratzaile magistrala dela frogatzen du beste behin,  eta aktoreak zuzentzeko gaitasun harrigarria duela. Aktore guztiek oro har lan itzela egiten dute, baina Mikey Madison-ek egiten duena txapela kentzeko modukoa da. Urteko filmetako bat da zalantza izpirik gabe.

Hernani Zinekluba: ‘Licorice Pizza’


Hernani Zineklubaren bigarren denboraldia hemen da (aurten ere bonua izango dugu salgai)  eta saio berriari hasiera emateko ezin genuen izenburu aproposagorik aukeratu. Ikaragarri miresten dugun zuzendaria da Paul Thomas Anderson eta Licorice Pizza bere obrarik berriena da. 1973an eta San Fernando haranean (AEB) girotzen da istorioa, eta  Alana Kane eta Gary Valentinen arteko harremana azaltzen du; bereziki nola ezagutu eta maitemintzen diren. Hori da film honetan topatuko duzuena, “besterik ez”. Nerabeen komedia erromantiko arrunta ikusiko duela uste duenak ordea oso oker dabil; PTA-en bederatzigarren fikziozko film luzeak ihes egiten baitu komedia erromantikoen konbentzio eta leku arruntetatik. Ehunka aldiz ikusi dugun argumentua dirudi -eta neurri batean hala da-, baina film honen bertuterik handiena ez da argumentua, kontatzeko modua, irudikatzen den garaia eta igarotzen den espazioa baizik. Honakoa ez da zuzendariak hirurogeita hamarreko hamarkada aipatzen duen lehen aldia,  baina akaso hau da hamarkada honen erretraturik samurrena. Zinta intimoa eta sinesgarria da, argitasunak eta zoriontasunak gainezka egiten dutena.

Bizitzaz mintzo den pelikula dela esan daiteke, eta, batez ere, adiskidetasunaz eta maitasunaren aurkikuntzaz, baita haurtzaroa utzi eta helduarorako trantsizioaz. Gidoia, soinu banda, antzezpen lanak, zuzendaritza… Film biribila da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!