Apirileko ezinbestekoak

Urteko bosgarren hilabeteari ongietorria eman aurretik, telesailen arloan, apirilak, lau izenburu oso nabarmen utzi dizkigula aipatzera nator. Arrazoi oso desberdinengatik baina, laurek, sare sozialetan hautsak harrotu dituzte eta askoren ahotan egon dira azken asteotan. Hainbesterako al dira? (spoilerra: bai)

Sare sozialak gehien astindu dituen telesailarekin hasiko naiz, Netflixeko Baby Reindeer. Probokatzailea eta gordina da. Iluna eta deserosoa, baina Baby Reindeer telesailaren 30-45 minutuen zazpi atalak etenik gabe irentsiko dituzu. Ikusi nuenetik egun batzuk igaro dira eta ezin dut burutik kendu. Eremu grisetan mugitzen den lana iruditu zait, jazarpenari eta traumari buruzko erretratu nahiko konplexu eta gordina.  Donny-ren helburua komikoa izatean den arren, zerbitzari lanak egiten ditu pub batean.  Tartean, ahal duenean, stand-up ikuskizunetan parte hartzen du. Tabernan lanean ari den egun horietako batean, Martha izeneko emakume bat eseriko da barran; triste eta goibel ikusten du. Donny-k sekulako pena sentituko du emakumeak laguntza behar duela ohartu baita, eta te bat hartzera gonbidatzen du. Martha, bere adeitasunarengatik guztiz liluratuta zerbitzariarekin obsesionatzen hasiko da. Hortik aurrera gertatuko den guztiak asaldatu egingo zaitu.   Richard Gadd komiko eskoziarra protagonista nagusia izateaz gain, bere bizitzako pasarte batean oinarritu da telesaila idatzi eta ekoizteko. Funtsean drama bat da, eta, lehen minutuetan ageri diren umore beltzezko zipriztinak berehalakoan desagertuko dira, atalek aurrera egin ahala, kontakizunaren barrunbeetan, thriller psikologikoaren eta beldurrezko generoaren elementuak sartuko direlako; bai narratiboak eta baita estetikoak ere. Estresagarria da eta, askotan, baita larrigarria ere. Narrazioaren erpinik deigarriena Martharena da -Jessica Gunning aktoreak egiten duen lana itzela iruditu zait-, baina Richard Gadd-en kontakizuna hain da latza, eta laugarren eta azken ataletan bereziki azaltzen dena, hainbeste kolpatu nau, ezen zenbait unetan dardara eragin didala.  

Netflixetik mugitu gabe, 2024an ikusi dudan telesailik onena aipatzeko gogo biziz nago: Ripley. Patricia Highsmith-en Tom Ripleyri buruzko eleberri-sorten egokitzapena zuri-beltzezko harribitxia iruditu zait. Steven Zaillianen eskutik iritsi da eta Andrew Scott aktoreak jokatu du Ripley protagonistaren rola. Zuri beltzezko argazki lan ikusgarriaren egilea aldiz Robert Elswit da, arlo horretan maisua iruditzen zaidana. Istorioa 1960ko hamarkadan gertatzen da. Estatu Batuetako gizon aberats batek Tom Ripley kontratatu du, semea Italiatik etxera itzul dadin konbentzitzeko. Hortik aurrera gezur-sare bat ehuntzen hasiko da. Konbinaketa horrekin, behintzat, telesail txukun bat ikusiko nuela argi neukan,  baina topatu dudana askoz hobea izan da; Mindhunter geroztik Netflixek egin duen telesailik onena iruditu zait. Azken boladan egiten dituen fast food telesail horietatik alden den harribitixia da. Hitchcok-en oihartzunak dituen lan zoragarri honen argazki zuzendaritza lanean gehiago sakondu nahi dut, fotograma bakoitza artelana iruditu baitzait. Imprimatu, marko bat jarri eta etxeko horman eskegitzeko moduko irudiak konposatu ditu Elswit-ek. Zinema klasiko beltzaren esentzia arnasten da uneoro. Eszena bakoitzean argiaren eta itzalaren lan ia espresionista bikaina da, hamarrekoa. Ez dugu kolorearen falta behin ere sumatzen telesailean osoan zehar eta zuri beltzak tarte zabala uzten dio irudimenari. Istorioa modu berezian ulertzeko aukera ematen du eta, beraz, pertsonaiekin intentsitate handiz identifikatzeko aukera ematen du. Suspensea eta misterioa ere areagotu egiten dira; silueta gogorrak nabarmentzen dira, gorputzen ertzak, argi-ilunak, kontraargiekin siluetak… Intriga eta ziurgabetasun efektu parebea sortu dute. Zuri-beltzaren erabilerak ere distantzia moral moduko bat ezartzen du protagonistaren ekintzen eta ikuslearen begiradaren artean. Protagonista aipatuz, Andrew Scott-en lana ere aparta iruditu zait, pertsonaiaren garapena eta arku dramatikoa itzela. Bere begiradek, isiluneek… pantailari iltzatuta mantendu naute. Kokalekua ere zeinen ongi landua dagoen, Italia, narrazioa babesten eta elikatzen duen beste pertsonaia bat balitz bezala ageri baita.  Kriminal baten bizitzaren azterketa zehatza landu nahi izan dute, eta horretarako, Zaillianek protagonistaren urrats, portaera eta errutina bakoitza behatzen du, ekintza bakar bat alboratu gabe; Xehetasun planoz josia dago telesaila: protagonistak behatzen duen guztia,  gertatuko diren ekintzak aurreratzen dituzten objektuak, hirietako arkitekturaren planoak eta abar. Zentzu horretan telesailak erritmo geldoa du, bereziki lehen ataletan, baina zuri beltzaren amaraunak zeharo katigatuko zaitu hirugarren ataletik aurrera. Pazientzia apur bat arren. 

Beste bi telesailak Prime Videon estreinatu dira.  Lehena Fallout. Vaul-Tec konpainiak, gerra nuklear batek planeta suntsituko duelakoan, zenbait babesleku sortu ditu; bertan gutxi batzuk soilik bizi daitezke, dirudunak gehienak, gainerakoak lur azalean biziraun beharko dute.  Apokalipsi nuklear bat gertatu eta 200 urtetara girotzen da istorioa, 2296-ean zehazki.  Lucyk, bilaketa zehatz bati ekiteko asmoz, babesleku horietako batetik lehenengoz kanpora atera behar duenean abiatzen da ekintza nagusia. Ingurune gogorra, arriskutsua, ezin deskribatuzko pertsona, izaki eta tribuak dituena. Estetika erretrofuturistaz lagunduta hiru protagonista nagusi aurkezten ditu telesailak, istorioan paraleloki txandakatuz doazenak: aipaturiko Lucy, Maximus eta nekrofagoa deritzona. Atalak luzeak diren arren ikuserraza iruditu zait, cliffhanger dosiak dituelako baina batez ere erabili duten tonuagatik. Drama badago, basakeria eta misterio apur bat ere, azkioa zer esanik ez, eta kontakizun osoa tonu ganberro eta umoretsuz bustia dago, baita satira sozial apur batez ere.  

Eta amaitzeko Them. Egiari zor aipatu ditudan bi telesailak maila altuagoan daude, baina beldurrezko proposamenak maite badituzu  hau da ikusi behar duzun izenburua. 2021.urtean PrimeVideok Them estreinatu zuen. Antologia formatuan, eta arrazismoaren gaia ardatz hartuta, 1950eko hamarkadan kokatuta dago lehen denboraldia. Beldurrezko generoaren kodeekin jolastuz, lehen zati hura txukuna iruditu zitzaidan, baina oro har nahiko hotz utzi ninduen proposamenak. Little Marvin da proiektu honen arduradun nagusia eta aurten Them: The Scare estreinatu du, antologia honen bigarren zatia, istorio eta pertsonaia berriekin.  Lehen denboraldiak zituen oinarrizko zenbait arazo, neurri batean, zuzendu eta hobetu egin ditu eta hau askoz hobea iruditu zait.  Kasu honetan 90eko hamarkadako thriller kriminal ilun eta nahasien tonuaz zein atmosferaz baliatzen da oso konbentzionala den istorioa jorratzeko: serieko hiltzaile bat harrapatu nahian dabilen polizia. Los Angeles-en gertatzen da guztia, 1991.urtean, eta polizia, Dawn Reeve izeneko emakumezkoa da. Kasua argitzen saiatzen den heinean, Reeve fenomeno arraroak sentitzen hasiko da.  Hiria eta garaia ezinbestekoak izango dira trama nagusiaren zenbait bidegurutze jorratzeko. Garai hartan taxi gidari beltz bat jipoitzeagatik epaitu zituzten lau polizia absolbitu zituzten eta arrazakeriaren aurkako istiluak hasi ziren. Telesailaren lehen denboraldian arrazakeriak garrantzia bazuen, hemen beste hainbeste. Emakumezkoa eta beltza den polizia, hilketa basatiak egiten dituen serieko hiltzailea eta arrazakeria borborrean dagoen garai nahasia; hori guztia gutxi ez eta atmosfera zapaltzaile oso ilun batekin busti dute guztia.

 

 

HERNANI ZINEKLUBA:
‘PETIT FILLE'

Dokumental bikain honek familia batek transfobiaren aurka egiten duen borroka nekaezina erakusten du. Zazpi urteko Sasha, mutil baten gorputzean harrapaturik dagoen neska da. Sébastian Lifshits zuzendariak era delikatu eta oso arretatsua erabiliz islatu du Sasharen eta haren ingurukoen esperientzia, dokumental eredugarri, hunkigarri eta zoragarri hau eraikitzeko. Dokumentala amarekin duen elkarrizketarekin hasten da. Hasieran, errua eta mina sentitzen dituen ama baten beldur errepikariak agertzen dira. Izan ere, ordura-arte alabak bakarrik sentitu eta bizi behar izan baitu hori guztia. interesgarria iruditzen zait azaltzen den istorio horrek zein eragin duen gurasotasunean; gurasoak eredugarriak baitira arrazonamendu eta portaeretan, baita neba-arrebak ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!