Urte hasierako telesailak aletzen

Urtearen lehen laurdenean osatu dugu, eta agian pentsatuko duzue goizegi dela ondorioak ateratzeko, baina nire garuneko zama apur bat arintzeko egiten dudan ezinbesteko ariketa da honako hau. Orain arte ikusitako telesailak aletu eta interesgarrienak direnak zerrendatuko dizkizuet jarraian.

Netflixen One day izeneko dramediarekin hasiko naiz. Leo Woodall eta Ambika Mod aktoreen lana eta pertsonaien arteko kimika eta magnetismoa dira telesailaren euskarririk sendoenak. Erlazio erromantiko eta adiskidetasun anbiguoaren arteko istorio gazi-gozo ederra eta dramatikoa osatu dute. Lehen atalean Dexter eta Emma ezagutuko ditugu, unibertsitateko graduazioaren unean. Elkarrekin joan dira festatik, gaua eta hurrengo eguna elkarrekin igaroko dituzte, baina horren ostean agurtu egingo dira. Ustekabeko elkartze iragankorra dirudien une hori, 20 urtez maitasun eta adiskidetasun istorio bihurtuko da. Bata bestea gabe ezin bizi, baina aldi berean, ezinezkoa zaie erlazio zehatz eta finko bat gauzatzea 14 atal ditu guztira telesailak eta horietako bakoitzean egun bat azaltzen da, beti uztailaren 15a. Soinu banda ederrekoa, espazioa eta denbora zentzuz erabiltzen dira telesailean, eta meheki garatzen da istorioa. Berriki estreinatu den Ripley ere apuntatu zuen zerrendan. Patricia Highsmithen Tom Ripleyri buruzko eleberri-sorten egokitzapen hau, Steven Zaillianen eskutik iritsi da (Schindler’s List, American Gangster edota Gangs of New York filmen gidoilaria eta The Night Of telesail bikainaren zuzendaria, besteak beste), eta zuri-beltzezko harribitxia iruditu zait. Andrew Scott aktoreak jokatu du Ripley protagonistaren rola.

Skyshowtimetik, aldiz, bi gomendio. Bata The Lovers. Bi pertsonaia erakargarriek osatzen dute bizkarrezurra, beraien artean ezin desberdinagoak direnak. Janet, Belfasteko supermerkatu batean lan egiten duen emakumea, senarrak beste emakume batengatik utzi berri du, bere garun-osasuna hauskorra da oso. Seamus, aldiz, kazetaritza politikoan ospea izateaz gozatzen duen gizonezko egozentrikoa da, Londresen bizi da, ezkonduta dago eta oso harro dago duen bizitzaz. Generoaren topikoz josia dago, baina freskotasun handia ematen dioten osagarri gaurkotuekin. Bestea The Curse. Whitney eta Asher Siegel ezkonberriak dira telesail deskribaezin honen protagonistak. Ume bat izateko ahaleginean ari diren bitartean, negozio berri bati ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatzen ari dira: Mexiko Berriko komunitate txiki bateko etxe hondatuak, luxuzko etxebizitza eko-jasangarri bihurtzea. Honela bizilagun berriak erakarriko dituzte, zonaldea nolabait berpiztu egingo dute eta bertako bizilagunei mesedea egingo diete. Proiektu horren berri izan ostean, Dougie izeneko telebista-ekoizle xelebre batek reality bat egiteko aukera ikusiko du. Bikoteak, jakina, parte hartzea erabakitzen du. Ideia horretatik tiraz, umore oso beltzaren eta satira sozialaren arteko nahasketa proposatzen du hasieratik telesailak. Lan sailkaezina da.

Filminen, Such Brave Girls komedia familiar lotsagabea nabarmenduko nuke; protagonistak Josi eta Billy ahizpak eta beraien ama ezkongabea dira. Ahizpetako bat, gainera, Kat Sadler aktorea, telesailaren gidoilaria eta sortzailea ere bada. Lizzie Davidson aktorearekin batera koktel leherkor-zoragarri bat osatu dute. Bien bizipenetan oinarrituriko obra da, bizitza errealean jasandako zenbait miseria eta orbain lehen mailako material komiko bihurtu dute. Pertsonaiak fikziozkoak izan arren, aipatzen diren traumak beren errealitatetatik jaioak dira, eta horrek txantxak egiteko ahalmena eta zilegitasuna eman die. Umore beltza eta oso lotsagabea ditu ezaugarri, baina komedia sozialaren zenbait elementu dramatiko ere jorratzen ditu.

Mickey saguaren plataformatik, Disney +etik alegia: Nos vemos en otra vida. Manuel Jabois idazlearen izen bereko liburuaren egokitzapenaz baliatu dira telesail landu eta oso interesgarri hau osatzeko. Liburu horretan, Manuel Jabois idazleak, ikerketa lana oinarri hartuta, 16 urteko Gabriel Montoya Vidal, Baby ezizenez ezaguna dena, elkarrizketatzen du. Madrilgo 2004ko martxoaren 11ko atentatuengatik kondenatu zuten lehen pertsona izan zen. Telesailaren mamia atentatu horien berregitean egongo dela uste baduzu, oker zabiltza, patxadaz garatzen baitu oso ondo landutako gidoia, eta egun horren aurretik gertatuko guztia zehaztasunez aletzen du. Shôgun, aldiz, traizioak, xantaiak, erritu tradizionalak, indarkeria une gordinak edota boterearen aldeko etengabeko borrokak ikusiko dituzuen telesaila da. Japonia feudalean girotzen diren generoaren film klasikoak gogora ekartzen dituzten osagaiz josia dago, baina Game of Thronesen erako alderdi bisual apartaz apainduta. Zenbat gozatu dudan Cristóbal Balenciaga telesailarekin ere. Dakizuen moduan, jostunari buruzkoa da, eta bere bizitzako hainbat pasarte ditu hizpide. Balenciagak arlo pertsonal zein profesionalaren alderdi guztiak kontrolatzeko zuen obsesioa eta komunikabideekiko mantentzen zuen distantzia, bereziki nabarmentzen den zerbait da. Dotorezia telesail bihurturik.

Urtea makal samar hasi du HBO Maxek, baina bi telesail nahiko aipagarri estreinatu ditu. True Detective: Night Country lehena. Jodie Foster eta Kali Reis protagonista dituen istorio honek, Alaska urrun, ilun, hotz eta isolatura eramango gaitu. Manta goxo batez estalita eta eskuartean txokolate kikara bero batekin ikustea gomendatzen dizuet, hotza eta iluntasuna pantailaren kristala zeharkatu eta zuzenean zeure barreneraino sartuko baita. 

Bigarrena, Feud: Capote vs. The Swans. Truman Capote idazle ezaguna New Yorkeko goi-mailako emakume talde batez inguratuta igarotzen ditu egunak; glamourrak gainezka egiten dien pertsona ezagun eta dirudun hauek, New Yorkeko goi-mailako garai zehatz bat definitu zuten. Capotek berak 'The Swans' (beltxargak) ezinena jarri zien. Pertsona horien ospeaz eta bizitzaz liluratuta, Capote haien bizitzan sartuko da, eta konfiantzazko lagun bihurtu. Urte batzuk geroago ordea, hauei traizio egin, eta beren bizitzei buruzko kontakizun ezkutuenak, ilunenak eta sekreturik intimoenak argitaratu egin zituen.

Eta amaitzeko Apple TV+etik, Criminal Record da gehien gustatu zaidana. Londres hirian girotzen da telesaila eta larrialdi-zerbitzuetan jasotzen duten dei batekin hasten da istorioa. Anonimoki deitu duen emakume batek arriskuan dagoela adierazten du, bere bikotekideak mehatxatu egin duela eta arriskuan dagoela. Baina dei horretan, emakumeak, azalduko ez dizuedan beste informazio bat ere partekatuko du. Aktore zerrendan izen ezagunena Peter Capaldi eskoziarra den arren, niretzat sorpresa handiena The Good Fight telesailean ikusi genuen Cush Jumbo aktorea da; lan itzela egiten dute. Biak ala biak poliziak diren arren, zeharo desberdinak dira. Belaunaldien arteko desberdintasuna oso ongi definitua dago hasieratik, eta garrantzitsua izango da istorioan. Hasieran aipatu dudan gertaerak bi helburu oso kontrajarri dituzten bi polizia horiek aurrez aurre jarriko ditu, baita 24 urteko espetxe zigorra betetzen ari den preso bat ere. Trama oso erakargarria eta misteriotsua den arren, bi pertsonaia protagonistak hain ondo egituratuta egoteak oinarri are sendoagoa txertatzen dio osotasunari.

 

HERNANI ZINEKLUBA:
‘PAST LIVES’

Celine Songen opera prima honek, Oscar sarietarako bi izendapen lortu zituen, eta mundu osoko ikusleak liluratu ditu. Inoiz eten behar izan ez diren banantze, berrelkartze eta maitasunen istorioa da. Nora eta Hae Sung, harreman estua duten haurtzaroko bi lagun, banandu egin dira Noraren familiak Hego Koreatik joan behar izan duelako. Bi hamarkada geroago, New Yorken topo egingo dute astebetez. Film delikatua da, ederra, elegantea, sotila… isilune zoragarriz josia eta azken zirrikituraino landutako argazkia oinarri duena. Denbora narratiboa maisuki menderatzen duen lana da, eta generoaren mota guztietako klixeak saihesteko gaitasuna duena. Etor zaitezte osteguneko emanaldira (19:00etan Biterin), ez zarete damutuko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!