Emakumeen borroka pantailetan

Martxoaren 8a igaro berri da baina, errealitatean, eta zoritxarrez oraindik fikzioan, emakumezkoei haien sozializazio prozesuan oso jarrera estereotipatuak inposatzen zaizkie. Pantailan ikusten ditugun emakumeengandik espero da ahultasuna, beldurra edo segurtasun falta, beraz, babesaren beharra adieraztea. Ausardia, ipuin tradizionaletan ikus daitekeen bezala, dirudienez, gizonezkoen ezaugarria da soilik.  Zorionez badira erreferente diren zenbait pertsonaia eta lan interesgarri. Jarraian nazioarteko eta Euskal Herriko zenbait proposamen.

Nazioartekoak

Netflixetik lau eduki nabarmenduko ditut: Unbelievable. Marie, bortxatu izana faltsuki salatzeaz akusatu duten nerabea, eta egiara iristeko bide bihurgunetsua egin zuten bi detektibeen benetako istorioa azaltzen duen telesail paregabea. Kutsu eta mami feminista duen drama kriminal paregabea da. Sistemaren aurkako kritika telesail osoan antzeman daiteke. Dardara eragiten duen kritika da. Errealista, zuzena eta gordina. Bigarrena Maid harribitxia. Bizitza berregiten saiatzen den ama gazte baten zailtasunetan zentratzen da, tartean abusu emozionalek uzten duten orbain sakonak bistaratuz.  Lehen atalek istorio berri eta fresko bat aurkezten dute, gogorra eta latza hori bai, Alex protagonistaren bitartez, zeinarekin lehen kapitulutik azkenera arte sekulako enpatia maila lortzen den. Gidoiak indar handia du, ez baita denborarekin mugitzen, pertsonaiek beraiek sortzen baitute gidoi dinamiko eta erakargarri horren erregaia. Margaret Qualley protagonista eta Andie MacDowell-en arteko kimika eta bien antzezpen erakustaldia ere sekulakoa iruditu zait. Neska judutar ortodoxo gazte batek New Yorken hitzartutako ezkontza utzi eta Berlinera ihes egitea erabakitzen duen Unorthodox gogorra ere apuntatu zuen zerrendan. Eta azkenik katalogora iritsi berri den dokumental bat: No estás sola: La lucha contra La Manada. Zoritxarrez denok ezagutzen dugun “La Manada”-koen kasu lazgarria. 2016ko Iruñeko San Ferminetan bost gizonek neska bat bortxatu zutenekoa. Dokumentalak gertatutakoa eta gerora eragin zuen guztia zehatz mehatz azaltzen du. 

HBO Max-etik hiru gomendio: Michaela Coel aktoreak berak jasan zuen sexu-eraso batean oinarritzen den I May Destroy Youia gogoratzen ez duen baina gertatu zaion bortxaketa baten biktima izateak uzten duen traumari buruzko kontakizun paregabea. Kate Winslet aktore zoragarria protagonista duen Mare of Easttown; Pennsylvaniako Easttown izeneko herri txiki batean Erin McMenamin gaztearen gorpua agertzen da. Nork hil du? Zergatik? Mare Sheehan polizia bertaratu da gertatutakoa argitzeko.  Eta Margaret Atwood idazlearen eleberrian oinarritzen den The Handmaid’s Tale beldurgarria eta June Osborne pertsonaia aparta. 

Filminen dagoen Writing with Fire (euskaraz azpidatzia) dokumentala, paregabea da. Indiako Khabar Lahariya-dalit kastako emakumeek argitaratu eta idatzitako Indiako lehen egunkaria ardatz hartuz, prentsa-askatasunaren eta feminismoaren aldeko alegatu boteretsu eta ikaragarria iruditzen zait. Ia denok ezagutzen duzuen arren Persepolis animaziozko lana ere derrigorrezkoa iruditzen zait nabarmentzea.  Filmak Irango Iraultza biziko duen iraniar neska baten bizitza erakusten du. 

Eta nazioarteko azken bi gomendioak. Prime Videon, azken urteotako emakumezko pertsonaiarik zoro, lotsagabe, suntsitzaile, berekoi, perbertitu, ziniko, kaotiko eta batez ere dibertigarriena duen Fleabag. Eta Disney Plus-en Phyllis Schlafly politikari ultrakontserbadorearen bizitza oinarri duen Mrs. America ere aparta iruditzen zait. 


Euskal proposamenak


Emakumeen lana, borroka eta presentzia aldarrikatzen duten euskal izenburu interesgarri ugari topatu daitezke.
Filminen Iratxe Fresnedaren Irrintziaren Oihartzunak. Mirentxu Loiarte zinema-zuzendari eta gidoilari nafarraren bizipenak eta obra jasotzen dituena. Maier Irigoien Ulaiar, Isabel Sáez Pérez eta Iker Oiz Elgorriagaren Zauria(k); eromena, gaizkiegonak eta osasun mentala ikuspegi feminista batetik lantzen duen dokumentala da. Eta Isabel Hergueraren El sueño de la sultanaizen bereko ipuin feministan oinarritua, bertan emakumeek gobernatzen duten mundu utopiko eta imaginarioa deskribatzen da. 

Youtuben, doan,  bi dokumental: #ETA HALA EZ BAZAN? izeneko laburra. Betiko istorioen inguruan gogoeta egitera gonbidatzen duen lana, ipuin hauek haur eta nerabeengan duten eragina ikusaraziz. Estereotipoetatik aske hazteko eskubidea aldarrikatzen dute.  Eta Julen Hernandez kazetariak zuzenduriko Aurrera Egin Badugu. Jaizkibel Konpainiak testuinguru bezala Alardearen afera hartuz, Euskal Herriko zenbait emakume esanguratsu omentzen dira.

Primeran plataforman: Ainarak. Anne Etchegoyen abeslariarekin batera, 1870 eta 1940 artean, Nafarroako eta Aragoiko milaka emakumek Pirinioetatik Mauleraino neguan egindako bideari helduko diote. Espartinen industrian lan egitera joaten ziren eta udaberrian etxera itzuli, familiari laguntzeko edo bere familia osatu eta bizitza berri bat hasteko helburuarekin. Jone Guenetxea eta Carlos Iglesiasen Jantzari. Iurretan, Euskal Herriko beste plaza garrantzitsuetan bezala, gizonek 
emakumeak baino protagonismo gehiago izan dute dantzan. 2018an, emakume eta gizonez osatutako dantza taldea Iurretako Aita San Migueleko plazara atera zen herriko festetan dantzatzera, horrela 100 urte zituen tradizioa apurtuz.
Ama nora goaz? Istorio honetako protagonistak ez dira Frankoren kontra borroka egin zuten ohiko gudariak. Emakume anonimoak dira, eta agian horixe da haien istorioa ezezaguna izatearen arrazoia. Izan ere, nork ezagutzen du Gerra Zibilean Gipuzkoatik kanporatu zituzten emakumeen istorioa?. Eten barik joten lana ere interesgarria da. Panderoa, emakumearen ahalduntzea, euskara eta kultura ardatz dituen dokumentala. Hainbat emakumeren testigantzak eta narrazioak biltzen ditu. Eta azkena, Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa,  Elbira Zipitria euskarazko irakasleen aitzindaria du ardatz.

Eta azken lerroak ikus-entzunezko hiru podcast nabarmentzeko: Hamaika telebistaren M ama* eme* ume*. Amatasunaren nondik norakoak 16 emakumeren testigantzen bitartez jasotzen dituen saioa. Gaztea-ko Yoko Ona, Ainhoa Vitoria, Olatz Salvador eta Lore Nekane Billelabeitiarekin. Eta (Min)bizi. “Minbizia ez delako arrosa, marroi izugarria baizik” diote Izan Iñurri elkarteko kideek, eta egiten duten podkastean argi utzi dute pink baino punk izango direla. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!